Kontzertuak
Nobu eta Rakhmaninov-en Bigarrena
Erik Nielsen, zuzendaria.
Nobuyuki Tsujii, pianoa.
I
ANDRÉS ISASI (1890 – 1940)
Zharufa Op. 12
PAUL DUKAS (1865 – 1935)
La Péri, dantza poema
II
SERGEI RACHMANINOV (1873 – 1943)
2. kontzertua piano eta orkestrarako do minorrean Op. 18
I. Moderato
II. Adagio sostenuto
III. Allegro scherzando
Nobuyuki Tsujii, pianoa.
DATAK
- 27 urria 2022 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 28 urria 2022 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Gaur gaueko kontzertuak oso ondo bereizita dauden bi zati ditu, nahiz eta hiru obrak garai berekoak izan, XX. mendeko lehenengo urteetakoak. Lehenengo bi obrak garai hartan oso modan zegoen Ekialdeko fantasiazko bidaiak dira, mundu erromantikoak irudi exotikoengatik sentitu zuen liluraren oinordekoa, irudi erreal eta irudimenezkoak, margolarien mihiseak, idazleen orrialdeak, eta noski, musikarien pentagramak bete zituztenak.
Rachmaninoven bigarren kontzertuak, hala ere, ez du hainbesteko kanpoko paisaiarik eskaintzen, baizik eta beste obra erromantiko batzuek bezala -edo kasu honetan posterromantikoek- autorearen intimitateari begiratzea, hori bai, egitura sinfoniko izugarri batetik eta pianoaren hedapen birtuosoarekin.
Edonola ere, pieza hauekin hiru ikuspegi ezberdinez gozatuko dugu, eta hirurak ere musikaren eta artearen historia goitik behera eraldatu zuten urte erradikal haietan bizikidetzan aritu ziren askotariko ikuspegien artean kokatzen dira. Hirurak sortu ziren 1900 eta 1912 artean; eta laburki bada ere, aztertzen badugu zer ari zen gertatzen Gerra Handia lehertu aurreko une horietan, ikusten dugu abangoardien eklosio geldiezina gertatu zela: pinturaren arloan adibidez, fauve-ek eta kubistek Frantziako pintura eraldatu zuten postinpresionismoaren eta 1906an zendu zen Cézanneren aztarnei jarraiki. Kandinskyk bere aldetik Alemaniako arte abstraktua sustatu zuen lehenengo pintura espresionistako taldeen lanetik abiatuta: Die Brücke (Zubia) eta Der Blaue Reiter (Zaldiko urdina) lanek intentsitate handiko irudien bidez islatu zuten Freudek inkontzientea deskubritzen ari zela sortzen ari zen kommozio berbera. Eta Kandinskyren lana bere lagun Arnold Schönbergek musikan lehen obra atonalak proposatu zituenean garatu zuen konplizitate estu berberarekin gauzatu zen. Hortik aurrera artea betirako aldatu zen.
Hala ere, mugimendu horiek sormena astintzen ari ziren bitartean, XIX. mendeko mundu artistikoak ez zuen desagertu nahi (ziurrenik gaur egun ere, ehun urte geroago, oinarrizko erreferentzia izaten jarraitzen du arte zale askorentzat eta zenbait autorerentzat). Entzungo ditugun hiru obrak, bakoitza bere erara, erresistentzia horren parte dira. Hirurek ere tonu hutsezko hizkuntza harmonikoa erabiltzen dute, batzuetan eskala exotikoek koloreztatzen dute, beste batzuetan kromatismo handiak aberasten du eta besteetan tentsioan jartzen da modulazio kateatuekin. Beraz, hirurak aurreko mendeko azken hamarkadetako eskeman kokatzen dira eta oso aurreratuta zegoen erromantizismoaren eragina nahasten dute inpresionismoak proposatutako soinuaren eremu tradizionala zabaltzearekin, bereziki Dukasen lanean.
Hala, hiruek azaltzen digute nola aritu ziren elkarbizitzan abangoardiako esperimentuak eta hizkuntza tradizionalago baten bizirautea; hizkuntza hori ez zen inolaz ere iraungia, eta horrela egon ziren XX. mendeko lehen urte haietan, kontradikzioz betetako garaian, hain interesgarri eta eraldatzaileak arlo guztietan.
Lehen zatiko bi obrez arituko gara lehendabizi. Ia-ia garaikideak dira. 1912an La Peri estreinatu zen eta 1913an Zharufa (1911n konposatu zuten).
Andrés Isasi musikari gaztea zen orduan (Bilbon jaio zen 1890ean), eta Alemaniara joan zen musika ikasketak hobetzera bere aitonaren laguntzari esker; negozio gizon arabar aberatsa zen, Baranbioko Markesa, Amadeo Savoiakoa Erregeak hala izendatua. Alemaniara joatea ez zen kasualitatea izan, izan ere, konpositore gazteak, zeinak arrakasta goiztiar batzuk lortuak zituen hemen, bere lurraldean, bereziki maite zuen estetika tardoerromantiko germaniarra, zehazki Richard Straussena; aurreko denboraldian horri buruz hitz egin genuen, gure orkestrak Isasik Berlinen eragin horren pean konposatutako poema sinfonikoen lagina eskaini zigunean: gogora ezazue Erotische Dichtung, 2021eko azaroaren 11n eta 12an interpretatu zutena. Obra horrek bat egiten du gaurkoarekin hizkuntza kromatikoan eta orkestrazio atseginean. Gainera, kasu hartan ekialdeko aitzakia bat zen bitarteko horiek anplifikatzea ahalbidetzen zuena, horrela exotismoa eta musikaren gaitasun oroitarazlea handitzeko.
Zharufa op.12k bere eraketaren sendotasunarengatik 2. saria jaso zuen Malmöko Kontserbatorioak (Suedia) 1914an antolatutako nazioarteko lehiaketan. Poema sinfoniko bat da (beraz, eragin straussiar asko ditu) eta sultanak erail zuen odaliska baten istorioa kontatzen du, non sultanaren mamua agertzen den eta bere aurrean dantzatzen duen gauero. Aurreko guztia irudiztatzeko Isasik oso estilizatutako dantza kutsuen serie bat kateatzen du, eta ekialdeko musikarekin identifikatzen dira besteak beste melodiak bihurriago bihurtzen dituen eta handitutako eta txikitutako tarteak sortzen dituen kromatismoari esker, oso azkar identifikatzen ditugunak Ekialde Hurbileko musika gisa: arabeskoak (behin eta berriz biratuz eta Alhambrako azulejuak apaintzen dituzten marrazkien estiloko apaindura ederra sortzen duten motibo melodikoak) eta xaramelak, flamenkoko quejío-ak gogorarazten dizkigutenak.
Tonu nagusia lirikoa da; ez dago kutsu dramatiko intentsuegirik; odaliskaren heriotzak ez du aztarnarik uzten arlo horretan. Hori bai: hainbat unetan Isasik orkestrak bere onena ematen duen soinu gailurretara eramaten gaitu, sokak pasarte dardaratiak hasteko duen intentsitatea azpimarratuz. Hortxe deskubritzen dugu bere musikaren zalantzarik gabeko lotura germaniarra; maisutza erakusten du tentsio harmonikoa maneiatzen, (gehituz edo erlaxatuz), eta horrek obra diskurtso koherente eta osatua bihurtzen du gaiak garatzen diren bitartean. Helburu hori, eta bereziki musika programatikoari lotuta dagoenean, Alemaniako erromantizismoaren ezaugarria da Beethovenen garaitik.
Horretan ezberdina Paul Dukasen La Peri obra; hasiera batean premisa antzekoetatik abiatzen da, izan ere, kondairen ekialdean girotutako istorio bat kontatzen du baita ere. Istorio konplexua da, laburbilduz hauxe dio: Persiako mitoen garaian Zaratrustaren apaizak ziren magoek uste zuten beraien boterea eta eragiteko ahalmena galtzen ari zirela, eta kideetako bat, Iskender, bidali zuten guztiak salbatuko zituen hilezkortasunaren lorearen bila. Iskender hiru urtez munduan barrena bidaiatzen egon zen azken mugetara iritsi arte, eta han aurkitu zuen Ormudzen (zoroastrismoa sortu zuen Ahura Mazda jainkoari ematen zaion beste izen bat) tenplu zoragarria, eta tenpluko eskaileretan Peri bat ikusi zuen esku batean laute bat zuela eta bestean hilezkortasunaren lorea. Mitologia persiarraren inguruko ezagutza gehiegirik ez dutenentzat (ni neu barne), Peri bat hegodun izpiritu femenino bat da, eta bertsioaren arabera, arazoak izaten ditu paradisura sartzeko edo hortik itzultzeko (Robert Schumannek oratorio bat idatzi zuen izen hori eman gabe, Paradisua eta Peria deitzen zen, eta protagonista berbera duen beste istorio bat kontatzen du). Gure istorioan, Periak lorea behar du jainkotasunaren presentzian berriz ere sartzeko, baina noski, Iskenderrek lotan dagoela lorea lapurtzen dio isil-isilik. Peria oso etsituta dagoenez, Iskander pikaroak uste du lorea berea izateaz gain, Peria ere bere boterearen eraginpean dagoela. Baina ez dakiena da Peria oso dantzari trebea dela: bere aurrean dantzatuz itsutu egiten du, eta geroz eta hurbilago mugituz lorea kendu eta berreskuratzen du. Peria tenpluan sartzen da itxuraldatuz, eta Iskender gizajoa abandonatuta eta hiltzear geratzen da.
Musika frantsesaren ezaugarri gisa (bereziki garai horretakoa), Dukasen obra honetan asko landu ziren orkestraren koloreak; instrumentuen konbinazio aberatsenak erabili zituen paisaia mitologikoen distirara, historiaren une bakoitza definitzen duten ñabarduren sotiltasunera, eramaten gaituzten soinu efektuak adierazteko, horrela, sekzio askotan lehentasuna emanez soinuaren edertasunari narratiboaren aurretik; eta horixe da lehen aipatzen genuen ezberdintasuna Zharufa lanarekin alderatuta, zeinak helburu nagusia gaiak garatzea duen.
Isasiren kasuan nolabaiteko dantza kutsua zegoela esan dugu, eta hau zuzenean koreografiatzeko obra bat da; izan ere, jatorrian Sergei Diaghilevek enkargatu zuen, Parisko Errusiar Balleten enpresariak, urte horietan musikan hainbat poztasun sortu zituenak, eta Dukasek poéme-dansé izenburua jarri zion, poema sinfonikoaren eta balletaren arteko nolabaiteko nahasketa. Azkenean ez zuen Diaghilevek estreinatu, izan ere, bere ustez lehen dantzariak, Natalia Trouhanovak, ez zuen behar besteko mailarik, eta bereziki, ez zuen bere kidea zen Nijinski ospetsuaren mailarik. Beraz, Trouhanovak beste ekoizpen bat enkargatu zuen eta martxan jarri zuen 1913an.
Ea obra hau entzun ondoren Paul Dukas baloratzen dugun Aztiaren ikaslea obratik haratago; arrakasta horrek bere karrera lausotu zuen, horren ondorioz lan bakarreko konpositoreetako bat bihurtu baitzen ia-ia. Gaur gauean egiaztatuko duzue maisutza ikaragarria duen musikaria dela, orijinala (entzun itzazue fanfarrearen aldaketa harmonikoak), fina (gozatu bere orkestra ehunduren aberastasunaz) eta oso solidoa, bere obraren eraikuntza zainduak eta soinu gailurrak doitzeko moduak erakusten duten bezala. Maurice Ravel musikari ospetsuaren garaikidea da eta bere garaiko musika frantsesa atsegin zuen. Dukasek merezi du gehiagotan bere errepertorioa erakutsia izatea.
Gehiago ezagutzen dugu Sergei Rachmaninov (nahiz eta ziurrenik bere ekoizpenaren zati garrantzitsu bat galtzen dugun, adibidez musika koralekoa). Publikoak asko maite izan zuen musikaria izan zen, eta publiko horri eskaintzen zizkion piano jole gisa zituen dohain zoragarriak eta Chaikovskyren kutsudun intentsitate posterromantikoko konposizio osoak. Baina konpositore gaztea ez zen berehala ospetsu bihurtu. 1897an bere lehen sinfoniak kritika oso txarrak jaso zituen Alexander Glazunovek zuzendutako interpretazio oso eskas baten ondoren. Kritikari handiek gupidarik gabe gaitzetsi zuten, besteak beste Cesar Cuik, eta hori guztia zela-eta depresio larria izan zuen autoreak hiru urtez, eta ia ez zuen musikarik ekoitzi garai horretan.
Zorionez bere izebak Nikolai Dahl mediku eta musikari amateurra ezagutzen zuen, eta psikoterapia eta hipnosia erabili zituen Rachmaninov blokeatzen ari ziren alderdiak arintzeko, eta horrela hobeto jaten eta lo egiten eta bere buruarekiko konfiantza berreskuratzen hasi zen. Hilabetez lanean egon eta gero, 1900eko udan ideiak bere inspiraziora itzuli ziren eta oso jariakor gainera, izan ere, bakarrik hilabete batzuetan sortu zuen pianorako eta orkestrarako 2. kontzertu zoragarri hau, 1901ean estreinatu zenetik publikoak gehien atsegin duen obretako bat. Gaur gauean ere hunkituko gaitu guztiok.
Kontzertuak musikariaren estiloaren oinarrizko ezaugarriak eta hautemangarrienak biltzen ditu: estetika posterromantikoa kutsu apasionatu, sentimental eta nolabaiteko melankoliarekin, baina ez gehiegi; tonalitatearen barnean dagoen egitura harmonikoa da eta ez da esperimentu abangoardistetara hurbiltzen (pianorako obretan izan zen bakarrik pixka bat abenturazaleagoa), eta orkestra ehundura mamitsuetarako eta kolore ilunetarako joera du. Hori guztia, noski, pianoa jotzeko zuen birtuosismo ikaragarria erakusteko, interpretatzen duenarentzako benetan zaila dena.
Hasiera ospetsua da merezi duelako: bakarlariaren akorde pisutsu batzuk pedal oso baxu batean hedatzen dira, eta ondoren sokek pianoaren akonpainamendu arpegiatuan zabalki hedatuko duten melodia hasten da. Melodia intentsu eta zirraragarria Chaikovskiren violinaden (Fernando Argentaren adierazpen oso egokia) oso antzekoa da, eta desegiten joango da bigarren konposizioa hasteko; orain bai, piano jolearena da protagonismo osoa. Elegiazko kantu bat da eta beharrezko denbora hartzen du egur sekzioko instrumentu batzuekin ia kameristikoak diren elkarrizketa askotan aritzeko. Lehen mugimenduaren zati nagusia luzeegia ez den garapena da, eta material multzo bien metamorfosiaren eta trukatzeen bitartez eramaten gaitu tentsio gehieneko puntu batera iritsi arte, sonataren kanonek agindu bezala, non hasierako gaia berriz ere azaltzen den bakarlariaren figurazio indartsu batekin. Ondoren gogoangarria da bigarren konposizioa berriz ere agertzen denean, eta tronpa jotzaile bakarlariaren berotasunean sartzen denean. Kontzertu birtuistiko gehienetan bezala, ez dago inprobisazio kutsuko eta piano jole bakarlariak dir-dir egiteko cadenzarik, eta horrek lagundu egiten dio lehen mugimenduaren argitasunari.
Baina bigarrena da ospetsuena eta kontzertua zehatzago definitzen duena. Honen egitura ere argia da sentimenduaren adierazpen zuzenari enbarazurik ez egiteko, zeinak bereziki hemen punturik gorena lortzen duen: hiruko forma bat, klimaxa erdiko zatian eskuratzen duena. Hasieran pianoak arpegioen hondoa eskaintzen du eta oso iradokitzailea den progresio harmoniko beherakor batean kateatzen joaten dira (progresio beherakorren truko horrek beti funtzionatzen du, adibidez Marcelloren oboerako kontzertu ospetsuan bezala). Ingurua prestatu eta gero, klarineteak abesten duen melodiaren inspirazioak konpositore baten lan guztia justifikatzen du eta luzatzen joaten da denbora igarotzen ez dela sentituko duzuen tarte batean. Paisaia zentrala indarra hartzen joaten da eta berak gidatzen gaitu, batzuetan laztanduz eta besteetan astinduz efusio sentimental zoragarri baten bidez. Gero bakea itzultzen da eta hasierako konposizioa soketan sostengatzen da orain, mugimendua leunki ixteko.
Tradizio kontzertistikoak agintzen duen arabera baita ere, hirugarren denboran bakarlariaren trebetasun teknikoak azaleratzen dira, baina Rachmaninovek ez du horregatik obraren tonu orokorra albo batera uzten. Lehen konposizioa urduria eta apassionatoa da eta bigarrenaren lirismoarekin kontrastatzen du, zeina oso hurbil dagoen obraren lehen sekzioan leku berbera okupatu zuenarekin. Bien joan-etorriek orkestra osoaren azken apoteosira iritsi arte ez dute uzten arnasa hartzeko unerik ere.
Azken finean, kontzertu honek ondo ulertutako erromantizismoaren garaipena irudikatzen du mota horretako sentikortasuna gainbeheran zegoen aldi batean. Hori bai, gainbehera musika konposizioaren testuinguruan, izan ere, publikoak, guk, jaun-andreok, ez diogu hunkitzeari utziko beste behin ere maisutza pieza honen sentimendu efusio intentsuarekin. Izango dugu denbora soinu-paisaia zerebralagoez gozatzeko, baina zergatik ez dugu musika honen pasioaz disfrutatzen, nolabaiteko anakronismoa aurpegiratu gabe, demeritu gisa ikusi gabe bere egituraren sinpletasuna edo modu garaikidean irekitzen ari ziren abangoardiako bideen ignorantzia. Bere aurka sentimendu gehiegikeria posiblerik izan gabe; edo, ez al dugu gozatu guztiok noizbait maitasun tristezien melankolia apartaz edo pasio suminaldien potentziaz? Une horietan ez genuke gehiegikeriarik aurkituko hau bezalako maisutza obra batean, bere aldi apasionatuenetan, bere rubato ahulenetan edo une gorenetako dentsitate lirikoan, zeintzuk ezin hobeto goraipatzen dituen orkestrazioak.
Artista askok eta askok sentitu dute erakarpen hori, eta horrela kontzertua akonpainamendu musika gisa erabili dute hainbat filmetan, bereziki drama erromantikoetan (adibidez Breve encuentro, David Leanena, 1945ekoa) edo hainbat berrinterpretazioen jatorri izan da musika herrikoian (Frank Sinatraren batzuk adibidez, edo Eric Carmenen All by myself –1975- zoragarria, gero King’s singers taldeak bertsio gogoangarri bat egin zuena eta oinarritzat bigarren mugimenduaren melodia nagusia hartzen duena).
Gauzak horrela, erromantizismo ona, klasizismo ona bezala, sekula ere ez bada modatik pasatzen; XIX. mende hasierara egindako bidaia honen bukaera ezin hobea da, Rachmaninov grazia bizieran dagoela. Asko disfrutatu eta ez lotsatu.
