2017-2018 Denboraldia
Sinfonikaren 2017 – 2018 Denboraldia
PARIS, HELMUGAKO GELTOKIA
Alemaniako soinuei emandako denboraldi baten ondoren, Brahms zutela irudi, euskal kulturarekin ageriko lotura duen musika frantsesera bideratu dituzte beren urratsak BOSek eta haren zuzendari titular Erik Nielsenek, eta 2017-2018 denboraldiko hari gidari bihurtu dute. Paris, eta, zehazki, bertako kontserbatorioa, Europako musika-ekoizpenaren epizentroetako bat da oraindik ere. Hala, hasi Arriaga aitzindaritik eta gaurdaino, Ravel handia barne, euskal musikagile asko joan dira Frantziako hiriburura beren prestakuntza bertako kontserbatorioan osatzera. «The Basque-French Connection» zikloak hainbat geldialdi egingo ditu: Arriagaren musikan, lehen bilbotarra Parisen, bere Re-n Sinfoniarekin, Pierné-ren musikan eta Ramuntcho-ren legendan; Saint-Saens eta haren «organorako» Sinfonian, Euskalduna Jauregiko instrumentu bikainarekin; Laló eta Berlioz, haien Sinfonia fantastikoarekin; Dukas-en Sinfonia Do maiorrean, interesgarria eta nahiko ezezaguna; eta, azkenik, Ravel, Iparraldeko musikagilean. Azken horri buruzkoa izango da gure denboraldi amaierako ekitaldia, kontzertu monografiko batekin, hil zenetik 80 urte betetzen direnean.
Ahotsa, beste protagonista handia
Frantziako musikarekin batera, ahots-musika izango da gure denboraldiko beste protagonista handia. Opera-antzokietan trebatua da Erik Nielsen, eta bereziki gustatzen zaio ahotsa instrumentu gisa; hala, hiru programa emango dizkio errepertorio horri, hiru abeslari bikainen laguntzarekin: Hanna-Elisabeth Müller, Mozart, Strauss eta Berg musikagileen abestietan barrena egindako ibilaldia; Johannes Martin Kränzler, Mahler-en liederra eta Wagner-en Parsifalen aukera bat barne hartzen dituen programa interesgarri bat; eta Alice Coote, Ravelen Shehérazaderi emandako zikloarekin, gure orkestrak lehen aldiz interpretatua. Programa horiez gain, gure ohiko Gabonetako Kontzertuan Bilboko Korala eta Naroa Intxaustiren eta José Antonio Lópezen ahotsak izango ditugu, Mendelssohn-en «Vom Himmel hoch» moteta eta Bachen Cantata BWV 140 abestia interpretatzen.
500 urte Luteroren Erreformatik
2017an Erreforma protestantearen bosgarren mendeurrena betetzen da. Zalantzarik gabe, garrantzi handia izan zuen Europaren eraketan, eta ondorio nabarmenak izan zituen kulturan eta, batez ere, musikan. Agian koralaren sarrera izan zen guztietan garrantzitsuena; hau da, komunitateak abesteko pentsatutako melodia bakun bat, eliztarrek liturgian parte hartzea bultzatzen duena. Gertakari historiko horren garrantzia gogorarazteko asmoz, Erik Nielsenek «Dresdeko Amena» delakoaren inguruko programa proposatu du. Sei notako sekuentzia bakun hori obra oso nabarmenetan baliatu da motibo gisa; besteak beste, Wagnerren Parsifal eta Mendelssohn-en 5. Sinfonia lanetan –hain zuzen, «Erreformako Sinfonia» esaten zaio azkenari–.
Christian Zacharias, Truls Mørk eta hainbat gazte entzutetsu
Gonbidatutako bakarlarien zerrendan prestigio handiko bi izen nabarmentzen dira: batetik, Christian Zacharias pianista, zeinak Mozarten musika jo eta zuzenduko duen (horixe da bere espezialitate nagusia), bestetik, instrumentuaren gailurrean lan-ibilbide luzea egina duela, Truls Mørk, zeinak duela gutxi hildako Einojuhani Rautavaara finlandiar musikagileak txelorako idatzitako azken kontzertua emango duen. Bi horiekin batera, interpretatzaile gazte talde bat ezagutzeko aukera izango da denboraldi honetan. Batzuek ozta-ozta dituzte hogei urte, baina dagoeneko lan-ibilbide oso garrantzitsuak dituzte, eta ziur etorkizunean izen handiak izango direla: Benjamin Grosvenor ingeles pianista, Edgar Moreau frantses biolontxelo-jotzailea, Ray Chen taiwandar biolinista, eta tronpetaren arloan gaur egun nagusi den Pacho Flores venezuelarra.
Zuzendarien atalean, nabarmentzekoak dira Giancarlo Guerrero duela gutxi gure artean izandako arrakasta eta gero berriz gonbidatua, eta Alondra de la Parra mexikarra, BOSera egiten duen lehen bisitaldian.
Luis de Pabloren Amicitia piezaren estreinaldia, eta 70 urte John Adamsekin
Beti da jazoera handia gure musikagilerik garrantzitsu eta adintsuenak obra bat estreinatzea. Eta, obra hori Iñaki Alberdiren mailako akordeoilari bati eamten bazaio, interes bikoitza du. Akordeoirako eta orkestra handirako konposatutako berealdiko pieza da Amicitia, eta eraberritu egiten du musika-sorkuntza onenetako askoren motorra izan dena: musikagilearen eta interpretatzailearen arteko adiskidetasuna.
Sorkuntza berria Bilboko beste musikagile handi baten lanean ere ikus daiteke; hala, bere katalogoko obra nagusietako batekin dator Gabriel Erkoreka, Fuegos izenekoarekin, Reina Sofía lehiaketan irabazi eta hamar urtera. BOSek AEOS-Fundación BBVA lehiaketan saritutako obra ere aurkeztuko du: Jesús Torres zaragozar musikagilearen Velazquezen hiru pintura lana.
Nazioarteari dagokionez, bat egingo dugu John Adams estatubatuar musikagilearen 70. urtebetetzearen ospakizunekin, haren azken obretako bat emanez: Absolute Jest, harizko laukoterako eta orkestrarako. Beethovenen musikari egindako erreferentziaz betea, Bonn musikagilearen 7. Sinfoniarekin batera aurkezten da, hain zuzen ere.
Dagoeneko aipatutako Rautavaararen kontzertuaz gain, beste obra batzuk ere nabarmentzen dira: Wlad Marhulets-en lanak eta klezmer motako klarineterako haren kontzertu bitxia, jadanik BOSen ezaguna den David Krakauer-ek interpretatua, eta Efraín Oscher eta Christian Lindberg musikagileen tronpetarako kontzertuak.
BOS Baroque eta errepertorioko obra handiak
Barrokoarekiko hitzordua atal finko bilakatu da gure programazioan. Hala, gure asmoa beti interpretazio historizistaren adituekin lan egitea bada, oraingoan handietako batekin arituko gara: Enrico Onofri biolinista, zuzendari eta Il Giardino Armonico taldearen sortzailearekin.
Gainera, gure programazioaren erdigunean errepertorio handia dugu oraindik ere: Bernstein-en musika, 2018an ehun urte beteko dituena; Schubert eta haren 6. Sinfonia; eta Tchaikovsky, bere «Patetikoa»rekin, Giancarlo Guerreroren zuzendaritzapean.
THE BASQUE-FRENCH CONNECTION
Denboraldi sinfonikoa: 1, 8, 14, 17
Alemaniako soinuei emandako denboraldi baten ondoren, Brahms zutela irudi, euskal kulturarekin ageriko lotura duen musika frantsesera bideratu dituzte beren urratsak BOSek eta haren zuzendari titular Erik Nielsenek, eta 2017-2018 denboraldiko hari gidari bihurtu dute. Paris, eta, zehazki, bertako kontserbatorioa, Europako musika-ekoizpenaren epizentroetako bat da oraindik ere. Hala, hasi Arriaga aitzindaritik eta gaurdaino, Ravel handia barne, euskal musikagile asko joan dira Frantziako hiriburura beren prestakuntza bertako kontserbatorioan osatzera. «The Basque-French Connection» zikloak hainbat geldialdi egingo ditu: Arriagaren musikan, lehen bilbotarra Parisen, bere Re-n Sinfoniarekin, Pierné-ren musikan eta Ramuntcho-ren legendan; Saint-Saens eta haren «organorako» Sinfonian, Euskalduna Jauregiko instrumentu bikainarekin; Laló eta Berlioz, haien Sinfonia fantastikoarekin; Dukas-en Sinfonia Do maiorrean, interesgarria eta nahiko ezezaguna; eta, azkenik, Ravel, Iparraldeko musikagilean. Azken horri buruzkoa izango da gure denboraldi amaierako ekitaldia, kontzertu monografiko batekin, hil zenetik 80 urte betetzen direnean.
2017 – 2018 Ganbera-Denboraldia
Cuarteto Quiroga laukotea, José Antonio López eta Del Valle anaiak
Oraingoan ere, ganbera-denboraldiak ohiko hamar kontzertuak izango ditu urria eta maiatza artean, orkestrako ganbera taldeekin, eta hiru hitzordu berezi «Bakarlari Handiak Errezitaldian» zikloaren barruan. Abonu-denboraldian parte hartu duten interpretatzaileek ganbera-musikari buruz duten ikuspegia erakusten du zikloak.
Bereziki, Cuarteto Quiroga laukotea (Beethovenen lanean oinarritutako programa batekin, denboraldi sinfonikoan interpretatuko duten «Absolute Jest» delakoaren harira), José Antonio López baritonoa (liedaren munduko espezialista handia) eta Víctor eta Luis del Valleren piano-duetoa arituko dira.