KONTZERTU AURREKO MUSIKA. BILBOKO KONTSERBATORIOKO IKASLEAK, BOSEN DENBORALDIAN

Abenduaren 21ean (osteguna) proiektu berri bat abiaraziko da Bilboko Musika Kontserbatorioaren eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren artean. Horri esker, kontserbatorioko ikasleek osatutako taldeen emanaldiez gozatu ahal izango da gure denboraldiko 7 kontzertutan.


Bilboko Musika Kontserbatorioak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) lankidetzazko proiektu berria hasiko dute BOSen denboraldiko Gabonetako egitarauaren barruan. Horri esker, kontserbatorioko hainbat ikasle-taldek emanaldia eskaini ahal izango dute, BOSen denboraldiko kontzertuetako batzuk hasi aurreko denbora-tartean.

Kontzertu Aurreko Musika izen orokorra izango dute, eta Euskalduna Jauregiko “Uretaratze Foyerrean” egingo dira. 19:00etan hasiko dira, BOSen kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago, eta 20 minutu iraungo dute, gutxi gorabehera.

Programak, hain zuzen, bi helburu ditu. Alde batetik, ikasleei euren emanaldia egiteko espazio bat eta publiko bat eskaintzea; izan ere, oinarrizko elementua da, profesional gisa trebatzeko prozesuan. Bestetik, gure Orkestraren publikoak jarduera horretaz gozatu ahal izango du, eta, era berean, Bilboko kontserbatorioan egiten den lana ikusi ahal izango du.

Kontzertu Aurreko Musika egitasmoko lehen kontzertua abenduaren 21ean (osteguna) egingo da, eta tronpeta ensemble baten eskutik izango da.

Proiektua honako egitarauetan gauzatuko da. Osteguna edo ostirala aukeratzea Kontserbatorioaren egitarauaren eta Euskalduna Jauregiaren jarduera-planaren araberakoa izango da:

10.a  Hari laukotea/hirukotea
11.a  Hari hirukotea eta pianoa
12.a  Egurrezko haize-instrumentu laukotea pianoarekin
13.a  Hari laukotea/hirukotea
14.a  Egurrezko haize-instrumentu hirukotea
15.a  Metal taldea