GERRAK ETA IRAULTZAK
Francisco Escudero (1912-2002) XX. mendeko euskal musikagile gutxietsienetakoa izan da beharbada. Izan ere, neurri handi batean, bere lanak ez ziren luzaroan argitaratu, eta, era berean, besterik gabe, mundu honetan ez da beti behar besteko justiziarik egiten. Orain, ordea, egoera aldatu egin da, eta, gaur egun, zenbait lagunen ahaleginari esker, inork ez luke kolokan jarriko honako lan hauen handitasuna: Pianorako euskal kontzertua (1946), Illeta oratorioa (1947) edo Zigor! (1957-63) zein Gernika operak (1979-86). Hil zenetik hamar urte igaro ondoren, Escuderoren musikak bigarren (edo lehenengo) gaztaroa bizi du.
Donostian jaiotako zarauztarra zen, eta Beltrán Pagolarekin hasi zen ikasten Gipuzkoako hiriburuan, 1932an Madrilera joan baino lehen. Bertan, hain zuzen ere, Conrado del Campo zeukan zain. Ondoren, Arriaga, Sarasate, Guridi, Usandizaga eta beste hainbesteren urratsen atzetik, Parisera joan zen ikastera. Lehenengo eta behin, Paul Dukasekin (1935) ikasi zuen, eta, ondoren, Paul Le Flemekin (1935-36). Zarautzera itzuli zenean, euskal nazionalistekin borrokatu zen Gerra Zibilean, eta, bi aldiz, frontetik alde egin zuen, Ravelen Frantzian babesteko. Inguruabarren ondorioz, 1941. urtean, Miranda de Ebroko lan-eremura bidali zuten, baina, Gipuzkoako Aldundiaren, San Fernandoko Arte Ederretako Akademiaren eta Donostiako Udalaren laguntzaz, 1942an berriro hasi zen ikasten Madrilen Conrado del Camporekin. Hain zuzen ere, bertan bizi izan zen 1945. urtera arte, gerraosteko Espainiako benetako ingurune kultural bete-betean.
Garai horretakoa (1944) da Dantzari baten ametsa olerki koreografikoa. Luis de Castresanaren fantasia literarioan dago oinarrituta, eta erromantizismo berantiarreko lengoaia eklektikoko, erritmo zakarreko eta oihartzun ekialdetar samarreko Scherzo burlesko, kolorista eta oniriko handia da. Dantzari gaixo baten istorioa da, zeinak dantzatzera gonbidatzen duten itzalen munduarekin egiten baitu amets. Iratzartzen denean, biolontxeloak nokturnoko kantu poetikoa jotzen du, eta, berriro ere, protagonista amesgaizto groteskoan murgiltzen da.
Ez dakigu Parisen bizi zeneko garaian Escuderok inolako harremanik izan zuen Marseillako Henri Tomasirekin (1901-1971). Tomasik zenbait urte zeramatzan bertan, konposatzen, orkestrako zuzendari moduan lehen urratsak ematen eta arrakastaz beteta omen zegoen bizimodu errazaz gozatzen. Dena dela, ez zen hainbesterako izan, 1939an krisi existentzial bete-betean mundutik ihes egitea eta Dakarrerako itsasontzia hartzea erabaki zuen-eta. Hala ere, Marokora baino ez zen iritsi: Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta Chasseurs Alpinsek Villefranche-sur-Merrera joateko agindu zioten. Gerraren ondorioz, bere ikuskera aldatu egin zenez, Lehen sinfonia lanean (1941) “irrika mistikoaz” eta “gizakien pairamenaz” hitz egiten hasi zen. Laster, gainera, elizgizonen bizimoduak erakarri zuen, baina, kontzentrazio-eremuen eta 1945eko Hiroshimako bonbardaketaren berri izan zuenean, erlijioan zeukan fede guztia galdu zuen. Izan ere, euren bizitza Frantziaren alde eman zutenen omenez konposatu berri zuen Bakearen aldeko requiema ere ezkutatu zuen. Horrela, bada, 1946. urtean-edo, Tomasik jarduera lurtarragoari ekin zion berriro, Montecarloko Operako zuzendari izendatu zutenean. Orduan, oso etapa oparoari eman zion hasiera, eta, garai horretan, bere lan ezagunena sortu zuen: Tronpetarako kontzertua. 1948. urtean konposatu zuen Ludovic Vaillantentzat, eta hurrengo urtean estreinatu zuen Parisen.
Tronpetak ez zuen arrakasta lar eduki errepertorio klasikoan Haydnen eta Hummelen sasoitik, eta ez zirudien XX. mendeko berrogeiko hamarkadan inolaz ere adiskidetuko zirenik, Louis Armstrongek bere tronpetaz jazzaren urrezko aroa nabarmendu zuenean. Egia esan, Tomasik musika-tresna askotarako kontzertuak idatzi zituen, eta ez zuen beti ohiko musika-tresnetarako egin (honako musika-tresna hauetarako kontzertuak sortu zituen: saxofoia, biola, tronboia, fagota, harpa, gitarrak…), eta agerikoa zen tronpeta bera ere bertan egongo zela. Nahiz eta lanean bertan musika-tresnak tinbrearen eta adierazkortasunaren arloan dituen aukerak sakon arakatzen diren, bere lengoaia eta forma ez dira oso berritzaileak, bertan erabilitako hiru mugimenduak eskema tradizionalekoak dira-eta: Allegroan, bakarlariaren bi dei laburren ondoren, gogo-jardunerako pasarte lirikoak nahasten dira beste pasarte bortitz eta ahaltsu batzuekin, kadentzia zabal bezain enigmatikoan amaitzeko. Nokturnoa, ordea, Ravelen eraginpekoa da ia-ia, eta amaierako Allegro bizia oso birtuosoa da, bere jai-espiritu ari bezain azkarrean.
Edonola ere, norbait bere garaiko semea izan bazen edo, Ortegak zioenez, bera eta bere inguruabarra izan bazen, hori berori Dmitri Dmitrievich Shostakovich (1906-1975) izan zen. Escuderoren eta Tomasiren garaikidea izan zen, baina atzean utzi ezin zuen mundu zapaltzaile bezain itogarrian zegoen murgilduta: berea.
Denboraldi honetan, Biolinerako kontzertua dela-eta abenduan bertan ikusi ahal izan genuen nola bizi izan zituen zuzendaritza estalinistaren presioak eta nola artxibatu zituen erregimenak eskatzen zion errealismo sozialistarako egokiak ez ziren zenbait lan. Era berean, ikusi ahal izan genuenez, Stalin hil ondoren (1953), egoera leundu egin zen, Hamargarrena oso arrakasta handia izan zen eta Shostakovich zertxobait finkatzen hasi zen (hitz hori erabiltzerik badago). 1956. urtean, 1905eko Iraultzari buruzko sinfonian lan egiten ari zela idatzi zuen: “herrialde honetako historiako epealdi hori oso hurbila da niretzat, eta adierazkortasun handiko oihartzuna aurkitu zuen langileen kantu iraultzaileetan”.
Funtsean, 1905eko Iraultzan, nekazariak eta langileak buru zirela, Errusiako herria matxinatu zen tsarraren autokraziaren aurka. Urtarrilaren 22an (“Igande odoltsuan”, orduan indarrean zegoen egutegi juliotarraren arabera urtarrilaren 9an izan zen), protestaldi baketsua egin zen San Petersburgon, Nikolas II.a tsarraren bizilekua zen neguko jauregiaren aurrean. Errusiako infanteriak ankerkeriaz aurre egin zien protestagileei, eta ehunka edo milaka hildako egon ziren (iturri baten edo bestearen arabera). Hori dela eta, hainbat eta hainbat matxinada, mobilizazio eta greba egin ziren. Horren ondorioz, eskubide politikoak unibertsalizatu egin ziren, eta, epe luzeari begira, 1917ko Iraultzaren ostean, tsarrak bere kargua utzi zuen eta boltxebikeek boterea lortu zuten.
Hori guztiori Shostakovichek 1957ko urrian amaitu zuen 11. sinfonia sol minorrean “1905. urtea” op. 103 lan harrigarri bezain zoragarriaren espirituan eta egitarauan agertzen da. Horretarako, bere lau mugimenduetako izenburuak zein diren ikusi besterik ez dago: “Jauregiko plaza”, “Urtarrilak 9”, “In Memoriam” eta “Ordara”. Horrez gain, zenbait kantu iraultzaile ere aipatzen dira, laneko material melodikoaren zati handiena metatzen dute eta argudioaren hariak ehuntzen dituzte apurka-apurka: “Ongi etorri, askatasuna”, “Amorratu, tiranook”, “Agerian jarri”, “Entzun”, “Adorea, kamaradok, aurrera”…
Lehenengo mugimenduak neguko jauregiko plazara daramatza entzuleak, iraultza hasi aurretiko lehen orduetara, alegia. Giro hotz bezain lasaian, Pedro eta Pauloren Gotorlekuko espetxeko gelaxketatik datozen kantuak entzuten dira. Bigarrenean, ostera, tsarraren erretratuak daramatzaten armarik gabeko protestagileen prozesioa birsortzen du Shostakovichek, baita militarren zapalkuntza bortitza eta erorien aldeko osteko otoitza ere. Hirugarrena, ordea, erorien aldeko omenaldia da: tonu tragikoko eta doluminezko hileta-martxa. Ondoren, laugarrena martxa iraultzaile basatia da, eta, “Buruak jaitsi” garrasipean, sinfoniari ematen dio amaiera, kutsu heroiko eta garaileko iraultza-deiaren bitartez.
Agerikoa denez, herri sobietarrarentzat benetako gertaera izan zen 1957ko urriaren 30ean Natan Rajlinekin Moskun estreinatzea eta, urte gutxiren ostean, Yevgeni Mravinskiren eskutik Leningradon aurkeztea. Izan ere, lengoaia tradizionaleko benetako musika izan zen sobietarrentzat, iraultzaren eta errealismo sozialaren asmoen loria handiaren mesedetan. 1958an, Lenin saria eman zioten musikagileari. Mendebaldean, ordea, beste era batera ikusi zuten egoera: Hamargarrenaren handitasunaren ondoren, lan hau atzerapausoa zen, hau da, sinfonia anakronikoa, errepikakorra eta ohi-ohikoa, irudirik gabeko filma, aparatuaren mesederako lan hutsa. Ondoren, gauza asko esan dituzte; esate baterako, funtsean Shostakovichek bigarren mugimenduan ez zuela hainbeste protestagileen aurkako zapalkuntza ikusten, sobietarrek 1956an Hungariaren aurka egindako erasoa baizik. Ez da ideia txarra: nahiz eta oso errusiarra izan, musika honek berdin-berdin azaldu litzake duela ehun, berrogeita hamar edo hamar urte edo, beharbada, atzo bertan gertatutako tragediak, azkenean miseria, zapalkuntza, oinazea eta sumina garai guztietako ondarea direlako, gure sasoikoa ere bai.
Alison Balsom, tronpeta
Alison Balsomek tronpeta ikasi zuen Guildhall School of Musicen, Parisko Kontserbatorioan eta Håkan Hardenbergerrekin. 1998an, BBCko Musikari Gazteen Lehiaketako finalista izan zen, eta soinuaren kalitatearen Feeling Musique saria jaso zuen Maurice André Nazioarteko Laugarren Tronpeta Lehiaketan. Bere errezitaldi eta kontzertuetako errepertorioa oso ugaria da: Albinoni, Zimmermann.
Orain dela gutxi, Classic Brit sarietan, bigarren aldiz, urteko emakume artista onenaren saria eman diote Alison Balsomi. Horrez gain, beste sari asko ere jaso ditu: Classic FM, Gramophone eta ECHO Klassik, besteak beste.
2009ko irailean, Alison Balsom musika klasikoko kontzertu ospetsuenetako bateko buru izan zen: BBC Promsetako Azken Gaua.
2011-2012ko denboraldian, Alison Balsom Txinara itzuliko da Lorin Maazelekin eta Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin. Era berean, honako orkestra hauekin ere eskainiko ditu emanaldiak: Torontoko Orkestra Sinfonikoa, Washingtongo Orkestra Sinfoniko Nazionala, Vienako Sinfonikoa, Filadelfiako Ganbera Orkestra eta Royal Philharmonic Orchestra. Azken denboraldian, honako hauekin jo zuen: Parisko Orkestra, San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoa, Frantziako Orkestra Nazionala, Giuseppe Verdi Milango Orkestra Sinfonikoa, Philharmonia Orkestra eta Birminghameko Hiriko Orkestra Sinfonikoa.
Ryusuke Numajiri, zuzendaria
Ryusuke Numajiri Japonian eskari handiena duen zuzendarietako bat da. 2007. urteaz geroztik, Biwakoko Operako zuzendari artistikoa da. 2008. urtean, Osakako Century Orkestrako zuzendari gonbidatu nagusi izendatu zuten. Era berean, zenbait orkestra ospetsu ere zuzendu ditu gonbidatu moduan: Montrealgo Orkestra Sinfonikoa, Berlingo Alemaniako Orkestra Sinfonikoa, Düsseldorfeko Orkestra Sinfonikoa, Londresko Sinfonikoa, Giuseppe Verdi Milango Orkestra Sinfonikoa eta Sidneyko Sinfonikoa. Horrez gain, operako ekoizpen asko ere zuzendu ditu, 2007an Bavierako (Munich) Opera Estatalean Mahlerren Lurraren abestia laneko balet-ekoizpen berriaren eskutik debut arrakastatsua egin ondoren.
Bere hurrengo konpromisoen artean, honako itzulera hauek nabarmendu behar dira: Bavierako Opera Estatala eta Australiako Opera (Madame Butterfly), baita honako debut hauek ere: Frantziako Irratiaren Orkestra eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa.
Ryusuke Numajirik interes handia dauka musika garaikidean. Kritikak bete-betean txalotu zuen Takemitsuren Zeremoniala etaMessiaenen Turangalila sinfonia interpretatu zituenean. Bere diskografian, honako lan hauek nabarmendu behar dira: Londresko Orkestra Sinfonikoarekin eta Mstislav Rostropovichekin interpretatutako Gubaidulinaren Biolontxelorako kontzertua, Tokioko Orkestra Sinfoniko Metropolitarrarekin interpretatutako Takemitsuren lanak eta Japoniako Orkestra Filarmonikoarekin interpretatutako Turangalila sinfonia.
Bere musika-hezkuntza Toho Gakuen Musika Eskola ospetsuan jaso zuen, izan ere, pianoa eta zuzendaritza ikasi zituen bertan.