Kontzertuak
Bi arima errusiar
Pablo González, zuzendaria.
Fumiaki Miura, biolina.
I
DMITRI SHOSTAKOVICH (1906 – 1975)
2. kontzertua biolin eta orkestrarako do minor sostenituan Op. 129
II. Moderato
II. Adagio (attacca)
III. Adagio – Allegro
Fumiaki Miura, biolina.
II
SERGEI RACHMANINOV (1873 – 1943)
Dantza sinfonikoak Op. 45
I. Non allegro
II. Andante con moto (Tempo di Valse)
III. Lento assai – Allegro vivace
DATAK
- 02 otsaila 2023 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 03 otsaila 2023 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Bi arima errusiar
Sergei Rakhmaninov eta Dmitri Xostakovitxen bizi-ibilbidean hogeita hamar urte pasatxoko aldea dago. Biak izan ziren Errusiako musika-ondare aberats eta koloretsuaren funtsezko ereduak. Ondare horrek, herri-ondareari dagokionez, duela mende askotatik melodia tradizional hunkigarri eta poetikoen errepertorio oparoa du, eskualdeka bereizten direnak eta, aldi berean, ahots-piezen corpus ederraren jabea da, bizantziar eta ekialdeko iturrietatik sortua eta liturgia ortodoxoari lotua. Bien inspirazioak batzuetan “errusiar arima” deitzen diogun entelekia lauso bezain erakargarri hau elikatu zuen.
Batak zein besteak gaitasun aparta erakutsi zuten pentagrametan euren pozak, irrikak, sentiberatasun izugarria eta musikarako dohain berezkoa eta neurrigabea jasotzeko. Baina baita euren beldurrek eragindako asaldura ere: onarpenik ezari, porrotari, botereak hainbestetan duen zentzugabekeriari… Bien barne-bizitza partituretan bihurtzen da ozen. “Musika bihotzetik sortzen da: maitasuna da”, zioen Rakhmaninovek. Beste alde batetik, Xostakovitxek, besteei bere katalogoan agertzen ziren sentimendu eta usteen berri emateko ahaleginean, honako hau baieztatzen zuen irmotasunez: "Ahalik eta zabalen ulertarazten saiatzen naiz beti, eta lortzen ez badut, neure errutzat jotzen dut".
Biak ala biak totalitarismoen biktima izan ziren —bi gehiago milioien artean—, sarriegi gizarte-bizikidetza zikintzen dutenak, dena kutsatuz. Bien artean Rakhmaninovek erbesteratuen taldea ordezkatzen du hemen, izan ere garai batean abangoardia kultural eta artistikoaren gotorlekuak izan ziren Paris, Viena, Berlin edo San Petersburgo bezalako hiri enblematikoetatik XX. mendearen lehen erdian zibilizazio-itxaropena Estatu Batuetan bilatu zuten komunitate artistiko osoetako —musikariak, idazleak, margolariak… — parte izan zen; artista horiek hainbat lekutan ezarri ziren, batez ere New Yorken eta Los Angelesen.
Baina Xostakovitx geratu egin zen. Tsarren absolutismoaren aurkako salbazio-taula gisa ideia komunista berrien botere askatzailean sinetsi zuen, eta, txikitan polizia inperialaren esku beste haur baten heriotza ikusi ondoren, konpromiso politiko sutsua hartu zuen. Laster “Errusia Sobietarraren” oinarrizko musikaria izatera iritsi zen, eta behin baino gehiagotan “Stalin saria” eman zioten. Hala ere, 1948an diktadoreak berak aginduta bere sormena kontrolatu behar izan zuen eta “formalismo burgesa” leporatu zioten. Muga horrek 1953ra arte iraun zuen nahitaez, urte horretan hil baitzen Stalin.
Bi konpositore hauen musika, uneren batean, malenkoniaz beterik dago. Eta malenkonia horrek azaltzeko duen moduetako bat itzuliko ez diren egoerak, gertaerak edo bizipenak modu ekinean edo lausoagoan gogorarazten dizkiguna da. Rakhmaninov, bere pianismo distiratsu eta liluragarriagatik goraipatua eta txalotua, bere musika dotore eta lirikoagatik aintzatetsia, fonografiaren mundu agertu berrian izan zuen iriste arrakastatsuari esker ohoratua eta hedatua —zorionez pianista-konpositoreak hamar ordu baino gehiagoko grabazioak utzi dizkigu—, ez zen inoiz bere jaioterrira, Errusiara, itzuli. Aintzatetsia, saritua eta hedatua, bai, baina azkenean erbesteratua eta beti herriminez.
Beste nostalgia mota baten ondorioz faltan botatzen dugu inoiz gertatuko ez dena. Nostalgia mota horrek etsipenez, atsekabez eta arrisku-sentsazio kezkagarriz bete zuen Xostakovitxen bizitza: berak sobietar iraultzan sinetsi zuen, baina ez zuen azkenean iraultza hori bihurtu zena onartu, nahiz eta onartu egin behar izan zuen.
Bien arteko beste puntu komun bat talentua da, ugaria eta nabarmena izaten dena musikari baten ezaugarri izan daitezkeen profil batzuetan: biak piano-jotzaile bikainak eta konpositore inspiratuak izan ziren, bakoitza bere estilo bereziarekin. Rakhmaninovek herentzia erromantikoa besarkatu zuen, Tchaikovskyrengandik zuzenean, berez eta legez etorri bide zitzaiona. Xostakovitxek hainbat dialekto arakatu zituen musika-hizkuntzaren unibertso zabal eta askotarikoaren barruan, eta horietan guztietan erakutsi zuen erraztasun handia gorabehera, edonoren esku ez dagoen zerbait lortu zuen: hizkuntza guztiz pertsonala erditzea.
Dmitri Xostakovitxen (San Petersburgo, 1906-Mosku, 1975) oroimen miragarriak eta bere entzumen absolutuak begirada batekin partitura baten xehetasunik txikiena ere ezagutzeko aukera ematen zioten. Bere dohain apartek neurri berekoa zen berotasun eta gogoa elikatu zuten: “Ezin naiz bizi konposatu gabe”, aitortzen zuen, eta grina hori muturreko erregistro instrumentalak erabiltzen zituen hizkuntza batean agertu zen, batzuetan melodia zabal, liriko, gogoetatsu eta sentimentalean gehiegizko jauziak eginez. Baina, aldi berean, teknika espresionista gisa etengabe errepikatzen diren eskema erritmikoak, testura ilunduak eta intentzio-aldaketa nabarmenegiak erabiltzen ditu.
2. kontzertua biolin eta orkestrarako do minor sostenituan Op. 129 1967ko urriaren 26an estreinatu zuen, Moskuko Kontserbatorioko Hall Handian, bertako Orkestra Filarmonikoak; David Oistrakh izan zen bakarlaria eta zuzendaria Kirill Kondrashin izan zen. Kontzertu honek Xostakovitxen ezaugarri bereizgarrietako batzuk azaltzen ditu, bere joera liriko eta gogoetatsuaren eta bere umore satiriko eta zalapartatsuaren arteko lotura ahalbidetzen dutenak.
Musika barnerakoia gehienbat, kontzertu honek esparru intimista eta jaso baterako idatzia dirudi, non egileak arlo pribatuan mantendu beharreko aitorpen pertsonalak egin diezazkiekeen entzuleei. Badirudi Xostakovitxek argiztapen moteleko bazter batera gonbidatuko gaituela, eta, han, tentuz eta ahopean bere bizitzako etsipenik sakonenak kontatu ahal izango dizkigula.
Biolinerako bere lehen kontzertuarekin gertatu zen bezala, kontzertu honen konposizioa David Oistrakh biolinistarekin lotzen zuen talentu handiak eta adiskidetasun hautsezinak eragin zuten. Bedeinkapen horietako lehenengoak —talentu apartak— musikagilearen existentziaren une ilunak argitu zituen, eta bigarrenak —adiskidetasun loriatsuak— urte luzez bizi behar izan zuen etsipena eta arrisku-sentsazioa lagundu eta arindu zituen.
Ikuspuntu harmonikotik zein tematikotik, Xostakovitxen konposizio konplexu eta enigmatikoenetako bat da, eta bere lurraldetik urrun noraezean dabilen erromes baten abestia gogora ekartzen duen etengabeko mugimenduko melodia malgu eta adierazkorrean oinarrituta dago. Bakarlaria hasieratik eszenatokian nabarmentzea da asmoa. Hasierako Moderatoan zehar biolinak atsedenik gabe abesten du, tarteka herri tonadilla-zati batzuei ihes egiten utziz; tonadilla horiek airera jaurtitzen dira, ibiltaria igarotzerakoan belar-izpiak edo tanta zipriztinduak bezala. Protagonistak orkestrako hainbat kiderekin ohiartzunen-jokora eramango balu bezala da, horien artean era guztietako xehetasun eta ñabardurak piztuz. Badirudi Xostakovitxek, “kontzertu generoko” modu tradizionalean kontzertatu baino gehiago, bakarlariaren erabateko baieztapena bilatu zuela orkestraren laguntza duen sonata moduan pentsatuta dagoela dirudien obran.
Adagioak ere helburu horri jarraitzen dio eta bakarlaria nekaezin eta ia etenik gabe lerratzen da harien tapizaren gainetik, haize-instrumentuen iruzkinen bat jasoz. Mugimendu honen bihotzean, bere iragaite geldo eta gupidagabea argituz, bals batekin amets eginarazten digun argi-zantzua sumatzen dugu.
Azken mugimendua indar sinfoniko nabarmeneko dantza basati eta apur bat barregarria da, biratu eta bihurritu egiten dena, norabide guztietara apuntatuz kadentzia indartsu eta ikusgarria jaurti aurretik. Efektu pirotekniko distiratsu edo harrigarrien bidez bakarlariaren distira bilatzen duten kontzertu-kadentzia gehienetan ez bezala, kasu honetan musikagileak soinu-materia gisa aurkeztutako ideiak esploratu nahi ditu.
Sergei Rakhmaninov (Semyonovo, 1873- Beverly Hills, 1943) Italiara egin zituen lehen bidaietatik izan zen aintzatetsia mendebaldeko munduan. Orduan hogei urte besterik ez zituen eta bere lagun handia zen Fiodor Chaliapin baxu errusiarraren laguntzaile moduan joan zen. Eskaini zioten harrera beroak eta nolabaiteko hegoaldeko usaina duen guztiak —azken batean erromantikoa den lilurak— Iparraldeko jendearengan duen erakarpenak etenik gabeko ibiltariaren ikuspegia zabaldu zioten musikariari, hurrengo urteetan elikatzen jarraitu zuena. 1917ko Iraultzaren garaipenaren ondoren Errusia utzi zuen, eskandinaviar herrialdeetan zehar garatu behar zuen kontzertu-bira probidentziala onartuz. Urte hartako Gabonetan Rakhmaninov familia Suedian erbesteratu zen. Handik urtebetera itsasontzia hartu eta New Yorkera abiatu ziren. Hortik aurrera bere ibilbide profesionalak munduko eszenatoki nagusietara eraman zuen. Debekatuta zuen toki bakarra bere errusiar paisaia maitatua izan zen. Derrigorrezko emigrante-esperientziek bizitzari buruzko bere ikuspegia, eta baita bere idazkera ere, baldintzatu zituzten.
Filadelfiako Orkestrak 1941eko urtarrilaren 3an estreinatu zituen Dantza Sinfonikoak. Zuzendaria Eugene Ormandy izan zen eta talde eta zuzendaritza errepikaezin haiei eskainita zeuden. Obran hiru estanpa daude, orkestra-familia guztietan kantitatea eta barietatea biltzen dituen paleta instrumental ikusgarri batek koloreztatuak. Baina kolorea tempien aldakortasunetik ere badator, lerro bihurgunetsuetatik, dentsitate aldakorretatik eta aberastasun metrikotik.
Rakhmaninovek melodia eslaviar mordoxka halo dantzari, sorgin eta indartsuan bainatzea lortzen du, musika-ideiak mugimenduan jartzeko diseinu erritmikoak eraginez eta, aldi berean, guregandik, zabalduz, mugimendu iradokitzaileetan hurbildu eta urruntzen diren soinu-planoak sortuz, kiribilduz, jirabiraka, bat-batean desagertu eta berriz ere, biratu egiten dutenak giro iradokitzaile, bero eta askotan ikaragarrietan inguratzen gaituzten beste marrazki batzuetan berragertuz.
Adierazkortasunaren ikuspegitik, lehenengo dantza, Non Allegro adierazpenarekin, erdiko sekzioan diluitzen joango den —baina erabat desagertu gabe— zelula erritmiko markatuaren arabera egituratzen da zuren ahotsetan melodia malenkoniatsu eta zetatsua profilatzeraino. Marrazten duen marra lodiagoa eta beroagoa da harien besarkadan, baina sosegua desagertu egiten da hasierako zelula itzultzean.
Andante con motoa bals denboran artikulatuta dago eta bolubilitate enigmatiko eta sentsuala erakusten du. Ahots instrumental guztiak melodikoaren eta dantzagarriaren artean oinarritzen den diskurtsoari helduz entzuten dira.
Hirugarren dantzak, Lento assai – Allegro vivace adierazgarria duenak, Rakhmaninoven —eta hainbeste konpositore errusiar eta erromantikoen— motibo maiteetako bat du, bere partituretan errepikakorra dena: Erdi Aroko Dies Irae, dantza makabro moduko batean bizia hartzen duena.
Dantza hauek, Errusiako mosaiko apartak bezala xehetasun tinbrikoz dirdiratsuak direnak eta distiratsuki tindatuta daudenak, sublimearen eta hezigaitzaren arteko elkarbizitza zoriontsua ahalbidetzen dute eta zekenkeria fratrizidak menderatutako mundua erakutsi zuten —1940ko zurrunbiloan konposatuak izan ziren—, katarsi espresibotik aldendu gabe, giza talentua gai delako edertasuna sortzeko eta kolorez eta magiaz beteriko soinu-unibertsoak eraikitzeko.
Rakhmaninoven arima bitan zatitu zen jabeak emigratzeko erabaki zaila hartu zuenean. Xostakovitxena ezinbestean etsipenak eta izuak jota geratu zen. Umetatik sinetsi zituen ideia batzuen perbertsioa ikusi zuen, eta are okerrago, perbertsio horren emaitza makurraren biktima izan zen. Baina bere bi arima horietatik sortu zen musikak entzuteko eta hausnartzeko osoa eta betea izaten jarraitzen du. Gozatu ezazue!
Mercedes Albaina
Fumiaki Miura.
Biolina
1993an Tokion jaioa, bere jaioterriko kontserbatorioan ikasi zuen Tsugio Tokunagarekin, eta ondoren Vienara joan zen ikasketak zabaltzera Pavel Vernikov eta Julian Rachlinekin. 16 urte zituenetik, Pinchas Zukerman, bere zaintzailearen aholkuak jasotzen ditu, eta bera izan da ibilbide profesionalean orientatu eta gidatu duena. 2009an Joseph Joachim Hannover International Violin Competition lehiaketa ospetsuko lehen saria eman zioten eta sari hori lortu duen irabazlerik gazteena izan zen.
Royal Philharmonic Orchestran egoitza-aldi arrakastatsua burutu ondoren, 22/23 denboraldian azpimarratu behar da bakarlari gisa aurkeztuko dela Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Gulbenkian Fundazioko Orkestrarekin Pinchas Zukermanekin batera, eta zuzendari eta bakarlari gisa ADDA Sinfonikoarekin eta Vienako Ganbera Orkestrarekin.
Gainera ganbera-musikari gisa egiten duen jarduerarekin jarraituko du bere partenairearekin, Varvara piano-jotzailearekin, eta aurkezpenak izango dituzte Parisen eta bira bat egingo dute Japonian zehar.
Miurak nazioarteko orkestra ospetsuenekin partekatzen du eszenatokia, besteak beste honako hauekin: Los Angeles Philharmonic, NDR Radiophilharmonie Hannover, NDR Sinfonieorchester Hamburg, Radio-Sinfonieorchester Stuttgart des SWR, Sinfonieorchester Basel, Royal Liverpool Philharmonic, Wiener Kammerorchester, Prague Philharmonia, Mariinsky Antzokiko Orkestra, Tchaikovsky Symphony Orchestra, NAC Orchestra Ottawa, Orchestre de Chambre Lausanne, Warsaw Philharmonic, NHK Symphony Orchestra, Tokio Metropolitan Symphony Orchestra, Utah Symphony, Japan Philarmonic, Orchestre Nationale du Capitole de Toulouse, BBC Royal Scottish National Orchestra, Gothenburg Symphony Orchestra, Düsseldorf Symphoniker, hr- Sinfonieorchester edo Hong Kong Sinfonietta. Hainbat zuzendarik gonbidatu dute, adibidez eta bestek beste: Valery Gergiev, Gustavo Dudamel, Pinchas Zukerman, Krzysztof Penderecki, Vladimir Fedoseyev, Andrés Orozco-Estrada, Kazushi Ono, Hannu Lintu, Jakub Hrůša, Vasily Petrenko, Josep Pons, Patrick Hahn, Pietari Inkinen, Santtu-Matias Rouvali, Stéphane Denève, Kristjan Järvi, Tatsuya Shimono, Terry Fisher eta Rafael Payaré.
Fumiaki Miurak nazioarteko jaialdi askotan parte hartu du, hala nola: Miyazaki International Music, Ravinia, Julian Rachlin and Friends, Schleswig-Holstein Musik, Musique de Mentón, Gyeonggi Chamber Music Festival eta Menuhin Festival Gstaad, eta kontzertu-areto nagusietan jardun du, besteak beste: Auditorium du Louvre, Théâtre des Champs-Élysées Parisen, Madrilgo Auditorioa, Bartzelonako Palau de la Música, Elbephiharmonie Hanburgon edo Londresko Wigmore Hall. Era berean, hainbat artistarekin lan egin du, hala nola: Yuri Bashmet, Itamar Golan, Sunwook Kim, Mischa Maisky, Maria João Pires, Lawrence Power, Julian Rachlin, Torleif Thedéen, Nobuyuki Tsujii, Jonathan Roozeman, Varvara edo Pinchas Zukerman.
Prokofieven biolin sonatak grabatu ditu Sony Japanerako Itamar Golan pianistarekin eta Mendelssohn eta Tchaikovskyren kontzertuak Deutsches Symphonie-Orchester Berlin eta Hannu Linturekin, Avex-Classics zigiluarekin.
Fumiaki Miurak 1704ko Stradivarius bat jotzen du, “ex Viotti” deitua, adeitasun osoz Munetsugu Foundation-ek lagata.
Pablo González.
Zuzendaria
Bere belaunaldiko zuzendaririk moldakor eta grinatsuenetakoa da. Pablo González Oviedon jaio zen eta Londresko Guildhall School of Music & Draman ikasi zuen. Lehen saria lortu zuen Cadaquéseko Nazioarteko Zuzendaritza Lehiaketan eta “Donatella Flick” Lehiaketan. Barcelona i Nacional de Catalunyako (OBC) Orquesta Simfònicako zuzendari titularra izan da, eta, hori baino lehenago, Granada Hiriko Orkestrako zuzendari gonbidatu nagusia izan zen. Gaur egun RTVE Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra eta RTVE Orkestra Sinfonikoaren eta Abesbatzaren aholkulari artistikoa da, 2018ko azarotik.
Pablo Gonzálezek talde garrantzitsuak zuzendu ditu, besteak beste: Deutsche Kammerphilharmonie Bremen, Netherlands Philharmonic Orchestra, London Symphony Orchestra, Scottish Chamber Orchestra, BBC National Orchestra of Wales, Royal Philharmonic Orchestra, Warsaw Philharmonic, Orchestre Philharmonique de Liège, NHK Orchestra (Japonia), Orquesta Sinfónica Nacional de México, Kyoto Symphony Orchestra, eta baita Espainiako orkestra nagusiak ere.
Opera-zuzendari moduan, honako hauek azpimarratu daitezke: Don Giovanni eta L’elisir d’amore bi Glyndebourne Tours arrakastatsutan; Carmen (Donostiako Hamabostaldia), Una voce in off, La voix humaine, Die Zauberflöte, Daphne eta Rienzi Gran Teatre del Liceun (Bartzelona) eta Madama Butterfly (Oviedoko Opera).
Duela gutxiko eta hurrengo konpromisoen artean, honako agerpen hauek nabarmentzen dira: The Hallé (Manchester), City of Birmingham Symphony Orchestra, Konzerthausorchester Berlin, Frankfurt Radio Symphony, Royal Philharmonic Orchestra, Gürzenich-Orchester Köln, Dresdner Philharmonie, Deutsche Radio Philharmonie, Saarbrücken Kaiserslautern, Helsinki Philharmonic, Lahti Symphony Orchestra (Finlandia), Residentie Orkest, Orchestra della Svizzera Italiana, besteak beste Espainiako Orkestra Nazionalera, OBCra, Galiziako, Bilboko eta Asturiasko sinfonikoetara itzuliz.
Besteak beste honako bakarlari hauekin lankidetzan jardun du: Maxim Vengerov, Nikolai Lugansky, Javier Perianes, Khatia Buniatishvili, Beatrice Rana, Renaud Capuçon, Gautier Capuçon, Sol Gabetta, Anne-Sophie Mutter, Isabelle Faust, Frank Peter Zimmermann, Arcadi Volros, Viktoria Mullova, Johannes Moser, Truls Mork eta Viviane Hagner.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Egmont, Obertura Op. 84
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488
I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai
Jonathan Mamora, pianoa
II
RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)
Also sprach Zarathustra Op. 30
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.