Iñaki Moreno Navarro
Nobuyuki Tsujii.
Pianoa
The Observerrek "birtuosismoaren definizio" gisa deskribatu zuen Nobuyuki Tsujii (Nobu) piano jole japoniarra. Itsu jaio zen eta Van Cliburn Pianoko Nazioarteko Lehiaketan urrezko domina irabazi zuen 2009an eta nazioarteko ospea irabazi du zuzenekoetan erakusten duen pasioa eta emozioa direla-eta.
Nobuk munduko orkestra handienekin lan egin du, adibidez Mariinskyren Orkestra, Philharmonia, BBC Philharmonic eta NHK Symphony, Yomiuri Nippon Symphony, Tokyo Symphony, Japan Philharmonic, Seattle eta Baltimore Symphony orchestrak, Filarmonica della Scala eta Sinfonieorchester Basel, eta zuzendari hauekin: Valery Gergiev, Vladimir Ashkenazy, Vladimir Spivakov, Juanjo Mena eta Vasily Petrenko. Errezitalean mundu osoko leku ospetsuetan egon da, besteak beste, Carnegie Halleko Stern Auditoriumen, Parisko Théâtre des Champs Elyséesen, Londresko Wigmore Hallen eta Royal Albert Hallen, Berlingo Philharmonien eta Vienako Musikvereinen.
Udako denboraldian kritikak goraipatu zituen kontzertuak eman zituen Los Angeles Philharmonicekin Hollywood Bowlen, Verbier Festivalen, Snape Maltings Promsen, Biarritzeko Piano Jaialdian, Musica Mundi Jaialdian eta Mentongo Jaialdian. 2022/23 denboraldian Nobu errezitalean egongo da Carnegie Hallen, Londresko Queen Elizabeth Hallen, Birminghamgo Udaletxean eta Liverpool Philharmonic Hallen. Nobuk bakarlari gisa joko du baita ere Royal Liverpool Philharmonic Orchestran Domingo Hindoyanen zuzendaritzapean, Royal Philharmonic Orchestran Vasily Petrenkoren zuzendaritzapean, Seattle Symphony Orchestran Jiri Rozenen zuzendaritzapean, Sarasota Orchestran eta Bilboko Orkestra Sinfonikoan, eta bakarlari gisa arituko da baita ere bere sorterrian, Japonian. Aurreko denboraldietan Nobuk Philharmonisches Staatsorchester Hamburgekin, Kent Naganorekin eta NDR Radiophilharmonie Hannoverrekin jo du Andrew Manzerekin batera. Kritikak hainbatetan goraipatu du Amsterdamgo Concertgebouweko eta Théâtre des Champs Elyséeseko errezitalengatik eta Osloko Orkestra Filarmonikoarekin izandako debutarengatik.
Artista esklusiboa da Avex Classics Internationalentzat eta bere bildumen katalogoa hazten doa eta pianorako kontzertuen errepertorio zabala du. 2021/22 denboraldia hasi zenetik Chopinen pianorako 2. kontzertua gehitu du Vladimir Ashkenazyrekin eta Deutsches Symphonie-Orchester Berlinekin, Griegen pianorako kontzertua eta Rachmaninoven Paganiniren konposizio bati buruzko bariazioak baita ere Vasily Petrenkoren zuzendaritzapean Royal Liverpool Philharmonic Orchestrarekin, Rachmaninoven pianorako 2. kontzertua Deutsches Symphonie-Orchester Berlinekin, Tchaikovskyren pianorako 1. kontzertua Yutaka Sadorekin eta BBC Philharmonicekin eta Beethovenen pianorako 5. kontzertua Orpheus Chamber Orchestrarekin. Nobuk Chopin, Mozart, Debussy eta Liszt maisuen errezitalen hainbat programa ere grabatu ditu.
Nobuk 2011n Carnegie Hallen emandako zuzeneko errezitalaren DVDa hileko DVDrik onena izendatu zuen Gramophonek, baita bere azken lana ere, Touching the Sound – The Improbable Journey of Nobuyuki Tsujii, Peter Rosenen film dokumentala.
Noburen nazioarteko birek All Nippon Airwaysen (ANA) laguntza dute.
Erik Nielsen.
Zuzendaria
Erik Nielsen zuzendariak trebetasunez lan egiten du operaren eta sinfoniaren alorretan. 2015az geroztik Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da; halaber, 2016tik 2018ra bitartean Theater Baseleko musika zuzendaria izan zen, eta oraindik ere sarri gonbidatzen dute Sinfonieorchester Basel zuzentzeko. 2002an 10 urteko lankidetza hasi zuen Frankfurteko Operarekin, Korrepetitor (pianista) gisa lehenik eta Kapellmeister gisa gero, 2008tik 2012ra. Bertan, oso errepertorio zabaleko tituluak zuzendu ditu, Monteverdirekin hasi eta Lachenmanneraino. Frankfurten bizitzen hasi aurretik, Erik Nielsen harpa-jotzailea izan zen Berlineko Filarmonikoaren Orchester-Akademien.
20/21 denboraldirako dituen proiektuen artean honakoak nabarmentzen dira: debuta Dutch National Operan, Rotterdam Philharmonic Orchestra zuzenduz, Stravinskyren Oedipus Rexen produkzio berri batean; horrekin batera, Sammi Moussaren Antigonea operaren munduko estreinaldia egingo du, bai eta debutak ere Galiziako Sinfonikoarekin eta Orchestre der Tiroler Festspiele orkestrarekin, eta, era berean, Municheko Bayerische Staatsoperrera itzuliko da Richard Straussen Ariadne auf Naxosekin.
Azken konpromisoen artean, aipatzekoak dira: Kreneken Karl V, Municheko Bayerische Staatsoperrekin; Oedipus Rex, Il Prigioniero eta Pelléas et Mélisande Semper Oper Dresdenen; Trojahnen Peter Grimes eta Oreste Züricheko Opernhausen; Lachenmannen Billy Budd eta Das Mädchen mit den Schweflhörzern, Frankfurten; Usandizagaren Mendi Mendiyan, Pasioa San Joanen arabera eta Salome Bilbon, eta The Rake’s Progress, Budapesten. Horrez gainera, kontzertuak eman ditu Oslon, Manchesterren, Stockholmen, Madrilen, Estrasburgon, Lisboan, Basilean, Aspen Music Festivalen eta Interlochen Arts Campen.
Oso gazterik hasi zen pianoa jotzen. Erik Nielsenek orkestra zuzendaritza ikasi zuen Curtis Institute of Musicen, eta oboean eta harpan graduatu zen The Juilliard Schoolen. 2009an, Sir Georg Solti saria eman zion Solti U.S. Fundazioak.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.
ONE eta Mahlerren “Titán”
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. de Falla: Bizitza laburra, interludioa eta dantza
M. de Falla: Gauak Espainiako lorategietan
G. Mahler: 1. sinfonia Re Maiorrean “Titán”
Espainiako Orkestra Nazionala
Juan Floristán, pianoa
Juanjo Mena, zuzendaria
Ganbera 4
Lekua: Euskalduna Jauregia
B.H. Crusell: Kuartetoa Mi bemol Maiorrean
R. Kókay: Quartettino
BOSen hari-laukotea klarinetearekin
M. Ravel: Sonatinea, flauta, biola eta harpa hirukoterako
A. Roussel: Serenade Op. 30
BOSen hari, harpa eta flauta hirukotea
Mundu Berriko sinfonia
Lekua: Euskalduna Jauregia
J. Guridi: Plenilunio, de Amaya
L. Liebermann: Piccoloa eta orkestrarako kontzertua Op. 50
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean Op. 95 “mundu berrikoa”
Néstor Sutil, piccoloa
Erik Nielsen, zuzendaria