Kontzertuak
BOS DENBORALDIA 5-2009-2010
Atzera begirada bat
P. Sorozabal: Victoriana
B. Marcello: Concierto para oboe, cuerda y continuo
I. Stravinsky: Pul cinella, ballet
Nicolas Carpentier, oboea/oboe
Marife Nogales, mezzosopranoa/mezzosoprano
Andeka Gorrotxategi, tenorra/tenor
Fernando Latorre, baxua/bajo
José Ramón Encinar, zuzendaria/director
DATAK
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Joseba Berrocal
STRAVINSKAIA, 5. zk.
Zalantzarik ez dago konpositore lanbideak satisfazio espiritual asko eman izan dituela eta, itxura guztien arabera, ematen jarraituko duela, baina hobe albo batera uzten badugu satisfazio materialen gaia.
Biziraun ahal izateko, badaude zenbait bide klasiko.
Esate baterako, gremioan bizkarra ondo babestuta sartzea; hori horrela izaten zen, umeren batek “ama, artista izan nahi dut” esaten bazuen, eta familiak hori ondo onartzen bazuen. Hala gertatu zitzaien Felix Mendelssohni, Gesualdo da Venosari edo Benedetto eta Alessandro Marcello anaiei. Denak ziren nobili veneti, eta halaxe jartzen zuten euren edizioen azaletan, profesional xumeekin nahastu ez zitzaten.
Beste aukera bat da horretarako ordaintzen dizun erakunderen batean sartzea, soldatapean. Aukera horri heltzea errazagoa zen aurreko mendeetan; izan ere, Europa katedraletako kapera-musikaz eta nobleziako orkestraz beteta zegoen. Alabaina, azken mendeotan, egoera zailduz joan da. Aukera horren azken aztarnak Konposizio Zentroak babesten zituzten irrati publikoak izan ziren. Eta ziur oraindik ere baten bat geratzen dela Frantzian, Alemanian edo ipar-iparreko herrialderen batean. Bach eta Boulez horren adibide argiak dira, bakoitza bere erara.
Ohikoena zeregin hoberen bat bilatzea da. Egia esan, ez hainbeste zerbait ‘hobea’, baizik eta zerbait ‘produktiboagoa’. Irakaskuntza, orkestra-zuzendaritza edo interpretazioa dira biderik ohikoenak. Azken aukera horren barruan, maila ugari daude: mundu osoan ospetsua den bakarlaria izatea –Rachmaninoven antzera– edo, hedatuena, kafetegi, jatetxe eta burdeletan jotzea, eta hemen ez dugu izenik aipatuko, baina, zinez, bat baino gehiago eta bi baino gehiago daude.
Zorte apur batekin, egoerarik onenera heldu gaitezke: zure lanetako bat edo gehiago arrakastatsu bihurtzea –“melokotoi puska”, El Faryk deitzen zien moduan– eta egile-eskubideek soldata biribiltzea. Gure Pablo Sorozábalek umorez esaten zuen hiru emakumeren pentzutan bizi zela: “Katiuska”, “Arrosa-sortadun emakumea” eta “Portuko tabernaria” ziren aipatutako hirurak. “Hiru andre horiek mantendu egin naute, eta, oraindik ere, txiri-txiri mantentzen naute”.
Baina zure emakumeak lanean jartzeak denbora asko eskatzen du. Stravinskyk, mundu osoan ospetsua izan aurretik eta Udaberrian Kontsakratutako Ama Birjinarekin eta Petrushkarekin poltsikoak betetzen hasi aurretik, aro ez hain metaforikoa bizi behar izan zuen. Ballets Russes delakoak eta Stravinsky bera, hezur-haragizko emakume batek irabazitako dirutik bizi izan ziren. A zelako haragi puska, eta a zelako hezur puska zen emakume hura. Gaur egun honetaz gogoratzen ez bagara ere, Coco Chanel mezenas nagusienetako bat izan zen Diaglileven ballet errusiarren hastapenetan. Konpainiako arropak musu-truk diseinatzeaz eta egiteaz gain, 20ko hamarkadako uneren batean luxuzko etxe bat erosi zuen Garchesen, Parisetik hur, Stravinsky eta haren emazte Katerina bertan bizi zitezen; izan ere, garai hartan, euren egoera finantzarioa ikaragarri txarra zen. Mingain guztiek, onek zein gaiztoek, esaten dute Cocok beste zerbait ere miresten zuela Igorren musikaz gain –eta zatarra zen morroia, baina hara…–, eta horregatik, 1927an Stravinskyk jakin zuenean Cocok adarrak jartzen zizkiola Dimitri Duke Handiarekin, konpositorea zoro baten moduan jarri zen.
Gutxienez, gaur gaueko kontzertuaren kasuan, ziurtasun osoz esan dezakegu hiru konpositoreek gorabehera handirik gabeko bizitza finantzarioa izan zutela, beste figura handi batzuek (Mozartek edo Bartokek, adibidez) ez bezala.
Egitarauko hiru lanen beste ezaugarrietako bat omenaldiaren eta kontrafaktaren marka da. Jatorriari zein aipamenari dagokienez.
Alessandro Marcello (Venezia, 1669-1747) espiritu geldiezin eta artistikoa izan zen. Bere talentu ugarietatik, konposizioaren dohaina nabarmendu behar da, eta pena da hain gutxi aritu izana lan horretan. Bere produkziotik heldu zaiguna oso kalitate poetiko onekoa da; hainbeste ze, Johann Sebastian Bach ere bere piezetako bat transkribatzera animatu zen; hain zuzen ere, gaur gauean entzungo dugun oboerako kontzertua. Hala ere, denboratxo bat igaro behar izan zen, jatorrizko lana Alessandro Marcellorena zela konturatu arte. Hasieran, pentsatu izan zen Vivaldirena zela –Bachen liburuki berean transkribatutako beste kontzertu batzuk bezala–, gero bere anaia Benedettoren lana zela (bera zen familiako ospetsua, eta denetan emankorrena), eta, duela zenbait hamarkada, kontzertuaren jatorrizko argitalpen holandarra aurkitu zen, non argi eta garbi adierazten baita Alessandro dela egilea. Edozelan ere, garrantzitsuena musika bera da: folklorea balitz bezala, gutako askok adagioaren melodia ezagutzen dugu. Imajina dezakegu Bach gaztea, lan hau zenbait helbururekin berridazten; lehenengo helburua, bere etorkizuneko produkzioa markatuko zuten teknika veneziar berrietan trebatzea izan zitekeen; bigarrena, berriz, hain kontzertu polita ahanztura posibletik salbatzea.
Pablo Sorozábalen (1897-1988) Victoriana lanaren historia ia-ia aurkakoa da: hain zuzen ere, donostiarraren lana ahaztuta geratu zen. 30eko hamarkadan, Sorozábalek arrakasta lortu zuen bere zarzuelekin, eta, oraingoan, Tomás Luis de Victoriaren bost pieza aukeratu –erraz ezagutuko ditugu Ave Maria ospetsua edo Pueri Hebraeorum delakoa– eta instrumentatu egin zituen, XX. mendeko orkestra sinfoniko handiak eskaintzen zituen aukera guztiak erabiliz. Premièrea 1952ko abenduaren 14rako zegoen aurreikusita, eta gogoangarria izateko itxura guztiak zituen. Victoriana lana estreinatzeaz gain, Sorozábalek (Madrilgo Orkestra Filarmonikoko zuzendari titularra zen) Shostakovichen Zazpigarren Sinfoniaren estreinaldia ere programatu zuen. Jada ez zen sarrerarik geratzen, baina hara non, bezperan, Sorozábali telefonoz jakinarazi zioten ez zela kontzerturik egingo. Goi mailako instantzietatik izan zein ez, Sorozábalek ezin okerrago hartzen zituen kontu hauek. Zuzendari postutik dimititu egin zuen, eta Victoriana lana, istilu hispaniar-sobietarraren zeharreko biktima, estreinatu gabe geratu zen 1987ra arte. Neoklasizismo musikal europarraren adibide berantiar hau are berantiarragoa bihurtu zen.
Korronte hau, Neoklasizismoa alegia, XIX. mendearen amaieran sortu zen, baina, paradoxikoa badirudi ere, abangoardien puntan zeuden eta kontserbadoreen zigortzaile ziren Ballets Russes delakoek eman zioten nolabaiteko izaera. Lehenengo, 1917an, Tommasiniren Les Femmes de Bonne Humeur lanarekin (Scarlattiren musikarekin); gero, Respighiren lan pare batekin; eta, batez ere, 1920ko maiatzaren 15ean “Ballet avec chant en un acte” gisa estreinatu zen Stravinskyren (1882-1971) Pulcinella lanarekin.
Berriz ere, arazoa sortu zen: nor deabru ari ginen omentzen. Hasieran, Diaghilevek Stravinskyri pasatu zion musika, esanez Pergolesirena zela, nahiz eta, egiaz, erdia baino gehiago Gallo, Chelleri, Monza, Parisotti eta Wassenaerrena zen… Denak ere, XVIII. mendeko konpositore ezezagunak ziren, baina XX. mendean txalo-zaparrada galantak jaso zituzten. Gehienetan, Stravinskyk berak urte batzuk geroago atera zuen bertsio sinfonikoan, eta ez hainbestetan jatorrizko bertsioan, tartean zirelarik gaur entzun ahal izango ditugun emanaldi kantatuak. Hori dauka konpositore izateak: beharbada ez zara aberastuko, baina beti izango duzu txalo-zaparradaren bat, nahiz eta zaparrada hori bi mendeko atzerapenarekin heldu, orkestra kubista baten eskutik.
Joseba Berrocal
Nicolas Carpentier, oboea
Nicolas Carpentier Parisen jaio zen, 1972an. Oboe ikasketak Versallesko kontserbatorioan hasi zituen, eta hantxe graduatu zen oboean eta ganberako musikan, 1987an. Lyongo goi mailako Kontserbatorioan jarraitu zuen ikasten, eta, ondoren, Munichen, François Leleux maisuarekin.
“Trío La Follia”, “L’ensemble a vent de Versailles” eta “Ensemble Mistrale” taldeen sortzailea izan da. Frantzia eta Europako zenbait orkestraren gonbidapenak jaso ditu; horien artean daude Orchestre Française de jeunes, Opera de Toulouse, Les Concerts Lamoureux, Ópera Éclaté, Kanaria Handiko Orkestra Sinfonikoa, Valentziako Orkestra Sinfonikoa… Eta izen handiko zuzendarien gidaritzapean aritu izan da: E. Krivine, D. Stern, M. Ianovsky, Yaron Traub edo Gunter Herbigen zuzendaritzapean, besteak beste.
1998tik, bakarlaria da “Bilbao Orkestra Sinfonikoan”, eta, gainera, lan handia egiten du ganberako musikaren esparruan.
Marifé Nogales, mezzosopranoa
Andoaingoa (Gipuzkoa) da. Goi mailako kantu-ikasketak Musikenen egin zituen (Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia).
Jaialdi ospetsu askotan hartu du parte: Donostiako Musika Hamabostaldian, Granadako Nazioarteko Jaialdian, Peraladako Musika Jaialdian… Gainera, zuzendari garrantzitsuen agindupean egin du lan: Jesús López Cobos, Miquel Ortega, Friedrich Haider, Alberto Zedda, Lutz Köler eta Eduardo López Banzo, besteak beste.
Zenbait lan kantatu izan ditu: Le nozze di Figaro, La Traviata, Rigoletto, Il viaggio a Reims, Giulio Cesare, Don Giovanni, Die Zauberflöte…
Duela gutxi, Otello opera grabatu du (Emilia) Friedrich Haiderren zuzendaritzapean, eta Miquel Ortegaren La casa de Bernarda Alba (Bernarda Albaren etxea) lanaren estreinaldian ere hartu du parte. Era berean, Madrilgo Erret Antzokian egin du debuta, L´italiana in Algeri operan, Jesús López Cobosen zuzendaritzapean.
Etorkizunean dituen konpromisoen artean, berriz, honakoak daude: Le nozze di Figaro (Cherubino), Bilboko Euskalduna Jauregian, Emilio Sagi eta Eduardo López Banzoren zuzendaritzapean; Manuel Garcíaren Isola Disabitata, Arriaga Antzokian eta Sevillako Maestranzan; Bizeten Carmen (Mercedes), Iruñeko Baluarte Jauregian; eta Guridiren Mirentxu,Arriaga Antzokian, Emilio Sagi eta David Giménez Carrerasen zuzendaritzapean.
Andeka Gorrotxategi, tenorra
Abadiñon (Bizkaia) jaiotako tenor gaztea. Mercedes Martínez eta Agurtzane Mentxaka irakasleekin hasi zen kantua ikasten, eta Ana Begoña Hernández irakasleekin jarraitu zuen gero. Erroman, Elisabetta Fiorillorekin jarraitu zuen ikasten; Parisen, Viorica Cortezekin; eta AEBetan, berriz, Francisco Casanova maisu handiarekin.
Zenbait sari irabazi ditu; besteak beste, hauek: Lehenengo Saria 2006ko Logroño Hiria Lehiaketan, Hirugarren Saria Bartzelonako 2006 eta 2009ko Manuel Ausensi Lehiaketan, Bigarren Saria Bilboko 2006ko Nazioarteko Kantu Lehiaketan, Lehenengo Saria Irungo 2007ko Luis Mariano Lehiaketan, eta Hirugarren Saria Marseillako 2007ko Nazioarteko Opera Lehiaketan.
2009ko udan zenbait emanaldi eskaini zituen, horietako bi Donostiako Musika Hamabostaldian, eta arrakasta handia izan zuen publiko zein kritika aldetik.
Laster egin behar dituen proiektuen artean, hauek dira nabarmenenak: bira bat Argentinatik, non Usandizagaren Mendi-Mendiyan lanaren kontzertuko bertsioan hartuko baitu parte; Guridiren El Caserio (Baserria) lana Donostiako Victoria Eugenia Antzokian; Mozarten Requiem lana; eta, Maria Bayo sopranoarekin batera, J. Guridiren Mirentxu lana, Bilboko Arriaga Antzokian.
Fernando Latorre, baritonoa
Bilbon jaio zen. Kantu, Konposizio, Orkestrazio eta Pedagogia Musikaleko goi mailako tituluak lortu zituen. Aldi berean, Piano eta Biola ikasketak egin zituen.
1992an, Milanera joan zen, eta, han, ahotsaren teknika eta errepertorioa hobetu zituen, F. Corelli, J. Aragall, E. Müller, eta A. Kraus ospetsuen laguntzarekin. 1995/1996 denboraldian, Milango “Teatro alla Scala” Operako Koruan sartu zen.
Operaren esparruan, Espainiako denboraldi liriko nagusienetan kantatu izan du.
Lirikako izen handiekin konpartitu izan du eszenatokia; besteak beste, P. Domingo, J. Carreras, S. Ramey, J. Diego Flórez, R. Brusson, G. Casolla eta abarrekin. Jarduera horretan aritzeaz gain, Kontzertu eta Oratorioetako interpretatzaile gisa ere jarduten du.
Hauek dira bere grabaziorik aipagarrienetako batzuk: C. Halffterren Don Quijote (On Kixote) opera, P. Halffterrek zuzenduta (Glossa Music); Cantar de Alma (Arimako Kantua), Urrezko Mendeko poesia, I. Barredo pianoan dela (Arsis); J. Guridiren El caserio (Baserria), Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta J. Menaren zuzendaritzapean (Naxos); Ramón Lazkanoren Otoitz baten gisan (Pagoarte); F. Ibarrondoren Zuk zer dezu (RNE); eta R. Chapíren La Bruja (Sorgina), M. Roaren zuzendaritzapean (Deutsche Grammophon).
José Ramón Encinar, zuzendaria
2000/2001 denboralditik, Madrilgo Erkidegoko Orkestra eta Koruaren zuzendari titular eta artistikoa da.
Zuzendari titularra izan da Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoan (1982-1984) eta Portugaleko Orkestra Sinfoniko Nazionalean (1999-2001); gainera, Gerhard Proiektuko eta Guerrero Proiektuko Taldearen zuzendari nagusia ere izan da. 1976tik 1983ra, Franco Donatoniren Konposizio arloko laguntzailea izan zen, Sienako (Italia) Chigiana Akademiako hobekuntza ikastaroetan. 1973tik, eta hogei urte baino gehiagoz, KOAN Taldearen zuzendaria izan zen.
Maiz zuzentzen ditu Espainiako orkestrak, eta Europa eta Latinoamerikako areto ugaritan aritu izan da, orkestra asko gidatuz: Italiako RAI, Sinfoniko Siziliarra, Parmako Arturo Toscanini Orkestra, Milango Verdi Orkestra, Londresko Sinfonikoa, English Bach Festival, Basileako Sinfonikoa, Karslruheko Antzoki Estataleko Sinfonikoa, Argentinako Sinfoniko Nazionala, Mexikoko Sinfoniko Nazionala, Venezuelako Nazionala, Puerto Ricoko Nazionala eta Casals Jaialdikoa, besteak beste.
Etorkizunean dituen konpromisoen artean, zenbait kontzertu eman behar ditu Frantzian, Alemanian, Polonian eta Italian.
Nazioarteko zenbait disko-etxerentzat grabatu izan du: Naxos, Stradivarius, Verso, Decca, Deutsche Grammophon… dira disko-etxe horietako batzuk.
Eman dizkioten sarien artean, Musikako Sari Nazionala aipatu behar da, konposizio modalitatean (1988an). Interpretatzaile modalitatean, berriz, CEOEren saria jaso izan du.
José Ramón Encinar akademiko osoa da Madrilgo San Fernandoko Arte Ederretako Akademian, eta, era berean, akademikoa da Granadako Arte Ederretako Akademian.
XX. mendean zehar, ohikoa da musikagileek atzerantz begiratzea eta antzinakoen musika inspirazio-iturritzat hartzea, edo, besterik gabe, omenaldia egitea. Hori horrela, Stravinsky Pergolesiren ataletan oinarritu zen, barroko italiarraren soinua islatzeko. Dena dela, jakina, bere idazkeraren kolorea eta sen erritmikoa gehitu zituen, abeslarien parte-hartzearekin osorik eskainiko dugun lanean. Gure Sorozabalek, bestalde, orkestrarako transkribatu zuen Tomás Luis de Victoriaren musika korala. Eta hainbeste errebisionismoren artean, Marcelloren barroko originala eta bere oboerako kontzertu ezin ederragoa.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Egmont, Obertura Op. 84
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488
I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai
Jonathan Mamora, pianoa
II
RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)
Also sprach Zarathustra Op. 30
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.