Kontzertuak
BOS 15
Enigma
Miguel Harth-Bedoya, zuzendaria
Zoltán Kodály (1882-1967): Galantako dantzak
Piotr Ilyich Tchaikovsky (1840-1893):
Bariazioak jatorrizko gai baten gainean Op. 36 “Enigma bariazioak”
I. Allegro non troppo e molto maestoso
II. Andantino semplice – Prestissimo – Andantino sempliceIII. Allegro con fuoco
Evgeny Konnov, piano
Enigma (Andante)
I. C.A.E. (L’istesso tempo)
II. H.D.S-P. (Allegro)
III. R.B.T. (Allegretto)
IV. W.M.B. (Allegro di molto)
V. R.P.A. (Moderato)
VI. Ysobel (Andantino)
VII. Troyte (Presto)
VIII. W.N. (Allegretto)
IX. Nimrod (Adagio)
X. Dorabella. Intermezzo (Allegretto)
XI. G.R.S. (Allegro di molto)
Babeslea
DATAK
- 02 maiatza 2019 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 03 maiatza 2019 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Oroipenak
Batzuetan, musikaren indarra areagotu nahi dugunean, lurrin bat balitz bezala, begiak ixten ditugu; izan ere, ikusmena denez gehien garatu dugun zentzumena, irudien zehaztasunak traba egin diezaioke gure oroimenari, oroipenak ez baitira gauza guztiz argiak, ezpada sentipenekin eta memoriarekin loturiko gauzak, eta sarritan entzumenaren bitartez iristen zaizkigu, edo usaimenaren bidez bestela, horixe baita gure zentzumen primitiboena.
1923an, Budapesteko Elkarte Filarmonikoak enkargu bat egin zion Zoltán Kodály (1882-1967) konpositore eta musikaren pedagogo hungariar nabarmenari; hain zuzen ere, pieza bat sortzeko eskatu zioten, elkartearen laurogeigarren urteurrena ospatzeko, eta hark haurtzaroko oroitzapenetara jo zuen, Galánta hirira (gaur egungo Eslovakian). Konpositoreak berak esan zuenez, oroitzapen samurrak piztu zizkion enkargu horrek: “Autoreak bere bizitzako zazpi urte ederrenak igaro zituen Galántako hirian… Hiriko banda aski ezaguna zen; Mihók biolin-jotzailea zen zuzendaria. Itxuraz, ehun urte lehenago are ezagunagoa omen zen banda hura. 1800. urtearen inguruan, dantza hungariarrei buruzko zenbait bilduma argitaratu ziren Vienan, eta liburu horien iturrien artean zeuden Galántako ijitoak.
Egia esatera, XIX. mendean, ijitoen musikak itzelezko arrakasta bildu zuen Europa osoan barrena (horra hor, adibidez, Brahmsen Dantzak eta Liszten Rapsodiak, zeintzuk akordura etorriko baitzaizkizue gaur gauean), baina musika hori, benetan, Austriako armadari lagun egitera joandako bandek jotzen zuten, inperioko probintzietako gazteak armak har zitzaten xaxatu asmoz. Hori dela-eta, verbunkos deitu zioten musika-tradizio horri, alemanezko Werbung hitzari tiraka (errekrutatzea esan nahi du). Gerora, baina, asko zabaldu zen musika-era hori, eta, gaur egun, Hungariako musika tradizionalarekin lotzen dugu.
Kodályren interpretazioak orkestrazio bikaina du, denbora geldoak eta azkarrak tartekatzen dituena, hiru bulkadako erritmo-sekuentziari jarraituz (laburra-luzea-laburra). Czarda gisa sailkatu ohi ditugu horiek; sailkapen sinplea da, baina eraginkorra.
Edonola ere, Kodályk ondotxo zekien Hungariako landa-eremuko musika ez zela hirietako ijitoek jotzen zuten hura, ezpada beste era bateko musika, eta halaxe erakutsi zion Béla Bartók adiskideari. Biek batera egin zituzten musika-mota horri buruzko landa-lan aitzindariak, eta Bartókek, ondoren, bere konposizioetan txertatu zituen halako erritmo hautsiak eta eskala pentatonikoak. Gaiaren harira, hauxe esan zuen Kodályk: “musikari aleman batek, Bachen eta Beethovenen lanak aztertu, eta han topatuko du bere tradizio musikal nazionalaren jarraipena; bada, horixe bera bilatu behar dugu guk gure herrietan”.
Orduko hartan, haurtzaroko melodia zaharrak ekarri zituen gogora, nola ez. Dantzen antologiak berrikusi, eta halako oroitzapen bat etorriko zitzaion, bizkotxo bat usaindu eta amonaren sukaldea gogoratzen dugunean bezala: emozio hutsa. Begiak itxi zituen, seguru.
Piotr Ilitch Tchaikovskyri (1840-1893), ordea, baita hil ostean ere egotzi zaizkion hainbat gauzaren artean, horixe leporatu diote, sentimenduak gehiegi erabiltzea. Hona hemen, adibidez, musika erromantikoa aztertu zuen Alfred Einstein historialari handiaren hitz gogorrak: “Tchikovskyk amore eman zien programa melodramatiko eta sentimentalei (…), hala, nekez lortzen zuen bere sorkuntzen forma guztiz kontrolatzea, eta neurotiko hutsa zenez eta amore ematen zienez, erabat, bere jario liriko, malenkoniatsu eta emotiboei, ezin hobeto islatzen du erromantizismoaren azken fasea, hots, sentimenduen exhibizionismoa”. Iritzi gupidagabea, alajaina (eta ez dut gehiago ipini ez daukadalako tokirik, baina halako beste bi paragrafo eskaini zizkion).
Ez da dudarik: Einsteinen kritika gehiegizkoa da, baina maisu errusiarraren lanak baditu, eduki, halako ezaugarri batzuk. Bizi zela, halako erasoaldi ugari pairatu zituen konpositoreak. Besteak beste, 1874an, pianorako lehen kontzertua sortzen ari zela. Bakarlariaren zatia amaitu, eta babesle bati aurkeztu zion, Nikolai Rubinstein piano-jotzaile birtuosoari. Hark, isilune luze eta nabarmen bat egin, eta, ondoren, musikari gazte eta ordurako sonatuaren lana gutxietsi zuen, esanez obra zailegia zela, ez zuela inspiraziorik eta egiturak ez zuela koherentziarik. Tchaikovsky guztiz irainduta sentitu zen, eta, hala, ez zituen aintzat hartu Rubinsteinek iradokitako aldaketak. Bere horretan argitaratu zuen obra, eta Hans von Büllowri eskaini zion, zeinak miresmen osoz jaso eta Bostonen estreinatu baitzuen hurrengo urtean, arrakasta handiarekin, gainera.
Orduz geroztik, Tchaikovskyren errepertorioko altxortzat jo ohi da obra; hori bai, Tchaikovskyk, azkenean, gaiaz hausnartu, eta bi aldiz berrikusi zuen (1879an eta 1888an), eta Rubinsteinek berak iritziz aldatu zuen. Horra hor akatsak zuzentzearen artea.
Kontuak kontu, kontzertua adituta ondo uler daiteke zergatik egin zitzaizkion halako kritika negatiboak. Berrikusi arren, bakarlariak sekulako erronka du aurrean, orkestra indartsu eta adierazkor baten kontra jardun behar baitu ia atsedenik gabe, eta gaitasun tekniko izugarriak agertu behar baititu, adibidez, azkeneko mugimenduaren amaiera aldera, zortzidunen pasarte izugarria jotzeko. Bestalde, bitxi samarra da piezaren egitura. Adibidez, hasieran bada halako pasarte handientsu eta eder bat, izugarri famatua, hainbat zine-eszenatarako oinarri gisa erabili izan dena, baita etxe-tresna elektrikoen iragarkietan ere; piezak aurrera egin ahala, ordea, guztiz ahazten da pasarte hori, eta ez da berriro agertzen kontzertu osoan; beraz, goza ezazue une hori, ez baita errepikatuko. Harrigarria da bigarren mugimendua ere: hasieran, halako amets kutsu bat iradokitzen duen melodia bat dago, zeina, autorearen arabera, abesti frantses batean oinarritzen baita; bada, melodia hori prestissimo erritmo bat sortu arte garatzen da, eta, beraz, mugimendu geldoan bertan, scherzo bat dago.
Lehenengo eta azken mugimenduko gaiak Ukrainako melodia pare batean oinarritzen dira, eta azken mugimendu horretan badira halako klimax sutsu batzuk, ezin grinatsuagoak, bai eta Fernado Argentak biolinkeria deitzen zituen halako pusketa batzuk ere. Zer egingo dugu, Tchaikovskyren neurrigabekeriak epaitu ala begiak itxi eta harekin batera gozatu? Proba ezazue…
1899an, Edward Elgar konpositoreak (1857-1934), Viktoria erreginaren gortean bizi zen katolikoak, Bariazioak jatorrizko gai baten gainean obra sortu zuen, eta, oinarri gisa, oroipenak hartu zituen. Hala, lehen saiakera egin, eta kasik berehala erdietsi zuen bere orkestra-ekoizpenaren gailurretako bat. Elgar dugu Ingalaterrako musikak ia berrehun urtean eman zuen figura nabarmen bakarra (hona erronka bat: aipatu Purcell hil osteko hiru konpositore ingeles… Ez dago apenas halakorik, harik eta Elgar, Stanford, Parry eta Deliusen belaunaldira iritsi arte; eta ez ezazue mugikorrean begiratu, kontzertua hastear dagoen honetan itzalita eduki behar baituzue gainera, eta ez du balio Haendel aipatzea).
Piezako gai nagusia gai soil bat da, eta kontraste interesgarri batean oinarritzen da: hasieran, lau notako figura azefaloak agertzen dira, hots, konpasaren hasieran badago halako hutsune bat, zeinak hasperen gozo eta malenkoniatsuak iradokitzen baititu; ondoren, melodia liriko eta hegaldi zabaleko bat dator. Maisu handiek betidanik landu dute bariazioen artea, asmamena eta sortzeko gaitasuna islatzeko, izan ere, ideia musikalei zukua ateratzeko balio dute. Hona hemen zenbait adibide bikain: Bachek sortutako Goldberg bariazioak, Beethovenek sortutako Diabelli bariazioak edo Brahmsek sortu zituenak, Haydnen San Antonio Korala oinarri hartuta. Elgarrek lortu zuen musikari handi horien tradizioan txertatzea, obra horretan askotariko ñabardurak atera baitzizkion gaiari, eta askotariko izaera-aldaketak adierazi.
Eta nondik ote datorkio Enigmak goitizena? Bada, kontua da zenbait asmakizun atsegin agertzen direla obra honetan, zeinak orkestrazio bikaina baitu eta umore ona baitario. Lehenik eta behin, hamalau bariazioak daude konpositorearen lagunen bati eskainirik; baina inizialak eta goitizenak baino ez dira aipatzen: “saiatu naiz haiek musika konposatzeko bezain astoak balira idatziko luketena idazten”. Adiskideen enigma ezaguna dugu jada, badakigu nori eskaini zion bariazio bakoitza: hasteko eta behin, Alice agertzen da, autorearen emaztea eta musa, eta, amaitzeko, autorea bera agertzen zaigu. Pertsona horien ezaugarri pertsonal bat edo pasadizo bat hartu, eta handik abiatuta eraldatu zituen gai musikalak Elgarrek. Adibidez, honako hauek hartu zituen oinarritzat: etxera iristean emazteari agur modura jotzen zion txistua (1. bariazioa), William Meath Baker lagunaren grina (4. bariazioa), Arthur Troyte Griffithen pianoa jotzeko ezgaitasuna (7. bariazioa), George Robertson Sinclairren bulldogaren zaunkada, errekara erori eta blai eginda atera ostean (11. bariazioa). Edonola ere, Augustus J. Jaeger adiskideari eskainitakoa da bariaziorik ezagunena: Nimrod goitizena zuen, eta badirudi autoreak estimu handitan zuela.
Beste enigma, ordea, ez dugu konpondu, oraindik ez, behintzat. Elgarrek adierazi zuenez, badago gai ezkutu bat pieza osoan, itxuraz oso ezaguna, zeina ez baita inoiz jotzen baina presente baitago beti. Misterioak hor dirau, horren inguruan asko eta asko idatzi bada ere. Asmatuko ote dugu noizbait, edo Elgar adarra jotzen ari ote zaigu, eta bere musikak ez dauka sekreturik, Oscar Wilden narrazioko esfingeak bezala?
Egia esan, ez zaigu askorik axola, zeren musika hau eder-ederra da, eta lasaigarria, arratsalde euritsu batean Hampsteadeko etxean tximiniaren ondoan eserita egotea bezalakoa, halaxe egongo baitziren Alice eta Edward, musikaren mundua zabaldu eta zenbait urtera, bibotea zut eta begiak itxirik, adiskideak gogoan.
Iñaki Moreno
EVGENY KONNOV, pianoa
2018. urteko Maria Canals Nazioarteko Musika Lehiaketako lehen saria
Evgeny Konnov 1992an jaio zen, Tashkent hirian (Uzbekistan). 1999tik 2007ra bitartean Moskun ikasi zuen, Gnesinadane musika-eskola ezagunean, T. N. Sarkisian irakaslearekin. 2008tik 2012ra bitartean, Moskuko Tchaikovsky Kontserbatorioko Akademian ikasi zuen, N. G. Syslova irakaslearekin. 2013tik aurrera, Evgenia Rubinova irakaslearekin ikasten aritu izan da, Augsburgeko Unibertsitateko Leopold-Mozart-Center eskolan (Alemania), eta 2017tik aurrera, berriz, Hannover hiriko Neue Sterne piano akademian, Albert Mamriev irakaslearekin.
2016an, lehenengo saria eskuratu zuen Milango Piano Talents Nazioarteko Piano Lehiaketan (Italia). 2017an, berriz, lehen saria eskuratu zuen Lehenengo Nazioarteko Mozart Lehiaketan, Berlinen (Alemania). Urte berean, Maltako Nazioarteko Piano Jaialdi eta Lehiaketako lehen saria irabazi zuen, Valletan (Malta). Urte horretan bertan, lehen saria eskuratu zuen Piano Konpositoreen Espainiako Nazioarteko Lehiaketan, Madrilen, eta 2018an, azkenik, Maria Canals Nazioarteko Musika Lehiaketako 64. Edizioko lehen saria eskuratu zuen, Bartzelonan.
MIGUEL HARTH-BEDOYA, zuzendaria
Miguel Harth-Bedoya zuzendaria, zeinak Grammy sarietako izendapenak jaso baititu eta Emmy sari bat irabazi, Osloko Norvegia Irratiko Orkestrako zuzendaria da, eta 18 denboraldi daramatza Fort Wortheko Orkestra Sinfonikoaren musika-zuzendari gisa. Perun jaio zen, eta bi eskolatan egin zituen musika-ikasketak: Curtis Institute of Music eta Juilliard School.
Estatu Batuetako hainbat orkestra sinfoniko zuzentzen ditu, hala nola Chicago, Boston, Atlanta, Baltimore eta Clevelandekoak, bai eta beste zenbait orkestra filarmoniko ere, adibidez, New York, Los Angeles eta Filadelfiakoak. Europan ere ibili izan da zuzendari, besteak beste, honako orkestra hauetan: Londresko Filarmonikoa, BBCko Sinfonikoa, Frankfurteko eta Berlingo Irrati Orkestra, Suisse Romande Orkestra, Birmingham Hiriko Orkestra, Dresdengo Filarmonikoa, Municheko Filarmonikoa, Zurich Tonhalle eta Royal Stockholm.
Hainbat disko argitaratu ditu, hala nola Traditions and Transformations: Sounds of Silk Road Chicago, Chicagoko Orkestra Sinfonikoarekin eta Yo-Yo Marekin batera; Nazareno, Deutsche Grammophon argitaletxearen eskutik, Katia eta Marielle Labèque piano-jotzaileekin batera, eta Juan Diego Flórez tenorrarekin, berriz, Decca argitaletxearen eskutik. Profokieven pianorako kontzertu guztiak grabatu ditu Fort Wortheko Sinfonikoarekin eta Vadym Kholodenko piano-jotzailearekin (Van Cliburn sariaren irabazlea), Harmonia Mundi argitaletxearen eskutik, eta, azkenik, Grieg eta Saint-Saënsen pianorako kontzertuak grabatu du Gramophon argitaletxerekin, eta Editor’s Choice saria eskuratu. Beste lan batzuk ere grabatu ditu, hala nola Cold Mountain, zeinari esker jaso baitzuen opera-grabazio onenaren Grammy sariaren izendapena, 2017an. Norvegia Irratiko Orkestrarekin eta Tine Thing Helsethekin grabatu du azken lana.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Egmont, Obertura Op. 84
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488
I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai
Jonathan Mamora, pianoa
II
RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)
Also sprach Zarathustra Op. 30
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.