2023-2024 denboraldia

Denboraldi Sinfonikoa 2023-2024

XX Century Classics

Gaur egungo orkestra sinfonikoen errepertorioa 350 urteko paisaia zabal bat da. Barrokotik hasi eta atzo bertan sortutako soinuetara arte, tresna bikaina dugu orkestra gizakion sormen eta inspiraziorako. Orkestra sinfonikoen denboraldiek garai bakoitzean sortutako musikarik onenaren zenbait adibide erakusteko helburua izaten dute; hala ere, XIX. mendeko musika erromantikoa hartu dute, funtsean, grabitate-zentro gisa. Dena den, azken urteotan grabitate-zentro hori aurrera mugitu da.

XX. mendeak erabateko haustura ekarri zuen aurreko bi mendeetan jaun eta jabe izandako konposizio-arauekiko, entzuleei esperientzia musikal ugaria proposatuz. Bat-batean, musika popularra eta haren generoak agertu ziren (jazza, rocka, popa, etab.). Bestalde, “musika klasikoak” joerak eta eskolak modu frenetikoan lotu zituen, eta konpositore bera posterromantikoa, espresionista, serialista edo neoklasikoa izan zitekeen bere sorkuntza-bizitzan zehar. Arau harmonikoak zalantzan jartzea da, beharbada, haustura horren faktorerik nabarmenena, baina alderdi horri garrantzi txikiagoko beste faktore batzuk gehitu behar zaizkio, besteak beste: esperimentazio erritmikoa, tinbre berriak barne hartzea (perkusio-tresnek protagonismoa hartuko dute) edo soinu-paletan elektronika sartzea. Horren guztiaren ondorioz, soinu mosaiko bikaina osatu zen, oso anitza, entzuleek, askotan, harriduraz hartu izan dutena. Artea bere garaiko gizartea irudikatzen duen kuboan bustitzen den belakia bada, XX. mendeko musika gizateriaren une nahasi bati emandako erantzuna da. Une historiko hartan, gainera, gaur egun ehun urte bete dituzten orkestrak sortu eta garatu ziren, gurea kasu. Nolatan ez genuen musika horrekin inolako zerikusirik izango?

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren 2023-2024 denboraldiak, ohi bezala, hainbat garai eta estilotako obrak biltzen ditu, baina XX. mendean argitaratutako funtsezko pieza batzuk hartu ditu ildo nagusitzat, mende horretan sortutako askotariko korronteen frogagarri direnak. Obra batzuek berehalako arrakasta izan zuten, beste batzuek, ordea, denbora gehiago behar izan zuten asimilatuak izateko, baina guztiak ere XX. mendeko klasiko bihurtu ziren. Obra horietako batzuekin ziklo tematiko txiki bat osatu dugu (Gustav Holst-en Planetak, Bartók eta Lutoslawski-ren Orkestrarako kontzertuak eta Mahler-en Bosgarren sinfonia), baina denboraldian zehar beste adibide batzuk ere izango dira, hala nola Dutilleux-en Tout un monde lointain…, Messiaen-en L’Ascension, Prokofiev-en kontzertuak -beste ziklo txiki batekin (pianorako bigarrena eta biolinerako konposatu zituen beste bi)- eta Xostakovitx-en sinfonismoa, non haren 10. sinfonikoa entzungai izango dugun. Aipamen berezia merezi du György Ligetiren figurak, eta arreta berezia eskainiko diogu bere mendeurrenaren urtean.

Abonu tematikoa XX Century Classics: 2, 4, 10, 14
Abona zaitez

György Ligetiren 100 urte

Ligetiren bizi-esperientziak ondo baino hobeto laburbiltzen du XX. mendeak izan zuen izaera zalapartatsua. Garaiaren arabera, Hungaria eta Errumaniaren artean banatutako leku batean jaiotako judu ez-praktikante honek aita eta anaia galdu zituen nazien kontzentrazio-esparruetan eta ozta-ozta salbatu zuen bere burua, lehenik hungariar armadarako lan eginez, matematikan zuen ezagutzari esker, eta, ondoren, frontetik desertatuz eta etxera ihes eginez, errusiar familia batek okupatuta aurkituko zuena. Egonkortasuna urte batzuk geroago aurkituko zuen Austrian, non musika korronte esperimentalenak sakonean ezagutu zituen. Tradizioaren eta abangoardiaren arteko borrokaren aurrean izan zuen jarrera esaldi batean laburbiltzen da: “Abangoardiara ez itzultzeko eta abangoardiarekin aurrera ez egiteko modu bat aurkitu behar dugu. Kartzela batean nago: horma bat abangoardia da, bestea iragana, eta ihes egin nahi dut”. Eta berriro ere, ihes egitea lortu zuen. Stanley Kubrickekin batera lan egiteari esker, haren ahots pertsonala publiko zabalera iritsi zen.

Ligetiren mendeurrenaren urtean udazken ligetiar bat ospatuko dugu. Horretarako, musikagilearen hiru piezarik ospetsuenak gure abonuko hiru kontzertuetan sartuko ditugu, hain zuen ere, bere musika aparteko egin zuten zeinuak laburbiltzen dituztenak: mikropolifonia (osotasun trinko eta zeharkaezin baten gisara entzuten diren ahots indibidual ugari), soinu-klusterrak (aldi berean entzuten diren alboko nota-multzoak), musika-diskurtsoaren izaera estatikoa eta, oro har, musika-ideia oso sinpleen bidez emaitza oso konplexuak lortzea. Lontano enblematikoa, harirako Ramifications eta Lux Aeterna hipnotikoa eskainiko ditugu KEA ahots-taldearekin

Anton Brucknerren 200 urte

2024an beste efemeride musikal bat ospatuko dugu: Bruckner jaio zeneko 200 urte. Ansfeldeneko organo-jotzailearen figura aldizka agertu izan da BOSen programazioetan, azken urteotan batez ere, Juanjo Menak, Günter Neuholdek eta Erik Nielsenek haren musikarekiko sentitu duten kidetasunari esker. Brucknerren sinfoniarik ezagunena eskainiko dugu, Laugarrena, eta horren aurretik beste konpositore-organista handi baten, Olivier Messiaen, musika izango dugu entzungai, Ludovic Morlot zuzendari ospetsuaren gidaritzapean. Brucknerren musikaren ospakizun hori ganbera denboraldira ere iritsiko da.

Trukea Espainiako Orkestra Nazionalarekin

Denboraldiak hitzordu garrantzitsu bat izango du martxoan, Auditorio Nazionala bisitatuko baitugu, Espainiako Orkestra Nazionalarekin (ONE-Orquesta Nacional de España) egindako truke-akordio bati esker. Egitarau bikaina izango da, gure konpositoreen musikarekin (Ravelen Boleroa eta Andrés Isasiren Orakulua) eta gure lurraldeko bakarlariarekin osatutakoa (Asier Polok Straussen On Kixote interpretatuko du), hori guztia Giancarlo Guerreroren zuzendaritzapean. Programa hori hurrengo astean errepikatuko dugu gure abonuko denboraldian.
Aurreikuspenen arabera, Espainiako Orkestra Nazionalak 2025eko urtarrilean itzuliko digu bisita Bilbon.

Ahotsa, beti protagonista

Erik Nielsenen denboraldietan ahotsaren presentzia oso ohikoa izaten da, eta oraingoan lau programatan izango du protagonismoa: Koru-programa anbiziotsu bat, San Juan Bautista Abesbatzarekin, zeinak Earth Symphony obraren Europako estrainaldia eskainiko digun, 2022an EMMY bat irabazitako Jake Runestad konpositoreak sortutakoa; Olesya Golovneva sopranoaren tour de force bat, Rusalkaren ariekin, zehazki, Eugene Onegin-en gutunaren eszena eta Elisabetta de Don Carloren eszena handia; Gabonetan entzungai izango dugun Poulenc-en Gloria, Katharina Ruckgaber sopranoarekin eta Bilboko Koral Elkartearen ahotsekin, eta, azkenik, Tim Mead kontratenoraren ahots bikaina, gure BOSbaroque formatuan.

Zuzendarien belaunaldi berri bat

Programazioak aurpegi berri ugari ditu orkestra-zuzendaritzan. Abonuko kontzertuetan orkestra zuzentzeko ardura beren gain hartzeko prestatuta dauden gazteak dira. Denboraldi honetan, Isabel Rubio murtziarrak, Chloé van Soeterstède frantziarrak, Pablo Rus Broseta valentziarrak eta Yue Bao txinatarrak egingo dute debuta. Eskarmentu handiagoko beste izen batzuk ere izango ditugu gurean, hala nola Nacho de Paz, Daniele Squeo, Pedro Gandía interpretazio historizistan aditua eta Samy Moussa kanadarraren figura interesgarria, konpositore eta zuzendari lanetan. Horiekin batera, ibilbide luzeko batutek denboraldia egituratuko dute, hala nola gure zuzendari titularra den Erik Nielsen, Giancarlo Guerrero, Pablo González, Ludovic Morlot eta Leonard Slatkin.

Bakarlarien nominan ere izen garrantzitsuak izango dira: Emmanuel Pahud, munduko flautista ospetsuenetako bat; Jan Lisiecki eta Alexander Katorow piano-jotzaileak; Martín García gazte eta harrigarria; Jussen anai bizigarrien itzulera; Alena Baeva, Esther Yoo eta Karen Gomyo biolin-jotzaileak (Samy Moussaren “Adrano” kontzertuarekin); Johannes Moser biolontxelo-jotzaile bikainaren itzulera, eta, azkenik, gure haize-bakarlarien laukotea, Mozarten Sinfonia kontzertantea interpretatuko dutenak.

Isabel Urrutiaren Urkiola

XXI. mendeko musikak ere garrantzi handia hartuko du, Isabel Urrutia getxoztar konpositoreak idatzitako Urkiola obraren estreinaldiarekin, zeinak “world timbres mixture” teknika darabilen; Unsuk Chin korear konpositorearen Subito con forza bolkanikoarekin, Samy Moussa-ren Biolinerako kontzertuekin eta Juke Runestad-en Earth Symphony lanarekin.

Abona zaitez

IRAKURRI ALDIZKARIA

Denboraldi berriaren aurkezpena bideoa

Abonuen salmenta ekainaren 19tik aurrera.
Sarreren salmenta irailaren 11tik aurrera.

Abona zaitez

Ganberako Denboraldia 2023–2024

Bruckner, Ligeti, Bakarlari handiakkantaldian eta gure ganbera-taldeak

Ganbera-denboraldian György Ligeti eta Anton Brucknerren urtemugak ere ospatuko ditugu, Ligetiren tronpa, biolin eta pianorako trioarekin eta Brucknerren harietarako kintetoarekin, baita Erwin Steinek ganbera-talderako murriztu duen Brucknerren 7. sinfonia interesgarriarekin ere.

Denboraldi sinfonikoko bakarlari batzuk gure ganbera-denboraldira gonbidatzeko ohiturari jarraituz, Johannes Moserren (biolontxeloa eta pianoa), Jussen anaien (piano-duetoa) eta Alena Baeva biolin-jotzailearen errezitaldiak izango ditugu BOSeko beste kide batzuekin batera, hain zuzen ere, “Solista handiak BOSekin batera” formatuaren baitan.

BOSeko ganbera-taldeek hainbat proposamen egingo dizkigute: emakume musikagile frantsesen programa erakargarri bat, operako konpositore ospetsuen ganbera-arloko bi adibiderekin batera; Zelenka eta Bach protagonista dituen programa barroko bat; musikaren umoreari eskainitako proposamen bat, Schnittke eta Mozartekin, eta errepertorio handiko obrak, hala nola Brahmsen Sestetoa.

Kontzertu guztiak 19:30etan izango dira.
Palacio Euskalduna Jauregia (Bilbao). 0B Aretoa

Programación sujeta a cambios.

Abona zaitez