Kontzertuak

BOS 05


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.


5. egitaraua. Beethovenek etxea bedeinkatu du.

Erik Nielsen, zuzendaria.
Alfonso Gómez, pianoa.


LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Etxearen Sagarapena, Obertura Op. 124

RAMÓN LAZKANO (1968)

Hitzaurre Bi, piano eta orkestrarako kontzertua

Alfonso Gómez, pianoa.

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

8. sinfonia Fa Maiorrean Op. 93

I. Allegro vivace e con brio
II. Allegretto scherzando
III. Tempo di Menuetto
IV. Allegro vivace

Iraup.: 60’ (g.g.b)

DATAK

  • 19 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      12:00 h. Sarrerak Erosi
  • 19 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 20 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      17:00 h. Sarrerak Erosi
  • 20 azaroa 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

JOANDAKO GARAI ORO…

Bitxia da denborarekin dugun harreman kontraesankorra. Kosta egiten zaigu badoala onartzea, urte asko bizi nahi izan arren. Nahiz eta garai hobeak iristea espero dugun, atzean gelditu zaizkigun uneei eusten diegu nolabait. Izan daiteke era fisikoan, grabitatearen efektu saihestezina atzeratzeko produktu batekin gaztetasuna berreskuratzen saiatuz, baimenik gabe kolorez aldatzen tematu den ile bati tonua itzuliko dion tindu bat, ospetsuen eta ezagun samarren artean hain modan dauden botox edo azido hialuronikoaren injekzio batzuk beharbada, edo are den-dena dagokion lekuan ezarriko digun kirurgia estetiko bat ere –zorte apur bat, kemen itzela, diru gosea baino handiagoko zuhurtzia duen mediku on bat eta ordainketa potoloa tarteko–. Baina izan daiteke emozionalki ere, «berriro modan jarriko balitz» edo «kilo pare bat argalduko banintz» bezalakoz betetako tiradera eta armairuekin, edo «bilobak iristen direnerako», «nola botako duzu hori, hainbeste kosta zitzaigun eta», «aizu, perfume usaina du oraindik» bezalakoz. Gutxi-asko, edonork gordetzen du galleta lata zahar batean –edo zapata kaxa batean, edo manila gutunazaletan– argazki koloregabe piloa, ertz tolestuekin; era berean eragiten dituzte irribarreak, eztarriko korapiloak eta hasperenak, "ene, nola doan denbora".

Gaur entzungo ditugun lanek zerikusi handia dute argazki koloregabe horiekin, iraganarekiko nostalgiarekin eta denbora kontrolatzeko –alferrik– egiten ditugun ahaleginekin.

Lehenengoa, entzute gutxiko Beethovenen Zur Weihe des Hauses [Etxearen sagaratzea] obertura da, maizago interpretatzea mereziko lukeen pieza. 1822ko urriaren 3an Vienako Josephstädter Theater berriz irekitzeko idatz zezan eskatu zioten, hamar urte lehenago konposatu zuen beste lan baten arrakastaren eraginez. 1812an, Hungariako Pest hiriko Errege Antzoki Berria inauguratzeko, August von Kotzebue antzerkigilearen Die Ruinen von AthenAtenasko aurriak– eta König Stephan oder Ungarns erster WohhtäterEsteban Erregea edo Hungariako lehen ongilea– antzezlan txikiak musikatu zituen Beethovenek; ekitaldi bakarreko bi lanok maisuak hain gogoko zuen iraultza espirituko gaia jorratzen zuten. Berriro antzeko abagunea egokitu zitzaionean, Bonneko musikagileak antzinako partitura hura baliatu zuen; izan ere, berrikusi, egokitu, hemen koru bat gehitu, han ballet bat erantsi, obertura aldatu eta aire berri bat eman zion, eta, voilá!, Carl Friedrich Hensler antzoki berriko zuzendariaren enkargua prest zeukan –tamalez, beti bezala, partiturak musikariei estreinaldiko arratsalde berean eman zizkienez, ez zen astirik izan egoki entseatu ahal izateko, eta ezin izan zen aurreikusita zegoen moduan estreinatu, geroago baizik–.

Eta orrazkera egokituz edo profila nabarmenduz –lehen aipatu dugun kutxa horretan aurkituta– gurasoetako baten gaztaroko argazki batekiko antza azpimarratzen saiatzen denaren antzera, obertura honetan, obra berantiarra izan arren, Beethovenek gehien miresten zuen konpositoreetako bat zen Händelen estiloa txertatu nahi izan zuen; aitortu ere egin zuen «Händelen soinu handitasuna imitatu nahi izan» zuela. Obra bozkariozkoa maiestate kutsuz abiatzen da, obertura frantsesen antzeko sarrera solemne batekin, nolabait jai kutsuko banda-doinu baterantz jarraituz. Garapen sinfoniko baten eta interludio nabarmen beethovendar labur baten ostean, konposizioak kontrapuntu barroko argiko Allegro con brio batera garamatza, une batzuetan haren Bederatzigarren sinfoniako fuga aireko pasarteak gogorarazten dituen atal indartsu baten antzera. Amaiera bizkor-bizkorra du, frenetikoa ia; Händel bezalako aurreko garaietako konpositoreen zantzu estilistikoak dituen pieza argitsua da. Dena dela, hor ageri den bakarra –metafora onartzen badidazue– Beethoven da, kutxa batetik ateratako ileorde zahar batekin ispilu aurrean aitonaren erretratuaren antza izan nahian.

Denboraren jario apetatsu horri jarraiki, bigarren lanak 1993ra eramango gaitu. Piano eta orkestrarako Hitzaurre bi lanean, Lazkanok bere garaiarekin daukan borroka askoz konplexuagoa da; bi mugimendurekin konposatu zuen, eta 1995ean Pierre de Monaco Printzea saria irabazi zuen horrekin. Tradizioaren eta esperimentazioaren arteko oreka zailean mugituz –baita frantses maisuen eraginaren eta euskal izaeraren hizkuntza zintzo zuzenaren artean ere, nahiz eta konpositore donostiarrari ez gustatu inolako nortasun nazionalekin etiketatzea–, kontzertu honek, haren gainerako obran bezala, ez du kultura zehatz baten arketiporik mantendu nahi, baizik eta, oso bestela, oinordetzan jasotako memoriak eta bereganatutako ohiturak gainditu.

Hitzaurre bi laneko materialtasuna eta oldarra ez datoz bat orkestra-koloreetan harmonikoen sotiltasunarekin eta erresonantziak garatzearekin, bat-batean hausteko pasarteak introspekzio une lasaiekin eta egiaz birtuosoak diren konpasekin tartekatuz. Haren kontzerturik biribilena ez bada ere –ildo berean iritsiko zen urte batzuk geroago Laboratorio de tizas (Klarion laborategia), zailduagoa eta ibilbide luzeagokoa–, seguru asko musikari indartsu honen sentiberatasun kitzikagarria, aldakorra eta muturrekoa ondoen transmititzen dakien lanetako bat da; hor, konposizio kontzeptua «denbora soinuekin ordenatzea» da, eta, hala ere, inoiz gelditzen ez den denbora batean alda daitekeela aitortzen da.

Eta saioa amaitzeko, Beethovenengana itzuliko gara; estilo zahar baten maila emateko ahaleginean utzi dugu. Hori bera egin zuen berriz Zortzigarren sinfonian, orduko hartan irakasle izan zuen Joseph Haydn gogoan zuela; harekin ez zuela ezer ikasi esan zuen, baina hark nabarmen eragin zuen bere musikan.

1812ko urrian Linzen datatutako 8. sinfonia Fa maiorrean lana Zazpigarrena sortzeko lanean jasandako konposizio blokeo batzuetatik ihes egiteko balbula gisa idatzi zuen. Honekin alderatuz gero, gorteko arinkeria eman dezake, eta klasizismo zaharkitura itzultzeko keinu komiko bati dagokiona. Baina horrek ezin azal dezake nola, haren bizitzako garairik gogorrenetako batean, maitasunik eza, familia gatazkak, osasun arazo larriak jasanez, ia suizidioaren atarian, Beethoven gai izan zen bere sinfoniarik alaiena, axolagabeena idazteko; hark esan zuenez, «botoirik gabeena». Hain izaera baikorrekoa izanik, hurbil-hurbil du ozarkeria, divertimento bat bezain laburra da, eta ez beste sinfonia batzuk bezain ikusgarria; Zortzigarrenaren idazkerak –Beethovenek "bere ttikia" deitu zion Seigarrenetik bereizteko, hura ere fa nagusian– eman dezake Zazpigarreneko handitasunaren eta Bederatzigarreneko zirrararen arteko denbora-pasa moduko bat dela. Eta, hala ere, idazkera zorrotzak itxura jostariak agerian uzten duen baino askoz ere edertasun sakon eta bareagoa du, eta leku muntazkoa merezi du Beethovenen katalogoan; egileak bigarren orkestra-sortze aldia itxi zuen horrekin, klasizismoa behin betiko utziz, hizkuntza sendo eta erromantiko nabarmena finkatuta.

Allegro vivace e con brio izeneko lehen mugimenduak Haydnen omenaldia dirudi, egitura klasiko kanonikoarekin, nahiz eta dinamismo ia maniakoa azaldu. Alai nekaezina da, tinbre, kontraste eta dinamika kontrasteekin jokatuz, umore zakarra erabiliko balu bezala. Adierazpen hedatze hori gorabehera, bigarren mugimendua ez da motela, halakoa izatea espero zitekeen arren. Aitzitik, Allegretto scherzando bat aurkituko dugu, eskema erritmiko atseginekoa, mekanikoa kasik, ustez haren lagun Johann Nepomuk Mälzelek asmatutako metronomoa ohoratzeko idatzia, baina izatez, ziur aski, Beethovenen lagun eta biografo fantasiatsu Anton Schindlerrek asmatutako beste istorio nobelatuetako bat izango dena. Hori baino askoz teoria sinesgarriagoak dira mugimendu samur, dibertigarri eta fresko hau Haydnen Erlojuaren sinfoniak inspiratu zuela diotenak. Tempo de menuetto bat du jarraian; Beethovenek urte batzuk lehenago alboratu zuen, baina sinfonia honetarako berriz heldu zion ohiko mugimendu klasiko mota bat da. Pastoraleko nekazarien bilkura oroitarazten du nolabait, hirukote lirikoaren korno eta klarinete bikoteak nabarmenduz. Sinfonia laugarren mugimenduarekin amaitzen da: Allegro vivace oso konplexu bat, hedaduraz aurreko hirurak batera bezain luzea dena. Hasiera ia garrantzirik gabearen ostean, bizkortu egingo da, kontrolik gabeko lasterketa moduko batean, keinu haydntarrez, ezustekoz, geldiunez eta oztopo antzeztuz betea, amaiera apoteosiko eta indartsu batera daraman koda ustekabeko neurrigabe batekin.

Zazpigarrenarekin alderatuz gero, Zortzigarren sinfoniak ez zuen harrera onik izan. Baina haren piano-ikasle Carl Czernyk Bonneko maisuari zergatik galdetu zionean, filosofia pixka batez eta harrotasun ugariz erantzun zion: «bestea baino askoz hobea delako». Egiari zor, zaila da onena zein den erabakitzea. Carlos García de la Vega musikologoak dioen bezala, argi dago: «badirudi Beethovenek berak agur esan nahi izan ziela, isekaz eta are onetik irtenda, à la mode egoteari uzten hasiak ziren usadio eta ohiturei, argazki zahar batean bere itxurari barre egiten dionaren antzera».

Argazkiek ispiluek baino askoz hobeto erakusten digute denboraren joana, baina urteen joanean egokitzeko borrokak –batzuetan basatia, besteetan jostagarria eta aldika samurra– nonahi uzten dizkigu haren arrastoak eta ebakiondoak, baita musikan ere. Goza ezazue, eta, denborarekin borrokan jarraitu ahal izan dezazuen, zeuen burua zaindu.

Nora Franco

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
08
Api
2024
>Cámara 07

Cámara 07

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen hari eta perkusio ensemblea

Actea Jiménez, perkusioa
Samuel García, biolina
David García, biolina
Leire Moreno, biola
Diego Val, biolontxeloa
Carolina Bartumeu, biolontxeloa

ARVO PÄRT (1935)

Fratres

DANIEL WOHL (1980)

Exchange

BOSen hari-laukotea

Samuel García, biolina
David García, biolina
Leire Moreno, biola
Carolina Bartumeu, biolontxeloa

ANTON VON WEBERN (1883 – 1945)

Langsamer Satz

II

BOSen hari-seikotea

David García, biolina
Samuel García, biolina
Isabel Aragón, biola
Asier Arabolaza, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

JOHANNES BRAHMS (1858 – 1924)

1. Seikotea Si bemol Maiorrean Op. 18

I. Allegro ma non troppo
II. Andante ma moderato
III. Scherzo: Allegro molto
IV. Rondó: Poco allegretto e grazioso

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
11 - 12
Api
2024
>Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia

Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Oso ustekabe atsegina izan da azken urteotan Samy Moussaren musika ezagutzea eta ikus-entzuleekin duen konexio onaren lekuko izatea. Bere lana ezagutzen jarraitu ahalko dugu Adrano biolinerako kontzertuaren bidez, Karen Gomyo bikainaren eskutik; gainera, zuzendari-lanetan arituko da Nielsenen musikarekin eta Antonin Dvoráken 7. sinfonía kartsuarekin.

Samy Moussa, zuzendaria
Karen Gomyo, biolina


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Helios obertura Op. 17

ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)

Erromantza biolin eta orkestrarako fa minorrean Op. 11*

Karen Gomyo, biolina

SAMY MOUSSA (1984)

Kontzertua biolin eta orkestrarako “Adrano”**

I.
II. Cadenza
III.
IV. Epilogue

Karen Gomyo, biolina

II

ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)

7. sinfonia re minorrean Op. 70

I. Allegro maestoso
II. Poco Adagio
III. Scherzo (Vivace)
IV. Finale (Allegro)

*Lehen aldiz BOSen eskutik
**Estreinaldia Espainian

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


C. Nielsen: Flauta eta orkestrarako kontzertua
W.A. Mozart: Andante do maiorrean, flauta eta orkestrarako K. 315
G. Mahler: 5. sinfonia do minor sostenituan

Emmanuel Pahud, xirula
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


A. Schonberg: Orkestrarako bost pieza, op. 16
C. Saint-Saëns: Piano eta orkestrarako 5. kontzertua Fa maiorren, 103. op. “Egiptoarra”
R. Strauss: Heroiaren bizitza bat, op. 40

Alexandre Kantorow, pianoa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak