Kontzertuak
BOS 12
Abono de Iniciación
Piazzollaren mendeurrena
Sarah Ioannides, zuzendaria
Claudio Constantini, bandoneoia
AARON COPLAND (1900 – 1990)
Appalachian Spring, Suite (Orq. 1945)
ASTOR PIAZZOLLA (1921 – 1992)
Aconcagua, bandoneoirako kontzertua, harizko orkestra eta perkusioa
I. Allegro marcato
II. Moderato
III. Presto
Claudio Constantini, bandoneoia
HEITOR VILLA-LOBOS (1887 – 1959)
1. Sinfonietta Si bemol Maiorrean: “Mozarten oroimenez”*
I. Allegro justo
II. Andante non troppo
III. Andantino
* Lehen aldiz BOSek
Iraup.: 75’ (g.g.b)
DATAK
- 25 martxoa 2021 Euskalduna Jauregia 12:00 h. Sarrerak Erosi
- 25 martxoa 2021 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 26 martxoa 2021 Euskalduna Jauregia 17:00 h. Sarrerak Erosi
- 26 martxoa 2021 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Amerikaren koloreak
"Brooklyngo kale gris batean jaio nintzen (grisa dela diot, zeren horrela baino ezin baitaiteke kale hura deskribatu). Musika zen, hain zuzen ere, kale harekin inork lotuko zuen azken gauza". Esaldi honekin ematen zion hasiera Aaron Copland-ek (New York, 1900 – New York, 1990) bere hitzetan musikaren betetasunean –pronostiko guztien kontra– igaro zen bizitza baten zirriborro autobiografikoari: New Yorkeko bizilagun hau konpositorea, pianista, orkestra-zuzendaria, dibulgatzailea eta Ipar Amerikako Konpositoreen Ligako kide aktiboa izan zen.
Baina Copland, gainera, Estatu Batuetako musikaren koloreak munduari erakusten saiatu zen lehen sortzaileetako bat izan zen; ahalegin horretatik eta Martha Graham koreografoaren enkargutik sortu zen "Apalatxeetako udaberria" izeneko lana, Elizabeth Sprague Coolidge buru zuen Coolidge Fundazioaren funtsekin abian jarritako balleta, eta 1944an estreinatu zen AEBetako Kongresuaren Liburutegian (Washington DC). Martha Grahamek berak (dantzari nagusi gisa) eta hamahiru instrumentu-jotzailek hartu zuten parte obra horretan. 1945ean, Coplandek funtsezko saioak bildu zituen suite instrumental batean, eta 1954an orkestrazioa handitu zuen.
Ekintza, kolonoen etxalde batean gertatzen da, eta gerora Estatu Batuak izango ziren lurralde baten konkista eta domeinuaren aldeko kantua da. Zalantzarik gabe, Martha Graham obraren musika-idazle gisa aukeratzea ezin zitekeen hautapen egokiagoa izan: Copland amets estatubatuarraren bertsio musikalaren ordezkari legitimoa zen. Jatorri errusiar-hebrearreko etorkin lituaniar baten semea zen eta bere ahizpa zaharrenarekin pianoa jotzen ikasi zuen; hamabost urterekin musikagilea izango zela erabaki zuen. Horretarako, harmonia ikasketak hasi zituen posta bidezko ikastaro baten bidez, eta, klase sendoago batzuen ondorik, Coplandek Atlantikoa zeharkatzea erabaki zuen, XX. mendearen hasierako Paris liluragarri hartan Nadia Boulanger handiarekin trebatze aldera. Haren kemenak eta haren talentuak arrakasta erdiestea eragin zuten.
Apalatxe mendietako udaberri bikainari egindako kantu honek pasarte epikoak eta lirikoak, folklorikoak eta umoretsuak, arinak eta luxuzkoak oparitzen dizkigu; Coplanden ideien edertasuna eta haren taxuketaren kalitatea bat datoz identitate nazionala erdiesteak iparramerikarrentzat zuen esanahiarekin. Batik bat, 1930eko hamarkadako krisi larriaren, hots, ‘Depresio Handiaren’ ostean. Balletaren argumentua sinplea da, baina biribila: aitzindarien ahaleginak, ausardia eta adorea natura basati eta apartaren menperatze-lanetan, natura hori sonoritate, irudi eta sentimenduen inspirazio-iturri baita. Hori da Coplandek partituran islatu nahi izan zuena. Dibulgatzaile izateko zuen trebeziarekin eta idazketarako dohainekin batera, arrazoi melodikoak, zelula erritmikoak, orkestra-efektuak eta diseinu harmonikoak zehaztu zituen, estatubatuar gehienek aitortu eta goza zitzaketenak: "Benetako musika-kultura bat ez da inoiz egon eta inoiz ezin da egon artista eta musika atzerritarren inportazioan soilik oinarrituta; Amerikako musikaren artea, funtsean, museo bat izango da beti, harik eta konpositoreen eskola bat garatu ahal izan arte, hots, amerikar publikoari zuzenean hizkuntza musikal zehatz batean hitz egiten dakiten konpositoreen eskola. Musika-hizkuntza horrek erabat adierazi behar ditu kontzientzia amerikarrak eszena amerikarraren aurrean eragiten dituen erreakziorik sakonenak”.
Talentuaren eta asmoaren arteko loturaren ondorioz, Aaron Coplandek lan ederra sortu zuen eta Pulitzer saria jaso zuen 1945. urtean (haren obrarekiko aintzatespen erabat patriotikoa).
Astor Piazzollak (Mar del Plata, 1921 – Buenos Aires, 1992), honakoa adierazten zuen: "Tangoa, eboluzionatu behar duen arte musikala da, ez baita turistak distraitzeko folklore irrigarria". Bandoneonista eta konpositorea, argentinarrak kolore latz, sakon eta hunkigarrien arrasto ona utzi zuen, tinbrezko aliantzetatik eta bere musa nostalgiko eta sinkopatutik zetozenak.
Piazzollak bere haurtzaroaren zati handi bat New Yorken eman zuen. Hiri honek eragin zeharo handia izan zuen bere bizipenetan eta musikan, kontuan hartuta, gainera, Manhattanen ezagutu zuela Carlos Gardel miretsia. Eta, urte haietako musikari amerikar asko bezala, Parisera joan zen erromesaldian, Nadia Boulangerrekin ikastera. Hark musikari legez zuen balioan sinesten irakatsi zion, tangoko ortodoxoek, "Guardia Zaharrekoek", genero hau hil izana leporatu zioten bitartean. Bestalde, konpositore europar abangoardistenek bere burua publikoari saldu izana aurpegiratzen zioten, melodiak baino maite ez dituzten belarriei alegia. Konpositoreak, berriz, egiten zuen musika "Buenos Airesko musika garaikidea" zela argudiatzen zuen.
Aconcagua izena Piazzollaren bandoneoi, hari orkestra eta perkusiorako Kontzertuari eman zitzaion konpositorea hil ondoren; izen hori Amerikakorik garaiena den eta Argentinako mendebaldean dagoen Mendoza probintzia zeharkatzen duen aldetik Andeetako bizkarralde sendoan nabarmentzen den gailur ikaragarri honen omenez eman zitzaion. Antza denez, bere lagun Aldo Pagani ekoizleari iruditu zitzaion ezen kontzertuaren tamainak izendura epikoen titulua merezi zuela eta, aldi berean, klasikoen zirkuluan sartzeko balio zuela. Horregatik, konposizio jakin batzuk bataiatzeko ohiturari heldu zion, garai batean "handiekin" egiten zen bezala. Edo agian pentsatu zuen kontzertua karrera baten amaiera zela… Indarra eta nostalgia uztartzen dituen lan kementsua da, Piazzollaren ildoan. Hiru mugimendutan antolatua, oinarri metrikoa milonga du, bere konnotazio landatar eta erromantikoekin, eta tangoa, euforia eta urrikalmenduaren artean ibilarazten gaituena. Allegro marcattoarekin hasten da obra; allegro hori hagitz artikulatua eta adierazkorra da, baina, hala ere, haren indarra noizbehinka rubato malenkoniatsuarekin leunarazten du. Moderatoari dagokionez, musika arte erakargarri bilakatzen da, arlo onirikoaren eta sentimentalaren artean oinarrituz, tempoaren flexioekin jolastuz eta instrumentazioaren bikaintasunaz inguratuz, harik eta Prestok markatutako azentuen indarrari berrekin eta amaiera biribil, handi eta boteretsu batera garamatzan arte, bere izena ematen dion gailurra bezala. Piazzollak hil aurretik grabatu zuen azken lana izan zen.
Heitor Villa-Lobos (Rio de Janeiro, 1887 – Rio de Janeiro, 1959) kolorez eta bizitasunez beteriko hiri batean etorri zen mundura. Txikitatik jarri zen musikarekin harremanetan, bere aita –irakaslea, Liburutegi Nazionaleko funtzionarioa eta Historia eta kosmografiari buruzko hainbat argitalpenen egilea– musikazalea baitzen eta hagitz gustura aritzen baitzen musika praktikatzen. Ama eta izeba talentu handiko piano-jotzaileak ziren, eta aitonak familiako gaualdi musikalak antolatzen zituen larunbatero bere etxean. Testuinguru horretan, Villa-Lobosek biolontxeloa, klarinetea eta pianoa jotzen ikasi zuen.
Hemezortzi urte zituela, bere lehen bidaia egin zuen Brasilgo hainbat estatutan zehar, herri kantak bildu eta indigenen folklorea bertatik bertara ezagutze aldera. Musika herrikoiarekiko zuen interesak eraginda, gitarra brasildarra –violão izenekoa– jotzen ikasi zuen eta sistema takigrafiko-musikal bat sortu zuen batzen zituen doinu guztiak biltzeko.
Hasiera batean autodidakta izan zen, baina gero Parisera joan zen eta han musika modernoarekin harremanetan jarri zen. Europatik itzultzean, Brasilen musika bizitzaren zuzendaritza hartu zuen, eta, horretarako, gobernuaren laguntza izan zuen. Ahalegin handiak egin zituen "musikaren gizarte-irakaskuntza herrikoia" jasotzen, haur eta gazte abesbatza handiak eta talde instrumentalak antolatuz: "Estilo herrikoiaren arabera konposatzen dut. Nire erara eta nire garapenaren arabera erabiltzen ditut gaiak eta esamoldeak. Artista batek horixe egin behar du. Bere herriak ematen dion materiala aukeratu eta transmititu".
Villa-Lobos musikari oparoa eta joria izan zen, bere jaioterria bezalakoa. Energia sortzaile eta bizidun handiaren jabea zen, eta bere ekoizpen askotarikoa eta anizkoitza –honetaz esan behar da, autokritikarik gabe, konposatzen zuen guztia editatzen zuela– hizkuntza zuzen eta biziaz janzten zuen, etengabeko soinu-bilaketa eta esperimentazio musikalean. Ekoizmolde honek eta tinbre-koloreko paleta zabaltzeko zuen gogoak, bere ganbera eta orkestra lanetan, instrumentu ugari erabiltzera eta beti konbentzionalak ez diren moduetan konbinatzera eroan zuen.
Haren musika-grinak tradizio klasikoaren eta bere soinu eta abentura bidaietan hainbeste esploratu zuen Brasilgo folklorearen artean banatzen ziren. Biak, "Mozarten oroimenari" eskaini zion Si bemol maiorreko 1. sinfoniettan "josita" daude. Partitura 1916an konposatu zen, eta lehen bi mugimenduak baino ez zituen estreinatu São Paulon 1922an Villa-Lobosek zuzendutako Sociedade de Concertos Sinfônicos izeneko orkestrak. Sinfonietta horretan, mendebaldeko tradizioaren konposizio-teknikak brasildar ondarearen zenbait diseinu erritmiko eta melodikotan aplikatzen ditu, erakargarritasun hibrido bat sortuz. Alde batetik, Mozartek inspiratutako gai bat nabarmentzen da, "XVIII. mendeko Europako aristokraziaren dotorezia modu delikatuan eta sotilean iradokitzen duena", eta, bestetik, "Bortitza, sakona eta misteriotsua" den gai bat nabarmentzen da, "Jenio alemaniarraren ezaugarriak adierazten dituena". Villa-Lobosek, tradizio klasiko eta herrikoiko lengoaien arteko lotura honetatik abiaturik, "Kulturen arteko gatazka deskribatu nahi izan zuen, alde batetik, aurreiritzi eskolastikoek eta arauek irudikatua eta, beste alde batetik, artista espontaneoaren izaera libreak irudikatua, edozein teoriatatik lokabea dena".
Goza ezazue musika amerikarrari darion kolore liluragarriaz.
Mercedes Albaina
Claudio Constantini
Bandoneoia
Claudio Constantinik genero ezberdinek kultura herrikoiarekin eta euren artean dituzten loturak aztertzen ditu. Pianista, bandoneonista eta konpositore honek bost kontinenteetan zehar garatu duen karrera polifazetikoa du. Liman jaio zen musikari familia batean. Haren estilo originala sustrai klasiko sendoengatik definitzen da, baita herri musika genero batzuekiko pasio sakonagatik ere, horien artean musika latinoamerikarra eta inprobisazioa funtsezkoak direlarik.
2021ean, Astor Piazzollaren jaiotzaren mendeurrena ospatuko du Koloniako WDR Orkestra Sinfonikoarekin joz Alondra de la Parraren zuzendaritzapean; aipatzeko modukoak dira, baita, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Andaluziako Gazte Orkestrarekin batera egindako agerraldi nabarmenak ere.
Guztira zazpi produkzio diskografiko egin ditu bere izenpean, guztiak proiekzio handikoak eta nazioartean kritika bikainak jaso izan dituztenak. "America" diskoak Grammy Latinorako izendapen bat ekarri zion 2019an.
Bere azken diskoarekin (’20th Century Tango ‘), Louiza Hamadi piano-jotzaile eta birtuosoarekin batera kontzertuko tangoaren generoan murgildu zen, Piazzolla, Stravinsky, Mores, Ravel, Salgán, Albéniz, Saluzzi, Satie, Weill edo Schnittke bezalako konpositore europar eta argentinarren bitartez.
Sarah Ioannides.
Zuzendaria
New York Times egunkariak "indar eta autoritate ukaezina" duen zuzendari gisa eta "magia" duen zuzendari legez deskribatu du Sarah Ioannides. Aurretik, Spartanburgeko Orkestra Filarmonikoaren eta El Pasoko Sinfonikoaren zuzendari musikala izandakoa, Ioannides bere belaunaldiko zuzendari sortzaile eta inspiratzaileenetako bat izan da, eta horri guztiari dagokion aintzatespena jaso du.
Bost kontinenteetan zuzendari gonbidatu gisa konpromisoak hartuta, Cincinnati Sympla, Royal Philharmonic Orchestra, Orchestre Nationale de Lyon, Los Angeles Philharmonic, Tonkünstler, Daejeon Philharmonic, South African National Youth Orchestra, New World Sympla eta Simon Bolivar Youth Orchestra bezalako orkestrak zuzendu ditu.
Australian jaioa eta Britainia Handian hazia, Ioannides Erresuma Batuko National Youth Orchestran hasi zen biolin-jotzaile lanetan. Oxfordeko Unibertsitatean eta Juilliard School of Music izeneko eskolan graduatu zen. Bere prestakuntza Estatu Batuetan burutu zuen, Otto-Werner Mueller erakundean, Curtis Institute of Music-eko Fulbright bekari esker.
Zuzendari artistikoa eta Cascade Conducting-en sortzailea, duela gutxi The Curtis Institute of Music-eko artista gazteentzako udako programako irakasle izan da. Mundu osoan epaimahaikide, solaskide, hizlari eta hezitzaile jardun izan du, eta NEA panelist gisa ere kolaboratu du Estatu Batuetako gobernurako.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
BOSeko Hari Laukotea
Lekua: Sestao Musika eskola
M. Ravel: Cuarteto para cuerda
L. van Beethoven: Cuarteto n. 4, op.18 en do menor
Azer Lyutfaliev, biolina
Iñigo Grimal, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Egmont, Obertura Op. 84
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
23. kontzertua piano eta orkestrarako la minorrean K. 488
I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai
Jonathan Mamora, pianoa
II
RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)
Also sprach Zarathustra Op. 30
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria