Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 6-2010-2011

Concierto de Navidad - Abono de Iniciación


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

G.F. Händel: Música para los Reales Fuegos Artificiales
W.A: Mozart: Exultate, Jubilate Kv 165
J.S. Bach: “Jauchzet Gott in allen Landen!“, Cantata BWV 51
M. Reger: Variaciones y fuga sobre un tema de Mozart

Olatz Saitua, sopranoa
Christoph Spering, zuzendaria

DATAK

  • 16 abendua 2010       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 17 abendua 2010       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


Musika eta ospakizuna

sintonia onean joan ohi dira. Eta horrelakoa izango da gaur arratsaldean besaulki-patiotik hedatuko dena.

 

Errege Su Artifizialetarako Musika lanak gaurko soinu-festari emango dio hasiera. 1749. urtean, Austriako koroaren (1740-48) Ondorengotza gerrari amaiera eman zion Akisgrango Ituna ospatzeko erabili zen. Ingalaterra ez zen garaile irten gerra hartan. Baina, halarik ere, Jorge II.a erregeak modu adeitsuan eta herrikoian ospatu nahi izan zuen bake irrikatua, eta musikaz lagundurik joan behar zuen su artifizialen saio bat egiteko agindu zuen. Georg Friedrich Haendel (Halle, Alemania, 1685 – Londres, 1759) izan zen musika konposatzeaz arduratu zena, hain zuzen ere, Ingalaterrako gortearen musikari kargu ofiziala zuena. Honelako abaguneetan kale ez egiteko dohain bereziak zituen konpositore gisa zuen ospea, eta bere musikaren gaitasun eszenografikoak agerian gelditu ziren ekitaldi ofiziala baino lehenagoko entseguan. Vauxhalleko lorategian egin zen entsegua, londrestarren aisialdirako lekua XIX. mendearen erdialdera arte, hainbat kontzertu eta jai herrikoiz gozatzen baitzuten. Egun hartan, hamar mila ikus-entzule baino gehiago pilatu ziren presaka ilaretan, bi txelin eta erdi ordaindu ondoren, saxoiaren lanaz gozatu ahal izateko. Zorioneko musika gosea!

Ondoren, estreinaldian, su artifizialak jaurtikitzen ziren gazteluan, tragediak ekitaldia ilundu zuen ia, hainbat akats tekniko eta arriskutsu zirela-eta.  

Artean, musika haize eta perkusio instrumentuetan entzuteko zegoen pentsatuta, izan ere, atari zabalean entzungo zen, bolboraren burrunbarekin batera.

 

 Asmo kementsu eta irmo horrekin hasten da Obertura, abaguneak eskatzen zuen maisutasuna gomuta militar batekin tartekatuz, argitasun eta poztasun giro batean. Baina Haendelek, ondoren, partitura berregin zuen eta haria sartu zuen, intimismo eta samurtasun kutsu bat emate aldera, batez ere, Bourré liluragarrian, kutsu frantsesaren erakusgarri, edota La Paix barean, zeinen arrakasta ondorengo La Réjoussinace-n adierazten den bozkarioan islatzen baita, bizikidetza baketsuaren ondoriozko maitasun gizatiar gisa. Lana Menuets biren elkarren segidako txandakatzearekin bukatzen da: bata gozoa, harizko eta egurrezko haizearen ahotsetan, eta, besteak, berriz, metalezko haizea gaineratzen du. Gertaera hauek guztiak jazo ziren lekutik ez oso urrun, hots, Westminsterreko Abadian, konpositore alemaniarren artean ingelesena datza.

 

Eta, zoro eta pozez gainezka, ospakizunarekin jarraitzen dugu, izan ere, Wolfgang Amadeus Mozartek (Salzburgo, 1756-Viena, 1791) iskanbila musika bihurtzen du Exultate, Jubilate KV 165 motetean. Milanen idatzi zuen 1773. urtean, eta, beti egiten zuen antzean, ahots jakin bati distiratzeko eta nabarmentzeko aukera emateko. Kasu honetan, konposizioaren hartzailea Venancio Rauzzini kastrato ospetsua izan zen. Mozartek ikaragarri miresten zuen, ahozko eta musika gaitasun ona baitzuen (konpositorea ere bazen), eta bere garaiko benetako idoloa zen, hain zuzen ere, aurreko urtean, Regio Ducal Antzokian Mozart gaztearen Lucio Silla operaren estreinaldian parte hartu zuena.  Gaur egun, orkestrarako eta bakarkako ahots baterako konposizio hau, oro har, sopranoek interpretatu ohi dute.

Erlijio partitura labur honek zerikusi handia dauka Mozarten opera ariekin, izan ere, horietan, instrumentazioaren balioak ahozko akonpainamendu hutsa gailentzen du, testuaren esangura eta adierazkortasun sakonena goratzeko. Halaber, berbaldia enpastatzeko baliabide kontzertanteak baliatu zituen, eta ahotsaren eta orkestraren arteko elkartze perfektuan koherentzia musikala erdietsi zuen: xarma eta gozamena hasierako Allegro-an, Recitativo laburra Gabonekiko itxaropena azaltzeko, lirismo sakona Andante dotorean, eta, ia etenik gabe, ahotsak Aleluya aparta argiztatzen du, bozkario eta koloratura joko batean, konposizio zoriontsuari amaiera bikaina emateko.

 

Eta intentsitate emozionalak kontzertua egituratzen jarraitzen du, eta Juan Sebastian Bachek (Eisenach, 1685-Leipzig, 1750) 1723. urtearen ondoren idatzitako kantata erlijiosoetan agertutako teknika paregabeari eta sinbolismo sakonari esker azaleratzen da.

BWV 51 Jauchzet Gott in allen landen kantata / Alabatu Jainkoa lur osoan 1730. urtean estreinatu zen Leipzigen, eta, liturgia egutegi luteranoaren arabera, Hirutasun Santuaren ondorengo hamabosgarren iganderako da. Halarik ere, beste zenbaitetan ere interpretatu daiteke, izan ere, testuak ez du oroitzapen partikular bakar bat bera ere aipatzen, eta laudorio eta gozamen kantu bat altxatzea baino ez du nahi.

Libretoa, ziur asko, konpositorearena berarena da, eta testu sakratu ezberdinetan oinarriturik dago. Bakarkako kantata batean datza, asmo erretoriko eta didaktikoa duena, eta oso ohikoak izaten ziren gisa honetako konposizioetan. Kasu honetan, bai testua bai musika bost saiotan daude banaturik. Hasierako Ariak, non sopranoak eta tronpetak protagonismo dirdiratsua partekatzen duten, birtuosismo handia erakusten du, bai eta Barrokoan hain estimatua zen “aurkakotasun” musikala ere. Distira horren guztiaren asmoa “zeru azpian dagoen eta munduan bizi den orok Jainkoaren dohatasuna aldarrikatzea" baino ez da, izan ere, soinu-akrobazia andana erabiltzea ez zen inoiz izaten Bachen helburuetako bat, soinua testuaren adierazkortasunaren zerbitzupean baitago beti berarentzat. Aria honen iskanbilaren aldean, Recitativo-a aurkezten da, nor bere baitan bildurik, otoitzaldia bailitzan; hasieran, harizko instrumentuek laguntzen dute, txeratsu, eta, ondoren, continuum samur batek adierazkortasuna eta berotasun hurkoa ematen dizkio musikaltasun eta lirismoz betetako ariari. Kantatak lehenengoaren oso bestelako Aria batekin jarraitzen du, eta, honetan, continuumak sopranoa laguntzen du. Siziliar erritmokoa, izaera are pribatuagoa eta kartsuagoa dauka, izan ere, Aitaren hurbiltasunari gehiago hurbiltzen zaio Maiestate Jainkotiarrari baino, “maitasun aitatiarrak gure arimak gidatzea" eskatzean. Koloraturaren xalotasunak eta egituraren intimitateak "egunero elkarri faboreak egiteko" eskaera gizatiartzen dute. Ondoren, aurreko berbaldiari kontra eginez, Koralezko moldaketa batek jarraitzen dio, lau ahotsetarako egitura kontrapuntistiko aberatsekoa, bi biolin, continuum bat eta “gugan loratu dadila agindu zaigun oro" eskatzen duen sopranorako. Gisa horretan, motibo musikalak “loratzen” doaz, fuga etengabean, ahotsetako bakoitzean. Eta amaiera loriatsu gisa, Aleluya indartsua dago; amaiera honetan, tronpetak bat egiten du, goieneko une kontzertantean.

 

 

Eta Musek, gaur, lan berezi batekin agurtzen gaituzte, hain zuzen ere, berau sortu zuenaren ospea galtzen lagundu izanaren paradoxari gailendu zaiona, piano-berbaldi baten birsortze sinfonikoa, koloreatua eta askotarikoa entzutea gustatzen zaien entzuleak gozaraziz. Konpositore baten ideia musikalak beste baten hizkuntzan. Max Regerren (Brand, Baviera, 1873–Leipzig, 1916) Bariazioak eta fuga Mozarten pieza baten gainean delakoak W.A. Mozarten Sonata pianorako KV 331, La maiorrean lanaren hasiera zoragarria orkestra kolorearekin janzten du. Regerren irudimen sinfonikoa aberatsa eta interesgarria da, hein handi batean, zuzendari gisa izandako eskarmentuaren ondorioz, orkestra sakon ezagutzen duelako. Gainera, Regerrek beti uste izan zuen bere egitekoa musika sortzea zela, Bachek eta Beethovenek ezarritako ildoei jarraiki, eta, ondoren, Mozarti erreparatuz.

Hizkuntza kromatikoa da, eta oso gustuko du ideia musikal baten araberako bariazioa. Idazkerari dagokionez, aise erabiltzen du kontrapuntuaren teknika, eta instrumentuen koloreak argiak dira, ahots autonomoen baina elkarrekin erlazionatutako berbaldi batean korapilatuz.

Mozart erromantikoa, 1914. urtean berriro jaioa, Regerren ikuspuntuaren arabera.

 

Goza ezazue ospakizun honetaz, eta 2011 osasuntsua, pozgarria eta musikala izan dakigun.

 

 

Mercedes Albaina

 

 

 

 

 

Poztu, alaitu

 

Poztu, alaitu,

O zuek, zorioneko arimak,

kantika goxoak abestuz.

Zuen kantuen erantzun gisa

zeruek nirekin abestu dezaten!

 

Egunak adiskidetsu egiten du distira.

Hodeiek eta ekaitzek ihes egin dute dagoeneko.

Ezusteko baretasunak biziraun du ozta-ozta.

Gauaren iluntasuna nonahi zen nagusi.

Altxa, alai, azkenik,

orain arte beldur zineten zuek,

eta poztu egunsenti zoriontsuan.

Zuen eskuineko eskuak beterik,

girlandak eta lirioak eskaini.

 

Birjinen koroa,

eman zure bakea,

kontsolatu zuk

bihotzak desiratzen dituen maitasunak.

 

Aleluia.

 

 

 

Jainkoa nonahi alabatu

 

1. aria

Jainkoa nonahi alabatu.

Zeru azpian dagoen

eta munduan bizi den orok

bere dohatasuna aldarrika dezala.

Jainkoa alabatu

eta ofrendak eskaini,

gu libratu gaituelako

gaitz guztietatik.

 

2. errezitatiboa

Otoitz egin dezagun

Jainkoa hartzen duen tenpluan.

Bere fideltasunak,

egunero berrituak, bedeinkatu gaitzala.

Gugatik egin duena goraipa dezagun.

Gure ahotsek ez badakite

bere mirariak alabatzen,

behintzat, gure

kantu umila

Berarengana hel dadila.

 

3. aria

Ahalguztiduna, isuri zure faboreak

gugan egunero.

Zure maitasun aitatiarra

gure arimen gidari izan dadila

bide zuzenean,

eta zure seme-alabak izatea merezi dezagula.

 

4. aria

Alabatu ohore guztiekin

Aita Jainkoa, Semea eta Espiritu Santua!

Gugan loratu dadila

agindu zaigun oro.

Geure burua Berari gomendatu diezaiogun,

bere eskuetan abandonatu gaitezen,

bere bihotzarekin fida gaitezen.

Gure zentzumen guztiak

leial izan daitezen.

Esan dezagun, orain, Amen!

Gure arimek konfiantza osoa dute

bere grazia lortuko dutela.

 

Aleluia!

 

 

Olatz Saitua, sopranoa

 

Bilbon jaio zen, eta Kantua eta Gitarra ikasi zituen bere hiriko Kontserbatorioan (Mª Asunción Inda). Bere prestakuntza, lehenengo, Carlo Bergonzirekin jarraitu zuen, Siena eta Bussetoko Chigiana Akademian, eta, ondoren, Wilma Lipperekin, Salzburgoko Mozarteumen, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako beka bati esker. Bilboko, Logroñoko, Irungo eta Vienako Belvedere kantu-lehiaketan saritua izan da, eta bere debuta Italian egin zuen (Viareggio, Cosenza, Siena, Florentzia). Salzburgoko Landestheaterren eta Essengo Aalto Theaterren –M. Stefan Soltesz- zerrendetako parte izan zen. Azken horretan, hain zuzen ere, bederatzi denboraldiz, hainbat rol jokatu zituen: Susanna, Despina, Blonde, Nannetta, Oscar, Gilda, Rosina, Adele, Olympia, Soeur Constance, Marzelline, Gretel, Tytania, Musetta… Hainbat hiritako opera-denboraldietan abestu du: Bartzelona (Susanna, Barbarina, Zerlina, Amore, Papagena, Princesse, Trujamán, Tebaldo, Crobyle…), Madril, Bilbo, Oviedo, A Coruña, Kordoba, Heidelberg, Klagenfurt, Jesi, Donostia. Halaber, Espainiako hainbat orkestra sinfonikorekin ere jardun du (ONE, RTVE, Bilbao, Euskadi, Granada, Tenerife, Galizia, Asturiasko Printzerria, Oviedo, Gaztela-Mantxa, Real Philarmonia, Dresdener Simphoniker, della Toscana), maisu ezberdinen zuzendaritzapean, hala nola, Salonen, Plasson, Mena, Pons, Victor Pablo, Morandi, Ranzani, Creed, Frühbeck de Burgos, Zedda, De Billy, Bickett, Varga, Andrew Davis, Orozco…

 

 

Christoph Spering, zuzendaria

 

 

Christoph Spering zuzendari alemaniarra nazioarteko aditua da musika klasikoan, errepertorioetan eta horiek aurkezteko moduetan berritasunak sartzen baititu.

 

Garai klasiko eta erromantikoen errepertorioa da Christoph Speringen interesgune. XVIII. eta XIX. mendeetako lanetan, instrumentu historikoak baliatu zituen lehenengo zuzendarietako bat izan zen. Nazioartean izan zuen arrakasta handiena Mendelssohnek egindako J.S. Bachen Pasioa, San Mateoren arabera lanaren bertsioaren aurkezpena izan zen (Speringek berak aurkitu zuen), Parisko Champs-Elysées antzokian.

 

Christoph Speringek, besteak beste, Granada, Oslo, Antweren, Lille eta Vilniusko orkestrekin egin du lan. Halaber, opera-antzoki askok gonbidatu izan dute, hala nola, Alemanian, Italian eta Israelen, interpretazio historikoei buruzko ezagutzak zabal ditzan.

 

Essengo Filarmonikoan, Christoph Spering Beethovenen sinfonia guztiekin serie bat egin duen lehenengo zuzendaria izan da, instrumentu historikoak baliatzen dituen orkestra batekin (Das Neue Orchester).

 

Christoph Speringen jatorrizko proiektuen emaitza gisa 30 disko baino gehiago argitaratu dira, opus 111/Naïve, Capriccio eta CPO lanekin; horietako zenbait nazioarteko kritikak saritu ditu.

 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
21 - 22
Mar
2024
>On Kixote eta Ravelen boleroa

On Kixote eta Ravelen boleroa

Lekua: Euskalduna Jauregia

On Kixote antzeztu ez ezik, pertsonaia gorpuztu ere egiten du Asier Polok, eta gozatzeko ikuskizuna da beti. Straussek, halaber, orkestra nabarmentzeko xedez banatu ditu eginkizunak: biola, fagota, klarinete baxua, perkusioa, etab. Aurreko astean Madrilgo Auditorio Nazionalean jo genuen musika entzungo da berriz ere, bai eta konpositore ziburutarraren bolero ospetsu eta hipnotikoa ere. Jai izugarria izango da, Giancarlo Guerreroren zuzendaritzapean.


Charla preconcierto
2024/03/21 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


R. Strauss: Don Quijote, op. 35
A. Isasi: El oráculo
M. Ravel: Bolero

Asier Polo, biolontxeloa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
08
Api
2024
>Cámara 07

Cámara 07

Lekua: Euskalduna Jauregia

A. Part: Frates
Daniel Wohl: Exchange
BOSen hari eta perkusio ensemblea

A. Webern: Langsamer Satz
BOSen hari-laukotea

J. Brahms: Harietarako sestetoa si bemol maiorrean, op. 18
BOSen hari-seikotea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
11 - 12
Api
2024
>Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia

Samy Moussa eta Dvoráken 7. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Oso ustekabe atsegina izan da azken urteotan Samy Moussaren musika ezagutzea eta ikus-entzuleekin duen konexio onaren lekuko izatea. Bere lana ezagutzen jarraitu ahalko dugu Adrano biolinerako kontzertuaren bidez, Karen Gomyo bikainaren eskutik; gainera, zuzendari-lanetan arituko da Nielsenen musikarekin eta Antonin Dvoráken 7. sinfonía kartsuarekin.

C. Nielsen: Helios, obertura
A. Dvorak: Romanza biolin eta orkestrarako, op. 11
S. Moussa: “Adrano” piano eta orkestrarako kontzertua
A. Dvorák: Sinfonía nº 7 en re menor, Op. 70

Karen Gomyo, biolina
Samy Moussa, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


C. Nielsen: Flauta eta orkestrarako kontzertua
W.A. Mozart: Andante do maiorrean, flauta eta orkestrarako K. 315
G. Mahler: 5. sinfonia do minor sostenituan

Emmanuel Pahud, xirula
Erik Nielsen, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak