Kontzertuak

BOS 04


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Erik Nielsen, zuzendaria

I

F. Schubert: 5. sinfonia Si bemol Maiorrean D. 485
(1797 – 1828)

I. Allegro
II. Andante con moto
III. Menuetto (Allegro molto) – Trio
IV. Allegro vivace

R. Strauss: 1. Kontzertua tronpa eta orkestrarako Mi bemol Maiorrean Op. 11
(1864 – 1949)

I. Allegro
II. Andante
III. Allegro

Luis Fernando Núñez, tronpa

II

J. Guridi: Itsasontzi feniziar batean
(1886 – 1961)

M. Ravel: Rapsodia espainiarra
(1875 – 1937)

Dur: 100’

DATAK

  • 31 urria 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 01 azaroa 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Musika koloretan

Musikak kolorea du, eta orkestra sinfoniko handi bat entzuten dugun aldiro egiaztatu dezakegu hori. Har dezakegu koadro orokorra margotzen duten egileen eskura dagoen kolore paleta osotzat edo zuzendarien eskura dagoen paletatzat, zeinak keinu batez urdin pixka bat gehiago ematen dioten lanari edo pintzelkada berdea nabarmentzen duten. Zenbait musikari, Rimsky-Korsakov, Scriabin eta Messiaen esaterako, eta beste hainbat artista, Kandisky adibidez, musikaren eta kolorearen arteko sinestesiak nabarmentzeaz arduratu ziren.
Programa hau egokia da ikuspegi horretatik abiatuta entzuteko, hau da: musikariek beren obrak margotzeko balia ditzaketen moldeen erakusgarri askotarikoa da. Lau obra elkarren oso desberdinak, baina oso koloretsuak denak.
Programaz bestelako ordena kronologiko bati jarraituko diot, zuen baimenarekin; pieza horietako lehena Franz Schuberten bosgarren sinfonia da, 1816ko obra bat, musikari austriarrak hemeretzi urte besterik ez zituela osatua. Ez da erraza esaten zerk harritzen gaituen gehiago: obraren heldutasunak edo urte horretan bertan lan horrek beste 200 ahizpa izateak. Lan horiek idatzi bitartean, gainera, haur txikiei eskolak ematearen ondoriozko tortura jasaten zuen Schubertek, aita, eskola maisua bera, pozik uzteko eta diru pixka bat irabazteko, “eskolako zama pizti” baten antzera (Ignaz anaiaren hitzak, Franzen egoera berean hura ere).
Lehen maisu-sinfoniako Schubert oso mozartarra da, artean sentitu gabe baitzegoen Beethovenen sinfonia ikaragarriek eragindako inpresioa (baina itxaron urtarrila amaitu arte, BOSek Vienako musikariaren bederatzigarren eta azken sinfonia eskainiko dizue, Handia, eta hartan dagoeneko nabarmena da Bonneko jeinuaren arrasto sakona). Mozartenganako miresmena zen nagusi garai hartan musikari gaztearen ariman: “O Mozart, Mozart hilezkorra! Bizitza hobe eta distiratsuago baten zenbat eta zenbat pertzepzio betiereko ekarri dizkiguzun gure baitara!”
Baina asko dago beretik eragin horiei guztiei heltzeko moduan. Esate baterako, osagai nabarmena da –gure musikariarengan gertatu ohi den moduan– inspirazio melodikoaren etorria eta erraztasuna. Inoiz melodia bat marrazten saiatu bazarete, ondo jakingo duzue zein zaila den Schuberten lan honek zein beste ehunka lanek duten soiltasunaren eta askotarikotasunaren arteko oreka perfektuarekin asmatzea. Inspirazioa lanean ari garela etorri behar zaigu, baina egia da, halaber, zenbait artistari bereziki maiz etortzen zaiela inspirazio hori. Nahikoa da lanaren lehenengo gaiari erreparatzea: oreka horren erakusgarri bikaina baita. Edo lehen mugimendu horren beraren bigarren gaiari, guztiz mozartarra bai graziari bai arintasunari dagokionez. Eta, noski, mugimendu geldoaren doinu ahaztezinari, zeinak gogorarazten digun Schubert bereziki abeslari handia izan zela eta dohain ikusgarria zuela bere doinuen dotoretasun cantabilerako.
Bada, talentu melodikoari lotuta dago kolorearen gustua, eta sinfonia hau osatzen duten osagai askotan hautemango dugu hori. Oso adierazgarria da, esaterako, instrumentu familien ahotsak eta orkestraren sekzioak kontrastatzeko, nahasteko, txandakatzeko… modua. Hariei eta egurrei dagokienez batez ere. Lanaren lehenengo lau konpasak, esaterako, jasotzen den oihala dira, Brian Newbolden hitzetan; Schubertek egurren esku uzten du, lehenengo biolinek, biolontxelo eta kontrabaxuekin galdera-erantzunen jokoaren bitartez, lehenengo gaia azaldu aurretik. Etengabe hautematen dira era horretako trukeak, baina beharbada bigarren mugimenduan nabarmentzen dira gehien; lehenik jarri arreta nola hartzen dituen tonalitate berriak harien bitartez azaldutako doinuak, txirulen eta oboeen bikoizketaren bitartez errepikatu bezain pronto, tronpen eta fagoten hondo ilun eta beroagoaren gainean. Sekzio hori guztia era horretako ñabardurez beteta dago; ñabardura sotilak badira ere, aberastu egiten dute entzutea.
Modu maiorren eta minorren arteko argi aldaketak, zeinekin Schubertek izugarri gozatu zuen bere katalogo guztian, ugariak dira hemen ere; azken mugimenduak era horretako sorpresa ugari eskaintzen ditu, argitasunaren eta iluntasunaren arteko aldaketetan.
Labur esanda, hemeretzi urteko musikari batentzat sinestezina den perfekzioz eta heldutasunez osatutako lan bat. Bitxia bada ere, programa honetako beste lanetako bat ere gazte garaiko lan bat da. Hemezortzi urte zituen Richard Straussek 1882-83an pianoz lagundutako bertsio bat prestatu zuenean tronparako bere lehen kontzerturako; handik gutxira orkestratu zuen.
Ez da harritzekoa tronpa hautatu izana gaztetako lan hartarako protagonista gisa, izan ere, Franz Strauss, Richarden aita, ospe handiko tronpa-jotzailea zen bere garaian eta ikasleak zituen gainera. Beraz, tronpek etengabe durundatzen bide zuten Strausstarren etxean musikagile gaztearen prestakuntza urteetan, eta, ondorioz, ondo ezagutu zuen eta gogoko izan zuen tresna hura. Ez da, ordea, idatziz jaso etxe hartako bizilagunak bat zetozen zaletasun harekin.
Lan horretan ez duzue hautemango handik urte gutxirako Strauss heldua, bere poema sinfoniko handien bereizgarri den orkestraren nagusitasuna lortu zuen garaiko hura. Oraingo honetan, orkestraren tratamenduak, lanaren egitura harmonikoaren antzera, Mendelssohnen nolabaiteko eragina ematen du aditzera, baina are soilagoa da.
Hala ere, tronpa bakarlariaren agertze hutsa nahikoa da interes kromatikoa pizteko gugan. Multzo sinfonikoaren barruan, tronpak dira enpaste orokorrari gehien laguntzen diotenak, horien kolorearen aniztasunari esker hain zuzen ere. Alde batetik, tronparen soinuaren sakontasunari eta berotasunari esker, armonia handiz nahasten da gainerako tresna familiekin, hari baxuekin bereziki, nola giro aberats eta zirraragarriak sortzeko hala metalen koralei hotsandiko doinua emateko. Baina, beste une batzuetan, distiratsu eta ahaltsu entzuten dira, multzoa distiraraziz edo lehen planora igaroaraziz.
Gaur, lan labur baina zorrotz honetan, kolore eta ñabardura horiek guztiak entzungo ditugu, modu askoz ere zuzenagoan, tronpa baita bakarlaria lan honetan, non eskatzen zaion interpretatzaileari erabil dezala tresnaren malgutasun osoa, tresnak jo dezan indartsu edo gozo, martzial edo ezti, garratz edo legato, unearen arabera.
Ibilbide kronologikoari jarraituz, paleta sinfonikoaren erabilerari dagokionez maisu handia izan zena topatuko dugu. Maurice Ravelek konposatu baino gehiago margotu egin zuen 1907tik eta 1908ra bitartean rapsodia hau, eta bi pianorako habanera bat (1895. urtekoa) izan zen haren hazia. Espainiar musikaren lilura, garai hartako musikari frantses askok sentitzen zutena, kutsu inpresionistako fantasian agertzen da: esate baterako, egituren erabileran eta eskala modal, exotiko edo egileak berak sortutakoetan, musikari kolore berezia emateko helburuarekin.
Adibide nabarmenena hasierako mugimendu osoan (Preludioa gauari) dabilen lau notako motiboa da (fa-mi-re-do# beheranzko tetracordoa), zeinak, maisutasunez orkestratuta, sortzen duen ondorengo mugimenduetako zenbait gaitan ehunduz doan bilbea. Zentzu tonal tradizionalaren arabera interpretatu badaiteke ere, egia da motibo labur honek ihes egiten diola sailkapen horri, bere jarraikitasunagatik eta azalduko lukeen gainerako eskalatik isolatuta, eta funtzio piktoriko esan litekeena betetzen du, terminoa asko behartu gabe.
Gainerako guztia Ravelek orkestraren aukerak ahal beste ustiatzeko zuen ahalmenaren erakusgarri bat baino ez da (bere karrerako lehen garrantzitsuenetako bat): sotiltasun handiko koloreen festa bat da, izan ere, amaierako Feria bitartean ez dira kanporatzen eutsitako energia guztiak; aurretik, tresna eta familia guztiek dute aukera solistikoa, beren pintzelkadekin koadroari laguntzeko.
Azkenik, Jesús Guridiren lan batez gozatzeko aukera atsegina eskaintzen digu kontzertu honek. 1925. urteko poema sinfoniko bat da, zeinaren jatorria den François Fénelon elizgizon eta politikari frantsesaren Telemakoren abenturak (1699) literatura lana. Lan utopiko bat da, Luis XIV.a kritikatzen duena, baina Guridik alderdi hori alde batera utzi eta pasarte jakin batean jartzen du arreta: Telemakok eta bere maisu Mentorrek gaualdi bat igarotzen dute Adoam feniziarraren itsasontzian, loreez, lurrin gozoez, musikaz eta dantzaz inguratuta.
Aitzakia perfektua da irudi ugari osatzeko: itsaso barea, ilargiaren isla uretan, opariz beteriko zerbitzariak, dantzarien eboluzioak eta Epiron zeharreko bidaia atsegina. Nork ez luke han egon nahiko? Musikariak maisutasun guztia baliatuko du gu itsasoratzeko. Ekialdeko giroak, halaber, aukera ematen dio izaera modaleko zenbait doinu sartzeko, zeinak ohiko tonalitateaz kanpoko esparruetakoak diren, eta, horregatik, tonu arkaikoz edo exotikoz margotzen dute musika, feniziar dantzen erritmoekin bat eginik. Goza ezazue gau mediterraneo beroaz, eta pentsatu nolako meritua duen Guridik, gai izan baita hura marrazteko gure belarrientzat, nahiz eta Gasteizko gau freskoetara ohituta egon.
Aprobetxatu tarte hau koloretan entzuteko, egunerokoan aski bizi baikara zuri-beltzean.

Iñaki Moreno

LUIS FERNANDO NÚÑEZ – Tronpa

Soriako Musika Kontserbatorio Profesionalean hasi zituen musika ikasketak, eta ondoren, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan jarraitu zituen goi mailako ikasketak, Mario Telenti eta Hector Pertegaz irakasleekin; azken ikasturtea karrera amaierako aparteko sariarekin amaitu zuen.
Bere musika ibilbidean hainbat musika banda eta orkestratan parte hartu du, hala nola Soriako Udal Musika Bandan, Soriako Gazte Orkestra Sinfonikoan, Valladolideko Unibertsitateko Orkestran, Iruñeko Udal Bandan, Barakaldoko Udal Bandan eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoan eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoan. 2015. urteaz geroztik Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronpa bakarlaria da.
Eskarmentu handia du ganbera musikan, eta besteak beste Euskadi Brass taldean, “Diafoirus” haize boskotean eta “Cluster” haize seikotean jardun du. Talde horiekin hainbat aipamen eta sari irabazi ditu; nabarmentzekoak dira Iruñeko Fernando Remacha ganbera musikako VI. lehiaketako 1. saria, Gaztela eta Leoneko Arte Gaztea lehiaketako 1. saria eta “Manresa Hiria” Ganbera Musikako XXIV. lehiaketako 1. saria.

ERIK NIELSEN – Director

Erik Nielsen 2015eko irailean bilakatu zen Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular, eta 2016tik 2018ra arte Basileako Antzokiko musika-zuzendaria izan zen. 2002an 10 urteko elkarlanari ekin zion Frankfurteko Orkestrarekin, lehenik korrepetitor (pianista) eta gero kapellmeister gisa. Urtebete lehenago, Berlingo Orkestra Filarmonikoko harpa-jotzaile izan zen, hain zuzen, Orchester-Akademieko kide.
Nielsen maisuak orkestra-zuzendaritza ikasi zuen Filadelfiako Curtis Musika Institutuan, eta oboe eta harpako lizentziatura jaso zuen Juilliard School of Musicen.
2019/2020 denboraldiari begira dituen hurrengo proiektuen artean, Die Meistersinger zuzenduko du Oslon kontzertuak izango ditu Madrilen eta Manchesterren, eta Municheko Bayerische Staatsoperrera itzuliko da.
Oraintsu izan dituen emanaldien artean, berriz, hauek nabarmentzen dira: Kreneken Karl V.a, Bayerische Staatsoper Munichekin; Edipo Rex, Prigioniero eta Pelléas et Mélisande, Semper Oper Dresdenen; Peter Grimes eta Trojahnen Orest, Zuricheko Opernhausen; Lachenmannen Billy Budd eta Das Mädchen, Frankfurten; Usandizagaren Mendi Mendiyan, Pasioa San Juanen liburutik eta Salome Bilbon; eta The Rake’s Progress, Budapesten. Horrez gain, kontzertuak egin ditu Oslo, Stockholm, Madril, Estrasburgo, Lisboa, Basilea eta Aspenen, eta Interlochen Arts Campen.
2009an, Solti U.S. Fundazioak Sir Georg Solti saria eman zion.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

22
Aza
2024
>BOSeko Hari Laukotea

BOSeko Hari Laukotea

Lekua: Sestao Musika eskola

M. Ravel: Cuarteto para cuerda
L. van Beethoven: Cuarteto n. 4, op.18 en do menor

Azer Lyutfaliev, biolina
Iñigo Grimal, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa

 

Informazio eta sarrerak

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako la minorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak