2016-2017 Denboraldia

Sinfonikaren 2016 – 2017 Denboraldia

AIMEZ VOUS BRAHMS?

Gustatzen zaizu Brahms? Françoise Saganen eleberrian inspiratutako filmaren izenburuak Hanburgoko konpositorearen obran barneratzen laguntzen digu; haren obra, hain zuzen, Eric Nielsenek BOSen zuzendaritzan egingo duen bigarren denboraldiko musikaren ardatz izango da. Alemaniako musikaren be hirukoitz ospetsuaren azken kidea, Bachen eta Beethovenen ostean, helmugako geltokitzat jo izan da askotan, aitzindariekin estu lotutako musika ulertzeko modua laburbildu eta amaitzen duen Alemaniako tradizio handiaren epilogotzat, hain zuzen: tradizioaren, tonalitatearen eta sonata formaren pisua. Guk, ordea, aitzindariei lotuta erakutsiko dugu. Schönbergek “Brahms progresista” artikulu ospetsuan markatutako ildoari adi, Eric Nielsenek haren obrarik garrantzitsuenak eskainiko ditu kontrastedun elkarrizketa batean, Anton Webern, Bernd Alois Zimmermann eta Birke Bertelsmeier gaztearen musikarekin. Hiru erantzun desberdin, Brahmsek proposatutako puntu eta bereizari.

GERNIKA 80 URTE

Birke Bertelsmeierren obrak, Zeru urdinetik, aparteko iruzkina merezi du. Gernikako bonbardaketaren (1937ko apirilaren 26a) 80. urteurrena dela-eta BOSek egindako enkargu hori Alemaniako konpositore berri batek esanguraz beteriko gertakizun horren inguruan egindako musika-hausnarketa bat da. Gainera, aipatutako pieza Brahmsen Requien alemaniarra lan bikainarekin batera interpretatzeko sortu da, eta, zalantzarik gabe, denboraldiko hitzordurik hunkigarriena izango da.

BOS-2016-2017

OMENALDIA MUSIKALARI

Musikalaren tradizioak benetako klasikoaren kategoria lortu du XX. mendeko musikan. Merkataritzaren ikuspegitik, Leonard Bernstein, Cole Porter, Lloyd Webber eta Irvin Berlin konpositoreek, besteak beste, eragindako inspirazioari esker, historiarako maisulan sorta bikaina utzi duen ildo paralelo bat.  Irekierako kontzertuan, Londresko West Endeko lau abeslari bikainen eskutik eta Robert Purvis espezialistaren zuzendaritzapean, BOSek West Side Story, Cabaret, Hello Dolly, Operako mamua eta Les Misérables musikal handiak laburbilduko ditu, besteak beste.

WALKIRIA, ERIK NIELSENEKIN, ETA MAHLER, ELIAHU INBALEKIN

Denboraldi osoko bi programa erronka berezia dira orkestrarentzat. Alde batetik, amaierako kontzertua, Die Walküre lanaren I. ekitaldiaren interpretazioarekin, welsungoen intzestuzko maitasuna haragitzen duten bi abeslari wagneriar paregabeekin: Michelle De Young eta Stuart Skelton.

Bestalde, Gustav Mahlerren 7. sinfoniaren (Gaueko abestia) interpretazioa. BOSen historia osoan, oraindik interpretatu ez den Bohemiako egilearen sinfonia bakarra; zuzendari lanetan, laurogei urte beteak dituen Eliahu Inbal maisu israeldar handia arituko da.

SOINUEN MOSAIKOA

BOSek duela hainbat urtetatik gauzatzen ditu hezkuntza eta gizarte alorretako proiektuak, kontzertu-jardunarekiko paraleloan. Horietako bat, Soinuen Mosaikoa, AEOS, Plena Inclusión eta Fundación BBVA erakundeek sustatzen dute. Musikaren bitartez, desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko proiektua da. Unerik gorena Emilio Aragónen La flor más grande del mundo obraren interpretazioa izango da; aipatutako lana José Saramagok idatzitako eta izen bera duen ipuinean oinarrituta dago. Benetako erronka eta bizigarri da urte osoan tailerretan parte hartzen ari direnentzat.

BOSBaroque ETA ERREPERTORIO HANDIA

Barrokoarekin dugun hitzorduak Händelen mundu bokalera eramango gaitu denboraldi honetan. Gure Ensemble barrokoak, Robert Howarth espezialistaren zuzendaritzapean, bere arien hautaketa bat eskainiko du, Iestyn Davies kontratenor bikainarekin.

Bilbumari dagokionez, Brahmsen piano eta biolinerako kontzertuetarako, lehen mailako solistak izango ditugu, hala nola, Nelson Goerner eta Renaud Capuçon. Horrez gain, sinfonia handiak ere izango ditugu, adibidez: Beethovenen Heroikoa, Rachmaninoven 2.a eta Bruckner zikloa (azken horren 5. sinfonia zuzenduko du Eric Nielsenek). Gabonetako egitarau sinfoniko koralean, Pucciniren Messa di Gloria eskainiko dugu, Bilboko Abesbatzaren ahotsekin. Eta aipamen berezia merezi du, egitarauan hain sarri agertzen ez den egile baten interesagatik, Charles Ives iparramerikarraren musikari eskainitako kontzertuak.

Estreinaldien kapituluan, Birke Bertelsmeierren obraz gain, Nafarroako Xabier Etxeberria Adrien konpositorearen Espuma del aire (Aire-aparra) interpretatuko dugu.

2016 – 2017 Ganbera-Denboraldia

AIMEZ VOUS BRAHMS?, EUSKAL BARROKENSEMBLE ETA VIVIANE HAGNER

brahms

Urriaren eta maiatzaren arteko hamar hitzordu horietan, Brahmsen ganbera-musikan jarriko dugu arreta bereziki, gure ziklo sinfonikoaren lorratzari jarraituz.

Gure denboraldi sinfonikora gonbidatutako hiru artistak gure taldeekin batera ganbera-bilduma lantzeko aukera izango dute. Spanish Brass metal boskotea, Lucas Macías oboe-jotzailea eta Viviane Hagner biolin-jotzailea izango dira. Gainera, Euskal Barrokensemble talde barrokoak ere hartuko du parte, Enrike Solinís gitarrista buru dela, ikuspegi barrokotik, beste musika mota batzuetan egiten dituzten sartu-irten erakargarriak eskaintzeko.

 

Ezhoiko Kontzertuak

CECILIA BARTOLI – DISNEY IN CONCERT

Cecilia-Bartoli

BOSek ezinbesteko bi hitzordu eskaintzen ditu, abonutik kanpo. Alde batetik, Erromako Cecilia Bartoli mezzosopranoaren piano-errezitaldia. Azken urteotako ahots-fenomenorik handienetakoa 2017ko martxoaren 25ean (larunbata) arituko da gurean.

Bestalde, Disney in Concert: Magical Music from the Movies programa. Disneyren musikaren klasiko bat, Euskadin lehen aldiz ikusgai. BOSek, hautatutako abeslari-taldearekin eta pelikuletako irudiak proiektatuta, hainbat abesti klasiko eskainiko ditu: Mary Poppins, La Sirenita, La Bella y la Bestia, Aladdín, El Rey León, El Jorobado de Notre Dame eta Frozen, besteak beste. Urtarrilaren 4an, datozen Gabonetako musika-hitzorduetako bat izango dugu.

disney-in-concert