Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 17-2013-2014

Amaierako kontzertua: Xarma andaluziarra


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

J. Turina: Dantza fantastikoen orgia, op. 22
J. Rodrigo: Aranjuezeko kontzertua, gitarra eta orkestrarako
M. de Falla: Bizitza laburra, Interludioa eta dantza
M. de Falla: Hiru puntako kapera, 1. eta 2. suiteak

Pablo Villegas: gitarra-jotzailea
Günter Neuhold

DATAK

  • 12 ekaina 2014       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 13 ekaina 2014       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

LOREEN LURRINA ETA MANZANILLA USAINA

 
XIX. mendearen amaieran, mugimendu nazionalista orokorra hedatu zen Mendebaldeko musikaren arloan, austriar-errusiar eremuko eraginaren nagusitasuna kolokan jartzeko irrikaz. Mugimendu nazionalista hura Europako ia herrialde guztietara zabaldu zen, Espainiara barne. Hain zuzen ere, Espainian, musikaren berpizkundea ekarri zuen mugimendu hark, folklore nazionala eta iraganetik oinordekotzan jasotako ondarea ikertzeko kezka bere egin zuen musikagile talde baten eskutik. Felipe Pedrellek 1891n adierazi zuen konposizio modernoa herri kantuan behar zela oinarritu. Eta harrezkeroko bilakaerak espainiar musikagileen pare bat belaunaldi bikain eman zituen, atzerrian ikasketak hasi eta garai hartan kontra zituzten baldintza politiko eta sozial batzuen eraginez beren asmoak mehatxupean ikusi zituzten musikagileek osatutakoak. Horien artean, hiru izen dira bereziki aipatzekoak, mugimendu hartako kideek XX. mendeko espainiar musika handiari egindako ekarpenak laburbiltzen dituzten heinean.
 
Joaquín Turina Sevillan jaio zen, 1882an, eta hogeita lau urterekin konposizio ikasketak egiten hasi zen Vincent D’Indyrekin, Parisko Schola Cantorumen. Parisen, Isaac Albéniz ezagutu zuen, eta, hark bultzatuta, Frantzia aldeko eraginak alde batera utzi eta andaluziar herri kantuaren bideari heldu zion. Lehenengo obretatik hasi, eta pixkanaka gauzatu zen aldaketa hura, Scholan ikasketak egiten ari zen bitartean. 1913an, La procesión del Rocío olerki orkestrala estreinatu zuen Madrilgo Teatro Real antzokian, nortasun sendoko bere estiloaren ikurtzat har daitekeena. Madrilen kokatu zelarik, orkestra zuzendari modura lan egin zuen, eta andaluziar kutsu nabariko obrak ondu zituen, aldi berean. Ordukoak ditu andaluziar erro sakoneko zenbait lan, adibidez, Sinfonia sevillarra, Sanlúcar de Barrameda eta Zezenketariaren otoitza, baita Dantza fantastikoak ospetsuak ere.
 
Azken obra hori osatzen duten hiru dantzek kolore sorta harrigarria, doinu aberastasun izugarria eta giro inpresionista ikusgarria dute. Musikagilearen lagun min José Más idazleren Orgia sevillar eleberriko hiru pasarte literariotan dute jatorria, eta idazlearen aipu banarekin lotuta daude. Hirugarren dantzak, gaur entzungo dugunak, honako epigrafe hau du atxikita: “Loreen lurrina nahasten zen manzanilla usainarekin, eta kopa estuen hondotik, ardo paregabe hartaz beterik zirela, goratzen zen alaitasuna, intsentsua balitz bezala”. Bere bi ahizpak ez bezala (Goresmena dantzak Aragoiko jotaren oihartzuna dakargu, eta Ametsa, berriz, zortzikoan oinarrituta dago, parte batean), dantza sevillarra da Orgia goitik behera, farruca erritmokoa. Turinak irudi herrikoi bat berregin nahi zuen, baina benetakotasuna bilatu zuen, ororen gainetik: “Urrun gaitezen, ahal bezainbat, pandereta tradizionaletik (…) patioaren erdian hortxe daude, mahai batean, kopen erretilua, José Másek aipatzen dituen kopa estuekin, kaña tipikoekin, eta kopetan, manzanilla, dena alaitzen duen ardoa, tragediaren eta hordialdi higuingarrien beldurrik gabe”. Hasieran pianorako idatzi zituen, 1919ko udan, baina musikagileak berehala orkestratu zituen, eta behin betiko bertsioa 1920an estreinatu zuen Madrilgo Orkestra Filarmonikoak, Price Antzokian, Bartolomé Pérez Casas zuzendari zela.
 
Garai hartan bere lehen obrak estreinatzear zen Joaquín Rodrigo (Sagunto, 1901). Musikagile hark 1927an Parisera aldatzea erabaki zuen, espainiar musikagile handien arrastoari jarraituz. Bertan, Paul Dukasekin ikasketak egin zituen, eta bere bizitzan erabakigarria izan zen pertsonaia bat ezagutu zuen: Falla, funtsezkoa izan zena Rodrigoren musika arloko ibilbidean. Hainbat aldaketaren ondoren (Valentzia, Paris, Alemania), 1938an Rodrigok hitzaldi batzuk eman zituen Santanderko Menéndez Pelayo unibertsitatean. Espainia gerra zibil bete-betean murgilduta zegoen, eta musikagilea Parisera lehenbailehen itzultzeko irrikaz zen. Frantziara zihoala, Regino Sainz de la Maza gitarristarekin eta Bolarqueko Markesarekin bazkaltzera elkartu zen Donostian. Musikagileak berak kontatu zuenez, “Reginok, hain bereizgarria duen doinu erdi aldabera erdi irmo harekin”, gitarra eta orkestrarako kontzertu bat eskatu zion ordukoan. Eta eskari haren emaitza da Aranjuezeko kontzertua, espainiar musikaren historiako obra ezagun eta nazioartean ospetsuenetako bat.
 
Handik bi hilabetera, Parisko Quartier Latin auzoko estudioan, kontzertua lantzen hasi zen Rodrigo. Berehala finkatu zituen bigarren eta hirugarren mugimenduetako ideia nagusiak, baina denbora gehiago behar izan zuen lehena biribiltzeko. “Adagiora eta amaierako Allegrora goi-argi moduko batek bultzatuta bezala iritsi nintzen, indar eutsi ezinezko eta naturaz gaindiko batek bultzatuta bezala; lehenera, aldiz, gogoetak, kalkuluak eta borondateak eraman ninduten”. Horrexegatik bide du hasierako Allegro con spirito pasarteak ukitu nolabait esperimentalagoa, gitarraren loratzeei argitasun erabatekoa ematen dieten erritmo bizi eta testura garden horiekin. Kontzertuak, osotasunean, 1808ko matxinadaren aurreko Aranjuezeko gortearen ikuspegi poetikoa iradokitzen du, baina irudi hori bereziki eta ezin argiago ikusten da Adagio ezagunean, zeinak baitakargumajen, kapritxoen eta tonadillen garaiko Goyaren Espainia haren gaineko begiratu malenkoniatsua. Allegro gentile pasarteak hasierako bidera eramaten du berriro musika, kutsu neoklasikoko gorteko dantza baten bidez.
 
Rodrigo 1939ko udaren ondoren iritsi zen Madrilera, Bigarren Mundu Gerra lehertu eta denbora gutxira. Radio Nacional irrati etxeko Musika Sailean lanpostu bat betetzera itzuli zen. Obra berriaren eskuizkribua zeraman eskuetan (braillean idatzita); 1940ko azaroaren 9an estreinatu zuen, Bartzelonan, Sainz de la Mazaren, Bartzelonako Orkestra Filarmonikoaren eta César Mendoza Lasalleren eskutik. Estreinalditik egun gutxira, gitarristak Bilboko Udal Orkestrarekin jo zuen obra berria (garai hartan, izen hori baitzuen BOSek), Jesús Arámbarrik zuzenduta, Arriagan. Handik, Madrilera, eta mundu zabalera.
 
Nolanahi ere, karrera XX. mendearen lehen erdian garatu zuen espainiar musikagileetan unibertsalena Manuel de Falla dugu, seguru asko. Cádizen sortu zen, 1876an, eta Pedrellengandik jaso zuen musika nazionala sortzeko irrika. Laster jabetu zen herri kantuan garrantzi handiagoa duela espirituak hitzak baino. Eta, horrexegatik, haren lehen obrek melodia, harmonia eta erritmo ikusgarriak dituzte ezaugarri nagusiak, espainiar folklorearen tradizioaren ildoari jarraituz, baina, betiere, hizkuntza moderno eta bereizi batean txertatuta, egilearengan ohikoa zenez. Bizitza laburra obran ikusten hasi ziren nortasun indartsu haren lehen distirak. 1905ean idatzi zuen, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak antolatutako lehiaketa baterako, eta opera nazional ororen bi ardatz nagusietan bermatuta dago: hizkuntzan eta doinu herrikoian. Carlos Fernández Shawren olerki bat du oinarri, eta Granadako Albaicinen girotuta dago. Salud ijitoaren drama kontatzen du: Paco maitaleak familia aberatseko neska gazte batengatik uzten du Salud. Andaluziartasun ezin hobeki estilizatuak Dantza espainiarra pasarte ospetsuan jotzen du goia, obraren andaluziar erroetan sakontzen duen seguidillen erritmo horrekin.    
 
Lehiaketan lehen saria irabazi arren, Fallak eginahalak egin zituen obra Madrilen estreinatzeko, baina alferrik izan zen. Parisera iritsi zenean ere, 1907an, ez zuen lortu; baina berriro Paul Dukasekin topo egin zuelarik, itxaropena berritu zitzaion: “Entzunarazi nion Bizitza laburra […] eta halako adorea eman zidaten haren hitzek, amets gaizto batetik esnatzen ari nintzela iruditu baitzitzaidan; halaxe esan nion”. Azkenean, Nizan estreinatu zen obra (frantsesez), 1913ko apirilean. Mundu Gerra hasita, musikagilea Madrilera itzuli zen, eta 1914ko azaroan ikusi zuen Bizitza laburra, Zarzuela antzokian. Ordurako harremana zuen bere garaiko musikagile ezagunenekin (Debussy, Stravinsky, Ravel), eta itzal handiko egilea zen Europako musikaren esparruan. Hainbeste, non 1917an Serguei Diaguilev Errusiar Balleten sortzaileak harengana jo baitzuen, bere taldeari hauspoa ematen lagun ziezaion, krisi bete-betean baitzegoen, gerraren eraginez. Haren asmoa zen Espainiako lorategietako gauak piano eta orkestrarako obra sentsuala oholtzara eramatea, baina Fallak proposatu zuen Korrejidorea eta Emakumezko errotaria bere pantomima berrikustea, eta ballet handi bihurtzea. Horrela sortu zen, Hiru puntako kapela, herri musikan sakon sustraitutako lana, espainiar dantzaren apoteosi handia.
 
Fallak 1917 eta 1919 bitartean landu zuen obra hura. Gregorio Martínez Sierraren libretoa du, Pedro Antonio de Alarcón idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua: isekari kontatzen du nola ahalegintzen den korrejidore zahar bat emakumezko errotari gazte bat limurtzen, eta errotaria gizon heldu batekin ezkonduta dagoela, “Picio bera baino itsusiagoa” hura. Obratik abiatuta osatu zituen bi suite sinfonikoek jatorrizko balletaren ildo nagusiak biltzen zituzten. Sarritan (gaur gauean, esaterako), sarrera bat gehitzen zaie, metalen fanfarreak eta kriskitinen errepikak bereizgarri dituena. Lehen suitearen atalak dira Arratsaldea -giro neoinpresionista, Stravinskyren oihartzuna-, Emakume errotariaren dantza -fandango sutsua, bat-batean gerarazia korrejidorearen sarrerarekin, fagotaren soinuan pertsonifikatua- eta Mahatsak –emakumezko errotariak agureari mahats mordo bat eskaintzen dion eszena pikaro baten berregite zoragarria-. Bigarrenaren abiapuntua Auzotarrak seguidilla bare eta poetikoa da; jarraian dator Gizonezko errotariaren dantza -kutsu flamenko nabarmeneko farruca-, eta, amaitzeko, Amaierako dantza, jota jori bat, musikagileak Goyaren jaioterri Fuendetodosera egindako bisita baten harira idatzia.
 
Diaguilevek apustu handia egin zuen ballet berriaren aurkezpenerako. Londresko Alhambra Theatren izan zen, eta emanaldian elkartu zituen Ernest Ansermet, musika zuzendaritzan, Leonid Massine, koreografian, eta Pablo Picasso, dekoratuetan. Estreinaldirako ordu batzuk gelditzen zirela, 1919ko uztailaren 22an, Fallak telegrama bat jaso zuen Londresen, esanez bere ama larri gaixotu zela. Berehala abiatu zen Madrilera, baina ez zen garaiz iritsi, eta prentsaren bidez jaso zuen bai amaren heriotzaren albistea, baita Hiru puntako kapela obrak Londresen izandako arrakasta handiarena ere.
Asier Vallejo Ugarte
 
 
 
 
 
Pablo Villegas, gitarra
 
Pablo Villegas Andrés Segovia handiaren oinordekotzat du nazioarteko prentsak. New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin debuta egin zuenetik, Lincoln Centerreko Avery Fisher Hallen, Rafael Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean, 30 herrialdetan baino gehiagotan egin ditu emanaldiak, hainbat orkestrarekin: hala nola, Israelgo Orkestra Filarmonikoa, Radio Televisón Española Orkestra, Los Angelesko Orkestra Filarmonikoa, San Frantzisko eta Bostongo Orkestra Sinfonikoak, etab. New Yorkeko Carnegie Hallen ere jo du, baita Moskuko Tchaikovsky Concert Hallen eta Vienako Musikvereinen ere.
 
Denboraldi honetarako konpromisoen artean, aipatzekoak ditu honako hauek: Pittsburgheko Orkestra Sinfonikoa, Filadelfiako Ganbera Orkestra, Lyongo Orkestra Nazionala, Kopenhageko Orkestra Filarmonikoa eta emanaldiak Aspeneko Jaialdian eta Washington DCko Kennedy Centerren.
 
Pablo Villegasek zenbait lanen mundu mailako estreinaldiak egin ditu; besteak beste, John Williams soinu-banden egileak gitarrarako idatzitako lehen obrarena.
 
Sari ugari eskuratu ditu: Andrés Segovia, Francisco Tárrega, Christopher Parkening, Artes Riojanas eta Espainiako Irrati Nazionalak ematen duen Ojo Crítico, besteak beste.
 
Vivanco Fundazioaren Kultur Enbaxadore izateko ohorea dauka, eta bere Museoa munduko ardoaren ardoaren kulturaren museorik onena izendatu du UNESCOk.
 
Gizarte-konpromiso nabarmeneko artista da Pablo Villegas; hain zuzen ere, “El legado de la música sin fronteras” proiektu filantropikoaren aitzindaria da, eta, haren bidez, musika baliabide urriko haurrei eta gazteei hurbiltzearen alde lan egiten du, haien garapen pertsonal eta emozionala arintzeko eta kulturen arteko elkar ulertzea sustatzeko, bitarteko modura musika harturik.
 
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


Erik Nielsen, zuzendaria
Emmanuel Pahud, flauta


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Kontzertua flauta eta orkestrarako*

I. Allegro moderato
II. W. A. Mozart: Andante,flautarako Do Maiorrean, K. 315
III. Allegretto

Emmanuel Pahud, flauta

II

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

5. sinfonia do sostenitu minorrean

I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale

*Carl Nielsenen kontzertua flauta eta orkestrarako bi mugimenduen artean Wolfgang Amadeus Mozarten andante flauta eta orkestrarako Do Maiorrean, K. 315 joko da.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

A. Schnittke: Boskotea pianoarekin
BOSen boskotea pianoarekin

A. Schnittke: Moz’ Art à la Haydn
BOSen hari-ensemblea

W. A. Mozart: Ziri musikal bat, KV 522
BOSen hari eta haize ensemblea

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak