Jada kontsulta daiteke BOSen Jerzy Semkow funtsa

Colette Semkow Braseyk, Jerzy Semkow poloniar-frantziar zuzendari ospetsuaren alargunak, bere senarraren musika funtsa dohaintzan eman zion Bilboko Orkestra Sinfonikoari, izan ere, zuzendariak eta orkestrak 12 urte baino gehiagoko (1994-2007) lankidetza harreman estua izan zuten.

BOSentzat ohore eta erantzukizun handia da maisu ospetsu eta maitatu honen funtsa kontserbatzeko ardura izatea. Ondare aberats eta esanguratsu hau jasotzean, gure historiaren zati handi bat kontserbatzen dugu. Semkow maisua bezalako zuzendaritza-profesional handien sustapenari eta lanari esker, urte batzuetan zehar orkestrak hazkunde profesional eta artistikoko etapaz gozatu zuen, eta garai hori ezinbestekoa izan da ehun urteko orkestrak azken 30 urteetan izan duen bilakaera azaltzeko.

Zuzendari batentzat oso garrantzitsua da bere musika funtsa (idatzia eta iruzkindua), eta horrelako baliabide garrantzitsua gure artxibora gehitu da Colette Semkow Brasey bere alargunak hala nahi izan duelako.

Ziur gaude erabaki hori hartu zuela Semkow maisuarentzat orkestra euskaldun hau, Bilboko Sinfonikoa, oso garrantzitsua izan zelako. Horrek asko pozten gaitu, bereziki kontuan hartzen badugu bere ibilbide profesional zoragarrian harreman estua izan zuela maila artistikoko eta ospe handiko beste orkestra handi batzuekin.

Ziurra dena da bere presentziak, izaerak, ezagutzek eta kalitate profesionalak eta gizatiarrak gure erakundean aztarna sakona utzi zutela. Aztarna hori orain ezabaezina izango da, gure artxiboan Semkow Funtsa baitugu.

Jerzy Semkow funtsa

Funts hori BOSen Artxiboak inbentariatu du, eta beraz, une honetatik aurrera, eskuragarri dago adituek eta interesdunek kontsulta dezaten.

Giuseppe Verdi: Laudi alla vergine Maria

Semkow maisuaren musika funtsean nagusiki zuzendaritza partitura bilduma handi bat dago, eta gehienak berak landu zituen. Partiturekin batera arku-oharrak dituzten harizko kinteto batzuk daude, eta kasu askotan idatzita dago zein orkestrekin landu zituen obrak.

Katalogoan 1400 sarrera baino gehiago daude 70 kutxatan gordeta. Ez da dokumentazio irizpiderik jarraitu materiala antolatzeko, baizik eta inbentarioa egitean eta gordetzean kontserbazio baldintza ezin hobeak bete dira, horrela azkar eta erraz kontsultatu ahal izateko.

Dmitri Shostakovichen operaren partituraren azala: Katerina Izmailova

Errepertorioari dagokionez, konpositore sinfoniko handiak nabarmentzen dira, eta horien artean Mozart eta Beethoven leku pribilegiatuan daude kontserbatutako beraien obra kopuruari erreparatuz gero. Hala eta guztiz ere, beste konpositore garrantzitsu batzuek presentzia handia dute baita ere, besteak beste Brahms, Schumann, Mahler, Strauss eta Bruckner. Konpositore eslaviar asko daude baita ere. Hala, ohikoa da Tchaikovskyren, Prokofieven, Shostakovichen, edo Rachmaninoven lanak aurkitzea; autore horien opera lan asko eta asko kontsultatzea posible da. Maisuaren jatorria kontuan hartuta, hainbat autore poloniarren obrak daude baita ere, adibidez Szymanowski, Lutowslaski edo Moniuszko. Halaber, obra barroko gutxi batzuk ere badaude, Bach edo Corellirenak besteak beste.

Pieza bitxienetako bat XIX. mendeko errusiar konposizio faltsu bat da, Mykola Ovsianiko-Kulikovskyren 21. Sinfonia. Mikhail Goldstein biolinistak 1940ko hamarkadan idatzitako iruzurrezko pieza da.

Argitaletxeei dagokienez, Breitkopf & Härtel, Bärenreiter, Eschig edo Dover klasikoez gain, bitxia da State Music Publisher argitaletxeak duen nagusitasuna. Sobietar Batasuneko argitaletxea izan zen eta ia-ia autore errusiar guztiak ordezkatzen ditu.

M. Mussorgsky: Boris Godunov.

Semkow Funtsaren inbentarioa Eresbilen eta Musikeneko mediatekan ere kontsultatu ahal izango da.

Jerzy Semkow. Biografia

Jerzy Semkow orkestra zuzendari poloniarra izan zen. 1928ko urriaren 12an jaio zen Radomskon eta Lutryn hil zen 2014ko abenduaren 23an 86 urte zituela.

Zuzendari ospetsua izan zen, bai operan bai kontzertuetan. Bere mentoreak izan ziren besteak beste Erich Kleiber, Bruno Walter eta Tullio Serafin. 1954an hasi zen zuzendari lanetan Leningradon (gaur egun San Petersburgo dena) Yevgueni Mravinsky XX. mendeko zuzendari handienetakoarekin, eta bere laguntzailea eta kide estua izan zen 1956ra arte. Ondoren, hurrenez hurren Varsoviako Opera Nazionalaren Antzokian zuzendari artistikoa eta zuzendari iraunkorra izan zen (1958-1959); Varsoviako Opera Nazionaleko zuzendari nagusia (1959-1962); Danimarkako Operakoa eta Danimarkako Errege Orkestrakoa Kopenhagenen (1966-1976); RAI Orkestrakoa Erroman eta St. Louiseko Orkestra Sinfonikoko musika zuzendaria (1975–1979) eta Rochesterreko Orkestra Filarmonikoko musika aholkularia eta zuzendari titularra (1985–89). Zuzendari gonbidatu gisa jardun zuen Milango Scala Operan, Erromako, Florentziako, Veneziako (La Fenice), Ginebrako, Londresko (Covent Garden) opera antzokietan eta Moskuko Bolshoi antzokian.

Hainbat opera ekoizpen zuzendu zituen eta kontzertuak eskaini zituen (nagusiki Mozarten errepertorioarekin) d’Aix-en-Provenceko nazioarteko jaialdian. Jerzy Semkowk Europako, Amerikako eta Australiako orkestra sinfoniko garrantzitsuenetako asko zuzendu zituen.

1994 eta 2007 artean gonbidatu oso ohikoa izan zen Bilboko Orkestra Sinfonikoan. 10 urte baino gehiagoan Bilboko taldea zuzendu zuen 12 alditan baino gehiagotan, eta horrela, zuzendari poloniar-frantsesaren eta orkestraren artean harreman oso berezia eta estua sortu zen.

El Maestro Semkow dirigiendo a la BOS en 2007
Semkow maisua 2007an BOS zuzentzen

Jerzy Semkowren jarduera batzuk gazteei zuzenduta egon ziren, adibidez kontzertuak zuzentzen zituen eta hitzaldiak eta masterclasseak eman zituen.

Jerzy Semkowk hainbat grabaketa egin zituen, bereziki Columbia, His Master’s Voice, Fona eta Musa (Polish Phonographic Company) konpainiekin. Jatorrizko bertsioan egin zuen Boris Godounoven grabaketak (Martti Talvelak egin zuen paper nagusia) sari asko jaso zituen, baita ere Saint-Louisko orkestrarekin eta abesbatzekin grabatu zituen Beethovenen obrek. Aipatzekoak dira baita ere Schumannen sinfonia osoak, Brahmsen sinfoniak, Beethovenen, Tchaikovskyren eta Scriabinen hainbat sinfonia, Igor Borodin Printzearen grabaketa eta Karol Szymanowskiren konposizio garrantzitsuenen zikloan, bere hirugarren eta laugarren sinfoniak. Jerzy Semkowk “Urrezko Diskoa” jaso zuen Mozarten sinfonien bere interpretazioengatik.

Jerzy Semkowk erlijio musikaren forma handiak ere landu zituen: Mozarten Requiema Chopinen heriotzaren 150. urteurrenean Eurovisionen Parisko Eglise de la Madeleinen eskainitako omenaldi kontzertu handi batean, Orchestre national de Francerekin eta Chœur de Radio-Francekin, Beethovenen Meza do maiorrean Parisen baita ere, eta Mozarten Meza do minorrean Parisko Notre-Damen Parisko Erlijio Musika Jaialdian.

Jerzy Semkow Polonian jaio zen, Colette Semkow Braseyrekin ezkondu zen eta frantziar herritarra zen. Arteen eta Letren Zalduna izan zen, ofiziala eta gero komandantea eta Varsoviako Frédéric-Chopin akademiako honoris causa doktorea (2005) eta Lodzeko musika akademiakoa baita ere (2013). Gloria Artis Poloniako Urrezko Ordenaren domina eman zioten baita ere.

2017ko urrian bere emazteak fundazio bat sortu zuen Sionen (Suitza) musika klasikoa zuzendariari gustatzen zitzaion moduan sustatzeko. Promozio horren barnean, Polonian eta Suitza frankofonoan musika hezkuntzaren alde egiten da eta ekitaldiak antolatzen dira entzuleak musika klasikoa entzutera ohitu daitezen.


Informazioa: archivo@bilbaorkestra.eus