2018-2019 Denboraldia

2018 – 2019 Denboraldi Sinfonikoa

Mundua mundu denetik, musika eta natura eskutik helduta ibili dira. Konpositoreek ahotsa eskaini diote Lurrari, mendez mende, eta Lurrak haien bidez kantatu du. Zenbaitetan, barrokoan adibidez, modu zuzen, deskribatzailea baliatuta. Beste zenbaitetan, erromantizismoan esaterako –non izadiak oro blaitzen zuen, eta sortzaileek ibilaldi luzeak egiten zituzten baso, mendiarte eta labar harritsuetan zehar, inspirazio bila–, sentipenak eta gogo-aldarteak iradokiz. Inpresionismoan, berriz, paisaia lausoak marraztuz, non harmonia ausartek soinu-mundu berri bat zabaldu baitzioten belarri erneari. Eta, azkenik, aro modernoan, hirien zamak abailduta, asfaltoak, adreiluak eta den-dena hartzen duen zaratak itota.

Musikaren eta naturaren arteko harreman horri eskaini diogu aurtengo denboraldiaren ildo nagusia markatuko duen zikloa: lau egitarauk osatuko dute, eta Erik Nielsen gure zuzendari titularrak gidatuko ditu. Naturarekiko kontaktua inspirazio-bide baliatu zuten konpositoreei erreparatuta, Beethoven eta Mahler agertzen dira protagonista. Biek ala biek ibilaldi luzeak egiten zituzten, paisari so; ezinbestekoa zitzaien hala aritzea. Eta obra entzutetsu bana eskaini zioten naturari: lehenengoaren kasuan, Pastorala, eta bigarrenaren kasuan, berriz, Hirugarren sinfonia, obra guztiz bikaina, non Mahlerrek gurekin konpartitzen duen barrutietako loreek, basoko animaliek, gauak, egunsentiko kanpai-hotsek eta maitasunak berak “kontatzen diotena”. Ziklo honetan, bestalde, ezin kanpoan utzi Javier Martínezen Lurraren esnatzea obraren estreinaldia eta Debussy eta haren itsasoarekiko begirada, ez eta Wagner ere, zeinarekin amaiera emango diogun denboraldiari, asmo handiko egitarau bat dedikatuko baitiegu haren bi emakume heroi handiri –Isolde eta Brünnhilde–; Rachel Nicholls soprano bikaina tour de force betean ikusiko dugu, zeru izartsua, basoa, erreka eta sua baitira dramaren elementu nagusiak.

BOS-2017-2018

Zinema, beste protagonista handi bat: West Side Story eta 2001: A Space Oddyssey

Programazioak baditu bi erreferentzia zinematografiko nagusi. Hasiera-ekitaldian, Bernsteinen West Side Story film klasiko handiaren kontzertu-proiekzioa eskainiko dugu. Hortaz, aukera izango dugu film musikal ezaguna pantaila handian proiektatuta ikusteko, eta, aldi berean, haren soinu-banda zuzenean entzuteko, BOSek interpretatuta. Hala, omenaldia egin nahi diogu iparramerikar konpositoreari, bere urteurrenean.

Bestalde, kontzertu bat eskainiko dugu 2001: A Space Oddyssey filmeko zenbait pieza hartuta; izan ere, film horrek zabaldu zion zinemarako bidea musika sinfonikoari. Kubricken film mitikoak 50 urte beteko dituen honetan, gure orkestrak Ligetiren Atmosphères eta Straussen Also Sprach Zarathustra piezak interpretatuko ditu, Xian Zhang handiaren zuzendaritzapean.

Barrokoko gizon heroiak, Wagnerren emakume heroiak

Wagnerren emakume heroiei eskainitako horretaz gain, denboraldiaren amaieran, “Aingeruak eta Heroiak” izeneko BOSbaroque egitarau baten bidez, kontratenorrentzako paper nagusiei erreparatuko diegu. Barrokoko musika erlijiosoko zenbait aria eta pertsonaia heroiko aukeratu ditugu, eta Carlos Mena interpretatzaile apartaren ahotsean entzungo ditugu.

Obra galdu bat berreskuratu izana, eta ezkontza bikain baten historia

Musikaren munduak, oro har, eta oboearenak, bereziki, badu zer ospatu: XVIII. mendean konposatutako obra bat berreskuratu da, zeina galdutzat jotzen baitzen. Ludwig Lebrun (1752-1790) oboe-jotzailerik entzutetsuena izan zen Mozarten garaian, eta, gainera, oboerako kontzertuez osatutako obra handia utzi zuen idatzita. Kontua da konpositoreak idatzitako Parisko kontzertuen serieko 5.a galdutzat jo zela hura hil ondoren. Baina Joseba Berrocal musikologo bilbotarrak partiturak aurkitu ditu, eta, hala, berriz ere argi-gunera ekarri du obra hau, bai eta konpositorearen emaztea ere: Franziska Danzi, garai hartako soprano ezagunena. Senar-emazteak hain ziren ospetsuak (batez ere Franziska, orduko benetako divoa), ezen zenbait konpositore garaikide nagusik –besteak beste, Antonio Salierik– musika haientzat espresuki idatzi baitzuten. Marina Monzók interpretatuko du Franziskaren papera, Nicolas Carpentier gure orkestrako oboe-bakarlaria ondoan duela.

Heriotza Halloweeni!

Santu Guztien egunarekin bat eginda, txantxetan arituko gara saihestezinak diren bi andre handik haien artean duten harremana dela bide: musikaz eta heriotzaz ari gara. Gala makabro bat eskainiko diegu, eta, gau batez, haiekin izango gara, Mozart, Marschner, Gounod, Humperdinck eta Saint-Saensen eskutik, bai eta Helmut Lachenmannen eskutik ere, zeina bizirik dagoen klasikoa baita, 82 urte izanagatik umorerik batere galdu ez duena.

Gaztela eta Leongo zein Nafarroako orkestra sinfonikoak gonbidatu ditugu gure denboraldira

2019ko urtarrilean, Gaztela eta Leongo zein Nafarroako kideak izango ditugu gurean, eta, hala, aukera izango dugu egiaztatzeko zein sasoi onean dauden Estatuko bi orkestra nagusi horiek. Biek ala biek beren zuzendari titularrak eta izen handiko bakarlariak ekarriko dituzte. Aurrerago, BOSek bisita itzuliko die, zeini bere egoitzan.

Frank Peter Zimmermann, Khatia Buniatishvili eta gora doazen zenbait figura gazte

Frank Peter Zimmermann biolin-jotzaile aparta eta musikari erabatekoa da, eta haren bisitaldiak beti dira gertakari handiak. Harekin batera, aukera izango dugu ezagutzeko –gurean lehen aldia izango du– azken garaian gehien nabarmendu den piano-jotzaileetako bat: Khatia Buniatishvili georgiarra. Gurean lehen aldia izango dute, halaber, etorkizun oparoko hiru bakarlari gaztek: Andrew von Oeyen pianista iparramerikarra, Josu de Solaun euskal jatorriko valentziarra eta Varvara sentiberatasun handiko pianista errusiarra. Orobat, gurean izango ditugu Philippe Quint biolin-jotzailea, Baiba Skride biolin-jotzaile bikaina eta Guillermo Pastrana biolontxelo-jotzailea.

Zuzendari gonbidatuei dagokienez, nabarmentzekoak dira, batetik, Eliahu Inbal maisu handia, zeina lehen ere izana da gurean, eta Miguel Hart-Bedoya eta lehen aipatutako Xian Zhang zuzendari txinatarrra, zeintzuek lehen aldiz joko baitute gurekin. Bestalde, Miguel Prieto eta Pablo González berriz izango ditugu gure artean, gure oskestrarekin lortu duten konplizitate berezia lagun. Nabarmentzekoa da, halaber, Diego Martín Etxebarriak gurean egingo duela denboraldiko debuta; Tokioko Nazioarteko Lehiaketan izan zuen arrakastaz geroztik, zuzendari arabarra etengabe ari da gora egiten.

Javier Martínezen Lurraren esnatzea obraren estreinaldia

Sorkuntza-lan berriari dagokionez, SGAE eta AEOS fundazioen eskutik, atsegin handiz aurkeztuko dugu Javier Martínez Campos konpositore gaztearen obra. Estreinaldi berezi-berezia izango da, gure biolontxelo-taldea osatzen duen musikarietako bat baita bera. Esan bezala, gaztea da oso, baina dagoeneko haren musika interpretatu dute Galiziako Orkestra Sinfonikoak, Valléseko Sinfonikoak eta JONDE Orkestrak, besteak beste.

Nazioarteko panoramari begira, denboraldian zehar banatuta, lehen aipatu ditugun Lachenmann eta Ligeti autoreen obrez gain, aukera izango dugu XX. mendeko klasiko bat disfrutatzeko, Bernd Alois Zimmermann, eta, orobat, Samy Moussa kanadar gazteak orkestra eta organorako konposatutako pieza txundigarria entzungo dugu.

Kontzertu berezia: MARIA JOÃO PIRES

Maria João Pires bizirik dagoen mitoa da pianoaren munduan, eta BOSek aurkezpena egingo dio datorren otsailaren 7an egingo duen kontzertu berezian. Pianista ospetsuak beste norabide bat eman dio bere karrerari, eta nabarmen murriztu du bere kontzertuen kopurua; hala, haren agerraldi bakoitza oihartzun handiko gertakizun bihurtu da. Elokuentzia, leuntasuna, dotorezia, errebeldia…, halako hitzak erabili izan dira haren estiloa deskribatzeko; haren karrera oparo arrakastatsuak erakusten duenez, ez da zalantzarik XX. eta XXI. mendeetako pianistarik gailen eta miretsienen taldean dagoela dagoeneko. Egitarauan, haren bi pasio nagusiak: Mozart eta Chopinen Nokturnoak. Errepertorio honetako haren bertsioak guztiz erreferentziazkoak bihurtu dira.

Omanera goaz

2019ko urtarrilean Omanera joango gara, “Madama Butterfly” operaren bi emanaldietan parte hartzeko. Produkzioa Festival Castel de Pereladarena da.
Bi orkestra sinfoniko gonbidatu ditugu gure denboraldian parte hartzera , aipatu bidaia dela eta.

Oman

Abona zaitez

Lur Kanta

Denboraldi Sinfonikoa: 2, 3, 11, 17

Lur Kanta

Mundua mundu denetik, musika eta natura eskutik helduta ibili dira. Konpositoreek ahotsa eskaini diote Lurrari, mendez mende, eta Lurrak haien bidez kantatu du. Zenbaitetan, barrokoan adibidez, modu zuzen, deskribatzailea baliatuta. Beste zenbaitetan, erromantizismoan esaterako –non izadiak oro blaitzen zuen, eta sortzaileek ibilaldi luzeak egiten zituzten baso, mendiarte eta labar harritsuetan zehar, inspirazio bila–, sentipenak eta gogo-aldarteak iradokiz. Inpresionismoan, berriz, paisaia lausoak marraztuz, non harmonia ausartek soinu-mundu berri bat zabaldu baitzioten belarri erneari. Eta, azkenik, aro modernoan, hirien zamak abailduta, asfaltoak, adreiluak eta den-dena hartzen duen zaratak itota.

Musikaren eta naturaren arteko harreman horri eskaini diogu aurtengo denboraldiaren ildo nagusia markatuko duen zikloa: lau egitarauk osatuko dute, eta Erik Nielsen gure zuzendari titularrak gidatuko ditu. Naturarekiko kontaktua inspirazio-bide baliatu zuten konpositoreei erreparatuta, Beethoven eta Mahler agertzen dira protagonista. Biek ala biek ibilaldi luzeak egiten zituzten, paisari so; ezinbestekoa zitzaien hala aritzea. Eta obra entzutetsu bana eskaini zioten naturari: lehenengoaren kasuan, Pastorala, eta bigarrenaren kasuan, berriz, Hirugarren sinfonia, obra guztiz bikaina, non Mahlerrek gurekin konpartitzen duen barrutietako loreek, basoko animaliek, gauak, egunsentiko kanpai-hotsek eta maitasunak berak “kontatzen diotena”. Ziklo honetan, bestalde, ezin kanpoan utzi Javier Martínezen Lurraren esnatzea obraren estreinaldia eta Debussy eta haren itsasoarekiko begirada, ez eta Wagner ere, zeinarekin amaiera emango diogun denboraldiari, asmo handiko egitarau bat dedikatuko baitiegu haren bi emakume heroi handiri –Isolde eta Brünnhilde–; Rachel Nicholls soprano bikaina tour de force betean ikusiko dugu, zeru izartsua, basoa, erreka eta sua baitira dramaren elementu nagusiak.

2018 – 2019 Ganbera Denboraldia

Varvara, Philippe Quint eta Josu de Solaun

Varvara

Ganbera denboraldia osatuko duten hamar kontzertuen barnean, hiru hitzordu nabarmentzen dira: batetik, “Bakarlari Handiak Errezitaldian” zikloan –non gure abonu-denboraldiko bakarlariek beren interpretazio-artearen beste alderdi bat erakusten baitigute–, Varvara pianistaren eta Philippe Quint biolin-jotzailearen errezitaldiak izango ditugu.

Philippe Quint

Bestetik, “Bakarlari Handiak BOSekin” zikloan, Josu de Solaun pianista gure musikariez osatutako hari-laukote batekin arituko da.

Josu de Solaun

Abona zaitez