Kontzertuak

BOS 16

BOSbaroque | Hastapeneko abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Enrico Onofri, biolin-jotzailea eta zuzendaria

Francesco Geminiani (1687 – 1762): Concerto Grosso sol minorrean H. 136 (Corelli Op. 5, 5. zk.)
I. Adagio
II. Vivace
III. Adagio
IV. Allegro

Giovanni Mossi (1680 – 1742): Kontzertua Re Maiorrean Op. 2, 7. zk.
I. Adagio – Allegro
II. Adagio – Allegro

Georg Muffat (1653 – 1704): 5. sonata Sol Maiorrean, Armonico Tributo
I. Allemanda
II. Adagio
III. Fuga
IV. Adagio
V. Passacaglia

Francesco Geminiani (1687 – 1762): Concerto Grosso Do Maiorrean H. 134 (Corelli Op. 5, 3. zk.)
I. Adagio
II. Allegro
III. Adagio
IV. Allegro

Antonio Vivaldi (1678 – 1741): Kontzertua bi biolin, biolontxelo, hari eta continuorako sol minorrean Op. 3, 2. zk., R. 578, L’estroarmonico
I. Adagio e spiccato
II. Allegro
III. Larghetto
IV. Allegro

Arcangelo Corelli (1653 – 1713): Concerto grosso Re Maiorrean Op. 6, 1. zk.
I. Largo – Allegro
II. Largo
III. Allegro
IV. Allegro

 

 

 

DATAK

  • 17 maiatza 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 18 maiatza 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Bide guztiak irteten dira Erromatik

1691ko maiatzaren 26a. Alexandro VIII.a hil ondorengo bost hilabeteko konklabe luzean, Ottoboni kardinalak “serenata eder” baten interpretazioa antolatu zuen –hesiz kanpo, Belvedereko patioan–, sei biolinez, bi biolaz, bi kontrabaxuz eta laute batez lagunduta. Arcangelo Corelli (1653-1713) ospetsuak jardun zuen zuzendari, ohi bezala.

Eite profanoko ikuskizun hura aurkezteko ideia, ordea, ez zuen oso ondo ulertu, ezta onartu ere, kardinalen kolegioaren parte batek, Avvisi Marescottien eguneroko pribatuan agertzen den moduan:

“Konklabearen komisario Savelli printzeak… leihatilatik hitz egin du, serenatagatik kexatzeko, argi utziz aurretik haren berri eduki izan balu, espetxean giltzapetuko zituzkeela abeslari eta instrumentista haiek guztiak. Bestalde, konklabearen leihoetatik jauzitako harri jasa batez egin zitzaien harrera interpretatzaileei. Harri koskor batek musikarietako bati eman zion, hankan, eta hura izan zen, hain zuzen, etxera itzultzen azkena”.

Gorentasun Ohoragarrien jokabidea ez zen, beharbada, guztiz eredugarria izan, baina, neurri batean, barkatzeko modukoa da, itxialdi hain luzeari lotutako tentsio naturala aintzat hartuta; edonola ere, jarrera horrek bi zalantza sortzen dizkigu. Lehenik, zergatik zituzten –eta zer asmorekin– Vatikanoko goiko solairuetako geletan horrenbeste harri. Eta, bigarrenik, harira gehiago datorrena: zer musika instrumentalek lagunduko zion serenatari?

Corelliren katalogoa iharra zen, oro har, eta are iharragoa ganbera musikatik kanpoko errepertorioa: hamabi concertigrossi gorde dira, eta sinfonia bat, bere adiskide eta lankide Giovanni Lorenzo Lulierren Santa Beatrice d’Este oratorioarentzat. Zaslaw eta Spitzer musikologoek beren buruari galdetzen diote, arrazoi guztiarekin, Corellik corpus labur hori baino ez ote zuen jo, behin eta berriro, Erromako orkestrarako musikaren koordinatzaile ahalguztidun izan zen hogeita hamar urte haietan guztietan.

Kalkulatu izan da Corellik jendaurrean gutxienez berrehun aldiz zuzendu zuela orkestra bat hiru hamarkada horietan. Eta horietako saio askotan aipatzen da “sinfonia osatu berri bat”. Gaur egun oraindik ere misterio bat da zer proportziotan errepikatu zen errepertorio hori behin eta berriro, edo galdu egin den.

Beharbada, hasieratik hastea komeni da, hau da, nor zen, zehazki, Corelli?

Arcangelo Corelli mendebaldeko musikagileen komunitate bereziko musikagile bitxienetako bat izatera iritsi zen. Berrikus ditzagun haren ezaugarrietako batzuk:

Biolina izan zuen prestakuntza nagusia; baina hura ez zen ikasketa egokia garai hartako musikagile batentzat; izan ere, garai hartan, musika tresna hark ez zuen ondorengo mendeetan izango zuen ospea.

Bitxia bada ere, eta interpretatzaile gisa zuen maisutasunari buruzko erreferentzia ugari gorde badira ere, haren musika ez zen bereziki zaila ikuspegi teknikotik. Eta, zalantzarik gabe, horri esker iritsi zen haren lana, berehalakoan, munduko bazter guztietara, Latinoamerikatik hasi eta Japoniaraino. Corelliren birtuosismo ukaezinari buruzko laudorio horiek aipamen deserosoagoak ere izan zituzten aurrez aurre, esaterako, Alessandro Scarlattiren opera bat Napolin zuzentzera zihoala. Ez zenez fidatzen hango musikarien kalitatearekin, aurrea hartu, eta Erromatik eraman zituen bi lankide: Matteo Fornari eta biolontxelo-jotzaile bat (aipatutako Lulier, seguru asko). Baina, kontua da, napolitarrek harekin eta gehiagorekin ahal zutela. Corelli zoritxarrekoa, berriz, nahastu egin zen pasarte zorrotz batean, eta, artean harrituta zegoela gertaera harengatik eta hiri hartako igaroaldia amaitzeko, Do Maiorrean ekin zion aria bati, do minorrean ekin beharrean. Orban txiki bat; gainerakoan, primerako ibilbidea izan zuen.

Corellik ez zuen inoiz ahotserako musika osatu. Eta hautaketa hura ulertezina izango zen garai hartan, ahotsa hartzen baitzen musikaren artearen epizentrotzat.

Are gehiago, haren ospea kontuan hartuta espero zitekeen bezala ahotserako musika ez idazteaz gainera, Olinpoko musikagile urrienetako bat izan da. Bost bolumen baino ez, bizi izan zen bitartean: triosonaten lau eta sonaten bat. Horri erantsi behar zaio hil ondorengo 6. opusa, Amsterdameko bere argitaratzaileari bidalitako hamabi Concerti Grossiekin (horien arteko 1. zenbakia entzungo dugu gaur gauean).

Eta, azkenik, lorpen ia ezinezko bat izan zuen Corellik, hain zuzen ere, imitatzaileak eduki zituen bere Concertiak argitaratu baino hogeita hamar urte lehenago. Hori da haren garai bereko Georg Muffaten kasua (1653-1704). Ea zer zioen azken horrek horri buruz:

“Nahastura burutsu horri buruzko lehenengo ideiak Erroman etorri zitzaizkidan, orain dela denbora dezente, Bernardo Pasquini famatuarekin teklaren italiar estiloa ikasten ari nintzela, urduritasun eta harridura handiz entzun ahal izan nituenean Arcangelo Corelli bikainaren zenbait kontzertu, musikari ugarik edertasun eta zehaztasun handiz interpretatuak. Lan haien kontraste ugariez jabetu bezain pronto osatu nituen orain argitaratzera doazen hainbat kontzertu, eta Arcangelo Corelliren beraren etxean egin nituen entseguak (eskerrak eman nahi dizkiot, estilo hari buruzko ohar erabilgarri ugari egin zizkidalako eskuzabaltasunez); eta, haren onespenarekin, ni izan nintzen artean ezezaguna zen harmonia haren zenbait adibide Alemaniara ekarri nituen lehena”.

Muffaten lehenengo kontzertu haiek, corelliar estilokoak, Salzburgon argitaratu ziren, 1682an, Anmonico Tributo izenburuarekin. Europak 1714. urteko holandar ediziora arte itxaron behar izan zuen –denbora asko— Corelliren jatorrizko ereduak ikusteko.

Eta une egokia izan liteke hau concerto grossoa deskribatzeko.

Forma musikal hori, interpretatzaile ugari biltzera irits bazitekeen ere, jai-girokoa da, handinahia baino gehiago: bolumen kontrastearen ospakizun gisa pentsatua, buruko tresna bat baino gehiago. Solisten concertino talde txiki bat –bi biolinez, txelo batez eta baxu jarraitu batez osatua– mintzatzen zen, posible zen era guztietara, ripieno taldearekin (‘betegarri’ italieraz), zeinetan zeuden bilduta kontratatuko gainerako musikariak; eta lekuak eta mezenasen poltsikoak aholkatu adina biolin, biola eta baxu hartzen zituen. Ohikoa zenez, noizean behin aire zabalean izaten ziren interpretazioek kide gehiago behar izaten zituzten errepertorio hari zegokion efektu izugarria lortzeko.

Sekulakoa izan zen itxura apaleko formatu hark konposizioaren artean eragin zuen iraultza. Antonio Vivaldi, Giovanni Mossi, Georg Philipp Telemann, Georg Friedrich Handel, Johann Sebastian Bach –Brandenburgoko kontzertuak lanarekin- eta Francesco Geminiani izan ziren, besteak beste, concerto grossoak bere baitan zuen ahalmenaren berri jaso zuten belaunaldi berriko lehenengo gaztetxoak.

Giovanni Mossi ezezaguna (1680-1742) izan zen Corelliren irudiari lotu izan zitzaizkien erromatar biolinista ugarietako bat. Haren sei opus ezagunak Amsterdamen argitaratu ziren, Estienne Roger argitaratzailearen legezkotasun maila aldakorrarekin: bi alderdien artean adostutako edizioak argitaratu zituen, baina baita edizio piratak ere, musikagileak berak jakin gabe, sos guztiekin gelditzeko asmo ez oso ohorezkoarekin. Itxura denez, hori izan zen 2. opusaren kasua, zeinaren 7. kontzertua entzungo dugun gaur gauean.

Antonio Vivaldi (1678-1741) izan zen –adinagatik, geografiagatik eta gaitasunagatik– italiar eta germaniar munduen arteko lotura naturala. Corelliren bidetik egindako lehenengo bi opusen ondoren, aurrerapausoa egin zuen L’Estro Armonico, op. 3 lanarekin. Lan hori Lau urtaroak baino gehiago berrargitaratu zen musikagilea bizirik zela.

Vivaldik italiar artearen erresonantzia kutxaren zeregina bete zuen Alemanian, eta hori bera egin zuen Francesco Geminianik (1687-1762) garai hartako musikaren merkatu handienetako batean, Britainia Handian, hain zuzen ere.

Geminiani ere pertsonaia berezia izan zen. Corelliren ikasle eta miresle aitortua izanik –eta, era berean, Vivaldiren berrikuntzen gaizki-esale aitortua–, bere bizitza profesional luzearen parte handi bat bere maisuaren merituak ezagutarazten eman zuen; ez bakarrik haren concertigrossiak interpretatzen, baita forma hartako pieza multzo handia osatzen ere. Errepertorio horrekin guztiz maiteminduta, 1726an, Corelliren Biolinerako sonatak, op. 5 lanaren bertsio kontzertante bat argitaratu zuen; horien 5. eta 3. zenbakiak entzungo ditugu gaur.

Ikasle garaiak gogora ekarriz, Geminianik maisuaren zehaztasuna gogoratzen du, bai eta zenbat zaintzen zituen xehetasun guztiak ere:

“Corellirentzat funtsezkoa zen –orkestra osorako– arku guztiak berdin mugitzea: denek arkua gora, denek arkua behera. Kontzertuen jendaurreko interpretazio ororen aurretik era sistematikoan egin ohi zituen entseguetan, Corellik berehala eteten zuen orkestra, arku irregular bat ikusten bazuen”.

Corellik, herriko artisau zorrotzak, berehala lortu zuen Europako herrialde guztietara iristea, berak nahi gabe ere, nahiz eta litekeena den 1691ko maiatzaren 26an berandu itzuli izana etxera.

Joseba Berrocal

Enrico Onofri, biolin-jotzailea eta zuzendaria

Honako orkestra hauek zuzendu ohi ditu: Kammerorchester Basel, Camerata Bern, Festival Strings Lucerne, Orchestra Ensemble Kanazawa, Tokioko Cipango Consort, Bochum Symphoniker, Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoa, Orchestre d’Auvergne, Orchestre de l’Opéra de Lyon, Kammerorchester Basel eta Sevillako Orquesta Barroca. Artista egoiliarra izan zen Ambronay Festivalen 2014an, Divino Sospiroren zuzendaria eta Ensemble Imaginariumen zuzendaria da gaur egun.

Mundu osoko auditoriumetan jardun ohi du, besteak beste: Musikverein eta Konzerthaus, Vienan; Salzburgoko Mozarteum; Philarmonie eta Unter den Linden, Berlinen; Alte Oper, Frankfurten; Concertgebouw, Amsterdamen; Teatro San Carlo, Napolin; Carnegie Hall eta Lincoln Center, New Yorken; Wigmore Hall eta Barbican Hall, Londresen; Tonhalle, Zurichen; Théâtre des Champs-Elysées eta Théâtre du Châtelet, Parisen; Auditorium Nazionala, Madrilen; Oji Hall, Tokion; Osaka Symphony Hall; Colón, Buenos Airesen. Halaber, maila handiko artistekin batera aritu izan da: Nikolaus Harnoncourt, Gustav Leonhardt, Christophe Coin, Cecilia Bartoli eta Katia and Marielle Labèque.

Teldec, Decca, Naïve, Astrée, Deutsche Harmonia Mundi/Sony, Passacaille, Winter& Winter, Virgin, Opus111 eta Zig Zag Territoires et Nichion diskoetxeentzat egindako grabazio askok nazioarteko sari ospetsuak lortu dituzte, besteak beste, Gramophone Award, Grand Prix des discophiles, Echo Deutsche Schallplattenpreis, Caecilia saria, Fondazione Cini of Venice saria, La Nouvelle Académie du Disque eta hainbat Diapason d’Or, Choc de la Musique eta 10 Répertoire.

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2018-2019
22
Abu
2018

BOS Aste Nagusian, Ute Lemperrekin

Lekua: Abandoibarra

BOS Ute Lemperrekin arituko da Bilboko Aste Nagusiko entzuleekin daukan ohiko hitzorduan. Ute Lemper abeslari eta aktore alemanak hainbat paper interpretatu ditu musikaletan. Guztiak arituko dira Pierre Bleuse maisuaren agindupean.

Aurten, egitaraua chanson française delakoan, “kabareteko musika” alemanaren klasikoetan eta “musika amerikarraren” kanturen batean oinarrituko da.

Hauen lanak izango dira entzungai:

Marguerite Monnot, Charles Trenet, Kurt Weill, John Harold Kander, Friedrich Hollaender, Léo Ferré, George Gershwin, Astor Piazzolla, Jacques Brel, Norbert Glanzberg eta John Harold Kander.

 

 

Gehiago ikusi
Denboraldia 2018-2019
04 - 05
Urr
2018

BOS 01

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pelikularen proiekzioa, bakarlarien jatorrizko ahotsekin eta BOSek zuzenean interpretatutako soinu-bandarekin. Leonard Bernsteinen maisulana, bere mendeurrenaren ospakizunean.

L. Bernstein: West Side Story

Ernst van Tiel, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2018-2019
11 - 12
Urr
2018

BOS 02

Lekua: Euskalduna Jauregia

Samy Moussa: A globe itself infolding, para órgano y orquesta

L. van Beethoven: Concierto para piano y orq. nº 3 en Do menor, op. 37

L. van Beethoven: Sinfonía nº 6 en Fa mayor,  “pastoral”

Andrew von Oeyen, pianoa

Erik Nielsen, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2018-2019
15
Urr
2018

Cámara 01

Lekua: Euskalduna Jauregia

R. Pawasar: Sculture 3, para tres marimbas

A. Piazzolla: Historia del tango

N. Rosauro: Concierto para vibráfono y percusión

BOSeko perkusio taldea

Leioako Udal Kontserbatorioko ikasleak

Gehiago ikusi