Kontzertuak
BOS 04
Halloween akatu dezagun!
Erik Nielsen, zuzendaria
Wolfgang Amadeus Mozart (1756 – 1791): Don Giovanni, Obertura K. 527
Richard Strauss (1770 – 1827): On Kixote, Zaldun izaeradun gaiari buruzko fantasiazko aldaketetan Op. 35
Sarrera: On Kixotek burua galtzen du zaldunei buruzko nobelak irakurrita, eta bere kabuz kanpainan abiatzea erabakitzen du.
Gaia: On Kixote, figura goibeleko Zalduna, eta haren ezkutari Santxo Panza
I. bariazioa: Bikote bitxia zaldiz abiatzen da Dultzinea Tobosokoaren banderapean, eta haize-erroten aurka ekiten diote
II. bariazioa: Alifanfaron Enperadorearen armaden aurkako garaipenezko borroka
III. bariazioa: Zaldunaren eta haren ezkutariaren arteko elkarrizketa: Santxoren aldarrikapenak, galderak eta esaerak; On Kixoteren aholku, baretze eta promesak
IV. bariazioa: Penitentziagileen prozesio baten zorigaitza
V. bariazioa: On Kixotek armen beila egiten du; ameskeria gozoak, urruneko Dultzinearengan pentsatzean
VI. bariazioa: Nekazari emakume bat topatzea, zeina Santxok bere Jaunari Dultzinearen metamorfosi baten gisara deskribatzen dion
VII. bariazioa: Airean zamalkatzea
VIII. bariazioa: Zorigaiztoko zeharkaldia sorgindutako txaluparen gainean (barkarola erritmoa)
IX. bariazioa: Ustezko aztien aurkako borroka: euren mandoen gainean doazen bi fraide beneditar.
X. bariazioa: Ilargi Zuriaren Zaldunaren aurkako borroka handi eta paregabea. On Kixotek, lur jota, alde batera uzten ditu armak, artzain bihurtu eta etxera itzultzea erabakita.
Finalea: Zentzutasunera itzulita, On Kixotek kontenplazioari emanda igarotzen ditu bere azken egunak; haren heriotza
Guillermo Pastrana, biolontxeloa
Helmut Lachenmann (1935): Marche fatale *
Heinrich Marschner (1795 – 1861): Der Vampyr, Obertura**
Charles Gounod (1818 – 1893): Fausto, Balleteko musika
I. Dance of the Nubian Slaves: Mouvement de Valse
II. Antique dance: Allegretto
III. Dance of the Trojan Maidens: Moderato con moto
IV. Mirror dance: Allegretto
V. Dance of the Phryne: Allegro vivo
Engelbert Humperdinck (1854 – 1921): Hansel and Gretel, sorginen kabalkada** eta Loaren pantomima
* Estreinaldia Espainian
** Lehenengo aldiz BOSek
DATAK
- 01 azaroa 2018 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 02 azaroa 2018 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
BIZIDUNAK ETA HILAK
Urriaren 31ko gauean antzinako Samhain jaialdia ospatuta, Erdi Aroko Irlandako herri zeltek uzta garaiaren amaiera eta urte berri baten hasiera ospatzen zuten; hark udako solstizioarekin bat egiten zuen. Jaialdiak larreen eta naturaren heriotza eta haren berpiztea irudikatzen zuela sinesten zuten modu bertsuan uste zuten gau horretan zabaltzen zela hildakoen munduaren eta bizidunen munduaren arteko atea. Geroago, Gregorio IV.a Aita Sainduak jaialdia Santu Guztien Eguna bihurtuko zuen arren, Estatu Batuetara XVIII. mendean migratu eta bertan ezarritako irlandarrek kondaira berriekin biziberritu zuten Samhain, esate baterako, Jack O’Lantern liskarzalearenarekin; hari buruz ziotenez, deabruari ziria sartzea lortu zuen bere arima eskuratu ez zezan, eta, ondorioz, Lurrean noraezean geratu zen, ikatz goriz betetako arbi batekin. Geroago, kuiek ordezkatu zituzten arbiak, eta Halloween jaia (“All Hallows’ Eve”, Santu Guztien bezpera) gaur egun ospatzen den antzera ospatzen hasi ziren mundu anglosaxoian.
Garai bertsuan, musikaren munduan ere indartzen hasi zen bizidunen eta hildakoen munduei buruzko interesa, batez ere konpositore erromantikoen artean, besteak beste, Danteren Komedia eta Goetheren Faustoren moduko lan literarioek, izaki mitologikoek, fantasiazko kontakizunek eta elezahar tradizionalek erakarrita. Beste hainbatetan egin zuen bezalaxe, Mozart izan zen bidea egin zuen lehenengoetako bat. Haren aurretik beste konpositore batzuek ere irudikatu zuten hildakoen mundua musikaren bidez; esate baterako, Orfeoren mitoarekin (Monteverdi, Gluck). Nolanahi ere, bakar bat ere ez zen bera bezain modu basatian sartu, Don Giovannin (1788) Don Juanen figurari heldu zionean. Figura harekin, musikari gisa izan zituen betetasunezko uneetako bat markatu zuen; aldi berean, hura estreinatu ostean, ohartu zen jada ez zela modako egilea Vienan. Ziurrenik urrunegi eraman zuen garaiko konbentzioak gainditzeko bere grina. Enperadorearen hitzetan, opera berria “jainkotiarra” zen, “agian Figaroren Ezkontzak baino are ederragoa, baina ez vienarren gusturako platera”.
Gaiak berak (ehunka eta ehunka konkistadun predatzaile sexual bat) Vienako publikoaren zati handi bat nahasi zezakeen arren, Mozartek, Lorenzo da Ponteren libreto apartan oinarrituta, ekintzazko musika berri bat sartu zuen, zeinak tximista baten moduan gurutzatzen baitzituen historiaren oinarrian zeuden tentsio sozialak. Don Giovanni limurtzaile doilorra da, tratu txarrak ematen dituena eta bortxatzen duena, eta, hala ere, haren bizi-energiatik hedatzen den xarma ukaezina da. Bere estrategia azkartasuna da, estrabertsioa, premiazko plazeraren desioa, Mozartengan bere mugimendu bizkorren erritmora doan estiloa bultzatuz. Hori guztia oberturatik bertatik islatzen da. Gaur egun spoiler handitzat joko genukeen zerbaitekin abiatzen da hura: hasierako akordeak obraren bazter ilunenak zundatzen ditu, operaren ia amaieran Komendadorea hildakoen mundutik agertuko dela iradokiz. Operaren gainerako guztia protagonistaren mugimenduen bertigora egokitzen da; haren ibileran, musikak ez du gelditu behar.
Mozart abiapuntutzat hartuta, gaur gaueko egitaraua hainbat norabidetan zabaltzen da. On Kixoten (1897), Straussek literatura espainiarreko beste klasiko batera jo zuen, bere poema tonal osatu eta borobilenetako bati itxura emateko. Obra hau egituratzen duen ideia nagusia oso sinplea da: bi tema nagusiz osatuta dago, bata On Kixoterentzat eta bestea Santxorentzat, eta apenas dute aldaketarik eleberriaren hainbat pasarterekin lotutako bariazioetan zehar. On Kixoteren gaia biolontxeloaren bidez errepresentatzen da; Santxorena, aldiz, biolaren, klarinete baxuaren eta tubaren bidez. Gerretako irudipenen eta zaldun ibiltari bihurtzeko bere desioen bidez erretratatzen da protagonista obrari hasiera ematen dion atarikoan; hortik aurrera datozen bariazioek haize-erroten abentura, Alinfanfaron enperadore handiaren armadaren aurkako bataila, zaldunaren eta ezkutariaren arteko elkarrizketa, penitentzialarien prozesioaren abentura, Zaldunaren bijilia, Dultzinearekin topo egitea, airetik zamalkatzea, sorgindutako txalupako bidaia, aztien aurkako bataila eta, hamargarren bariazioan, Ilargi Zuriaren zaldunarekin izandako duelua kontatzen dute. Lanaren amaieran epilogo bat dator; bertan, zentzutasunera itzuli ostean, Straussek On Kixoteren tema eraldatzen du, haren heriotza muturreko sentsibilitatearekin musikalki irudikatzeko.
Obraren berezitasun askoren artean nabarmenetako bat da, zalantzarik gabe, bigarren bariazioko une bat; bertan, Straussek modu bizian eta disonantzia handiekin erreproduzitzen du On Kixotek Alinfanfaronen gizonekin nahasten dituen ardien balaka. Bere garaiko prentsak planteatu ere egin zuen ez ote zatekeen eraginkorragoa “egiazko ardi bat orkestran txertatzea eta une jakin batean beeka egin zezan trebatzea”. Nolanahi ere, obra 1898ko martxoaren 8an Kolonian estreinatu zenean, Franz Wüllnerren zuzendaritzapean eta Friedrich Grützmacher biolontxeloan zela, oso harrera ona izan zuen.
Mozartetik abiatuta, opera alemaniarraren bidea ere topa dezakegu; hark ere adierazi zuen interesa, XIX. mendearen lehenbiziko hamarkadetan, naturaz gaindiko gaiekiko. Adibide ezagunena Weberren Ezkutuko Ehiztaria (1821) da; baso batean deabruak ehiztariei beti asmatzen duten bala magikoak ematen dizkiela dioen kondaira berreraikitzen du, eta lan hori erreferentziatzat hartuta konposatu zuen Marschnerrek Der Vampyr (1827), Schauerromantik (erreomantizismo iluna) mugimendua bere une gorenean zegoen momentu berean. Hain zuzen ere, Marschnerren lana ez zen izan 1920ko hamarkadan konposatutako banpiroei buruzko opera bakarra, nahiz eta berak beti alde izan zuen Wohlbrücken libretoaren kalitatea, zeinak oinarria Lord Byronen kontakizun batean baitzeukan. XVIII. mendeko gaztelu eskoziar batean girotua eta Leipzigen 1828an estreinatua, oberturan aurkezten da istorioaren giro magiko eta gotikoa, Weberrez gain geroago Herbeheretar Alderraiko Wagner izango zena ere gogora ekarriz.
Garaiko konpositore alemaniarrek hartu zituzten argudioetako batzuk Goetheren Fausto hilezkor bihurtu zuen folkloretik bertatik zetozen; hainbat ingurunetan XIX. mendeko opera europarreko beste istorio handietako bat: Alemanian (Spohr, Walter), Italian (Boito) edota Frantzian, non Berliozen Faustoren Galmenari (opera bezain sinfonia) 1859an Gounoden Faust gehituko baitzitzaion. Egiaz, pentsaera erromantikoarentzako bereziki erakargarriak diren elementuak ditu Goetheren obrak: maitasun purua, iraganaren malenkonia eta deabruaren presentzia Mefistofelesen figurarengan, zeinari protagonistak bere arima ematen dion ezagutzaren eta plazer lurtarren truke. Don Giovannin bezalaxe, Gounoden Fausten seriotasuna eta komikotasuna eskutik doaz, grand-opéraren formak eta opéra-comiquerenak uztartuz; horrek urrats koherente zein erabakigarria ekarri zuen frantziar estiloaren garapenean. Haren Parisko Théatre-Lyriqueko estreinaldia ikusminezko gertakaria izan zen arren, balleteko musika gero gehitu zitzaion, Opéraren beraren eskariz, ikuskizuna bosgarren ekitaldian areagotzeko, zeinak beste jaialdi pagano bat berreraikitzen duen: Walpurgis gaua, Harz mendietan girotua, sorgin eta deabruen festa baten iluntasunean.
Kontrako muturrean, musikagile erromantikoek kondairekiko zeukaten interesaren ondorioz, XIX. mendearen hasieratik garatutako haur literatura instintuz islatu zen musikaren esparruan ere. Grimm anaiek Alemanian bildu eta Kinder-und Hausmärchen (Haurtzaroko eta etxeko ipuinak) lanean jasotako kontakizun, kantu eta poemen artean, Hansel eta Gretelen ipuinak bereziki piztu zuen Humperdincken arreta; hark haurrentzako opera bat konposatzeko ausardia izan zuen, Cavalleria rusticana (1890) eta Pagliacciren (1893) moduko lan arrakastatsuek Europako opera-antzokiak garaiko burgesiaren kontzientzientzako sutzaileegia zen errealismo teatral batekin betetzen zituzten unean. Hansel eta Gretel 1893ko Eguberrietan estreinatu ostean, zera idatzi zuen Eduard Hanslikek: “Hain aspergarri bihurtzen diren miniatura basatien alboan, izan litekeen kontrasterik handiena da haurrentzako maitagarrien ipuin bat. Alde batetik, gaizkileak, euren buruaz beste egiten dutenak, maitale traidoreak dauzkagu; bestetik, ezaugarri nagusitzat gosea eta gozoki bat plazer handientzat duten anai-arreba bikotetxo bat. Ez dago pasiorik, ez dago maitasun istoriorik, ez dago maitasunezko intrigarik. Beste mundu bat da, mundu hobe bat”.
Ipuin horretan oinarritutako obra bat konposatzeko ideia Adelheid Wette arrebak eman zion; libretoa idazteaz ere hura arduratu zen. Estilo wagneriarra abesti herrikoietako aipu eta imitazioekin bateratuta, Humperdinckek gaur egunera arte iraun duen arrakasta ikusgarria lortu zuen. Ia-ia Nurenbergeko maisu kantariak obrak bezain orkestrazio zabalarekin, handinahirik gabeko musika da, tonu liriko eta poetikoduna, eta une gogoangarri ugari dituena, opera zabaltzen duen “Suse, liebe Suse, was raschelt im Stroh?” kantu zoragarritik hasita eta sorginen zamalkadaren edota Pantomima onirikoarena bezalako pasarte orkestralekin jarraituta, basoko lanbro artean bi anai-arreben loa biltzen duten aingeru, iratxo eta animalien eszenarekin.
Eta, nahiz eta hasiera batean Helmut Lachenmannek (Stuttgarten 1935ean jaioa, Nonoren apopiloa, zinezko abangoardista eta “Musika instrumental zehatz” deiturikoaren ordezkari nagusia) egitarau honetan figura arrotza eman dezakeen arren, haren Marche fatalek (2017) ezkutuko giltzarriak planteatzen ditu bere itxurazko hutsaltasunaren azpian: munduari begiratzeko modu errespeturik gabea; erridikulua, egungo gizartearen ezaugarri bereizgarri gisa; “zuhurtziarik gabeko eta ausardiazko abentura bat, nire aurreko obrek baino gehiago nahas litzakeena nire entzuleak”, Halloweengo kuien barruan borborka dagoen musika garaikidea.
Asier Vallejo Ugarte
GUILLERMO PASTRANA – Biolontxeloa
Guillermo Pastrana gaur egun Espainian dauden interpretazioaren arloko talentu handietako bat da. Kritikak eta publikoak txalotu dute, eta guztiak datoz bat haren musikaltasuna nabarmentzerakoan, haren soinuaren kalitatea, afinazioa eta perfekzio teknikoa, agertoki gaineko bere xarmaz gain.
Granadan jaio zen 1983an, eta sei urterekin hasi zen hiri horretako kontserbatorioan ikasten. Txiki-txikitatik musikarekiko maitasun sakona erakutsi zuen, bereziki biolontxeloarekiko, bere sentimenduak adierazteko bide gisara.
17 urterekin perfekzionamenduari ekin zion atzerrian, eta hura amaitzeko Ivan Monighettirekin zabaldu zituen bere ikasketak Basilean (Suitzan); bertan bizi da gaur egun, irakaskuntza kontzertuekin uztartuz. Hainbat lehiaketa irabazi ditu, eta mundu osoko hiri eta jaialdietan egin ditu errezitaldiak eta kontzertuak, zuzendari handien gidaritzapean; besteak beste, Antoni Wit, Aldo Ceccato, Michal Nesterowicz, Paul Daniel, Josep Vicent, Manuel Hernández Silva, Gómez-Martínez, Miguel Harth-Bedoya, Kazuki Yamada, Alejandro Posada eta Álvaro Albiachen zuzendaritzapean.
Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoak Musikaren Saridun Nazionala den David del Puertori eman zion 1. kontzertua biolontxelor eta orkestrarako egiteko enkargua, Tauroren Zelaiak (Campos de Tauro) izenburuduna; Guillermo Pastranak eskaini eta estreinatu zuen 2014an, Espainian bere ibilbideari behin betiko babesa ekarri zion arrakastarekin.
2018an, Naxosek haren lehenbiziko CDa argitaratu du, Euskadiko Orkestrarekin batera, Saint Saensen Suite Op. 16 lanarekin.
ERIK NIELSEN – Zuzendaria
Erik Nielsen Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da 2015eko irailetik.
2016-2017 denboralditik, Basileako Antzokiko musika-zuzendaria ere bada.
Erik Nielsenek Filadelfiako Curtis Musika Institutuan ikasi zuen zuzendaritza, eta oboean eta harpan espezializatuta graduatu zen New Yorkeko Juilliard Schoolen.
Berlingo Orkestra Filarmonikoko Akademiako kidea izan zen, eta harpa jo zuen han.
2009ko irailean, zuzendaritzaren saria eta Solti Fundazioak Amerikako Estatu Batuetan ematen duen beka eskuratu zituen.
Opera-errepertorio zabala dauka, zenbait erakunderekin, hauekin, besteak beste: Frankfurteko Opera, English National Opera, Boston Lyric Opera, New Yorkeko Metropolitan Opera, Erromako Opera, Dresdengo Semper Opera, Hedelango Opera Jaialdia, Berlingo Deeriknielsnutscher Oper, Sao Carlosko Teatro Nazionala, Malmoko Operaren Antzokia, Zuricheko Operaren Antzokia, Bregenzeko Jaialdia, Eliseo Zelaietako Antzokia Parisen, ABAO, Hungariako Opera Nazionala eta Galesko Opera Nazionala.
Orkestraren esparruan, hauek zuzendu ditu, besteak beste: New World Symphony, Genevako Ganbera Orkestra, Frankfurteko eta Stuttgarteko irratietako orkestra sinfonikoak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Lisboako Orkestra Sinfoniko Portugaldarra, Strasbourgeko Filarmonikoa, Luxemburgeko Filarmonikoa, Hego Westfaliako Filarmonikoa, Ensemble Moderm eta Erresuma Batuko Northern Sinfonia.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.
ONE eta Mahlerren “Titán”
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”
Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria
Ganbera 4
Lekua: Euskalduna Jauregia
B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin
M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea
Mundu Berriko sinfonia
Lekua: Euskalduna Jauregia
J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”
Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria