Kontzertuak

Bizkaieraz


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

AHOTSA

Hasierako kontzertua.
Erik Nielsen, zuzendaria.
Vanessa Goikoetxea, sopranoa.
San Juan Bautista Abesbatza (Zuz.: Basilio Astulez)


ANDRÉS ISASI (1890 – 1940)

Orakulua, Poema sinfonikoa op. 18

JUAN CRISOSTOMO ARRIAGA (1806 – 1826)

Herminie, Kantata soprano eta orkestrarako

Vanessa Goikoetxea, sopranoa / soprano.

ISABEL URRUTIA (1967)

Utopiak
Erabateko estreinaldia.

JESÚS GURIDI (1886 – 1961)

Eusko irudiak

I. Lenengo ikuskizuna (Moderato tranquillo)
II. Bigarren ikuskizuna (Vivace)
III. Irugarren ikuskizuna: Tempo de espatadantza (Allegro – Tempo de Zortziko – Presto)

San Juan Bautista Abesbatza.

 

DATAK

  • 30 iraila 2021       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 01 urria 2021       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Etxean egina

Bilbao Orkestra Sinfonikoak lehenengo mendeurrena beteko du martxoaren 8an, eta `mendeurreneko denboraldi´ hori irekiko du bertako musika-emaitzen omenezko programa batekin. Bilbon eta Bizkaian sortutako edo musika-arloan hezitako lau konpositore izango dira hasierako kontzertu horretako protagonistak.

XIX. mendearen amaieran, Bilboren irakinaldi-garaian jaio zen Andres Isasi (Bilbo, 1890-Getxo, 1940). Lau urterekin ama hil zitzaion eta hamabirekin aita. Beraz, oso gazterik geratu zen umezurtz, eta aitonarekin bizitzen jarri ostean, kontzertu pribatuetara joaten zen —nahiko ohikoa zen Bilbo geldiezin eta melomano hartako etxe burges askotan—; Bidebarrietako beren etxean egiten ziren sarritan emanaldi horiek, eta Andres Isasi talentu gazteak piano-jotzaile gisa ere parte hartzen zuen. Aitonaren bitartez ezagutu zuen musika-mundua, baina, horrez gain, musikari lotutako ikasketak ere ordaindu zizkion Berlinen. Konpositore hasiberria 1909ko urrian joan zen Berlinera Engelbert Humperdinck-en eskolak jasotzera, eta haren ikasle kutun bihurtu zen.

Lehenengo Mundu Gerra hasi zenean, Bilbora itzuli zen. Ordurako hiri aurreratua zen, boteretsua, hiriak zuen indarraz harro zegoena. Kritikak honako hau zioen konpositoreaz: “Poeta handi honek pentagraman jasotzen ditu bete amets guztiak, gazteetako fantasia guztiak, bere arimaren kezka guztiak kontsumitzen dituen sentimentalismoa”. Nolanahi ere, bizitza kulturala eta artistikoa gozatzen eta babesten zuen hiria izan arren, bilbotar bikain bezain isil baten aurrean gaude, loriatua bezain ezezagun baten aurrean; sentsibilitate zorrotzeko gizona, askotariko sorkuntzaz betea, baina gutxitan programatzen zutena.

Hil zenetik, Bilboko musika-giroan uste izan da konpositore gutxietsia izan dela. Hala ere, beti dago ahanzturaren akatsa zuzentzeko denbora. Horren harira, Bilboko Udalak, iazko urriaren 28an, omenaldia eskaini zion bere jaiotzaren 130. urteurrena zela-eta (Arriaga antzokian emandako hitzaldi-kontzertu baten bidez eta Epaltzaren Alargunaren kaleko bere jaioterrian oroigarri bat jarriz); Bilbao Orkestra sinfonikoak, berriz, denboraldi berezi honetan haren bi poema sinfoniko interpretatuko ditu eta –Ganbera Denboraldiaren barnean– haren 5. kuartetoa do minorrean.

Isasiren musikarekiko interes horren adierazle, Bilboko orkestra horrek bere jardunari ekingo dio Orakuloa  poema sinfonikoarekin, Berlinen 1913an idatzitako eta bertan urte horretako ekainean edo uztailean estreinatu zena. Albisteak ez dira zuzenak, baina Bilboko El Nervión egunkariak 1913ko ekainaren 20an argitaratu zuenez, “Bilbon jasotako albisteen arabera, Charlottenburg-en bizi den gure herritar gazte eta maitagarri honek poema sinfoniko berri bat amaitu du, ‘Orakulua’, izenekoa Alemaniako maisu ospetsuen laudorioak jaso dituena eta laster mundu-mailako orkestra ospetsu batek interpretatuko duena”. Bizkaian, berriz, askoz geroago estreinatu zen, 1996ko otsailaren 29an, hain zuzen ere. Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Juanjo Menaren zuzendaritzapean, lehenengo aldiz interpretatu zuen obra Ayala antzokian.

Biziki erakartzen du orkestrazioaren edertasunak, eta sorgin bihurtutako maitagarrien etengabeko dentsitate, argitasun, biribiltasun eta ipuin-fantasiazko joan-etorri batean, aukera ematen du gehiegikeria eta uzkurtasuna, hanpatasuna eta fintasuna, grina eta samurtasuna, transzendentzia eta espiritualtasuna adierazteko. Isasik dramatismora jotzen du ikuskeran eta gehiegizko erromantizismora egituran: oso doinu lirikoak, tentsioko harmoniak eta orkestrazio aberats eta distiratsua, neurri handi batean Richard Strauss miretsiak eraginda. Adierazpen espresionista da horren emaitza, harmonia eta tinbre hiper-erromantikoekin zipriztinduta. Bere sorlekuari egindako keinuren bat, airezko zortzikoa, esaterako, zenbait erdiko pasarte batzuetan, eta, beti bihotzean, txorien kantua, naturarekiko duten baldintzarik gabeko maitasunaren bereizgarri.

Oso gazterik hil zen Juan Crisostomo Arriagak (Bilbo, 1806-Paris, 1826) hasieran baldintza onak aurkitu zituen etxeko ingurunean bere talentua lantzeko: aita organo-jotzailea izan zen denbora batez, eta anaia
zaharrenetako batek, biolina eta gitarra trebetasunez jotzen zituenak, hizkuntza musikalaren eta biolinaren lehen nozioak erakutsi zizkion; handik gutxira, gainera, profesional baten laguntza izan zuen bere musika-heziketan. Musikari jaiotako nerabe baten pizgarri handiena, dena den, Bilboko saloietan topatu zuen. Toki horietan, topaketa sozial guztien erdian zegoen musika. Nolanahi ere, denak jakitun ziren hiria txiki geratuko zela Arriagaren jenioa eta talentua garatzeko. Hamabost urte besterik ez zituela, Parisera joan zen 1821eko irailaren 26an eta urriaren 13an, dagoeneko lortu zuen Frantzian bizitzeko baimena.

Ongi atera zitzaion apustua: Arriaga eta haren partiturak kontserbatorioko agintariei aurkeztu zizkien Manuel Garcia tenore eta musika-produktore entzutetsuak eta Justo Machado kontsulak. 1821eko azaroan, gaztea Pierre Bailloten biolineko eskoletan onartu zuten (nazioarte mailako biolin-eskolaren erreferentzietako bat), baita François-Joseph Fétisen kontrapuntu- eta fuga-eskoletan ere. Biak ala biak une hartako musika-munduko izen garrantzitsuenetarikoak ziren.

1823ko udan Arriagak kontrapuntu eta fugako bigarren saria irabazi zuen eta urte horretako udazkenean Fétis-ko Kontrapuntuko laguntzaile izendatu zuten.

1826ko urtarrilaren 16an hil zen, oraindik hogei urte bete gabe. Parisko Rue de Saint-Honoré-n oroigarri batek bere irudia eta musika gogorarazten ditu; izan ere, Arriaga bera eta haren musika isilean egon ziren denbora luzean, luzeegian.

Arriagak Parisen egindako konposizioen artean, Herminie izenekoa dago, ekitaldi bateko eszena liriko-dramatikoa eta soprano eta orkestrarako bi irudi, eta konpositorearen katalogoaren gaineko zalantza ugariei zor zaien zuhurtziaz baieztatu daiteke 1825ean konposatu zela, bere azken aurreko lana izanik. Libretoa Vinaty frantsesarena zen, eta Torquato Tassoren Jerusalén askatua izeneko episodio batean oinarritzen zen. Genero liriko-dramatikoa puri-purian zegoen une hartan, eta Arriagak, oso gazterik, idazketa oso ondo menperatzen zuela erakutsi zuen; ahots-lerroa dotorea eta adierazkorra izatea lortu zuen –errezitatzekoetan nahiz hiru aria ederretan– eta akzioan era aktiboan parte hartzen duen orkestra batekin ezin hobeto bat egitea: Herminiak Tancredorekiko duen maitasuna, hura aurkitzeko grina, haren heriotza izan daitekeenaren aurreko larritasuna eta azken itxaropena. Pieza osoan nabaria da kontrapuntu-teknika menderatzen duela, fintasun klasikoak ez du irrika erromantikoa nahasten, eta inspirazio melodikoa, instrumentazioaren erabilera sendoarekin lotuta, benetako talentu baten berezko musika-heldutasunaren adierazle sinesgarriak dira.

Ziurra ez den arren, litekeena da Herminie Parisen estreinatu izana. Ziurra dena da Bilboko Gayarre antzokian antzeztu zela 1888ko urtarrilaren 27an –konpositorearen jaiotzaren 82. urteurrena gogoratuz–, pertsonaia eta bere partiturak argitara ateratzea lortu zuen Bilboko melomano aldarriaren erakusgarri. Bilbao Orkestrak Bilboko Koral Elkartearekin batera interpretatu zuen 1956ko urtarrilaren 26an, Sozietate Filarmonikoaren aretoan. Conchita Balparda izan zen soprano bakarlaria eta Jose Yves Limantour zuzendaria.

Eta gaur arratsaldean, Isabel Urrutiaren (Algorta, 1967) Utopiak lanaren erabateko estreinaldia ikusiko dugu. Bilbao Orkestra Sinfonikoaren omenez egindako konposizioa da, “haren urteurrena dela-eta”, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntza du.

Isabel Urrutia bere belaunaldiko konpositore nagusietako bat da nazioarteko musika garaikidearen alorrean. Bere lanak idazteko estiloaren ezaugarria tinbreen eta dinamiken polifonia garatzea da, askotan hainbat herrialdetako folklorearen elementuen balioa nabarmenduz, euskal folkloreari bereziki atxikiz. Sorkuntzan duen jakin-min nekaezinaren ondorioz, azken urteotan World Timbres Mixture izenekoa sortu du; musika konposatzeko “soinu-paleta” berri bat da, eta mundu osoko herri-tradizioetako instrumentuen tinbre-ezaugarriei buruzko ikerketa-lanaren emaitza da. Sonoritate berrien aurkikuntza pozgarria –José Luis Campanarekin batera egina–, instrumentu klasikoen tinbreak ahozko tradizioko instrumentuekin koloreztatzeko aukera ematen duena, eta alderantziz.

Utopiak piezari dagokionez, konpositorearen iritziz, “musikaren espazioaren tratamendua izan zen obraren konposizioaren abiapuntu”. Hori agerian geratzen da Urrutiak soinu-espazioaren dimentsio guztiak hartzeko eta soinuen altuera, sakontasuna, planoak eta ehundurak, dentsitateak eta koloreak –biribilduak edo lausotuak, absolutuak edo nahastuak– kontuan hartzeko egiten duen ahaleginean, masa aldakorrekin eta metrika aberats eta estimulatzailearekin batera. Baina xehetasunean erreparatzeak ez du alde batera uzten osotasunaren organikotasuna eta, horregatik, diskurtsoa koherentea da beti: “Obra osoan zehar hainbat soinu-plano, soinu-objektu eta horien oihartzunak… entzungo ditugu perspektiben, mugimenduaren eta soinuaren argi-itzalen mundu batean”, adierazi du egileak.

Utopiak obran garrantzi berezia ematen zaio tinbre-nolakotasunari orkestra-komunitateko familia guztietan. Asmo horrekin, plantilla estandarretan hain ohikoak ez diren instrumentuak sartzen dira, hala, kolorea handitu eta soinu-espazioa handitzen baita. Horregatik, egurren familiako ohiko osagaiei gehitzen zaizkie piccoloa, adar ingelesa, klarinete baxua eta kontrafagota. Metalen artean tronboi tenoreak, tronboi baxua eta tuba entzuten ditugu, tronpa eta tronpetekin batera. Aniztasuna handiagoa da perkusioren ondoriozko tinbre-aberastasunari esker: marinba, glockenspiel eta bibrafonoa, plaken instrumentuen artean; askotariko altuerak txindata, zintzarri, tam-tam eta gong pekindarretan, eta dunbala ere badago. Sokak bi mugimendutan antolatutako soinu-aukera zabala osatzen du, eta lehenengoa “denboran luzatu eta konprimitzen diren lerro luzeetan” oinarrituta eraikitzen da. Bigarrena noten talde bizkorretan oinarritzen da, eta “soinu-lerroa desegiteko ideiak sortzen dira”. Tinbre- eta dinamika-kontuetan, Utopiak pieza aparta da, eta bertan topa ditzakegu “hainbat elkarrizketa, oihartzun, galdera eta erantzun”.

Jesus Guridi (Gasteiz, 1886 – Madril, 1961) Bilbao Orkestrak bete lehen ehun urteetan gehien interpretatu duen euskal konpositorea da. Harmonizatzaile bikaina eta orkestratzaile dotorea, Guridiren berezko talentua eta ofizio zabala batzen dira.  Talentua familiako saga aberats baten herentzia genetikoaren ondorioa izan zitekeen: Ledesma maisua birraitona izan zuen; aitona-amonak, organo-jotzaileak; ama eta amona, piano-irakasleak eta aita, biolin-jotzailea. Lanbidea gogotsu zabaldu zuen askotariko musikari-lanetan: organo-jotzailea, piano-jotzailea, konpositorea, abesbatzen zuzendaria, inprobisatzailea, didakta… Garapen profesional itzela izan zuen, hori guztia sumatu daiteke bere katalogoan eta hori guztia plazer eta miresmen handiarekin gozatu dezakegu.

Ikasketa horri melomano talde baten mezenasgo pribatuak lagundu zion – familia Bilbon bizitzen jarri zen 1899an–, Guridiren “promesez beteriko inspirazioa” erakutsiz, Parisen, Belgikan eta Kolonian ikasketak zabaltzeko eta Bilbora musikari “gazte eta ospetsu” gisa itzultzeko bitartekoak jarri baitzituen. Horren ostean, Guridik, bueltan, mesede handia egin zion hiriari konposizioaren, interpretazioaren eta irakaskuntzaren bidez. Bilboko Koral Elkarteko zuzendari izan zen 1918 eta 1930 artean (zuzendaritzako kide izan zen lehenago) eta organo-jotzaile Santiagoko elizan (aurrez, aitona eta birraitona aritu ziren lan horretan), baita Joan Sainduen elizan ere.

Guridik koru eta orkestrarako Eusko irudiak obra 1922a baino lehen konposatu zuen. Bilboko Koral Elkarteak, Vladimir Golschmann-en zuzendaritzapean, Buenos Aires antzokian estreinatu zuen obra 1931ko abuztuaren 23an, Bilboko jaietan.

Irudi horietan, bere estiloaren zenbait ezaugarri nabarmentzen dira, hala nola harmonizazio paregabea eta instrumentazio ahaltsu eta erakargarria. Horiei gehitu egiten zaie, modu iradokitzailean eta begi-engainagarrian, euskal folklorearekiko duen joera eta, bere idazkiei esker, gure mugetatik kanpo ezaguna eta miretsia izan dena.

Euskal itsas tradizioan oinarritutako obra gidoi batek egituratzen du, eta soinu-irudiak Ondarroako portuan eta hondartzan kokatzen ditu, beheko jarlekuak itsasoaren ondoan jarriz. Gertakizun hori hiru zatitan edo iruditan antolatzen da. Lehenengoan, berehala antzematen dugu Boga, boga marinel-bizitzaren ikur ukaezin gisa: emakumeak itsasoko sareak konpontzen ari dira, haurrak jolasean, neskatilak beren maiteminduen gutunak irakurtzen, eta adineko andreak adi-adi begira, aholkuak ematen. Itsasoratzen diren arrantzaleak agurtzen ditu komunitate guztiak.

Bigarren irudian musika bizitzen da, itsasoko ekaitzaren mehatxua gogoratzeko. Ikusmina, etsipena, mina eta beldurra musikalki agertzen dira zelula erritmiko labur, bortitz eta errepikatuen bidez. Zelula horiek kostaldea astintzen duen olatuen antzera gainjartzen dira, eta doinu herrikoi honetan oinarritzen dira: Anton Aizkorri. Eszenaren amaieran, orain leun-leun abesten den Boga, bogak, itxaropenerako bidea zabaltzen du.

Obra portuko festa bat gogoratuz amaitzen da. Hala, ezpatadantzaren mugimenduak modu bikain eta zirraragarrian nahasten dira Hator, hator, bihotzekoarekin, eta herriko festaren gailurrera eramango gaituzte, horretarako zortzikoa eta txakarrankua baliatuz; azkenik, ereserki marinelena gogora ekarriko da.

Musika zirraragarri eta aparta gure orkestraren lehenengo mendeurrena ospatzeko programa horri amaiera emateko. Bilbao Orkestra Sinfonikoak bide luzea izan dezala, eta jarraitu dezagun zuzeneko musikaren gozatzen.

Mercedes Albaina


Vanessa Goikoetxea.

Sopranoa

Deborah Voigt sariaren irabazle Ameriketako Estatu Batuetako Vero Beach Opera Foundation lehiaketan; lehiaketa horretan, epaimahaiak ahotsaren edertasuna, erregistro zabala, musikaltasuna eta harikortasuna nabarmendu zituen.

Bere arrakasta handienetako batzuk honako hauek dira: Micäela (Carmen) Seattle Operan Giacomo Sagripanti maisuaren zuzendaritzapean; Fiordiligi (Cosi fan tutte) Maestranzako Antzokian; Vitellia (La clemenza di Tito), Donna Anna (Don Giovanni) eta Valencienne (La viuda alegre) Gran Teatre del Liceu-n; Mimì ABAOn; Micaëla Seattle-ko Operan; First Lady (Magic Flute) Royal Opera House Muscat-en (Omán), mundu-mailako estreinaldia Diego Fasolis maisuaren zuzendaritzapean; eta Susana (La verbena de la Paloma) A Coruñako Colon antzokian. Poulenc-en Gloria obraren bakarlari modura nabarmendu da, Erik Nielsenen eta BOSen zuzendaritzapean.  Denboraldiari hasiera eman zion Palermoko Massimo antzokian Gisela! operarekin, protagonista izanik. Hona hemen egin dituen beste interpretazio batzuk: Alice Ford (Falstaff) Japonian; Armilla (La Donna Serpente) Italian; Hanna Glawari eta Jenny Hill Kurt Weill-en “Ascenso y Caída de la ciudad de Mahagonny” obran, Korea National Opera Seúl-en, David Reiland-en zuzendaritzapean.

Zarzuelako Antzokira itzuli zen Bemanor-en protagonista izateko Jose Miguel Perez-Sierraren musika-zuzendaritzapean. Kritika oso onak jaso zituen.

Dresdenera itzuli zen, eta han bere karrera profesionala nabarmentzen hasi zen La Viuda Alegre-ren Hanna Glawari-ren paperean. Rol hori hainbat alditan bete du Dresdengo Semperoper-en.

Debut berezia izan zen Birke Bertelsmeier konpositore alemanaren Zeru Urdinetik lanaren mundu mailako estreinaldia, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurreneko kontzertuan, Brahms-en Ein Deutsches Requiem-ekin tartekatuz, eta hori guztia Erik Nielsen maisuaren zuzendaritzapean eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin.

Granadan lortutako arrakastaren ondoren, Andrea Marcon maisuak Vanessa Goikoetxea gonbidatu zuen, oraingoan Granadako Manuel de Falla Auditorioan Mendelssohn-en Lobgesang abesteko.

Dresdengo Semperoper antzokiak Bystrouška antzezteko aukera eman dio Janacek-en La zorrita astuta operan, Tomas Netopil maisuaren zuzendaritzapean, eta denboraldiko ekoizpen txalotuenaren saria jaso zuen.

Hans Werner Henze konpositorearen opera bat izango da (bizirik dauden operista onenetarikoa), Gisela!, eta Vanessa Goikoetxea Palermoko Massimo antzokian debutatuko du denboraldiaren inaugurazioan, protagonista izanik Constantin Trinks-en zuzendaritzapean abestuz. Beste parte-hartze aipagarri batzuk: Boccherini-ren Clementina, Narcisa antzeztuz eta Andrea Marcon-en zuzendaritzapean, eta Hanna Glawari, Dresdengo Semperoper-en.

Arriagaren kuartitoetan parte hartu zuen Ruben Fernandez piano-jotzailearekin batera, Clara Schumann-en eta Carlos Imazen lieder interpretatzeko. Era berean, Valladolideko Miguel Delibes Auditorioan debutatu zuen Mahlerren Bigarren Sinfonia interpretatuz, Lionel Bringuier maisuaren musika-zuzendaritzapean eta Espainiako Abesbatza Nazionalarekin.

Vanessa Goikoetxearen beste interpretazio batzuk: Alice Ford, Falstaff Verdiren maisulanetako bat izanik  eta Fabio Luisiren zuzendaritza bikainarekin Japoniako Saito Kinen Festival Seiji Osawa-n; Madrilgo Zarzuela antzokian, José María Moreno musika-zuzendaritzapean, Gaztambideko zarzuelaren (Catalina) protagonista gisa abestuz; Italian egindako debuta, Armilla-rena eginez Casella-ren La Donna Serpente operan abestuz, Fabio Luisi maisuaren zuzendaritzapean; Alcina, Dresdengo Semperoper-en, Rainer Mühlbach-en zuzendaritzapean; Frasquita, Carmen operan, Dresdengo Semperoper-en, Josep Caballé-ren zuzendaritzapean; Musetta, Puccini-ren La Bohéme-n, Dresdengo Semperoper-en, Riccardo Frizza-ren zuzendaritzapean.

Esperotako estreinaldi arrakastatsua izan zen Rachel, Halevy-ren La Juive operan, Tomas Netopil-en zuzendaritzapean; Primera Ninfa, Rusalka operan, Gran Teatre del Liceu-n eta Semperoper-en; Henze-ren Junge Frau, operan; We come to the river, primera sobrina, operan; Britten-en Peter Grimes eta beste batzuk.

Bere grabazioen artean sartzen da Braunfels-en Verkündingung. Ulf Schirmerren zuzendaritzapean, Bayischen Rundfunks-en abesbatzarekin eta Munchner Rundfunkorchester-ekin Munich-ko Prinzregententheater-en grabatutako CDa da, Juliane Banse, Robert Holl eta Hanna Schwarzekin batera abestuz. Casella-ren La Donna Serpente ere grabatuko da, baina oraingoan DVDan eta Fabio Luisi maisuaren musika-zuzendaritzapean eta Italiako Nazioarteko Orkestrarekin, Valle d’Itria en Martina Franca Italia jaialdian.

Arrakasta itzela ere Vitellia-ren estreinaldian, “La Clemenza di Tito”-n, Gran Teatre del Liceu-n, David Mc Vicar-en zuzendaritza eszenikoarekin eta Philippe Auguin maisuaren musika-zuzendaritzapean.

Hurrengo proiektuen artean dago Londresko Royal Opera House-n (Covent Garden) izango duen estreinaldia: Donna Anna. Aurten, azkenean, Nedda antzeztuko du (bi aldiz bertan behera utzi du pandemiak Colon antzokian), eta Frantzian ere debuta egingo du Goyescas operarekin. Dresdengo Semperoper-era itzuliko da oraingoan, Donna Anna antzezteko, Omer Meir Wellber maisuaren zuzendaritzapean.


San Juan Bautista Abesbatza

Leioako San Juan Bautista abesbatza José Ignacio Sarriak sortu zuen 1968an. 50 urte hauetan ibilbide arrakastatsua izan du, eta abesbatza honek hainbat kontzertu eman ditu Espainian eta Europan. Orkestra eta zuzendari garrantzitsuekin aritu da, eta estatuko abesbatzen arloan erreferentziazko talde bihurtu da. Azken etapan Basilio Astulezen zuzendaritzapean egindako hainbat disko-grabazio ditu, eta baita harekin lortutako sari garrantzitsuak ere.

2008an, San Juan Bautista Abesbatza osorik berritu zen, eta Leioako Udal Kontserbatorioan sartu. Leioa Kantika Korala haur-abesbatzan trebatutako 40 abeslari gaztek osatzen dute gaur egun. Aro berri honetan hainbat kontzertu eman ditu Euskal Herrian eta Espainiako beste makina bat tokitan (Katalunian, Madrilen, Gaztela-Leonen, Asturiasen, Aragoin) eta garrantzi handiko hainbat muntaia sinfoniko-koraletan parte hartu du.

Azken etapa honetan, talde gazte eta berritu horren lanak sari bat baino gehiago jaso du Espainiako lehiaketetan, hauetan esaterako: Zaragozako Ejea de los Caballeros, Asturiasko Avilesko Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, Alacanteko Torreviejako Habanera eta Polifonia Lehiaketa eta Kantu Koraleko Sari Nagusi Nazionala.

Duela gutxi, Sevillako Orkestra Barrokoarekin lankidetzan aritu da CIren L ‘Orfeoren muntaketan. Monteverdi Arriaga antzokirako edo Conductus Ensemble D. Buxtehuderen Membra Jesu Nostri interpretatzeko.

San Juan Bautista Abesbatza talde aktibo eta dinamiko bat da gaur egun, eta bertan abeslari gazteen kolektibo aberats baten kezkak eta ilusioak gauzatzen dira. Abesbatzen musika prestatzeko, garatzeko eta sakontzeko eskarmentu eta interes handia dute abeslariek.


Erik Nielsen.

Zuzendaria

Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan. 2015az geroztik Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da; halaber, 2016tik 2018ra bitartean Theater Baseleko musika zuzendaria izan zen, eta oraindik ere sarri gonbidatzen dute Sinfonieorchester Basel zuzentzeko. 2002an 10 urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, Korrepetitor (pianista) gisa lehenik eta Kapellmeister gisa gero, 2008tik 2012ra. Bertan, oso errepertorio zabaleko tituluak zuzendu ditu, Monteverdirekin hasi eta Lachenmanneraino. Frankfurten bizitzen hasi aurretik, Erik Nielsen harpa-jotzailea izan zen Berlineko Filarmonikoaren Orchester-Akademien.

20/21 denboraldirako dituen proiektuen artean honakoak nabarmentzen dira: debuta Dutch National Operan, Rotterdam Philharmonic Orchestra zuzenduz, Stravinskyren Oedipus Rexen produkzio berri batean; horrekin batera, Sammi Moussaren Antigonea operaren munduko estreinaldia egingo du, bai eta debutak ere Galiziako Sinfonikoarekin eta Orchestre der Tiroler Festspiele orkestrarekin, eta, era berean, Municheko Bayerische Staatsoperrera itzuliko da Richard Straussen Ariadne auf Naxosekin.

Azken konpromisoen artean, aipatzekoak dira: Kreneken Karl V, Municheko Bayerische Staatsoperrekin; Oedipus Rex, Il Prigioniero eta Pelléas et Mélisande Semper Oper Dresdenen; Trojahnen Peter Grimes eta Oreste Züricheko Opernhausen; Lachenmannen Billy Budd eta Das Mädchen mit den Schweflhörzern, Frankfurten; Usandizagaren Mendi Mendiyan, Pasioa San Joanen arabera eta Salome Bilbon, eta The Rake’s Progress, Budapesten. Horrez gainera, kontzertuak eman ditu Oslon, Manchesterren, Stockholmen, Madrilen, Estrasburgon, Lisboan, Basilean, Aspen Music Festivalen eta Interlochen Arts Campen.

Oso gazterik hasi zen pianoa jotzen. Erik Nielsenek orkestra zuzendaritza ikasi zuen Curtis Institute of Musicen, eta oboean eta harpan graduatu zen The Juilliard Schoolen. 2009an, Sir Georg Solti saria eman zion Solti U.S. Fundazioak.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

22
Aza
2024
>BOSeko Hari Laukotea

BOSeko Hari Laukotea

Lekua: Sestao Musika eskola

M. Ravel: Cuarteto para cuerda
L. van Beethoven: Cuarteto n. 4, op.18 en do menor

Azer Lyutfaliev, biolina
Iñigo Grimal, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa

 

Informazio eta sarrerak

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako la minorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak