Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 18-2010-2011


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

A. Terzian: Concierto para violín y orquesta
Ginastera:
Suite Estancia, selección
C. Gardel/ R. Garello:
Volver
A. Piazzolla:
Aconcagua, concierto para bandoneón y orquesta (Allegro marcato)
A. Piazzolla:
Libertango (piano solo)
A. Piazzolla:
Escualo
C. Gardel/ R. Garello:
Cuesta abajo
A. Piazzolla:
Adios Nonino (bandoneón solo)
C. Gardel/ R. Garello:
Sus ojos se cerraron

Rafael Gintoli, violín
Néstor Marconi, bandoneón
Emma Schmidt, piano
Günter Neuhold, director

DATAK

  • 09 ekaina 2011       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 10 ekaina 2011       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

MAITATZEAREN ADOREA

Latinoamerikako konpositore klasikoak eredu europarren oso menpe egon ziren ia XIX. mende osoan; batez ere, opera italiarraren menpe. Soilik horrela azaldu daiteke Carlos Gomes bezalako egile brasildar batek arrakasta lortu izana Atlantikoaren alde honetan; hainbeste, ezen lan bat ere estreinatu zuen (Il Guarany) Milango Scalan, 1870eko martxoan. Alabaina, joan den mendearen hasieran, ahots propio eta bereizgarria izatearen beharrizanagatik arduratuta zeuden musikari gazteen belaunaldi bat sortu zen, nazionalismo musikal berriaren argitan Europako zenbait eskualdetan gertatzen zen antzera. Hauek dira garai hartako izenetako batzuk: José María Valle Riestra (1858-1925) perutarra, Heitor Villa-Lobos (1887-1959) brasildarra, jatorri italiarreko Pascual de Rogatis (1880-1980) argentinarra, edo Silvestre Revueltas (1898-1940) eta Carlos Chávez (1899-1978) mexikarrak. Denen artean, bidea leundu zuten, handik gutxira Alberto Ginastera argentinarra heldu eta hurrengo belaunaldiko konpositore latinoamerikarrik esanguratsuena izan zedin. Buenos Airesen jaio zen 1916an eta Genevan hil 1983an. Beraren ibilbidearen zati handi bat Argentinatik kanpora egin zuen, ezagutzak handitzeko edo Juan Domingo Perónekin zituen desberdintasun politikoak zirela medio. Horren eta denboraren joanaren ondorioz, ez zen Ginastera bakarra egon, Beethoven bakarra, Liszt bakarra edo Mahler bakarra egon ez ziren bezala: nazionalista gisa hasi zen, eta, gero, Argentinatik kanpora, teknika dodekafonikoarekin interesatu zen, eta, azken urteetan, esparru neo-espresionistagoetan mugitu zen, eta, giro horretan zela, gerraostean haziz zihoazen zenbait joeratan murgildu zen; esate baterako, idazketa mikrotonalean edo ausazko musikan.

Konpositorearen arabera, lehenengo etapa “nazionalismo objektiboko” aroa izan zen, folklorean eta konposizio herrikoietan oinarritutako erreferentzia nazionalak zituena. Hortxe kokatuko litzateke beraren lehenengo lan garrantzitsua, Estantzia balleta, New Yorkeko Lioncoln Kirstein enpresarioak enkargatutakoa 1941 inguruan. Lan hori José Hernándezen Martín Fierro poema gautxoaren pasarte batean dago oinarrituta, eta baserriko neska baten eta hiriko mutil baten arteko maitasun loratu berria du hizpide. Mutilak neskari erakusten dio nolako trebeziaz hezten dituen zaldiak, Argentinako Pampako etxalde batean, landa-inguruan. Ballet osoa ez zen 1952ra arte estreinatu, Buenos Airesko Colón antzokian; hala ere, konpositoreak 1943an idatzi zuen orkestrarako suitea arrakasta pertsonal izugarria izan zen berarentzat, eta horrek behin betiko sendotu zuen nazioarteko musika-esparruan zuen lekua.

