Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 3-2015-2016

Lankidetza Indiako biltzarrean, Bilbon


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

R. Shankar: 1. kontzertua sitar eta orkestrarako (42’)
M. Mussorgsky/Ravel:Erakusketa bateko koadroak (35’)

Shubhendra Rao, sitarra
Jordi Bernácer
, zuzendaria

DATAK

  • 12 azaroa 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.
  • 13 azaroa 2015       Euskalduna Jauregia      19:30 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Istorioak kontatzen zituen gizona
 
Musikagileek beti kontatzen dizkigute istorioak beraien lanetan, eta hala egiten zuen Oscar Wilderen ipuinaren protagonistak bere herrira itzultzen zenean: alegiazko istorioak kontatzen zizkien auzokoei. Ravi Shankarrek bere sitarrarekin kontatzen dizkigun istorioek Indiari buruz dihardute, Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko topaketa musikalari buruz, sormenari eta inprobisazioari buruz, birtuosismoari buruz, erritmoei, dantzei, koloreei, lurrin leunei… buruz. Gaur gauean sitarraren ahotsa izango da istorioak kontatzen dituen gizonaren ahotsa; bongoek eta mendebaldeko orkestra baten koloreek lagunduko dute, eta elkarrizketari eta elkar ulertzeari buruzko istorio bat kontatuko digu, indiar ragen eta kontzertu formaren arteko fusio kulturalari buruzko istorioa, hain zuzen ere.
Hurrengo istorioa, Mussorgskirena eta haren Erakusketa bateko koadroak lanekoa, mirespen artistikoari eta adiskide baten heriotzak eragindako oinazeari buruzko istorioa da. Pianoaren laguntzaz kontatu zuen errusiar musikagileak istorioa, eta Ravelek berriro kontatzea erabaki zuen, zeinak esan ohi zuen kopiak jatorrizkoak baino gehiago gustatzen zitzaizkiola, haiek baitziren gainditu zitzaketen bakarrak, eta orkestraren baliabide guztiak eta orkestratzaile handiaren maisutasuna baliatu zituen zeregin hartarako.
Ravi Shankar –ravi sanskritoz eguzkia izendatzeko erabiltzen den hitzetako bat da– Varanasin jaio zen, eta, hamar urte zituela, Parisera joan zen bere anaia Udayren dantza konpainiako dantzari eta musikagile gisa jarduteko helburuarekin. Europa osoan barrena ibili zen harekin, eta New York eta Los Angelesen ere aritu zen. Azken horretan sentitu zuen zinemarako eta jazzerako zaletasuna. 1938an, dantzari karrera uztea eta jaioterrira itzultzea erabaki zuen, bere guru Ustad "Baba" Allauddin Khanen eskutik sitar-jotzaile bihurtzeko asmoz; harengandik jaso zuen, hain zuzen ere, indiar musika klasikoaren tradizioa. Ekialdeko musika mendebaldeko musikaren estiloekin fusionatzearen zalea izanik, eta musikagile handiekin partekatzen zuen erakarpenaren eraginez, emanaldiak eskaini zituen musikari handiekin, besteak beste, Yehudi Menuhin –Grammy bat irabazi zuen harekin egindako West meets East lanari esker–, John Coltrane, George Harrison, JimiHendrix, theWho, Bob Dylan, Eric Clapton eta Philip Glassekin; hala, indiar musikaren enbaxadore nagusi bihurtu zen.
Shankarrek hiru Kontzertu osatu zituen sitar eta orkestrarako. Lehenengoa, Londresko Orkestra Sinfonikoaren enkarguz, 1971n estreinatu zen, André Previnen zuzendaritzapean, eta bakarlari jardun zuen Shankarrek. Lau mugimendutan idatzia, horietako bakoitzak raga forma baten edo eskema melodiko baten espiritua irudikatzen du; nota-multzo batean oinarrituta, inprobisatu egiten da. Bi kontinente musikalen arteko akordioa kontatzen du kontzertuak, alegia, musika sorkuntza ulertzeko aurkako bi moduren artekoa. Sarrera orkestral labur baten ondoren, sitarraren hotsak entzuten dira, Alap, Jor eta Gat ragen ereduari jarraituz, zeinetan nabarmentzen diren, batetik, bongoen zeregina sitarrari laguntzen, eta, bestetik, bakarlariaren eta orkestraren arteko elkarrizketa; azken hori indiar dantzaren kutsuz beteriko gai erritmiko eta dantzari batekin amaitzen da. Tarteko bi mugimenduek indiar elezaharren mundu magikora garraiatzen gaituzten bitartean, Kontzertua oso modu distiratsuan amaitzen da, efektu erritmiko erakargarrien bitartez, protagonista direlarik sitarra eta bongoak; azkenik, orkestra tuttia elkartzen zaio, istorioari amaiera zoriontsua emateko: musikaren garaipena eta adiskidetzea.
1874an, Vladimir Stassov kritikariak erakusketa bat antolatu zuen San Petersburgon, urte horretan bertan aneurisma batek jota hildako Viktor Hartmann arkitekto, margolari eta eskultorearen 400 margolanekin baino gehiagorekin. Mussorgski oso hunkituta zegoen artistaren heriotzagatik, adiskide handitzat baitzeukan, eta haren ohorez pianorako suite bat osatzea erabaki zuen: Erakusketa bateko koadroak. Lan hori istorio musikal bat da, haren koadroen deskribapenaren bitartez erakusketa deskribatzen duena. Errusiar musikagileak hamar koadro independente hautatu bazituen ere –horietatik sei besterik ez dira gordetzen–, batasun moduan osatuta dago partitura, zeinetan aldaketa musikalen bitartez islatzen diren margolanen arteko desberdintasun tematikoak eta estilistikoak. Musikagilearen pianorako lan onenetakotzat hartzen bada ere, ez zen argitaratu Mussorgski bizi izan zen bitartean, eta ez zuen ospe berezirik eduki haren errepertorioan, harik eta beste musikagile batzuek lanean bertan eta lan orkestral gisa zuen ahalmenean arreta jarri zuten arte.
Erakusketa bateko koadroak lana orkestratzeko ideia ez zen originala, Ravelek, Serge Koussevitzky zuzendariaren aginduz, 1922ko udan gauzatu zuenean. Hark zuzendu zuen urte horretan bertan, urriaren 22an, Parisen izan zen estreinaldian. Beste musikagile batzuek ere egin zituzten lan horren orkestrazioak, bai Ravelen aurretik bai ondoren; dena dela, Ravelen bertsioak estali egin zituen gainerako guztiak.
Frantses musikagileak ezin izan bazuen ere jatorrizko partiturarekin lan egin, Rimski-Korsakovek argitaratutako bertsioarekin baizik, Ravel leial izan zitzaion pianorako lanari eta azken piezan baino ez zituen nota batzuk erantsi: Kieveko ate handia. Ravelek, orkestrazioaren maisu handia izateaz gainera, oso ondo ezagutzen zuen Mussorgskiren lana; izan ere, Diaghilevek eskatuta, haren Jovanschina operaren konponketa bat egin zuen, Stravinskirekin batera.
Istorioa doinu eder batekin hasten da, Paseoa, eta bertan deskribatzen dira zein diren bisitariaren lehenengo sentipenak erakusketaren aretoetan barrena dabilela; atal hori lau aldiz entzungo da suitean zehar. Horren ondoren, aldatu egiten da istorioaren doinua, eta narrazioak hautatutako lehenengo koadrotik datozen hotsei utziko die lekua: Gnomus. Basoan bizi den gnomo txikiaren mugimendu irristakorrek eta oihu nahasgarriek –koadroan kraskagailu gisa balia daitekeen Gabonetako apaingarri baten bitartez irudikatua– hurrengo koadrora eramaten gaituzte:
Gaztelu zaharra. Hartmannek Frantzian margotutako Erdi Aroko bi gaztelutan inspiratuta, bere maiteari kantatzen dion trobadorearen kantu malenkoniatsuak gidatzen du kontakizun musikala.
Tuileriak lan laburra da, eta bertan deskribatzen da, maisutasunez, Parisko parke ospetsuan izaten den iskanbila, umezainen arteko elkarrizketekin eta haurrei egiten dizkieten errietekin.
Hurrengo istorioa Bydlo da(polonieraz gurdi esan nahi du). Haren hotsek ikuslearengana hurbiltzen ari diren idi gurdien triki-traka gogorarazten dute.
Txiten balleta beren arrautzetan. Trilbi balletean oinarritua da, Hartmannek diseinatu baitzituen bertako jantziak, eta argi eta garbi deskribatzen du txiten mozorroekin agertokian korrika eta jauzika dagoen haur talde baten giroa.
Bi judu poloniar, Samuel Goldenberg eta Schmuÿle, aberatsa bata eta pobrea bestea, dira narrazioaren hurrengo protagonistak. Musikak kolorez aldatzen du, eta aurreko pasarteko haurren zoriona doinu aberats bihurtzen da judu aberatsa deskribatzen denean, eta bizia eta berritsua, berriz, pobrea deskribatzen denean.
Ondoren, Frantziako azoka bateko plazako algara eta poza entzuten da: Limogesko merkatuko plaza. Azokako saltzaileak beren salgaiak eskaintzen, beren istorioak kontatzen, bezeroei deika… entzuten dira.
Baina, bat-batean, zalaparta eten egiten da, hurrengo koadroa aurkezten duen narrazio goibelarekin; izan ere, Hartmannek Parisko katakonbetara egindako bisita batean inspiratua da: Katakonbak: Sepulcrum romanum.
Erloju formako txabola batean bizi den sorgin "haur-jalea" da hurrengo protagonista: Oiloaren oinen gaineko txabola. Baba-Yaga. Haurren ipuinetan gertatu ohi den bezala, doinu musikala xaloagoa eta ausartagoa bihurtzen da. Sorginak ez harrapatzeko batetik bestera korrika dabiltzan haurren ziurgabetasunak eta beldurrak ipuinaren amaiera handira eramaten gaituzte zuzen zuenean.
Kieveko ate handia. Hartmannek Kiev hirian eraikiko zen ate handirako lehiaketa publikorako diseinatu zuen proposamena, inoiz eraiki ez zena dirurik ez zegoelako, leitmotiv ideala izan zen Mussorgski eta Ravelentzat, istorioari amaiera emateko. Ekimen handi baten ospakizunaren handitasuna, Paseoa lanaren musikaren aipamenak edo adiskide artistaren oroitzapenak ematen diote amaiera "istorioen suite" honi, beste garaipen handi baten bitartez: musikaren bitartez istorioak kontatzen zituen gizonarena.

Patricia Sojo 

 

SHUBHENDRA RAO – Sitarra 
Shubhendra Rao, musikagile eta sitar-jotzailea, Indiako bakarlari aipagarrienetakotzat hartua da gaur egun. Kultura askorentzako zubi musikal txalotuak esperientzia berri bat osatu du; "ez ditu zentzumenak kitzikatu nahi, arima liluratu baizik" (The Hindu, New Delhi, 2000ko otsailaren 4a). Mundu osoan ospetsua den Pandit Ravi Shankarque sitar-irakaslearen ikasle izan zen Shubhendra, eta sendotu egin da bai tresna horren maisu gisa bai musikari erreflexibo gisa, sitarraren muga konbentzionalak gainditzeko etengabeko ahaleginarekin.

 

Shubhendrak, bere guruaren tradizioaren merezitako jarraitzailea, lehen mailako musika jaialdietan eta kontzertu jauregietan jo izan du, hala nola, Broadway eta Carnegie Hall, New Yorken; WOMAD jaialdia, Guernseyn (Erresuma Batua); Sidneyko Operan (Australia); Hegoafrikako Arteen Jaialdi Nazionalean; Parisko Theatre de la Villen; Edinburgoko Jaialdian, eta Indiako Doverlane Music Conferencen. 2007ko azaroan, Zee Television Network indiar telebista kate ospetsuaren “Youth Icon for Classical Music” saria irabazi zuen. 
 
JORDI BERNÁCER – Zuzendaria
Vienan, “Konservatorium Wien” kontserbatorioan lortu zuen diploma, goreneko kalifikazioekin. 1997an, Verein Wiener Musikseminareeko Orkestra Zuzendaritzako Saria lortu zuen.
Lorin Maazel maisuaren laguntzailea izan da, eta, besteak beste, Riccardo Chailly, Sir Andrew Davis, Valeri Gerguiev, Zubin Mehta eta Georges Prêtre maisuekin aritu izan da.
Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalak zuzendu ditu, bai eta Espainiako orkestra nagusiak ere; era berean, Baden-Baden Philharmonie eta Sofiako Filarmonikoa zuzendu ditu, Plácido Domingorekin egindako bira batean, Mariinsky* Antzokiko Orkestra eta Abesbatza, etab.
Opera ekoizpenak zuzendu ditu Valentziako “Palau de les Arts” antzokian, Napoliko Teatro di San Carlon, Los Angelesko Operan, Euskalduna Jauregian, Peraladako Jaialdian, Virginiako Castleton Festivalen, Estatu Batuetan, etab. 

 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
08
Api
2024
>Cámara 07

Cámara 07

Lekua: Euskalduna Jauregia

I

BOSen hari eta perkusio ensemblea

Actea Jiménez, perkusioa
Samuel García, biolina
David García, biolina
Leire Moreno, biola
Diego Val, biolontxeloa
Carolina Bartumeu, biolontxeloa

ARVO PÄRT (1935)

Fratres

DANIEL WOHL (1980)

Exchange

BOSen hari-laukotea

Samuel García, biolina
David García, biolina
Leire Moreno, biola
Carolina Bartumeu, biolontxeloa

ANTON VON WEBERN (1883 – 1945)

Langsamer Satz

II

BOSen hari-seikotea

David García, biolina
Samuel García, biolina
Isabel Aragón, biola
Asier Arabolaza, biola
Diego Val, biolontxeloa
Jaime Puerta, biolontxeloa

JOHANNES BRAHMS (1858 – 1924)

1. Seikotea Si bemol Maiorrean Op. 18

I. Allegro ma non troppo
II. Andante ma moderato
III. Scherzo: Allegro molto
IV. Rondó: Poco allegretto e grazioso

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
11 - 12
Api
2024
>Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia

Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Oso ustekabe atsegina izan da azken urteotan Samy Moussaren musika ezagutzea eta ikus-entzuleekin duen konexio onaren lekuko izatea. Bere lana ezagutzen jarraitu ahalko dugu Adrano biolinerako kontzertuaren bidez, Karen Gomyo bikainaren eskutik; gainera, zuzendari-lanetan arituko da Nielsenen musikarekin eta Antonin Dvoráken 7. sinfonía kartsuarekin.

Samy Moussa, zuzendaria
Karen Gomyo, biolina


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Helios obertura Op. 17

ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)

Erromantza biolin eta orkestrarako fa minorrean Op. 11*

Karen Gomyo, biolina

SAMY MOUSSA (1984)

Kontzertua biolin eta orkestrarako “Adrano”**

I.
II. Cadenza
III.
IV. Epilogue

Karen Gomyo, biolina

II

ANTONIN DVORAK (1841 – 1904)

7. sinfonia re minorrean Op. 70

I. Allegro maestoso
II. Poco Adagio
III. Scherzo (Vivace)
IV. Finale (Allegro)

*Lehen aldiz BOSen eskutik
**Estreinaldia Espainian

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


C. Nielsen: Flauta eta orkestrarako kontzertua
W.A. Mozart: Andante do maiorrean, flauta eta orkestrarako K. 315
G. Mahler: 5. sinfonia do minor sostenituan

Emmanuel Pahud, xirula
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


A. Schonberg: Orkestrarako bost pieza, op. 16
C. Saint-Saëns: Piano eta orkestrarako 5. kontzertua Fa maiorren, 103. op. “Egiptoarra”
R. Strauss: Heroiaren bizitza bat, op. 40

Alexandre Kantorow, pianoa
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak