BOSen 2010-2011ko Kontzertuak Familian

Gure konpositore unibertsalaren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko, BOSek bilbotarrari buruzko kontzertu didaktikoa prestatu du. Fernando Palacios musika-pedagogian adituak idatzitakoa da ipuina, lehenago ere Sherezade, Pulcinella edo Animalien inauteria lanetarako testuak ere idatzi dituena. Juanito Arriagaren bidaiak izenburua duen (horrela deitzen zuten senitartekoek) ipuin honek, besteak beste, musikari gazten abenturak kontatzen dizkigu, 16 urte baino ez dituela Parisera ikasketak osatzera doan mutiko baten abenturak, alegia. Abentura handiak, XIX. mendearen hasiera aldera.

Ipuin musikalen helburua gazteenak narrazioari adi egotea eta hitzekin batera musika entzun dezaten lortzea da. Kasu honetan aukeratutako musika txatalak Esklabo zoriontsuak oberturakoak, Obertura op.1-ekoak eta Orkesta handirako Sinfonia Ren lanetakoak dira.

Ipuin honekin disko-liburua kaleratu da, AgrupArte euskal argitaletxearen disko-liburuen bilduman.

BOSek erabaki du obra honexekin hasiera ematea aurtengo Kontzertuak Familian denboraldiari. Aukera paregabea da neska-mutikoek Arriaga izandako beste ume horren musika entzun dezaten.

Familian entzuteko kontzertu hau datorren larunbatean izango da, azaroaren 20an, 12:30etan, Euskalduna Jauregiko Antzoki aretoan. Sarreraren prezioa 4 euro da, eta BOSen abonatuentzat 3 euro. Sarrerak salgai daude dagoeneko (BBK-n, BOSen ganberako kontzertuen sailean).

Zuzendaria Pether Thomas izango da, eta narratzailea Ana Hernández.

Egilea: Juan Crisóstomo de Arriaga bilbotarra duela 200 urte jaio zen, eta Parisen hil zen, 20 urte bete aurretik. Haren obrak argi erakusten digu Parisko Kontserbatorioko irakasle izatera heldu zen gaztearen baitan konpositore handi bat bazela.

Arriagak, bizitza laburrean, edertasunez eta goxotasunez betetako obrak utzi zizkigun. Haien artean, koartetoak dira nabarmenenak, erreferentziako obrak ganbera-musikan.