Suiteko lau dantzetako lehenengoa, Nekazariak, indartsua eta zorrotza da, erabat erritmikoa; bigarrena, aldiz, Gariaren dantza izenekoa, melodia bare, gozo eta lasaikoa da, hariaren pizzicati delakoetan oinarrituta. Etxaldeko langileak pasartea hasierako espiritu indartsura bueltatzen da, eta protagonismoaren zati handi bat metalek eta perkusioak hartzen dute; horrela, dena prest geratzen da Amaierako dantza bikaineko perpetuum mobile bizkor eta bizirako. Izan ere, aipatutako pasarte hori lauhazka bezala doa, gautxoek ohi duten eran.

Alicia Terzian (1934an jaioa), jatorri armeniarreko piano-jotzaile, zuzendari, musikologo eta konpositore kordobar oparoa, Ginasteraren ikaslea izan zen Buenos Airesen. Hain zuzen ere, Terzianen izena ere funtsezkoa da XX. mendeko musika-bizitza argentinarrean. Hogeita zortzi urterekin, Veneziako San Lazaro elizan egon zen, Erdi Aroko musika armeniarraren gaineko ikerketa sakona egiteko asmoz, eta beraren ikuspegi zabalak eragin argia izan zuen egonaldi horretan. Berak hiru etapatan bereizten du bere ibilbidea: hasierakoa, 1954 eta 1964. urteen artekoa, tradizioari lotuta egongo litzateke; bigarrena, “aro kosmikoa” (1964-1979), erabakimen handiagoz irekitzen da politonalitatearen edo mikrotonalismoaren esparruetara; hirugarrena, “etapa espaziala”, urrunago doa bide horietatik, eta norabide berriak hartzen ditu, baliabide elektronikoen bitartez musika denbora errealean eraldatu nahirik. Beraz, Kontzertua biolin eta orkestrarako, op. 7 lana, 1955ean idatzitakoa, lehenengo garaikoa da, eta, nola edo hala, mendearen erdialdean, Argentinan, tradizioa jarraitzeari buruz ulertzen zena islatzen du: bai forman (hiru mugimendu: Allegro, Tema con variazzioni, Allegro energico), baina ez hainbeste hizkeran, azken hori askoz ere libreagoa eta larriagoa baita, eta ez baitu iraganarekiko loturarik; halaber, ez da halakorik gertatzen lirismoan, dagoeneko ez baita hedakorra, ezpada kontzentratua eta enigmatikoa, bai eta birtuosoa ere bigarren mugimenduko zenbait unetan, eta bikaina amaieran, oso kolorazio aberatseko soinu-marea batean murgildutakoa.

Baina gauza bat da musika klasikoa (deitu dezagun horrela), eta beste bat musika herrikoia. Joera bi horiek hainbat aldiz egon dira bananduta eta urrunduta, edo, bestela, elkarren aurka jarrita. Jakina, alde guztietan daude salbuespenak, eta Argentinan oso nabarmena den salbuespen horietako bat dago: Mar del Platako Astor Piazzolla (1921-1992) bandoneon-jotzailea, “nostalgiaren galerianoa”, Félix Grandek esan zuen bezala. Trebakuntza klasikoa izan zuen arren (horren ondorioz, Nadia Boulangerren ikasle ere izan zen Parisen), bere eskolarik handienak bi izan ziren: alde batetik, New York, non umetan zenbait urtez bizi izan baitzen; eta, batez ere, Argentina eta hango arima, espiritua eta jendeak. Argentinaren bitartez heldu zen tangora, jatorri urrun eta mestizoa duen eta bi bider lauko erritmoa darabilen Río de la Platako dantzara, zeina, duela ehun urte baino gehiagotik hona, Buenos Airesko kaleetako musika baita. Piazzollaren ustez, tangoa, faroltxoen eta konpaitxoen dantza urbanoa baino gehiago, berritu zitekeen genero bizia zen. Hori dela eta, tangerorik ortodoxoenen artean aurkariak izan zituen (Piazzolla “tangoaren hiltzailea” zen beraientzat), baina babes garrantzitsuak ere izan zituen; Alfredo Gobbi edo Osvaldo Puglieserenak, adibidez.
 
Aconcagua kontzertua, bandoneon eta ganberako orkestrarako lana Buenos Airesko Probintziako Bankuaren enkargu gisa sortu zen 1979an. Goitizen hori Aldo Pagani editoreak gehitu zuen, agerian uzteko, Aconcagua baldin bada Latinoamerikako mendirik altuena, kontzertu hau Piazzollaren obrako gailurrik handiena dela. Kontzertua konpositoreak berak estreinatu zuen, eta, dituen hiru mugimenduetan (Allegro marcato, Moderato, Presto), tangoari darion melankolia islatzen du. Batez ere, bigarren mugimenduan gertatzen da hori, non kaleko milongen oihartzunek nostalgia itoaren sentsazioa ematen baitute. Buenos Airesko tonua duten oihartzun herrikoiak ere entzun daitezke Escualo lan animatuagoan eta Libertango liluragarrian. Bi lan horiek hainbat eta hainbat bertsio izan dituzte, baina ez Adiós Nonino tangoak beste; azken hori, Piazzollaren piezarik ezagunena izateaz gain, hunkigarriena, tristeena eta lazgarriena ere bada ziurrenik. Izan ere, Puerto Ricon zegoela, bere aitaren (Nonino) heriotzaren berri jaso zuen, bizikleta-istripu batean hil baitzen, bere oroitzapenetako Mar del Plata urrunean. Bada, albiste hori jaso eta denbora gutxira idatzi zuen aipatutako tangoa.

Eta zer esan daiteke Carlos Gardeli buruz, dagoeneko ez dakigunik? Bada, ziurrenik, gutxi edo ezer ere ez; baina, beharbada, gogorarazi daiteke frantziarra zela jaiotzez (baina argentinarra adopzioz), bere ahotsa UNESCOren Munduko Memoriaren Programaren parte dela, bera gabe tangoa ez litzatekeela tango izango, eta, jakina, egunik egun hobeto kantatzen jarraitzen duela. Hil zenetik laurogei urte inguru igaro direnean, Gardelek, Volver kantuaren bitartez, gogorarazten digu bizitza ufada hutsa dela eta hogei urte ez direla ezer; Cuesta abajo kantuaren bitartez, maitatzearen adorearen balioa erakusten digu; eta Sus ojos se cerraron kantuaren bitartez, kontatzen digu nola, begirada onaren uretan ezkutatuta, heriotza uzkurtuta zegoen, konpasa markatuz.
Asier Vallejo Ugarte

Rafael Gintoli, biolina

“Manuel de Falla” Musikako Udal Kontserbatorioan graduatu zen. Emilio Pelaia, Humberto Carfi eta Szymsia Bajour izan zituen irakasle. 1968. urtean, Buenos Airesko Udal Saria irabazi zuen, eta 1972. urtean, berriz, Mozarteum Argentinoren eta Hagako Zientzietako eta Hezkuntza Ministerioaren beka jaso zuen, Holandan hobekuntza ikasketak egiteko.

Bakarlari gisa bira ugari egin ditu; besteak beste, New Orleans, Washington, Los Angeles, New York, Anberes, Sofia, Kiev, Paris, Milan eta Erroman aritu izan da.

Eskola magistralak eman zituen Trentoko Elkarte Filarmonikorako, Erromako Interpretatzaile Gazteen Elkarterako eta Bilboko Nazioarteko Jaialdian, bai eta goi mailako hobekuntza ikastaro bat ere, Keshet Eilonen (Israel), Shlomo Mintzek gonbidatuta. Era berean, Martha Argerichek ere sarritan gonbidatu izan du Argerich Jaialdian jotzeko, Colón Antzokian.

Sari ugari jaso izan ditu: Interpretatzaile Argentinar Onena, Kritikarien Elkarteak emanda; Musika Klasikoaren Estirpe Saria; Kulturako Pertsona Garrantzitsuenaren Saria, Buenos Aires Hiriko Gobernuak emanda.

Rafael Gintoli Buenos Aires 2010 Nazioarteko Lehen Biolin Lehiaketaren epaimahaikide eta zuzendari artistikoa izan da, bai eta Txileko "Luis Sigall" Nazioarteko Biolin Lehiaketako epaimahaikidea ere (2010).

Néstor Marconi, bandoneona

Gaur egun, Néstor Marconi munduko bandoneon-jotzailerik garrantzitsuenetakoa eta ospetsuenetakoa da. 70eko hamarkadaren hasieratik, Néstor Marconiren izena Horacio Salgan, Astor Piazzolla, Héctor Stamponi eta Enrique Fracini bezalako pertsona famatuenekin batera agertzen zen. 80ko hamarkadan, Astor Piazzolla eta Horacio Ferrerren “Maria de Buenos Aires” tango-operaren proiektuan aritu zen. Juan Carlos Copesekin eta ballet argentinarrarekin batera, hainbat eszenatokitan jo izan du, Estatu Batuetan, Erdialdeko Amerikan, Brasilen, Uruguain, Espainian, Frantzian, Danimarkan, Suedian, Norvegian, Finlandian, Alemanian eta Japonian.

Urte horietan, Buenos Airesen ere emanaldi garrantzitsuak eman zituen. Frank Sinatra abeslariarekin batera, Don Costak zuzendutako orkestrarekin aritu zen. Fernando Solanasek zuzendutako “Sur” filmean hartu zuen parte, Roberto Goyenecherekin batera.

90eko hamarkadan, bakarlari gisa hasi zen orkestrarik garrantzitsuenetan, musika klasikoaren nazioarteko zirkuituan. Zirkuitu horretan, Astor Piazzollaren Kontzertua bandoneon eta orkestrarako jo zuen, bai eta beste tango batzuen moldaketa propioak eta berak egindako konposizioak ere.
 
Emma Schmidt, pianoa

Emma Schmidt Vienan jaio zen, eta Grazeko Musikako Goi Mailako Eskolan egin zituen piano ikasketak. Paul Badura-Skoda, Carlo Zechi, Karl Engel eta Sergio Lorenziren eskola magistraletara joan zen, Salzburgon eta Sienan.

1969an, Vienako Bösendorfer saria jaso zuen, eta 1979an, berriz, Florentziako “Vittorio Gui” ganberako musika lehiaketako lehenengo saria.

Zenbait urtez, irakaslea izan zen Grazeko Musikako Goi Mailako Eskolan, eta, geroago, Hannoverko Musikako Goi Mailako Eskolan.

Emma Schmidtek izen handia dauka bakarlari gisa, eta orkestra ospetsu askorekin aritu izan da: Vienako Sinfonikoa, Salzburgoko Mozarteum, Moskuko Irrati-telebistako Orkestra, Sao Pauloko Estatuko Orkestra Sinfonikoa, Buenos Airesko Orkestra Nazionala, Lisboako Gulbenkian, Dresdeneko Filarmonikoa, Grazeko Filarmonikoa, Statskapelle Karlsuhe, Bremengo State-Orchestra eta Napoliko San Carlo Orkestrarekin, besteak beste.

2002an, Zientziaren eta Artearen Zaldun Austriarraren Ohorezko Gurutzea jaso zuen.
 


Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

22
Aza
2024
>BOSeko Hari Laukotea

BOSeko Hari Laukotea

Lekua: Sestao Musika eskola

M. Ravel: Cuarteto para cuerda
L. van Beethoven: Cuarteto n. 4, op.18 en do menor

Azer Lyutfaliev, biolina
Iñigo Grimal, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa

 

Informazio eta sarrerak

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak