Kontzertuak

BOS 09

Abonu tematikoa, Hastapeneko Abonua


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
Sinfonia kontzertantea biolin, biola eta orkestrarako Mi bemol Maiorrean, KV 364

I. Allegro maestoso
II. Andante
III. Presto
Nils Mönkemeyer, biola
Giulia Brinckmeier, biolnA


HECTOR BERLIOZ (1803 – 1869)
Harold Italian Op. 16

I. Harold mendietan: Tristura, zoriontasun eta poztasun eszenak (Adagio)
II. Erromesen martxa, arratsaldeko eskariak abestuz (Allegretto)
III. Abruzzietako menditar baten serenata maitaleari (Allegro assai)
IV. Bidelapurren orgia: iragandako eszenen oroitzapenak (Allegro frenetico)
Nils Mönkemeyer, Biola

DATAK

  • 06 otsaila 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 07 otsaila 2020       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Arimaren bidaiak

Kontzertuak al dira? Sinfoniak? Gaurko egitarauak orkestrarako bi konposizio eskaintzen ditu –eta orkestrarako direnez, sinfonikoak dira–, eta, horietan, biolinak eta biolak oso paper nabarmena betetzen dute. Hala ere, ezin da esan kontzertuak direnik. Hori baino gehiago, gaur egungo adierazpen artistikoetan modan dauden crossover moduko bat dira (Mozart beti izan zen berritasun zalea, eta Berliozek erabat hausten zituen etiketak).
Nolanahi ere, gaur BOSek eskainiko dizkigun bi konposizioak bikainak dira, biolina, biola eta orkestraren arteko kontzertu-harremanei dagokienez, behintzat.

Mozartek hemezortzi laguneko talde murritz batentzat idatzitako lana dugu hau –nahiko talde soila da, egia esan, hariaz gain oboea eta tronpa baino ez ditu-eta–, baina, hala ere, bereziki aberats eta adierazgarria da Mozart jeinuaren irudimenean. Izan ere, lotura, konkordantzia eta sinergiak bideratzen ditu, bai eta bultzatu ere, aparteko bi bakarlarirekin: biolinarekin eta biolarekin. Mozart konposatzaile austriarrak ederki ezagutzen zituen bi instrumentu horien gaitasun tekniko eta espresiboak, eta horrexegatik idatzi zuen horrela.

Berliozen kasuan, orkestra hazi egiten da, eta duela ia berrehun urte izan zitekeena bezain osatu eta koloretsu bihurtuko da. XIX. mende hasieran izan ohi zen bezala, bereziki ongi hornitua dago, kopuru eta aniztasunean. Berlioz musikari frantsesak izugarrizko irudimena zuen; gaur entzungo dugun obra erromantizismo izugarriz sortu zuen, eta bere bizitzan eta lanean hain garrantzitsu izan zen izaera literario eta berezia eman zion.

Mozart eta Berliozen inspirazioek badute, gainera, beste ezaugarri bat: espresionismo dramatikorako joera naturala dute biek. Mozart gai da hori hitzik gabe lortzeko ere: bere melodien indar agortezina nahikoa da edonor hunkitzeko, eta sentipen indartsu zein sotilak, arinak edo traszendenteak aditzera emateko. Hain dira biziak, ezen ez baitute musikaz kanpoko ezeren erreferentziarik behar tentsioa adierazteko, edo poza, edo nostalgia: Mozarten musika hain da ugaria, askotarikoa eta kalitatezkoa, haren baitan sartzen baitira adierazpenik ezberdinenak ere. Gure entzumena gozamenez betetzeko eta gu hunkitzeko gaitasuna du. Berlioz frantziarra, aldiz, erabat erromantikoa eta guztiz literarioa da –irakurle nekaezina zen, eta, gainera, kronista ezin hobea–, eta esperimentazioan murgiltzen da; hala, nahastu egiten ditu musika, olerkigintza eta mitoa, eta eleberri eta antzerki lanetako argumentuetan barneratzen da. Orkestraren soinuetara eramaten ditu haietako pertsonaien ideiak, sentimenduak eta abenturak eta musikaren bitartez, testuen unibertso oso bat ekartzen du gogora.

Wolfgang Amadeus Mozartek (Salzburg, 1756-Viena, 1791) hainbat instrumentutarako kontzertuak idatzi zituen, eta ezin hobeto ezagutzen zituen haietako bakoitzaren berezitasunak. Bere garaiko instrumentu guztietarako idatzi zituen, biolontxelo eta tronboirako izan ezik. Pianoa zuen instrumentu nagusi, eta harentzat, hogei kontzertutik gora idatzi zituen. Bere buruarengan pentsatuz idatzi zituen gainera, pianista bikaina izatera iristeko ametsarekin. Instrumentista profesionalentzat ere idatzi zuen, lagun zituen Anton Stadler klarinete-jotzaile edo Joseph Leutgeb tronpa jotzailearentzat, besteak beste. Bi horiek talentu bikaina zuten, eta Mozarten lagunak ziren; hortik sortu zen, hain zuzen ere, hainbat maisu-lan bultzatu zituen indarra. Gainera, Mozartek aristokrata musikazale batzuentzat ere idatzi zuen; musika entzun eta mezenas gisa aritzetik aparte, instrumentuak jotzen zituzten. Besteak beste, Dürnitz baroi fagot-jotzailea, edo Guineseko duke eta txirula-jotzaile trebearekin gertatu zen hori.

Hala ere, ez dakigu zein interpretatzailerentzat konposatu zuen Mozartek Sinfonia kontzertantea biolin, biola eta orkestrarako Mi bemol Maiorren izeneko lana. Adituek diotenez, Mozartek seguru aski beretzat gordeko zuen biolaren papera, harizko instrumentuetan kutuna baitzuen, eta huraxe hartzen baitzuen beti beretzat laukoteetan jotzen zuenean.

Sinfonia kontzertantea tarteko genero bat da: concerto grossotik dator, eta oso arrakastatsua izan zen XVIII. mendearen azken laurdenean, batez ere Manheim eta Parisen. Izan ere, hiri horietan orkestra garrantzitsuak zituzten, eta musikari apartekoak. Hiri horietantxe igaro zituen Mozartek gaur entzungo dugun lana konposatu aurreko hilabeteak. Ez da kontzertu bat, ez eta sinfonia bat ere, baina, zalantzarik gabe, maisulana da. Batzuentzat, genero horretan izan den “azken hitz” moduko bat da.

Ziurrenik, 1779ko udan edo udazken hasieran konposatu zuen Mozartek. Ordurako, Salzburgera itzulia zen, eta orkestrarako idatzi zuenak argi erakusten du Manheimeko orkestrak zer nolako miresmena sortu zion: biolak banatuta daude, eta horrek aberastu egiten du testura, eta biolin eta biolen arteko simetria ederra agerian uzten laguntzen dute. Hala, bakarlarien arteko elkarrizketa etengaberako oinarri perfektua sortzen dute, argi desberdinekin, oihartzun eta loturekin aurkeztutako esaldien bitartez.

Allegro maestoso zatian ideia ausartak jasotzen dira, biziak eta sendoak, eta, horiekin batera, erreflexiboagoak diren beste batzuk, liriko eta erakargarriagoak. Bata bestearekin elkartzen dira, modulazio bikainak daude, eta patroi erritmiko eta melodikoen arteko bat-egitea perfektua da; multzo osoak koherentzia lortzen du horrela, mirariz, eta, gainera, bakarlariak aske ibil daitezke, ezin hobeto osatuta dagoen eta entzumenerako zoragarria den soinu-panorama horren erdian. Bakarlari bakoitzaren ekarpena multzo osotik sortu zedila lortzea izan zen Mozarten konkistarik handiena; bakarlariak inguruan duen osotasunaren funtsezko zati gisa, eta horregatik bere izaera indibidualaren eta autonomiaren zipitzik ere galdu gabe. Mozarten estilorako aurrerapen handia zen, noski, baina, oro har, musika-lengoaiaren eboluziorako ere bai. Bakarlaria agertu egiten da, eta ekintza berarekin bat egiten du (Mozartek bere operetako arietan ere lortzen du hori).

Andante zatiari malenkonia dario, Mozarten ezaugarri den proto-erromantizismoaren adierazgarri –Salzburgeko Mozartena ere bai–; erromantiko batzuek jakin izan zuten hura antzematen. Mozartek, gainera, zentzumen berezia zuen sonoritaterako, hots, adierazpen-eramaile den soinurako; do minorreko melodien trazua goxoa eta erakargarria da, haien esentzia kontzentratua dago, eta harizko bakarlarien bibrazioa ederra da –biolaren ahotsak duen humanismoa bereziki–. Hala, mugimendu horrek sentipen erromantikoa agerrarazten du, esaldi bakoitzak aurrekoaren gizatasun sakonean are gehiago sakontzen baitu, bakarlarien arteko imitazioetan bereziki.

Amaierako Presto zatia irudimentsua eta estimulatzailea da, freskotasun handikoa, eta miraria badirudi ere, kolorez betea: Mozartek tratamendu berezia ematen die oboe eta tronpei, eta, hala, akonpainamendua ematen badute ere, ez dira inondik ere bigarren lekuan gelditzen. Gainera, rondo tankerako formatuari esker, oso erakargarria da entzulearentzat, hurbiltasunezko tratua ematen baitio musikaren bitartez. Konpasa bikoa da, esaldiak arinak, eta tonalitatea maiorrera itzultzen da; hala, diskurtsoak zoriontasun itxaropentsuaren kutsua hartzen du.

Obra hori sortu aurreko garaia gogorra izan zen Mozartentzat, alor pertsonal zein profesionalean: ama, bidaian lagun izan zuena, hil egin zen Parisen; Aloysia Weber maite zuen, eta hark entzungor egin zion hoztasunez; ez zuen lan-eskaintza interesgarri bakar bat ere jaso, ez eta enkargu txukun bat bera ere, eta, gainera, Mozarten inkonformismoak eta bidaiak tentsioak ekarri zizkion aitarekin, eta etxeko finantza-egoera okertu egin zen. Hala, Mozart Salzburgo hiri txikira itzuli zen, bihotzean korapilo bat zuela. Hori guztia ikusi egiten da obra honetan, baina bizitzarako zuen maitasun berezkoa ere bai; izan ere, guk mundutik igarotzeko dugun moduak berezko duen adierazpen-ugaritasuna erakusten duen multzo organikoa artikulatu zuen, izugarrizko trebetasunez.

Eta, ordura arte inoiz ikusi gabeko askatasunez, musikak eta literaturak bat egin zuten Hector Berliozen pentsamendu artega eta geldiezinean (La Côte-Saint-André, 1803-Paris, 1869). Berliozek gehiegizko irudimena zuen –gehiegizkoa, baina ernea– eta artearekiko konpromisoarekin bat egiten zuen adore handia ere bai. Hala, aro berri bat ireki zuen, musikaren ikuspegia esperientzia artistikoaren kontzeptu orokorrean sartu zuen aroa. Berezkoa zuen inkonformismoa, eta bizkortasun intelektual handikoa zen; horrela, garai hartako Parisen zegoen panorama musikalarekiko loturak hautsi egin zituen, eta artean ikasle gazte bat baino ez zela, Europako soinuen paisaia astintzen zuten berrikuntza harmoniko eta tinbrikoak miresten hasi zen.

Beethoven izugarri miresten zuen, eta hark sinfonia bikain landu zuenez, Berliozek ez zuen nahi izan genero harekin hausterik; hala ere, konposatzaile sinfoniko esperimental bihurtu zen berehala. Argi zegoen sinfoniaren mugimenduekin lotutako eskema formal batzuk bateraezinak zirela musikaz kanpoko argumentu batean jasotako gertakizunekin.

Horregatik, Berliozek orkestrarako egin zituen zenbait obra sinfonia gisa sailka daitezke –berak ere halaxe egin zuen–, baina olerki gisa ere bai, drama sinfoniko edo musika programatiko gisa. Izan ere, Berliozi esker sortu zen olerki sinfonikoa izeneko generoa, Erromantizismoak orkestren munduan izan zuen genero nabarmenetako bat.

Berliozen lengoaia musikala oso aberatsa da, eta bere hitz-jarioa agerian gelditzen da bere orkestrazio oparoan, tinbreen xehetasunez josita baitago: Berliozek margo-paleta zabala du, hizkera jasoduna, eta ideiak sortzen dituenean, hasieratik zuzenean kolorea ematen die, hasiera-hasieratik obra bere osotasunean hartu nahi du.

Gainera, melodiarako sormen adierazgarri eta erakargarria du, eta bide berriak irekitzen dituen antolakuntza formal berri bat baliatzen du. Hala, Berliozek idazkera ezin egokiagoa du bere helburu artistikoa betetzeko; hots, bere zaletasun nagusiak diren musika, literatura eta bizitza elkarri lotzeko. Horixe lortzen du Harold Italian lanean.

Childe Harolden erromesaldiak izeneko lana olerki narratiboa da, eta munduarekin atsekabetua dagoen gazte baten gorabeherak eta bidaiak deskribatzen ditu. Obra horretan elementu autobiografiko nabarmenak daude, eta argitaratu zenean, George Gordon Byron Ingalaterrako olerkigilerik ospetsuena bihurtu zen. Haren argazkiak asko hedatu ziren estanparen bitartez, eta hari buruzko testuak gogotsu irakurri zituen jendeak; hala, aro Modernoak berea izango zuen artista mota berri bat sortu zen pixkanaka. Lord Byronen, bizitza eta obra banaezinak dira, eta, horregatik, Childe Harolden erromesaldiak laneko I. kantuan, hauxe irakur dezakegu, Byronek hogeita bat urterekin Kornualleseko kostaldetik alde egiterakoan ikusi zuen azken irudia deskribatzeko: “Belak puztuta zeuden, haize leunak bultzatuta, eta bazirudien atsegin ematen ziola bera aberritik urruntzeak. Pixkanaka, bizkor desagertu ziren bere bistatik harkaitz zuriak, eta, gero, itsasoaren aparrekin nahastu ziren”.

Ez zegoen beste ezer Berlioz horrenbeste liluratzen zuenik, irakurketa haiek baino; izan ere, berak ere itsasora atera eta sentsazio eta bizipen berrien bila abiatzearekin amets egiten zuen. Garai hartan ospetsu zen Erroma Sariak emandako bekari esker, Berlioz Italiako hiriburura joan zen 1831n, eta lehen bidaian itsasontzia hartu zuen Marseillatik Livornora. Itsasontzi hartan veneziar bat ezagutu zuen, eta hark esan zion Byronen korbeta eraman zuela hark Adriatikoan eta Greziako artxipelagoan egindako bidaia abenturatsuetan. Berliozek berak aipatu zuen, bere Memoriak lanean, “plazer” ematen ziola “Childe Harolden erromesaldien adiskide baten ondoan” egoteak.

Erromako bizitzak sentipen kontraesankorrak eragin zizkion konposatzaileari: batetik, “musika-mundutik, zibilizazioaren erdigunetik erbesteratua” sentitzen zen, une hartan Paris borborka egoten hasia baitzen, eta halaxe egon baitzen ehun urte geroagora arte. Bestetik, Erroman betidanik izan zuen nahi hura bete ahal izan zuen, mendira ateraldiak egiten zituenean; batzuetan gitarra eramaten zuen, bestetan eskopeta. Halaxe idatzi zuen: “Bihotzaren askatasuna, sormenaren askatasuna, arimarena, guztiarena. Benetako askatasuna, erabatekoa, izugarria!O, Italia handi eta indartsua! Italia basatia! Zure ahizpa Italia artistarekiko, axolagabea”.

Berliozen idazkietan hau agertzen da: “oroitzapen, olerkigintza eta musikaren eragin guztiak, konbinatuta” agertzen dira 1834ko azaroaren 23an Parisko Kontserbatorioan estreinatu zen Harold Italian lanean. Lan horretan, ikuspegi poetikoak zizelkatzen duen pertsonaia baten ikurra da biola, egiazko erromesaldi moral baten protagonista, muina jasotzen duen gai baten inguruan antolatutako musika-diskurtsoarena. Gai horrek sortzen du obra osorako materiala, eta hartatik beste ideia batzuk sortzen dira; Harold-Byron-Berliozen pentsamenduak, emozioak eta ibilerak koloreztatzen dituzte, eszena bitxiak ere bai, eta prozesioak eta eguzkiaren edo izarren argipean aldatu egiten diren paisaiak. Dena dago hor: oparotasuna, introspekzioa, malenkonia, kontzientzia poetikoa, bakardadea…

Berliozek, gainera, bere Memoriak lanean aipatzen zuen Erromako San Pedro elizara joaten zenean “Byronen liburuki bat eramaten” zuela berarekin, eta “aitorleku batean eroso eserita, atmosfera fresko batean gustura, isiltasun osoan, olerki sutsu haiek ezin gusturago irakurtzen” zituela. Childe Harolden erromesaldiak lanean, Byronek horrelakoak aipatzen ditu: “Italiako gauaren urdintasun iluna, hango zeruak halako koloreak hartzen ditu”, eta horrelakoetan, nola ez, Berliozi arima pizten zitzaion, eta halaxe oihu egiten zuen Byronen gainean: “Maitatua! Olerkigilea! Librea! Aberatsa! Hori guztia izan zen! Eta aitorlekuak dar-dar egiten zuen; kondenatuak ere beldurtzeko moduan aditzen zen hortzek nola egiten zuten karranka”.

Kontzertua edo sinfonia, nomenklatura kontua baino ez da. Musikaren arima hitzak baino harago dago, eta iritsi nahi dugun tokira eramaten gaitu. Goza ezazue.

 

Mercedes Albaina


Nils Mönkemeyer, biola

Nils Mönkemeyer ospetsu egin da, nazioartean biola-jotzailerik arrakastatsuenetakoa baita. Musikari gisa maisua da, bikainen artean bikainena, eta azken urteotan bere instrumentuaren profila nabarmen igotzea lortu du. Errepertorio zabala du, XVIII. mendetik hasi eta XXI. mendera bitartekoa, biolari buruzko literatura originaletik hasi, berriz deskubritu dituen perlak barne, eta berak eginiko moldaketetaraino; barroko garaiko estilo gardenetik, gaurko konposatzaileen eskakizun ezin zailagoetaraino. Gainera, geroz eta obra gehiago konposatzen dituzte berarentzat bereziki.

Esan gabe doa Nils Mönkemeyer nazioarteko interpretatzailea dela, toki guztietan nahi duten ganbera-musikaria, orkestra nagusietan sarri aritzen den bakarlaria; Berlinetik hasi eta Amsterdameraino. Jaialdi askotara gonbidatzen dute, besteak beste, Gstaad, Schleswig-Holstein eta beste hainbatetara. Mönkemeyerrek kontratu esklusiboa du Sony Classical etxearekin, eta CD ugari atera ditu azken urteotan. Guzti-guztiek kritikaren txaloa jaso dute, bai eta sari ospetsu ugari ere.

2011z geroztik, Mönkemeyer irakaslea da Municheko Musika eta Arte Eszenikoen Unibertsitatean; hantxe ikasi zuen berak ere, Hariolf Schlichtigekin.

 


Giulia Lucrezia Brinckmeier, biolina

Giulia Brinckmeier hiru urterekin hasi zen biolina ikasten, eta zazpi urterekin jo zuen lehen aldiz bakarlari gisa, Orchestra della Radio della Svizzera Italianak lagunduta. Milanen graduatu zen, eta masterclassak jaso zituen, besteak beste, Pavel Vernikov, Anton Sorokow, Keiko Wataya, Ivry Gitlis eta Ilya Gringolts maisuen eskutik.

Lehen sariak jaso ditu lehiaketa nazional zein nazioartekoetan, eta ikasketetarako laguntzak eta bestelako errekonozimenduak ere eman dizkiote. 2006. urteaz geroztik, Giulia bakarlari gisa aritzen da oholtzan, baita ganberako musikari gisa ere, aretorik ospetsuenetan: Vienako Brahms Saal del Musikverein, Milango Sala Verdi, Stavangerreko Konserthus (Norvegia), Txinako Jiangxi Art Center eta Shanghai Thames Town theater, Luganoko Palazzo dei Congressi, eta musika-jaialdietan ere bai, hala nola Norway Youth Chamber Music Festival, Suediako Aurora Chamber Music Festival, Lugano Lake Festival eta Ceresio Musica (Suitza) jaialdietan.
Sarri parte hartzen du maila goreneko musikariekin, besteak beste, Alexandra Conunova, Stephan Kropfitsch, Anton Sorokow, Alexandr Semchuk, Raphael Leone, Andreas Brandelit eta Christian Bellisariorekin. 2010ean Trio Chromatique hirukotea sortu zuen, eta 2012an aurkeztu zuten lehen CDa Giacomo Morandi Editore etxearekin.

Concertino gisa aritu da Italia, Austria eta Norvegiako hainbat ganbera-orkestra eta orkestra sinfonikorekin, eta 2017ko urriaz geroztik concertino titularra da Bilbao Orkestra Sinfonikoan.

Giuliak 1885. urteko G. Antoniazzi biolina jotzen du, Milango Pro Canale Fondazionek adeitasunez utzia, eta E. Pajeot arku bat erabiltzen du.

 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

03 - 04
Urr
2024
>Beethovenen Enperadorea

Beethovenen Enperadorea

Lekua: Euskalduna Jauregia

L. van Beethoven: Piano eta orkestrarako 5. kontzertua Op. 73 “Enperadorea”
A. Dvorák: 8. sinfonia Sol Maiorrean Op. 88

Vadym Kholodenko, pianoa
Nuno Coelho, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
10 - 11
Urr
2024
>Klasikoak gazteak dira

Klasikoak gazteak dira

Lekua: Euskalduna Jauregia

W.A. Mozart: Bahiketa harenean, Obertura K. 384
F.J. Haydn: Biolontxelorako eta orkestrarako 1. kontzertua Do Maiorrean Hob. VIIb:1
Caroline Shaw: Entr’Acte
F.J. Haydn: 60. sinfonia Do Maiorrean Hob. I:60 “Il Distratto”

Julia Hagen, biolontxeloa
Lorenza Borrani, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
17 - 18
Urr
2024
>Arrosaren zalduna

Arrosaren zalduna

Lekua: Euskalduna Jauregia

D. Shostakovich: Piano eta orkestrarako 1. kontzertua Op. 99
A. Leng: Alsinoren heriotza
R. Strauss: Der Rosenkavalier, Suite Op. 59

Sergei Dogadin, biolina
Luis Toro, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
28
Urr
2024
>Ganbera 1

Ganbera 1

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Hari-kuartetoa Fa Maiorrean
BOSen hari-laukotea

G. Gershwin/L. Sauter: Rhapsody in blue, hari eta piano boskoterako
BOSen boskotea pianoarekin

Gehiago ikusi