2020 – 2021 Denboraldia

Denboraldi Sinfonikoa 2020-2021

Erik Nielsen Director Titular de la BOS

BEETHOVENEN HALABEHARRA

Pentsa ezazu zer litzatekeen familia egoera honetan egotea: zure aita, alkoholikoa eta talentu mugatukoa, obsesionatuta dago zu haur prodijioa izan zaitezen. Eman dezagun, gainera, 17 urterekin ama galtzen duzula, eta okerrera egiten duela aitaren mendekotasunak, hainbeste, non espetxeratu egiten baitute. Zure ardurapean hartu beharrean zaude, adin horrekin, zure bi anaia gazteagoak. Arazo ekonomikoek itota igarotzen duzu bizitza ia osoa, baina horrek ez dizu eragozten anaietako bat hil ondoren haren semearen tutoretza zure gain hartzea eta iloba aurrera ateratzeko eginahal guztiak egitea. Maitasunean ez duzu arrakasta handirik, eta, osasunari dagokionez, hesteetako arazo larriak dituzu, besteak beste. Hori nahikoa ez, eta, zure ibilbidea eta ospea Europa osora zabaltzen hasten den unean, musikari bati gerta dakiokeen ezbeharrik okerrena gertatzen zaizu: gorreria.

2020. urte honetan, zeinetan aurrez aurre agertu baitzaizkigu bizitzari, heriotzari eta gaixotasunari buruzko funtsezko auziak, zinez paradigmatikoa gertatzen da Beethovenen bizi eredua. Batek daki ez ote duen patuak (berez baita beethovendar kontzeptu petoa) berariaz bilatu gaur egun bizi dugun garai nahasi hau haren 250. urteurrenarekin uztartzea, guztioi erakusteko nola lor daitezkeen gauza benetan ikaragarriak bizitza zailtasunez betea izanik ere.

Erik Nielsen gure zuzendari titularrari metafora maileguan harturik, musikagileak zuhaitzak

Zorionak Beethoven!

Beethoven izango da gure denboraldiaren lehen herenaren protagonista. Tarte horretan, haren musika ospatuko dugu, 6 kontzertuko ziklo baten bidez, bertan bildurik haren 1., 4., 5., 6. eta 8. sinfoniak, biolinerako kontzertua, “Enperadorea” pianorako 5. kontzertua, eta, amaitzeko, Gabonetako egitarauan, Biolinerako erromantza eta Piano, koru eta orkestrarako fantasia, Bilboko Koraleko ahotsekin. Zikloan, Erik Nielsen zuzendari titularraren batuta ez ezik, gure artean izango ditugu Lars Vogt, Javier Perianes, Pablo González eta Clara-Jumi Kang Beethovenen interpretatzaile itzaltsuak ere.

Orkestra akordeoi baten modura moldatuz

Jabetzen gara, jakina, hurrengo ikasturtean handia izango dela ziurgabetasuna. Horregatik, era berezian antolatu dugu gure egitaraua: orkestraren osaera unean-unean musikarien artean utzi beharreko distantziari buruzko arauetara egokitzeko aukera ematen duten obrak bilduko ditugu. Egoerak horretarako aukera emanez gero, handitu egingo dugu taldea; eta, aldiz, segurtasun neurriek indarrean jarraitzen duten bitartean, indar aski izango dugu musikaririk handienen lanak eskaintzeko: Mozart, Brahms, Tchaikovsky, Dvorák nahiz Carl Nielsenenak, esaterako.

Goizeko saio gehigarri bat

Deseskalatze arauek ezarritako aforo mugak direla-eta, murriztu beharrean gaude publikoarentzat salgai jartzeko sarreren kopurua.
Egoera horri nolabait aurre egiteko, saiakera bat egin nahi dugu aspaldi aztertzen ari ginen ekimen bat gauzatzeko:
hirugarren kontzertua eskaintzea, saio gehigarri bat, ostegun goizez. Saio horren bidez, ordutegi berri batean programatu ahal izango ditugu gure kontzertuak, publikoarentzat interesgarria izango delakoan.
Hala, denboraldiko lehen hiru egitarauetan, aukera izango da ostegun goizeko saiorako sarrerak erosteko (12:00etan izango dira goizeko saio horiek).
Hiru egitarau horiek amaitutakoan, emaitzak aztertuko ditugu, eta horren arabera erabakiko dugu denboraldi osoan esperientziari eutsi edo ez.

Astor Piazzollaren mendeurrena

2021eko martxoan beteko da Astor Piazzollaren jaiotzaren mendeurrena. Jatorri herrikoia eta hizkuntza klasikoa musikan ezin hobeto uztartzeko trebetasun aparta erakutsi zuen Piazzollak. XX. mendeko tangoaren berritzaile handitzat hartua da, eta mundu osoko entzuleekin ondoen konektatu duen musikarietako bat izateko ospea du. Claudio Constantini limatar bandoneoi-jotzaileak Aconcagua, bandoneoi eta orkestrarako eskainiko du; egitarau honetara bildu dira, halaber, amerikar musikaren beste berritzaile handietako bat, Copland, Villa-Lobos, eta Gabriela Lena Frank musikagilearen ahots berria.
Tacomako Sinfonikoaren zuzendari titular Sarah Ioannidesen zuzendaritzapean arituko dira guztiak ere. Piazzollaren omenaldiak, bestalde, jarraipena izango du ganbera musikako denboraldian.

Zapata eta orkestrarako kontzertua, edo nola barre egin gure buruari

Hainbeste kezka eta gorabehera bizi ondoren, handia izango da aurreko denboraldietako ohitura bat berreskuratu ahal izatea: Inauterietako egitaraua. Eta, urteko sasoi hori transgresio eta gehiegikeria garaia izanik, ahalik eta egitarau dibertigarri, bihurri eta umoretsuenaz ospatuko dugu. Kontzertu bat –“showtzertua” esan liteke–, José Manuel Zapatak aurkeztua, Paco Mir zuzendari eszenikoaren bermearekin, zeinetan astinduko baititu tenor eta komikoak musika klasikoko klixerik errotuenetako batzuk, umorearen bidez. Danny Kaye antzezle ospetsu eta musikariak 1981ean New Yorkeko Filarmonikoaren aurrean eskainitako ikuskizun historikoan inspiraturiko lana da, eta bata bestearen atzetik antzeztuko ditu Rossini, Beethoven, Verdi, Mozart eta abarren musikari buruzko gagak, han parodiatutako jokabideetan bere burua maiz ezagutuko duen publiko baten aurrean. Ez luke zertan gogaitu norberaren buruaz barre egitearen arte jasoa lantzen badakien inor.

JoAnn Fallettaren itzulera, gonbidatu bikainez inguraturik

Gure zuzendari titular Erik Nielsenek gidatuko dituen 8 egitarauez gainera, azken urteetan orkestrarekin lotura berezia izan duten hainbat izen ageri dira zuzendarien zerrendan, hala nola: Giancarlo Guerrero, Brahmsen lehena ardatz duen egitarau indartsu batean; eta dagoeneko aipatutako Pablo González eta Lars Vogt, azken hori bakarlari eta zuzendari arituko dela, txandaka. Gonbidapena errepikatzen dutenen artean, Johannes Debusez gainera, aipatzekoa da JoAnn Falletta zuzendaria, Estatu Batuetako izar handia, 90eko hamarkadan maiz bisitan etorri zitzaiguna:
Ginasteraren Bariazio kontzertanteak proposamen ezohiko eta birtuosistikoak biltzen dituen egitarau batean topo egingo dugu berarekin, oraingoan. Garrantzizko zenbait debut ere ikusiko ditugu denboraldian orkestrarekin. Guretzat bereziki kutuna, Unai Urretxorena: Arrasateko musikaria ibilbide bikaina egiten ari da, Hego Korea egoitza nagusi duela. Debuta egingo du, halaber, Sarah Ioannides amerikar-zipretar dagoeneko aipatuak, eta David Grimal biolinista eta zuzendariak, zeinak parte hartuko baitu gure orkestrari erronka joko dion egitarau batean: kontzertinoaren eserlekutik zuzenduko du zuzendariak Brahmsen laugarren sinfonia.

Bakarlari nabarmenen artean, Garrick Ohlsson eta Javier Perianes

Bakarlarien sailean, pianistak nabarmenduko dira aurten ere, ibilbide oparo eta bikaina duen Garrick Ohlsson estatubatuarra buru dutela. Bereziki betegarria izan da guretzat bizkor aurkitu ahal izatea Javier Perianesen kontzertuentzako kokagunea, pandemia dela-eta aurtengo ekainean emanaldia bertan behera utzi behar izan ondoren, ezinbestean. Koadroa osatuz, hortxe izango dira Kozhukhin sendoa; Daumants Liepins gaztea, María Canals lehiaketaren irabazlea; eta Alfonso Gómez gasteiztarra. Biolinisten sailean, Fumiaki Miura izango dugu, Eguzki atera berriaren herrialdeko idoloa, eta, harekin batera, David Grimal –lehen aipatua– eta Clara-Jumi Kang dotorea. Horrez gain, gurera itzuliko da Alban Gerhardt biolontxelo-jotzailea, Barberren kontzertu ezohikoarekin. Eta badira beste hiru presentzia biziki harro sentiarazten gaituztenak: Freyr Sigurjonsson txirula bakarlaria, Ásgeirsson islandiarraren kontzertua interpretatzen –hain zuzen, berari eskainia–; Laura Delgado bigarren biolinetako bakarlaria, Beethovenen Erromantza ederrarekin, eta Vicent Zaragoza perkusioko bakarlaria, zeinak osatuko baitu bikotea Conrado Moya perkusionista ospetsuarekin, Dormanen kontzertuan.
Ahotsen sailean, ahots hauek nabarmenduko dira Erik Nielsenek bereziki gogoko duen errepertorio batean: Anne Schwanewilms kantuaren dama handia, Wagnerren Wesendonck Lieder ederrekin, eta Elizabeth Reiter, Händelen sopranorako eszena handiei eskainitako gure egitarau barrokoan (BOSbaroque).

BOS Orquesta Sinfónica

Hitzaurre Bi, Ramon Lazkano

Denboraldiko une gorenetakoa Ramon Lazkanoren Hitzaurre Bi piano eta orkestrarako kontzertuaren interpretazioa izango da. Karios disko-etxearentzat obra grabatu genueneko konpainia berean, gainera: Alfonso Gómez pianistaren konpainian. Esan beharra dago poz handiak ekarri dizkigula grabazio hark; besteak beste, musika garaikidearen saileko Grand Prix du Disque de la Académie Charles Cros saria, berriki.

ABONU TEMATIKOA ZORIONAK BEETHOVEN!

Denboraldi sinfonikoa: 1.a, 3.a, 4.a eta 6.a

Beethoven izango da gure denboraldiaren lehen herenaren protagonista. Tarte horretan, haren musika ospatuko dugu, 6 kontzertuko ziklo baten bidez, bertan bildurik haren 1., 4., 5., 6. eta 8. sinfoniak, biolinerako kontzertua, “Enperadorea” pianorako 5. kontzertua, eta, amaitzeko, Gabonetako egitarauan, Biolinerako erromantza eta Piano, koru eta orkestrarako fantasia, Bilboko Koraleko ahotsekin. Zikloan,
Erik Nielsen zuzendari titularraren batuta ez ezik, gure artean izango ditugu Lars Vogt, Javier Perianes, Pablo González eta Clara-Jumi Kang Beethovenen interpretatzaile itzaltsuak ere.

Musikagile alemanari eskainitako kontzertu sail honetatik, 4 egitarau sinfoniko aukeratu ditugu denboraldi honetako abonu tematikoa osatzeko.

BOS ABONO TEMÁTICO EUROPA

Abona zaitez

IRAKURRI ALDIZKARIA

Denboraldi berriaren aurkezpena bideoa

Ganberako Denboraldia 2020 – 2021

Beethoven, 20th Century tango eta Bakarlari handiak

Ganbera musikako gure denboraldian, Beethovenen 250. urteurrena ere ospatuko dugu, haren katalogo zirraragarriko obra adierazgarrienetako batzuekin: hain zuzen ere, haren obra ikur zenbait aurkeztuko dituzte gure musikari taldeek, hala nola 135. kuartetoa, Haize sestetoa, Hari kintetoa edo “Ghost” trioa pianoarekin. Gozamenez entzungo ditugu, halaber, Rebecca Clarke, Fanny Mendelssohn, Madeleine Dring, Germanine Tailleferre eta Amy Beach musikagile handien doinuak.

Gure denboraldi sinfonikora gonbidatutako bakarlari batzuekin dugun lotura lau aldiz agertuko da. Horien artean, nabarmentzekoa izango da Javier Perianesen “Oso pertsonala” errezitaldia; hain zuzen ere, Huelvako pianistak egitarau sorpresa bat eskainiko du, berak aurkeztuz piezetako bakoitza eta bere bizipenekin lotura eginez. Claudio Constantini bandoneoi-jotzaileak, bestalde, azalera aterako du tangoak, besteak beste, Stravinsky, Ravel eta Satie musikagile klasikoen lanetan izan duen eragina, eta Piazzolla gogoratuko du, haren mendeurrenaren ospakizunean. Alban Gerhardt biolontxelo-jotzaileak boskotea osatuko du gure orkestrako musikagileekin. Eta, azkenik, Conrado Moya perkusionista BOSen perkusio sail osoarekin batera arituko da.

Kontzertu guztiak 19:30etan izango dira
Palacio Euskalduna Jauregia (Bilbo). 0B Aretoa

Programazio hau alda liteke.

Abona zaitez