Nota-itsasoa…
orkestrarako lau diseinutan.
Belagile-ikastuna lanak poema sinfonikoaren paradigma gisa ematen dio hasiera saioari, hau da, Erromantizismoan sortutako generoaren paradigma gisa. Noizean behin konpositoreek lantzen duten musikaz gaindiko inspirazioaren ondorio, orkestrarako lan batean gauzatu ohi da, mugimendu bakarrean oro har, eta berbarik gabeko argumentuaren berri ematen du, soinuez haraindi. Kasu honetan, konpositore, musika-kritikari eta Kontserbatorioko irakasle izandako Paul Dukasen berbaldiak (Paris, 1865-Paris, 1935) izen berbera duen Goetheren baladaren hariari jarraitzen dio. Dukasek, erromantiko frantses iaioen antzean, helburu atsegingarria aldarrikatzen du bere musikan. Horregatik, bada, schezo sinfonikoa deitzen dio bere lanari, eta sakona edo transzendentala baino gehiago, dimentsio ludiko eta estetikoa ekartzen du gogora (poema sinfoniko alemaniarrek egin ohi duten bezala). Lana 1897. urtean estreinatu zuten arrakasta handiarekin, eta, luze barik, Frantziako mugak gainditu gainditu zituen. Hemeretzigarren mendeko gustu eta ohitura frantsesei dagokienez, tinbre-tratamendua aberatsa eta askotarikoa da, eta orkestra sinfoniko bateko oinarrizko instrumentuei nahiz hain oinarrizkoak ez direnei ahots ematen zaie, hala nola, txirula piccoloari, klarinete baxuari, kontrafagotari edo kornetei. Bilbeak nolabaiteko moraltasun xedea du; ezin hobeto egokitzen zaio garaiari, eta egokia da bere autoreak nabarmen erakusten duen espiritu didaktikorako, izan ere, hain autoexijentzia handia zuen, ezen ehunka partitura apurtu baitzituen argitaratu aurretik. Goetheren baladan islatutako ideia bakoitza beste hainbat ideia musikaletan gorpuzten da soinuari esker. Horrela, bada, fagotek abesten duten erratzaren gai ezaguna entzun dezakegu, bai eta ura edota ikastun traketsaren araoa sinbolizatzen duten motibo musikalak ere.
Eta giroan magia nabari denean, XX. mendeko konpositore handienetako baten soinuzko unibertsoan murgiltzen gara: Dmitri Shostakovich (San Petersburgo, 1906-Mosku, 1975). Biolontxelorako eta orkestrarako bere bi kontzertuek konpositorearen txelo-jotzaile, lagun eta eszenatokiko kide izandako Mstislav Rostropovichen maisutza izan zuten oinarri. Gaur, horietako lehena entzungo dugu, Op. 107. 1959. urtean estreinatu zuen Leningradoko Orkestra Filarmonikoak, eta dedikatarioa bakarlari moduan aritu zen. Kontatukoaren arabera, buruz interpretatu zuen Shostakovich txunditu baten aurrean, partitura jaso eta handik lau egunera.
Shostakovichek hurrengoa esan zuen lan honen gainean: “Gai txiki bat hartu, eta hura garatzen saiatu nintzen". Lau nota zituen motiboaz ari zen, hain zuzen ere, txelo bakarlariak jotzen zuenean, lehen mugimenduaren hasierako konpasek agerrarazten zutenaz, Allegrettoz alegia; autorearen hitzetan, "martxa barregarria" zena. Beste motibo bat lehenengoaren osagarria da, eta, hala, mugimenduaren bultzada sentsazioa kontserbatzen da. Tinbre-dimentsioak eta dimentsio adierazkor ezberdinak sortzen doaz, astintze maila aldakorrekin, amaierako itxiera erabatekora heldu arte. Shostakovichentzat, musika bere sentimenduak eta barneko bizipenei irtenbidea emateko bitartekoa zen; horregatik, bere lanetan erreferentzia ironikoak, energikoak, isekariak edo zalapartatsuak, lirikoak, neurridunak, sakonak edo elegiazkoak aurki ditzakegu. Gisa horretan dago diseinaturik bigarren mugimendua, Moderato izenekoa. Lanaren mugimendu nostalgikoena eta zabalena da, samurtasunaren eta malenkoniaren artean dauden gai garrantzitsu bitan oinarritzen dena. Trazatu handiko melodiak, biolontxeloaren ahots poetiko eta malenkoniatsuena erakusten dutenak. Paisaia oso etereo batekin ematen dio amaiera, ia naturaz gaindikoa den batekin, eta txeloa, erregistro altuenarekin, zelestarekin dabil solasean.
Jarraian, hirugarren mugimendua, Cadenza izenekoa, bakarlariari dago eskainita; aldez aurretiko gaien gainean hasten da hausnartzen, baina, gerora, adierazkortasuna irabazten doa, inguru lirikoago eta intimistago batetik birtuosismo energikoago baterantz, are basatiago bihurtzen dena lehenengo mugimenduaren motiboen oroitzapenak zabaltzen dituenean. Ondoren, lanaren amaiera heltzen da, Allegro con moto deiturikoa; hasieran, Stalinen abestirik gogokoena den Suliko izenekoaren hasiera aipatzen du, modu groteskoan eta tinbalen oldarmendu bortitzek kolpatua (mendeku “artistiko” bat?
Zalantzarik gabe). Lana hasiera ematen zion motiboaren oroitzapenarekin amaitzen da, bai eta txeloak, bakarlari moduan, egiten duen haize-eskala geldiezin eta zortziko handi batekin ere. Ikaragarria.
Eta Errusia sobietarretik Frantzia abenturazalera itzultzen gara, konpositore adoretsu eta literario baten musikari esker, izan ere, Erromantizismo musikala Europako hainbat aretotan ikusarazi zedin lagundu zuen. Hector Berliozentzat (La Côte-Saint-André, 1803-Paris, 1869), bizitza "erromantze arras interesgarria" zen, eta 1844. urtean Kortsarioa obertura idatzi zuen, Nizan egin zuen egonaldi batean. 1845ean estreinatu zen autorearen zuzendaritzapean, Nizako Dorrea izenburupean.
Berliozek 1846 eta 1851. urteen artean berrikusi zuen lana, eta gaur egun duen izena eman zion. 1852. urtean argitaratu zuten gaur entzungo dugun bertsioan, eta autoreak Bruswicken estreinatu zuen 1854an. Bitxia bada ere (edo, agian, "musikaz kanpoko" gaiak direla-eta), eta bere dirdira gorabehera, ez zen Parisen interpretatu, ez behintzat Berlioz bizirik zegoela; aitzitik, hainbat aldiz jo zuten Europako gainerako hirietan. Autoreari obertura sinfonikoetarako hainbeste gustatzen zitzaion eskemaren arabera egin zen: “allegro” nagusia izango denaren aurrerapen laburtxo bat eta, ondoren, "sarrera" geldoa, obertura frantsesen moduan, hurrengo atalean iradoki beharra dagoenari buruz lasai hausnartzeko asmoarekin. Oberturaren atal biek (geldoa eta arina) koherentzia eskuratzen dute pasarte geldoaren eta allegro izenekoaren bigarren ideiaren itzulerari esker, izaera zertxobait aldatu bazaio ere. XIX. mendeko orkestratzaile irudimentsuenetako baten eskritura bikaina (orkestraren tratamendua oraindik ikasi egiten da gaur egun) gainezka egiten duen bizitasun baten zerbitzupean jartzen da, eta oparotasun handiz nota-turrusta bat jaurtikitzen dio besaulki-patioari.
Eta ozeano-murgilaldi batekin esango diogu agur arratsaldeari, kortsarioak, orkestrez beteriko ontziak eta ikastun handinahien araoek sakabanatutako ur-litroak barne hartuz. Claude Debussyk (Saint-Germain-en-Laye, 1862-Paris, 1918), 1903an datatutako gutun batean, ozeanoari buruzko lan bat idazten zegoela adierazi zuen. Orkestrarako "zirriborro sinfonikoak” bailiran, oroitzapenetan oinarriturik dago, itsasoari buruz asmatutako irudietan, bere mugikortasun, askatasun eta bat-batekotasunarekin. Orkestrazioa, konpositorearen hitzetan, “asaldatua eta askotarikoa da… itsasoa bezala”. Debussyrekin, musikaren azalean dagoenak (ehundura, tinbre-kolorea, intentsitate-ñabardurak…) ordura arte ezagutzen ez zen garrantzia eskuratzen du. Soinuarekin erlazionatutako alderdietako bat argi eta garbi agertzen da orkestrazioan, eta konpositoreak zorroztasun maila bikaina lortzen du tinbre-efektu berriak ekoitzi ondoren. Musika parametro hauek garrantzitsuak dira, eta ez antolakuntza formala edo gaia garatzea; modu horretan, Debussyk "inpresioak" soinua birsortzen du, zentzumen guztietatik datozenak. Beraren hitzen arabera, "itsasoaren soinuak, zeruertzaren kurbak, hostoen arteko haizeak eta txori baten txioak inpresio konplexuak eragiten dizkigute. Orduan, bat-batean, nahita egin gabe, oroitzapen horietako batek bere bidea urratzen du, harik eta musikaren hizkuntzaz adierazi arte. Bere harmonia propioa du. Ahalegin horietako batek berak ere ezin dezake lortu zerbait zehatzagoa edo egiazkoagoa”. Lana hiru “zirriborro” sinfonikotan dago banandurik, eta beste giro eta kolore batzuk ekartzen dituzte gogora: Egunsentitik eguerdira itsasoan; Uhinen jolasak, eta Haizearen eta itsasoaren arteko elkarrizketa.
Kasu honetan, musikak tinbre-koloreak eta soinu sentsazioak zipriztindu eta lainoztatzen ditu, ezer zehatzik kontatu gabe, nota-itsaso batean murgiltzera gonbidatuz; izan ere, Vladimir Jankélévitch filosofo eta musikologoak adierazi zuen bezala, "Debussyk ozeanoaren bularra eta mareen arnasketa auskultatzen ditu, itsasoaren eta lurraren bihotza; horregatik, haren poema sinfonikoek ez dute ez narraziorik ez helbururik eragiten".
Wassily Kandisky pintore eta musika zale amorratuak honakoa zioen: "musikari modernoenek, Debussyk esaterako, inpresio espiritualak sortzen dituzte, eta, sarritan, naturatik irudiak hartu, eta irudi espiritual bihurtzen dituzte musikaren bitartez".
Espiritualak edo energikoak, sakonak edo iheskorrak, soinuzko irudiak hor daude. Goza itzazue.
Mercedes Albaina
Alban Gerhardt, biolontxeloa
Berlinen jaio zen, eta gaur egungo biolontxelo-jotzaile nabarmenenetakoa da.
Semyon Bychkoven zuzendaritzapean Berlingo Filarmonikoarekin debutatu zuenetik, mundu guztiko 170 orkestra baino gehiagorekin aritu izan da, besteak beste, zuzendari hauekin: Kurt Masur, C. von Dohnányi, C. Eschenbach, Sir Neville Marriner, Marek Janowski, Sir Colin Davis, Leonard Slatkin, Fabio Luisi, Sakari Oramo, Paavo eta Neeme Järvirekin. Sarritan aritu izan zen Berlingo Filarmonikoarekin eta M. C. Thielemannekin.
Gerhardten errepertorioan biolontxeloko 60 kontzertu desberdin baino gehiago daude, eta oso ezagunak ez diren lanak berreskuratzea gustatzen zaio. Besteak beste, Peteris Vasks, Brett Dean, Jörg Widmann, Oswaldo Golijov, Mathias Hinke eta Matthias Pintscher musikagileekin kolaboratu du, eta horrek biolontxelorako errepertorioa handitzeko duen interes handia erakusten du.
Gerhardten diskografia oso balioetsita dago, izan ere, “ECHO Classic” sari bi irabazi ditu.
Gaur egun, Alban Gerhardtek Matteo Gofriller luthier ospetsuaren musika-tresna bakarra jotzen du.
Marco Guidarini, zuzendaria
Genoan jaio zen. Orkestra-zuzendaritzako musika-ikasketak F. Ferrararekin egin zituen, eta konposizio eta biolontxelokoak, berriz, A. Navarrarekin.
Pescarako Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketaren Lehenengo Saria irabazi zuen. Italian abiarazi zuen bere karrera, herrialdeko orkestrarik garrantzitsuenak zuzenduz. Nizako Orkestra Filarmonikoaren zuzendari titularra izan zen 2001etik 2009ra bitartean.
Bere denbora talde sinfoniko handien eta eszenatoki lirikoen artean banatzen du: Viena, Stockholm, Kopenhage, Munich, Vancouver, Sydney, Montpellier, Los Angeles, New Yorkeko Metropolitan, Geneva, Marseilla, North, Scottish Opera, Glyndelbourne, ABAO, Bartzelonako Liceo, Berlin, Dublin, Genoa, Napoli, Leipzig, Bolonia eta Sevillako Maestranza. 2009/10 denboraldian Milango La Scala antzokian debutatu zuen.
Orkestra sinfoniko hauek zuzendu ditu:Frantziako Nazionala, Dublingo Irratia, RAI, Quebec, Stockholm, Sydney, Baden Baden, Melbourne, Sofia, Boloniako Comunale, Erromako Santa Cecilia, Hong Kong, Helsinki, Torino, Montpellier, Valentzia, OSPA, Nafarroa eta Málaga.
2006ko azaroan, Italiako Gobernuko Kultura ministroak Italiako Kulturaren Cavaliere izendatu du.
Dynamic disko-etxerako Berliozen Romeo eta Julieta grabatu du, bai eta Masseneten Erroma eta Schumannen 4. sinfonia ere.