Kontzertuak

BOS 07


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Gabonetako kontzertua

Erik Nielsen, pianoa eta zuzendaria
Laura Delgado, biolina
Bilboko Korala


LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

1. sinfonia Do Maiorrean Op. 21

I. Adagio molto – Allegro con brio
II. Andante cantabile con moto
III. Menuetto: Allegro molto e vivace
IV. Finale: Adagio – Allegro molto e vivace

2. erromantza Fa Maiorrean biolin eta orkestrarako Op. 50

Laura Delgado, violín.

Fantasia piano, koru eta orkestrarako do minorrean Op. 80

I. Adagioo
II. Finale

Erik Nielsen, pianoa.
Bilboko Korala.

Iraup.: 65’ (g.g.b)

DATAK

  • 16 abendua 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 17 abendua 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 18 abendua 2020       Euskalduna Jauregia      17:00 h. Sarrerak Erosi
  • 18 abendua 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Alles Gute zum Geburtstag, Ludwig

Benetan ilunduta geratu da historiako musikari miretsienaren urtebetetze-jaia. Guztia hankaz gora jarri duen pandemia honek ospakizunak ere zapuztu dizkigu; Beethovenen omenez mundu osoan egin behar ziren ehunka kontzertu bertan behera utzi dira azken hilabeteotan. Alabaina, gauzak egiteko gaur egungo modu bitxi horretan bada ere, oraingoan aukera izango dugu Euskalduna Jauregiko besaulkietara joateko, Bonneko jenioaren musikari buruz geure orkestrak 2020an egingo duen azken kontzertua entzutera, haren jaiotzaren 250. urteurrenean.

Oraingo honetan, aukeratu ditugun lau piezek Beethovenen lanen hemezortzigarren mendeko estilora garamatzate, zenbait arrazoirengatik. Ez dugu ahaztu behar, musikari erromantikoen zenbait belaunaldik aita eta maisutzat zuten arren, gure protagonista 1770ean jaio zela, argien mende bete-betean, eta Bonn garai hartan ideia ilustratuen oso hurbileko hiria zela. Josef enperadorearen garaia zen oraindik, eta hura iluminismoaren aldekoa zen (hain zuzen ere, hura hil zenean, Beethovenek haren omenezko kantata bat idatzi zuen, zeina musikariaren lanetatik gordetzen den lehenengo obretako bat eta entzuteko moduko bitxitasuna den). Hiria gobernatzen zuen artzapezpiku eta hautesle Maximilian Franz ere planteamendu horien aldekoa zen, eta Renaniako hirian arteak eta letrak loratzea sustatu zuen, musikariaren nerabezaro eta ikaskuntza-aldian.

Hori guztia bezain garrantzitsua izan zen Christian Neefek Beethovenengan izan zuen eragina, haren musika-irakasleetan lehenengoetako bat izanik. Agian ez zion musika asko irakatsi bere ikasle gazteari, baina Neefek bere iritzi intelektual eta politikoei buruz hitz egin zion, eta zenbait liburu eta aldizkaritan idatzita ere utzi zituen. Neefe Bonneko Illuminatien logiakoa zen. Izen horren inguruan egon den sasi-historia guztiagatik, mundua menderatzeko konspirazio ilunak etorriko zaizkigu burura ziur asko, baina, egiaz, Illuminati logia masoneriaren sektore erradikal bat izan zen, garai artan oso modan zegoen mugimendu bat, zeinak konpromiso nabarmena zuen aurrerapen sozial eta intelektualeko ideiekin. Badirudi Beethoven ez zela masoia izan, Goethe, Haydn eta Mozart izan ziren moduan, baina haren ideiak printzipio ilustratuen ingurukoak izan ziren, hil zen arte, haren obran ikus daitekeen moduan. Hain zuzen ere, Schillerren Alaitasunaren Oda (Ode an die Freude) Beethovenen hezkuntzaren parte izan zen, eta hainbat urtez egon zen gordeta, maisuaren bederatzigarren sinfoniari esker betiereko bilakatu zen arte. Aita maitekor baten begiradapeko anaitasun unibertsalaren aparteko dei horrek gure egilearen pentsamendu eta irriken muina adierazten du.

Beethoven jaio eta hazten ikusi zuen garai hartaz, Bonnen urrezko garaiaz, gehiago jakin nahi izanez gero, Jan Swaffordek idatzitako biografia berri eta bikaina irakurtzea gomendatzen dizuet. Baina gera gaitezen azken ideia horrekin, bidea ematen baitigu egitarauko obretako bati buruz hitz egiteko: Fantasia piano, koru eta orkestrarako edo Fantasia korala, zeina hartu izan den egilearen azken sinfoniarako lehen entsegutzat.

Obra hau azkena da kronologikoki egitaraua osatzen dutenen artean; hain zuzen ere, 1808ko abenduaren 22ko kontzertu bukaezin ospetsuan estreinatu zen, An der Wien antzokian; horretan, musikagilearen Do Maiorreko mezaren zenbait zati, kontzertuko aria bat eta piano-inprobisazio bat egiteaz gain, Beethovenek lehen aldiz eman zituen ezagutzera Fantasia hau eta bere sinfonia ospetsuenetako bi, hots, bosgarrena eta seigarrena. Gau-beila amaigabe hark publikoa ahituta utzi zuen, eta amaiera eman zion zortzi urte pasatxoko sormenezko aldi bati, zeinak Vienara iritsi berri zen pianista birtuoso gaztea bere garaiko musikagilerik harrigarriena eta musikaren historiako mitorik handiena bihurtu zuen.

Izenak adierazten duen moduan, oso egitura ezohikoa du, genero zehatz batean sailkatu ezinekoa. Egileak bere ohiko presarekin amaitu zuen; kontatzen dutenez, estreinaldian partituren tinta oraindik bustita zegoen, eta, egiaz, lehenengo zatia, pianorako bakarkako zati luze bat, arratsalde horretan bertan inprobisatu zuen osorik Beethovenek, eta geroago jaso zuen idatziz, kontzertuan jo zuena gutxi gorabehera gogoratuz.

Fantasiaren testua musikariak gainbegiratuta idatzi zen, harmoniaren eta edertasunaren dohainak goratzeko. Mezua ilustrazioko tipikoa da: prestakuntza-urteen oihartzuna eta zenbait urte geroago maisuaren ekoizpen sinfonikoa itxiko zuen obra handiaren iragarpena. Bertsoek maitasunaren eta edertasunaren garaipena goratzen dute, gizonei jainkoen mesedea ekartzen dietelako eta gure bizitzako ekaitzak argitzen dituztelako. Bertsoak gorpuzteko, hasierako esku-hartze dramatikoagoaren ondoren, pianoak beste konposizio bat iragartzen du, zeinak Alaitasunaren oda dakarren gogora, bere zorroztasunagatik, nota berdinetan oinarritutako erritmoagatik, bere harmoniaren soiltasunagatik eta duen adierazkortasun zuzenagatik. Halako melodiekin esperimentatzen zuen Beethovenek bere hastapenetatik, eta, egiaz, kamaraden zenbait abesti edo geselliges Lieder direlakoetatik datoz; folkloretik hurbileko abesti estrofikoak dira, eta Beethovenek beti lotu izan zituen anaitasun-mezuekin eta askatasunaren eta bakearen moduko balio handien gorespenarekin. Maisuaren abesti askotan aurki ditzakegu; esaterako, bere gaztaroko Gizon askea abestian, eta Schillerren bertsoen pozari buruzko konposizioan, zeinaren egitura bereziki forma horretara egokitu zuen poetak.

Sinfonian bezala, gai nagusia lehen aldiz instrumentuetan agertzen da, ahotsetara igaro aurretik. Pianoak iragartzen du, eta, gero, orkestrarekin garatzen du, alla turca bat barne hartzen duten zenbait bariaziotan, esaterako, bederatzigarrenean tenor bakarlariak egiten duen martxan. Azkenik, ahotsek jasotzen dute, lehenik bi solista-hirukoteen (bat emakumeena eta bestea gizonena) elkarrizketarekin, eta, gero, abesbatza osoarekin, azken esaldiarekin amaiera bikaina emateko: «maitasuna eta indarra ezkontzen direnean, jainkoen mesedeak gizatasuna saritzen du». Azken kointzidentzia nabarmena: bat-bateko harmonia-aldaketa, Sol Maiorretik Mi Bemolera, Götter-Gunst delakoa (jainkoen mesedea) aipatzen duten bertsoen gainean; hain zuzen ere, aldaketa berbera erabili zuen Beethovenek (belarriek nabarmenduko zioten, zalantzarik gabe), bederatzigarren sinfonian vor Gott (Jainkoaren aurrean) hitzei musika jartzean.

Obra hau 1808koa da, hots, Beethovenen bizitzan sormen handieneko aldikoa; hala, bat egiten du Bonnen igarotako ikaskuntza-urteekin, idatzi zueneko heldutasunarekin eta musikagilearen ibilaldiaren amaierarekin, XVIII. mendeko Ilustrazioaren printzipio handiekin oso lotutako ideia batzuen bidez. Egiaz, maisuak ez zituen inoiz alde batera utzi ideia horiek, eta ikaragarri areagotu zituen bere azken etapako maisulanetan, esaterako, bederatzigarren sinfonian edo Missa Solemnis mezan.

Programako beste hiru obrek XVIII. mendearekin duten lotura musikalagoa da ideologikoa baino, eta horietan Beethovenen beste maisu baten aztarna hautematen da; Neefe baino askoz ere musikari hobea eta, hura bezala, masoia zen musikari batena: Joseph Haydn maisuarena.

Askotan esan izan da maisuaren eta ikaslearen arteko harremana ez zela oso ona izan; maisuak ez zuela guztiz onartu Ludwig gaztearen lanean ordurako txertatuta zegoen hazi iraultzailea, eta ikasleak ez zituela ongi hartu maisuaren jarraibideak. Alabaina, zalantzarik gabe, baten eta bestearen talentu paregabeak ez ziren oharkabean geratuko elkarrentzat; seguruenik, kapera-maisuak argi eta garbi ikusiko zuen bere ikaslea loratzear zegoen jenioa zela, eta, agian, bideratzeko jarraibide batzuk besterik ez zizkion eman. Eta Beethovenen ibilbide musikalean, adierazpenetan baino gehiago, agerian geratzen da Haydnenganako errespetua.

Adibidez, kontuan hartu behar da ez ziela berehala ekin bere maisua bereziki nabarmendu zen generoei, esaterako, kuartetoari eta sinfoniari. Sormen-energiaz gainezka egon arren, Haydnen eta Mozarten adibideen mailan zegoela ziur jakin arte ez zituen bere lehenengo piezak sortu. Hogeita bederatzi urte zituen Lobkowitz printzearen enkarguz bere lehenengo sei harizko kuartetoak sortu zituenean, eta hogeita hamalau bere lehen sinfonia estreinatu zenean, 1800. urtean; huraxe izan zen Vienako gizarte musikalean formatu handiko musikagile modura agertzeko bere aurkezpen-gutuna.

Obra hori izango da gure egitarauko beste ekitaldi nagusia, oraingo honetan. Haydnen oihartzunak nabaritzen dira lanaren egituran; adibidez, hala lehenengo nola azken mugimendua maisuaren pieza askotan zegoen berezko sarrera motelarekin hasten dira. Baina, batez ere, nabarmendu behar da sinfonia horrek oraindik ez zuela bere ahizpa txikiek bezain argi agertzen sortzaileak generoaren bilakaeran egindako ekarpen nagusia izango zena: sonata klasikoaren barruan, fantasiaren jolas librerako egokiagoak ziren zatiak nabarmentzea, bereziki, garapenak (ohiko tamainaren bikoitza edo gehiago hartuko zuten), kodak (garapen berri bilakatuko ziren) eta konposizioen arteko zubi modulatzaileak. Egiaz, Beethovenek zabaldu egin zuen Haydnek eta Mozartek ezarritako eredu klasikoa, hain justu adierazpen-tentsio gehien sortu ahal zuen tokian, baina inoiz ez zuen harekin apurtu. Alderdi horretan ere XVIII. mendearen seme izaten jarraitu zuen.

Alabaina, ez da ezinezkoa obran Beethovenen lana zehazten duten ezaugarri ezagunetako batzuk aurkitzea, nahiz eta ez dirudien hemen guztiz menderatzen zituenik oraindik. Garaiko kritikak interesa agertu zuen piezan, baina orkestrako tutti gehiegi egotea eta haize-instrumentuek protagonismo handiegia izatea aurpegiratu zioten. Egia da ordutik igaro diren 220 urteetan askoz ere soinu-esperientzia gehiegizkoagoak entzun ditugula, baina lan horretan hauteman daiteke agian gehiegizkoa den soinu-kantitate etengabea; ez zitzaien inoiz halakorik gertatu Haydni eta Mozarti, eta Beethovenek berak, helduagoa zenean, oreka handiagoaz modulatzen jakin zuen.

Halaber, enfasi erritmikoak, nota sinkopatu edo neurri kontrako ugariek (hasierako allegroaren konposizioan, esaterako) eta obrari taupadatzea eragiten dioten bulkaden indarrak agerian jartzen zuten gazte sortzailearen energia eutsiezina. Ikus ezazue nola, tradizioari jarraikiz, minuetto deitu zion hirugarren mugimenduari, baina horren tempoa scherzo batena da, argi eta garbi. Entzuten ari zaretela, pentsa ezazue zer egoera tamalgarritan eta desegokitan geratuko ziren minuetto horren dantzariak, urrezko apaingarriz jositako kasakekin, parpailadun alkandorekin eta ileorde hautseztatuekin, generoaren berezko pauso eta erreberentziak abiadura horietan egiten saiatu izan balira.

Eta beste xehetasun bat: obraren hasieran bertan tonu erdiko igoera bat marrazten duten bi akorde entzungo dituzue. Adi bazaudete, nota hori askotan errepikatzen dela eta obrako beste konposizio batzuk osatzen dituela ikusiko duzue, eta ez dela soilik lehenengo mugimenduan agertzen. Jakina, ez da denboraldiaren hasierako kontzertuan entzun genuen bosgarren sinfoniako lehenengo lau notak bezain diseinu konplexu eta emankorra, baina argi dago Beethovenek bere sorkuntza sinfoniko handietako lehena sortu zuenetik buruan zuela hurrengo belaunaldientzat funtsezko herentzia bilakatuko zen zerbait: formen ulerkera organikoa, zeinaren arabera motibo txikiak, obren hasieran landatzen badira haziak balira bezala, hazi eta adarkatu daitezkeen, ondorengo garapen guztia hartu eta bateratzeko, zelula guztietan lehenengo muinaren aztarna daraman gorputz bizidun bat balitz bezala. Hala, fisionomia berberak obra guztia markatzen du.

Egitarauaren parte diren beste bi piezetan ere Beethovenen lanen hemezortzigarren mendeko estiloa aurkituko dugu. Hain zuzen ere, Biolin eta orkestrarako erromantza Fa Maiorrean 1798koa da, 1805ean argitaratu zen arren. Izenburuak piezaren kutsu cantabile melodiatsu eta eztia erakusten du. Agerian jartzen du musikariak estilo xalo eta fineko iturrietatik ere edan zuela. Biolina nekerik gabe doa hegan orkestraren gainetik, eta orkestrak kortesiaz erantzuten du, unea heltzen denean.

Meheki apaindutako melodia nagusi bikainak egitura guztiz karratua du: erdi-esaldi simetrikoetan banatu daiteke, eta horiek, beren aldetik, aldi proportzionaletan, melodia klasiko handiak eta Greziako tenpluetako fatxadak bezala. Beethoven zetazko eskularruekin: Vienako Ringstraße etorbidean kalesa batean paseatzeko musika, horren balio berberak (neurritasuna, oreka eta harmonia) agertzen dituzten fatxada neoklasikoak ikusi bitartean, zeinak artearen historian zehar aldian-aldian agertzen diren, Greziar artearen ereduzko sorkuntzei omenaldia egiteko.

Azkenik, gau-beilari amaiera emateko, Kristo olibondoen mendian oratorioko amaierako Aleluia entzungo dugu; Beethovenek konposatu zuen oratorio hori, presaka berriz ere, 1803an. Obra gaur egun baino askoz ere ospetsuagoa izan zen bere garaian, agian, garaiko publikoarentzat ezaguna zelako lanaren garapeneko opera-estiloa, eta Haydnen oratorio handiekiko zorra agerikoa zelako, esaterako, obra honen amaierako Aleluiaren paisaia koraletan. Hemen ikusten duguna ez da jenio iraultzailea, ikasle saiatua baizik.

Horregatik guztiagatik, gure protagonista ez zen oso pozik geratu bere lanarekin, baina ez zion uko egin horretatik etekin ekonomikoa ateratzeari, argitaratzea proposatu ziotenean; horretarako, zenbait aldiz berrikusi zuen behin betiko bertsioa lortu arte, eta, izatekotan ere, generora itzultzeari egin zion uko, gutxienez, estilo berean.

Amaierako korua entzunez, Haydnen Die Schöpfung (Sorkuntza) obraren epilogo bat dela irudituko zaigu: sarrera biziki solemnea, astuna eta koruko eta orkestrako soinuz betea; jarraian, modu paregabean egindako fuga bizkor bat, estilo akademikoan, zeina bikain amaitzen den obra ixteko. Horrekin emango zaio amaiera kontzertu honi, zeinaren bidez Bonneko maisu handiaren urtebetetzeko tartaren 250 kandelak itzaliko ditugun. Espero dugu hurrengo urteurreneko jaia zapuztuko digun birusik ez egotea.

Iñaki MOreno


Laura Delgado.

Biolina

Zamoran jaio zen, eta bere jaioterriko kontserbatorioan hasi zuen prestakuntza, Jesús Ramos irakaslearekin; gero, Lev Chistyakov maisuarekin sakondu zuen prestakuntzan. Ondoren, Reina Sofía Goi Mailako Musika Eskolan sartu zen, eta 5 urtez ikasi zuen Ana Chumachenco eta Zohrab Tadevosyan irakasleekin; aldi berean, prestakuntza sakona jaso zuen ganbera-musikaren arloan, Heime Müller eta Marta Gulyás irakasleen eskutik. Bere prestakuntza Dresdeneko (Alemania) Hochschule für Musik Carl Maria von Weber eskolan jarraitu zuen, Natalia Prishepenko irakaslearekin, eta emaitza bikainenekin graduatu zen.

Nazioarteko zenbait lehiaketatan saritu dute, besteak beste, hauetan: Rodolfo Lipizer Nazioarteko Lehiaketa (Gorizia, Italia), Villa de Llanes Nazioarteko Lehiaketa (Llanes, Asturias), Bakearen Aldeko Biolinen Nazioarteko Lehiaketa (Torres, Jaén) eta Claudio Prieto Lehiaketa (Palentzia). Gainera, 2014an eta 2015ean, Sofía Erreginak biolin-katedrako ikaslerik onena izendatu zuen, eta Reina Sofia eskolako harizko laukoterik onenaren saria ere jaso zuen.

Espainia osoan eta atzerrian jo izan du, hala errezitaldietan nola askotariko ganbera-taldeetan. Radio Nacional de España irratirako zenbait grabaketatan ere parte hartu du, eta bakarlari modura agertu da Espainiako zenbait auditorium garrantzitsutan, esaterako, Madrilgo Musika Auditorium Nazionalean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Santanderreko Jaialdien Jauregian, etab. Bakarlari modura, hainbat orkestratan aritu izan da, besteak beste, Bilbao Orkestra Sinfonikoan, Aradeko Orkestra Sinfonikoan, Reina Sofía Goi Mailako Musika Eskolako Ganbera Orkestran, Ensemble Praeteritum taldean, Dresdeneko Hochschule für Musik orkestran, Dresdner Kapellsolisten orkestran, eta abar.

2014tik, Ensemble Praeteritum taldeko kidea da, eta Espainia osoan jotzen du erregulartasunez. 2019tik, Bilbao Orkestra Sinfonikoan Bigarren Biolinen Bakarlaria da, bai eta Madrilgo Katarina Gurska Goi Mailako Zentroko irakaslea ere.


Bilboko Korala

1886. urtean sortu zen Bilboko Koral Elkartea ospetsua, eta ehun eta hogeita hamar urtetik gorako historian maisu handiak izan dituzte elkarteko abesbatzak zuzentzen. Hiru abesbatza ditu elkarteak —helduena, gazteena eta haurrena—; horretaz gain, musika eskola ere bada, eta ikastetxeetako abesbatzak eta gizarteko hainbat taldetako abesbatzak ere biltzen ditu; guztira, mila lagunek baino gehiagok parte hartzen dute proiektuan. 2016. urteaz geroztik, Enrique Azurza da zuzendari artistikoa. Bilboko Koral Elkartea ehun koralistak baino gehiagok osatzen dute, eta Espainiako orkestra gehienekin kantatu izan du, baita nazioarteko orquestra garrantzitsuenekin ere. Euskal Herritik kanpo ibilbide oparoa izateaz gain, koralak euskal konpositoreei eman izan die, bereziki, garrantzia, eta tokiko agertokietan ohikoak diren abesbatzetako bat da. Hala, Bilboko Koral Elkarteko taldeak ia orkestra espainiar guztiekin eta nazioarteko orkestra nagusiekin aritu izan dira agertokian. BOSekin duen harreman estuari esker, gainera, hainbat ikuskizunetan parte hartzeko aukera izan du: Brittennen War Requiem, Calixto Bietok ekoitzia; Bernsteinen I hate music, Arriaga Antzokian; Zorba Grekoa ballet sinfoniko korala, Turkiako Operako Ballet Nazionalarekin eta Igor Yebrarekin batera, Bilbao Arenan, Fair Saturday inauguratzeko ekitaldia; Musika-Música jaialdiaren inaugurazioa; eta dagoeneko klasikoak direnak: la Caixaren Mesias eta Gabonetako kontzertuak.


Erik Nielsen.

Zuzendaria

Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan. 2015az geroztik Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da; halaber, 2016tik 2018ra bitartean Theater Baseleko musika zuzendaria izan zen, eta oraindik ere sarri gonbidatzen dute Sinfonieorchester Basel zuzentzeko. 2002an 10 urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, Korrepetitor (pianista) gisa lehenik eta Kapellmeister gisa gero, 2008tik 2012ra. Bertan, oso errepertorio zabaleko tituluak zuzendu ditu, Monteverdirekin hasi eta Lachenmanneraino. Frankfurten bizitzen hasi aurretik, Erik Nielsen harpa-jotzailea izan zen Berlineko Filarmonikoaren Orchester-Akademien.

20/21 denboraldirako dituen proiektuen artean honakoak nabarmentzen dira: debuta Dutch National Operan, Rotterdam Philharmonic Orchestra zuzenduz, Stravinskyren Oedipus Rexen produkzio berri batean; horrekin batera, Sammi Moussaren Antigonea operaren munduko estreinaldia egingo du, bai eta debutak ere Galiziako Sinfonikoarekin eta Orchestre der Tiroler Festspiele orkestrarekin, eta, era berean, Municheko Bayerische Staatsoperrera itzuliko da Richard Straussen Ariadne auf Naxosekin.

Azken konpromisoen artean, aipatzekoak dira: Kreneken Karl V, Municheko Bayerische Staatsoperrekin; Oedipus Rex, Il Prigioniero eta Pelléas et Mélisande Semper Oper Dresdenen; Trojahnen Peter Grimes eta Oreste Züricheko Opernhausen; Lachenmannen Billy Budd eta Das Mädchen mit den Schweflhörzern, Frankfurten; Usandizagaren Mendi Mendiyan, Pasioa San Joanen arabera eta Salome Bilbon, eta The Rake’s Progress, Budapesten. Horrez gainera, kontzertuak eman ditu Oslon, Manchesterren, Stockholmen, Madrilen, Estrasburgon, Lisboan, Basilean, Aspen Music Festivalen eta Interlochen Arts Campen.

Oso gazterik hasi zen pianoa jotzen. Erik Nielsenek orkestra zuzendaritza ikasi zuen Curtis Institute of Musicen, eta oboean eta harpan graduatu zen The Juilliard Schoolen. 2009an, Sir Georg Solti saria eman zion Solti U.S. Fundazioak.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2021-2022
19 - 20
Mai
2022
>BOSbaroque: Hasieran bazen Bach

BOSbaroque: Hasieran bazen Bach

Lekua: Euskalduna Jauregia

Juan de la Rubia, organo eta zuzendaria
Anna Reinhold, mezzosopranoa


I

GEORGE FREDERIC HANDEL (1685-1759)

Kontzertua organo eta orkestrarako sol minorrean Op. 4 1. zk. HWV 289

I. Larghetto e staccato
II. Allegro
III. Adagio
IV. Andante

Juan de la Rubia, organoa

JOHANN SEBASTIAN BACH (1685-1750)

170 kantata: “Vergnugte Ruh, beliebte Seelenlust”, BWV 170*

I. Aria: "Vergnugte Ruh, beliebte Seelenlust"
II. Recitative: "Die Weit, das Sundenhaus"
III. Aria: "Wie jammern mich doch die verkehrten Herzen"
IV. Recitative: "Wer sollte sich demnach wohl hier zu leben"
V. Aria: "Mir ekelt mehr zu leben"

Anna Reinhold, mezzosopranoa

II

JOHANN SEBASTIAN BACH (1685-1750)

146 kantata, “Wir müssen durch viel Trübsal”, BWV 146 sinfonia

GEORGE FREDERIC HANDEL (1685-1759)

Kontzertua organo eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 4 4. zk. HWV 292

I. Allegro
II. Andante
III. Adagio
IV. Allegro

Juan de la Rubia, organoa

JOHANN SEBASTIAN BACH (1685-1750)

35 kantata: “Geist und Seele wird verwirret” BWV 35*

I. Sinfonia
II. Aria: "Geist und Seele wird verwirret"
III. Recitative: "Ich wundre mich, denn alles, was man sieht"
IV. Aria: "Gott hat alles wohl gemacht"
V. Sinfonia
VI. Recitative: "Ach, starker Gott, lass mich doch dieses"
VII. Aria: "Ich wunsche mir, bei Gott zu leben"

Anna Reinhold, mezzosopranoa

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2021-2022
23
Mai
2022
>Ganbera BOS 11

Ganbera BOS 11

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Bruch:
Lau pieza klarinete, biola eta pianorako, op. 83
BOS hirukotea pianoarekin
C. Saint-Saëns, Fantasía Op. 124
Duo de fauta y arpa BOS

C. Debussy:
Dantza sakratua eta dantza profanoa harpa eta
harientzako

BOS ganbera-taldea

J. Françaix: Zortzikotea
BOSen hari- eta haize-zortzikotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2021-2022
21 - 24 - 27 - 28 - 30
Mai
2022
>Madama Butterfly

Madama Butterfly

Lekua: Euskalduna Jauregia

Giacomo Puccini

Emanaldiak

  • Larunbata 2022ko Maiatzaren 21 19:00-etan
  • Asteartea 2022ko Maiatzaren 24 19:30-etan
  • Ostirala 2022ko Maiatzaren 27 19:30-etan
  • Larunbata 2022ko Maiatzaren 28 19:00-etan (*OB)
  • Astelehena 2022ko Maiatzaren 30 19:30-etan

*OB: Opera Berri

Babeslea:

FITXA

  • Cio-Cio San: Maria Agresta*
  • Cio-Cio San BERRI: Carmen Solís
  • Pinkerton: Sergio Escobar
  • Pinkerton BERRI: Javier Tomé
  • Suzuki: Carmen Artaza*
  • Sharpless: Damián del Castillo
  • Goro: Jorge Rodríguez-Norton
  • Kate Pinkerton: Marta Ubieta
  • Yamadori eta Comisario: Jose Manuel Día
  • Bonzo osaba: Fernando Latorre
  • Erregistroko ofiziala: Javier Campo**
  • Yakuside: Gexan Etxabe
  • Cio-Cio San-en ama: Eider Torrijos**
  • Cio-Cio San-en izeba: Leyre Mesa**
  • Cio-Cio San-en lehengusina Olga Revuelta**
  • Bilbao Orkestra Sinfonikoa
  • Coro de Ópera de Bilbao: Zuz. VBoris Dujin
  • Musical-zuzendaria: Henrik Nánási*
  • Eszena-zuzendaria: Stefano Monti
  • Koprodukzioa Teatro Comunale di Modena / Teatro Municipale di Piacenza

*ABAO Bilbao Operan debutatuko du
**Coro de Ópera de Bilbao

INFORMAZIO GEHIAGO

Benjamin Franklin Pinkerton, Estatu Batuetako Armadako ofiziala, Nagasakitik gertuko muino batean dagoen etxetxo bat ikuskatzen ari da, nondik portua ikusten den. Goro esaneko ezkontzaginari alokatuko dio. Etxearekin batera, hiru zerbitzari jasoko ditu, baita geisha bat ere, bere emaztea izan dadin. Haren izena Cio-Cio San da, baina Butterfly esaten diote denek. Alokairua, Japoniako ohituraren arabera, 999 urterako da, eta hilero berri daiteke. Sharpless kontsul estatubatuarra arnasestuka dator, muinoa igo ondoren. Pinkertonek yanki menderagaitzaren gaineko bere filosofia azalduko du, munduan zehar esperientzia eta gozamen bila dabilen horri buruzkoa. Ez daki ziur neska japoniarragatik sentitzen duena benetako maitasuna ote den ala apeta besterik ez, baina aurrera jarraitu eta harekin ezkontzeko asmoa du. Sharplessek ohartaraziko dio litekeena dela neskak bestelako ikuspegia izatea ezkontzari dagokionez, baina Pinkertonek, haren kezkei jaramonik egin gabe, egunen batean benetako emazte estatubatuarra edukiko duela esango dio. Kontsulari whiskia eskaini eta topa egitea proposatuko dio.

Butterfly heldu da, lagunekin batera, zeremoniarako. Aurkezpen formalaren osteko elkarrizketa batean, neskak hamabost urte besterik ez duela onartuko du, eta bere familia garrantzitsua izan zela garai batean, baina gero bizimodu erosoa galdu zutenez geisha izatetik bizitzea beste erremediorik ez duela izan. Haren senideak iritsi eta bi pertsona hain desberdinen arteko ezkontzaz hitz egiten hasiko dira. Cio-Cio Sanek bere ondasun urriak erakutsiko dizkio Pinkertoni, eta aitortuko dio misio kristauan egon dela eta bere senarraren erlijiora aldatzeko asmoa duela. Ordezkari inperialak ezkontza-kontratua irakurri ostean, senideek bikotea zorionduko dute. Bat-batean, urrunetik ahots mehatxagarri bat entzungo da: bontzoa da, Butterflyren osaba, apaiza bera. Neska misiora joateagatik eta arbasoen erlijioari uko egiteagatik madarikatzen ari da. Pinkertonek alde egiteko agindu die denei, eta Butterfly hitz gozoekin kontsolatzen saiatzen ari da. Suzukik eztei-kimonoa janzten lagunduko dio neskatoari, bikotea lorategian elkartu aurretik, non pasioaren mende eroriko diren.

II. Ekitaldia hasten denean, hiru urte igaro dira, eta Cio-Cio San senarra etxera noiz itzuliko zain dago. Suzukik laguntzeko erregutzen die jainkoei, baina Butterflyk errieta egiten dio Pinkertonek egun batean etxera itzuliko zela egindako promesaren ordez Japoniako jainkoengan sinesten duelako. Sharpless Pinkertonen gutun batekin dator, baina Butterflyri irakurtzeko astirik gabe Goro agertuko da neskaren azken ezkongaiarekin, Yamadori printze aberatsarekin, hain zuzen ere. Butterflyk, adeitasunez, tea eskainiko die gonbidatuei, baina ezin duela ezkondu azpimarratuko du: bere senar estatubatuarrak ez du utzi, eta halako batean itzuli egingo zela hitzeman zion. Gorori eta Yamadoriri joateko eskatuko die. Sharpless Pinkertonen gutuna irakurtzen saiatuko da, eta Butterflyri iradokiko dio beharbada berriz aztertu beharko lukeela Yamadoriren eskaintza. Orduan, neskak Pinkertonekin izan duen semea erakutsiko dio kontsulari; “Atsekabe” du izena, baina aita itzultzen denean “Zorion” esango diote. Sharpless zeharo lur jota dago, eta ezin du eskutitza irakurtzen jarraitu. Pinkertoni bere semearen berri emango diola agindu eta alde egingo du. Portuan, kanoikada batek itsasontzi bat datorrela iragarri du. Butterflyk eta Suzukik terrazatik irakurri dute haren izena: Pinkerton. Pozarren, neska biek etxea lorez apaintzeari ekingo diote. Gauean, itxaronaldian, Butterflyk, Suzukik eta mutikoak ez diote begirik kenduko portuari.

Egunsentian, Suzuki lo egiten saiatzeko esan eta esan ari zaio Butterflyri. Honek semea etxean sartuko du. Orduan, Sharpless, Pinkerton eta Kate, Pinkertonen emazte berria, azalduko dira. Suzuki emakume estatubatuarra nor den konturatu eta prest agertuko da albistea Butterflyri jakinarazten laguntzeko. Pinkerton, kulpa-sentsazioa duela, apur bat urrunduko da etxe horretan eman zituen egunak gogora ekartzeko. Cio-Cio San presaka sartu da gelan, Pinkerton aurkitzeko itxaropenarekin, baina haren ordez Kate ikusi du. Egoeraz jabetuta, semeari uko egiteko prest agertuko da, baldin eta Pinkerton badator haren bila. Denak etxetik bota ondoren, Butterflyk aita zenak bere buruaz beste egiteko erabili zuen daga aterako du, nahiago baitu ohorez hil lotsaz bizi baino. Ustekabean, semea sartuko da, baina amak lorategira eramango du eta errezela baten atzean ezkutatuko da. Pinkerton hari deika sartzean, neska gazteak bere burua sastakatuko du.

Gehiago ikusi
Denboraldia 2021-2022
09 - 10
Eka
2022
>Achúcarro eta erakusketa bateko koadroak

Achúcarro eta erakusketa bateko koadroak

Lekua: Euskalduna Jauregia

A. Holmès: Andromède, poema sinfonikoa
C. Franck: Piano eta orkestrarako bariazio
sinfonikoak

M. Mussorsky/ M. Ravel: Cuadros de una
exposición

Joaquín Achúcarro, pianoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Azken orduko sarrerak

Informazioa eta sarrerak