Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 14-2011-2012

Hastapeneko abonua<br />Udaberriko kontzertua


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

E. Soutullo:All the echoes listen
E. Korngold:Kontzertua biolin eta orkestrarako
L. van Beethoven:6. kontzertua Fa maiorrean, op.68 “Pastorala”
 
Alina Pogostkina, biolina
Josep Caballé Domenech, zuzendaria

DATAK

  • 03 maiatza 2012       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 04 maiatza 2012       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Oihartzun, oroitzapen eta inpresio artean…
 
… ibiliko dira gure entzuleak gaur arratsaldeko kontzertuan.
 
Harvardeko Unibertsitateko zientzialari eta idazle den Oliver Wendellen Even Song poemaren bertso batekin hasiko da ekitaldia. Eduardo Soutullok (Bilbon, 1968an, jaiotako galiziarrak) inspirazio iturritzat hartzen du bertso hori orkestrarako triptiko bat osatzeko, eta All the echoes listen da lehenengo emanaldia. Lan horrek lehenengo saria irabazi zuen Ciutat de Tarragonako Nazioarteko Konposizio Lehiaketan, 2005. urtean, eta estreinaldia hiri horretan bertan izan zen 2006an, Bartzelonako Orkestra Sinfonikoarekin eta Kataluniako Nazionalarekin, Virginia Martínezen zuzendaritzapean. Musika-tresnen tinbreen erreberberazioa eta orkestrak eskaintzen dituen koloreak dira lan horren diskurtsoaren oinarria. Baina pieza horren estetikan, galiziar musikagileari modu berezian eragin dioten hainbat egileren arrastoek egiten dute durunda, hala nola Olivier Messiaen,Toru Takemitsu eta Gérard Grisey (eta horiei eskainia da, hain zuzen ere, triptiko sinfonikoa), eta horien arrastoekin egiten dute bat Magnus Lindberg edo Claude Debussy sortzaileek utziek. Maisu horiek guztiek erabateko garrantzia eman diote musikaren tratamenduari, “soinu espazioan” zabaltzen den eta forma hartzen duen zerbait balitz bezala. Gertaera akustiko jakin batzuen birsorkuntzaren bitartez entzulea biltzen duen soinu giroan garatzen dira ideia tematikoak, hala nola erreberberazioa, dinamika eta testura aldaketak eta objektu soinudunaren dentsitateen bariazioa; era horretara, objektu soinuduna flotatu, planeatu edo labaindu egiten da, eta poema baten oihartzunak ekartzen dizkigu.
 
Oroitzapenak presente daude Erich Wolfgang Korngold-en (Brno, 1897-Hollywood, 1957) Biolin eta orkestrako kontzertua Re Maiorrean, Op 35 lanean. Hollywooden, 30 eta 40ko hamarraldietan, soinu banden musikagile ospetsu eta goratuenaren aintza garaiaren oroitzapenak dira, zinema ezinbestean soinuduna eta musikala zen garaiaren oroitzapenak. Baina etorkizun handiko Kaliforniara joan aurreko urteetan Vienan musikagile gisa izandako karrera arrakastatsuaren zatiak ere badira. 1947an estreinatu zen St. Louisen Jascha Heifetz biolinista handiaren eskutik; partitura Alma Mahler-i (Gropius-Werfel) eskainia da, hark adiskidetasunak eta bizipenak erdibanatu baitzituen Korngoldekin bai Europan bai Amerikan. Lanak kontzertuaren generoaren funtsezko alderdiak bateratzen ditu: hunkiberatasuna eta birtuosismoa, eta ohiko hiru mugimenduetan banatzen da. Mugimendu horietan biltzen da, hain zuzen ere, egileak hogeita hamarreko hamarraldian zinemarako egindako musika. Hasierako Moderato nobilean biolin solista modu liriko eta epikoan agertzen da, aldi berean, goranzko doinu bat kantatzen, interbalo irekiekin, minbera samarra eta intentsitate emozional handikoa; Errol Flynnek Beste egunsenti bat lanean azaleratzen zuen pasioa ekartzen du gogora. Gai hori bigarren ideia lurrindu eta sentimentalarekin osatzen da, eta Juarez filmeko soinu paisaietara eramaten gaitu (film horretako soinu-banda izan zen egilearen gustukoenetako bat). Bi gaiak birtuosismo eta sofistikazio handiko pasarteetan garatzen eta aberasten dira. Ondorengo Romanza adierazkorrean, bakarlariaren ahotsak nostalgiaz eta poesiaz beteriko hotsen artean egiten du aurrera. Haren ahots zorrotz eta, zenbaitetan, dekadentea labaindu egiten da, bibrafonoaren, harparen eta zelestaren giro desagerkorrez koloreztatutako eta soinu magikoz osatutako tapizean. Diskurtso hori soseguz ahogozatzeko modukoa da, Oscar sariaren irabazle izan zen Adverse jauna filmaren hots bandan oinarrituta. Eta kontzertuak Errol Flynnen irudi irribarretsua ekartzen digu gogora berriro ere; baina, oraingo honetan, herri eta abentura dantzaren kutsuarekin. Musika horren freskotasunak –konpas aldaketa biziekin eta orkestra kolore handiekin– liluratu egiten du entzulea, Printzea eta eskalea lanaren alaitasunak harrapatzen baitu ezustean, amaierako Allegro vivace erabatekoan.
Eta soinu espazioa landako inpresioez betetzen da Sinfonia pastorala izenekoan gauzatzen den Naturaren aldeko kantu zintzoan. Ludwig van Beethoven (Bonn, 1770-Viena, 1827) ez bazen ere landako gizona, izugarri maite zituen eremu zabalak eta izugarri gustatzen zitzaizkion naturak eskaintzen zizkion ibilaldi luzeetan bakar-bakarrik ibiltzea. Bosgarren eta Seigarren sinfonien parte handi bat Viena inguruko villetan osatu zuen, hara joaten baitzen Beethoven udak igarotzera.
Seigarren Sinfonia Op 68 Fa Maiorrean Lobkowitz printzeari eta Razumovsky kondeari eskainia da, babesle izan baitzituen Beethovenek vienar gizartean. Vienan estreinatu zen, 1808ko abenduaren 22an; Theater an der Wien musikagilearen esku jarri zen (aldez, behintzat, ongintzako ekitaldietan izandako parte hartzearen aitorpen gisa) irabazpidezko kontzertu bat antolatzeko, garai hartan musikaren ikuspegitik gailurrean zeuden europar hiri batzuetan boladan zeudenen antzera. Beethovenek kontzertu izugarri luzea antolatu zuen (lau ordu ingurukoa), eta baita eragabea ere, orduko hartan bateratu baitzituen Bosgarren Sinfoniaren eta Fantasia Koralaren erabateko estreinaldia; Pianorako Laugarren Kontzertuaren vienar estreinaldia, Meza Don lanaren hainbat zati eta ahotserako eta pianorako beste hainbat lan. Kontzertu hura, ordea, lausoturik gelditu zen orkestrarekin eta abeslariekin izandako hainbat ezadostasunen, entsegu faltaren eta bertaratuek izan zuten hotzaren ondorioz; ekitaldi haren arrakasta, beraz, neurrizkoa izan zen, eta gorabeheratsua. Emaitza ekonomikoak ere ez ziren behar bezalakoak izan, ez musikagilearentzat ez orduko enpresaburuarentzat.
Sinfoniak, Berlioz sutsuaren hitzetan, “Poussinek osatutako eta Michelangelok marraztutako paisaia miragarri bat ematen du”. Hala ere, Beethovenek idatzi zuenaren arabera, lan hura “emozioa da deskribapena baino gehiago, eta sentimenduen oroipena pintura baino gehiago”. Are gehiago, txorien kantuaren deskribapen nabarmen bat baino ez dago, bigarren mugimenduaren amaieran. Sinfonia horretan bada, ordea, naturarenganako maitasunaz eta hark ematen duen bakeaz gainera, Beethovenek bere tarteko etapako lanetan agertzen zuen berritasun bat: musikaren osagaien tratamenduari dagokion bilakaera eta originaltasuna, zeinari esker konposizioak hizkuntza berri bati zabaldu zizkion ateak Europan. Ordurako, XIX. mendea (eta XX. mendearen parte bat) erromantizismo musikalaz betetzen zuten sortzaileek begiratu beharko zuten ispilu bihurtzen ari zen Beethoven.
Lehenengo mugimendua, Esnatu sentimendu alaiak landara iristean, ibilbide barekoa da, garai hartan ohikoa zenaz guztiz bestela; gai nagusien izaera maitagarriari esker, tentsio harmoniko gutxiko esparru batean garatzen baitira, eta segurtasuna eta landako naturarekiko batasun sentipen erosoa helarazten duen diskurtsoari eusten dioten hainbat nota pedali esker.
Bigarren mugimenduan, Eszena errekaren alboan, indartu egiten da baretasun bukolikoa, ideia soil baten erabilerari esker: hariaren fintasuna eta zuraren ahogozo malkartsua eta, aldi berean, samurra. Berliozen iritziz, Beethoven “belar berdean etzan zen, seguru, zerura begira, haizeari adi, errekaren uhinak bazterreko harkoskorren kontra haustean argiak egindako milaka islek liluratuta”. Hirugarren denborako Nekazarien bilakaera alaia pasarteakaire erritmikoek eta kolore instrumentalek dantza eta festa giro lasai eta maitekorrera hurbiltzen gaituzte.
Baina lasaitasuna eta barealdia eten egiten dira laugarren mugimenduarekin bat egitean, airea presio atmosferiko-musikalaz betetzen denean, besteak beste Beethovenek harizko musika-tresna baxuen artean sustatzen duen liskar originalaren eraginez: hurbiltzen den Ekaitzaren zurrumurru gero eta handiagoa, biolontxeloen pultsu bakoitzaren bost kortxeaerdien eta lau kontrabaxuen arteko talkak eragiten duen iluntasun soinudunak lortua; eta horri eransten zaio txirula piccolo baten tentsio akustikoa (lehen aldiz tronboiekin batera agertzen dena), nota kromatikoz beteriko eremu soinudunaren goreneko gailurrean. Efektu berezi izugarriak XIX. mende hasi berriarentzat. Baina Beethovenek aipatzen digun “landaren zoriontasunaren, zeruaren baretasunaren eta lurraren jantzi aberatsaren aldeko kantuak” berriro ere argiz betetzen du eremu musikala, sinfoniaren amaierako Artzainen kantua eta esker ematea eskaintzaren ondoren pasartean.
Egitarau bikaina musika oroitzapenez, amestutako abenturen oroipenez eta naturaren oihartzunez beteriko arratsalde baterako. Jarlekuetan Errol Flynn egongo al da, Vienako landatik iritsi berritan? Goza ezazue kontzertu honekin.
 
 
Alina Pogostkina, biolina
 
San Petersburgon jaioa, Alina Pogostkinak aitarengandik jaso zituen lehenengo biolin-eskolak, eta 1992an Alemaniara joan zen. Antje Weithaasen ikaslea izan zen Berlingo Hanns Eisler Musikako Goi Mailako Eskolan; lehiaketa ugari eta garrantzitsuak irabazi ditu, besteak beste, Friburgoko Louis Spohr Lehiaketa 1997an, non lehiatzailerik gazteena izan baitzen. 1999an Europako Kontseiluko Presidenteen «Prix de l’espoire» saria jaso zuen. 2001ean Bruselako Elisabeth Erregina Lehiaketako irabazleen artean egon zen, eta 2002an, Indianapoliseko (AEB) Nazioarteko Biolin Lehiaketan. 2005ean Jean Sibelius Nazioarteko Biolin Lehiaketako lehen saria irabazi zuen.
Alina Pogostkina munduko jaialdi eta kontzertu-areto ospetsuenetan aritu izan da. Era berean, Mikhail Pletnev, Gennadi Roshdestvensky, Sir Roger Norrington, Sir Mark Elder, Sakari Oramo, Jukka-Pekka Saraste, Mikko Franck, Paavo Järvi, Andris Nelsons, Andrey Boreyko eta Thomas Hengelbrock zuzendariekin kolaboratu du, besteak beste.
Bakarlari gisa, Stuttgart, Finlandia, Indianapolis, Cincinnati, BBCren Eskoziarra orkestra sinfonikoekin jo du, bai eta Oslo, Stcokhom, Frantziako Irratia eta Txekiako filarmonikoekin nahiz Gustav Mahler Gazte Orkestrarekin ere. Azken denboraldian, bira bat egin zuen Japonian, Tokioko NHKren Orkestra Filarmonikoarekin eta Jonathan Nottekin.
Alina Pogostkinak Antonio Stradivariren (Cremona, 1709) biolina jotzen du, Deutsche Stiftung Musikleben delakoak utzita.
 
 
 
 
 
 
Josep Caballé Domenech, zuzendaria
 
Bartzelonan jaio zen musikari familia batean, eta pianoa, perkusioa, kantua eta biolina ikasi zituen. Prestakuntza Vienako Musika eta Arte Eszenikoen Unibertsitatean jaso zuen, eta David Zinman, Jorma Panula (Aspen Music Festival) eta Sergiu Comissionaren eskolak jaso zituen.
 
Aspengo Zuzendaritzaren Akademia Amerikarraren Aspen Prize saria jaso du eta “Protégé de Sir Colin Davis” izendatu dute “Rolex Mentor and Protégé Arts Initiative” programako lehenengo edizioaren inaugurazio zikloan.
Denboraldi honetatik, Josep Caballé-Domenech Colorado Springs Orchestrako musika zuzendaria da. Norrköpingeko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gonbidatu nagusia izan da, eta sarritan aritzen da Aspen, Texas eta Wintergreengo jaialdietan. Espainiako orkestra ugari ez ezik, beste orkestra hauek ere zuzendu ditu: Royal Philarmonic Orchestra, BBC Orchestra/Wales, BBC Orchestra/Ulster, Belgikako Orkestra Sinfonikoa, Zuricheko Tonhalle, Suediako Irratiko Sinfonikoa, Txekiako filarmonikoa, New Japan Filharmonic, Roya Scottish Orchestra eta abar.
 
Zuzendu dituen operetako batzuk hauek dira: Cosi fan tutte, Lucia di lammermoor, L’elisir d’amore, La Boheme, Tosca eta Carmen. Enric Palomarren Bataiatzailearen burua lanaren mundu mailako estreinaldia egin du Bartzelonako Liceun. Era berean, Moreno Torrobaren Luisa Fernanda produkzioa zuzendu du Theater an der Wien antzokian, Plácido Domingo eta RSO Wien orkestrarekin batera, bai eta Oviedoko Operan ere.
 
Mercedes Albaina

Beethovenen “Pastorala”

Landa-ingurunetik paseo luzeak emateko zaletasuna izan zen artista erromantikoek naturaz zuten afinitatearen adierazpenetako bat. Beethovenek horren soinu-kontakizun aparta utzi zigun bere Seigarren sinfonian, izan ere, “landa-bizitzako oroitzapenak” azpititulua jarri zion. Eric Korngoldi dagokionez (bere musika, zorionez, merezi duen tokia berreskuratzen Heifetz handiak estreinatutako Kontzertua biolinerako eskaintzen dugu. Egitarauari hasiera ematen dion Soutulloren lanari dagokionez, Tomás Marcok esan du Espainiako gure garaiko lan sinfoniko garrantzitsuenetakoa dela.
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

03 - 04
Urr
2024
>Beethovenen Enperadorea

Beethovenen Enperadorea

Lekua: Euskalduna Jauregia

L. van Beethoven: Piano eta orkestrarako 5. kontzertua Op. 73 “Enperadorea”
A. Dvorák: 8. sinfonia Sol Maiorrean Op. 88

Vadym Kholodenko, pianoa
Nuno Coelho, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
10 - 11
Urr
2024
>Klasikoak gazteak dira

Klasikoak gazteak dira

Lekua: Euskalduna Jauregia

W.A. Mozart: Bahiketa harenean, Obertura K. 384
F.J. Haydn: Biolontxelorako eta orkestrarako 1. kontzertua Do Maiorrean Hob. VIIb:1
Caroline Shaw: Entr’Acte
F.J. Haydn: 60. sinfonia Do Maiorrean Hob. I:60 “Il Distratto”

Julia Hagen, biolontxeloa
Lorenza Borrani, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
17 - 18
Urr
2024
>Arrosaren zalduna

Arrosaren zalduna

Lekua: Euskalduna Jauregia

D. Shostakovich: Piano eta orkestrarako 1. kontzertua Op. 99
A. Leng: Alsinoren heriotza
R. Strauss: Der Rosenkavalier, Suite Op. 59

Sergei Dogadin, biolina
Luis Toro, zuzendaria

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
28
Urr
2024
>Ganbera 1

Ganbera 1

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Hari-kuartetoa Fa Maiorrean
BOSen hari-laukotea

G. Gershwin/L. Sauter: Rhapsody in blue, hari eta piano boskoterako
BOSen boskotea pianoarekin

Gehiago ikusi