Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 15-2011-2012

Lan handiak bakarlari handientzat


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

J. Brahms:Kontzertua biolin eta orkestrarako Re maiorrean
B. Bartók:Kontzertua orkestrarako
 
Boris Belkin, biolina
Günter Neuhold, zuzendaria

DATAK

  • 10 maiatza 2012       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 11 maiatza 2012       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Batere arriskutsuak ez diren adiskidetasunak

1853an, Johannes Brahms hogei urteko nerabetxoa zen. Kerubina zirudien: zeta-antzeko ilea zuen, eta oso begi urdinak. Oraindik hamarkada batzuk falta ziren, Gimliren antzeko estetika izan zezan (alegia, Eraztunen Jauna lanean, aizkora batekin dabilen ipotxaren antza). Momentuz, bizarrik ez, tripatzarrik ez, eta famatik defendatzeko balioko zion keinu zaputzik ez. Tira, egia esan, ez zuen famatik defendatu beharrik, ez baitzen inondik ere famatua.
1853an hasi zen dena aldatzen. Piano-jotzaile gisa egin zuen lehenengo biretako batean, Göttingenetik igaro zen, eta, han, Joseph Joachim izeneko batekin egin zuen topo. Hungariar jatorriko biolin-jotzailea zen, bera baino urte pare bat zaharragoa, besterik ez. Jakina, instrumentisten karrera konpositoreena baino askoz ere goiztiarragoa da. Joachim aspalditik zen gizon errespetatua musikaren munduan, hamar urte baino gehiagotik hain zuzen; Beethovenen Kontzertua jo zuen Mendelssohnen zuzendaritzapean, eta hori guztiori XX. mendeko lehen urteetara arte iraungo zuen karrera baten hasiera baino ez zen. Zintzoak izateko, XIX. mendeko bigarren erdialdeko europarrek buruhauste gutxiago izan zituzten Joachimekiko, Brahmsekiko baino. Azken horri dagokionez, zale eta profesional askorentzat –inongo justifikaziorik gabe– apur bat astuna zen; jakintsua, baina astuna; aldiz, inori ez zitzaion bururatuko Joachimek biolinarekin zuen artearen aurkako ezer esaterik. Denek zuten jainkoen oparitzat, eta noizean behin eztabaida bakarra izaten zuten: Sarasate baino hobea edo txarragoa ote zen, hura baitzen garai hartako beste jenioa.
Baina itzul gaitezen 1853ra. Joseph Joachimek Brahmsen konpositore-karrera hasiberriarekiko interes pertsonala agertu zuen, eta esan zion joateko Schumann senar-emazteak bisitatzera, garai hartan Düsseldorfen bizi baitziren. Brahms animatu egin zen, eta urte bereko irailaren 30ean Schumanndarren etxera joan zen. Data horrek betiko aldatuko zuen bere bizitza, eta gauza bat baino gehiagotan gainera. Hasteko, Robert Schumann txundituta geratu zen mutikoaren talentuarekin, eta bere eragin-gaitasun guztia jarri zuen jokoan –ez zen-eta txikia–, haren lanak argitaratu zitezen. Beste alde batetik, Clara Schumannek, garai hartako piano-jotzailerik miretsienetakoak, inolako zalantzarik gabe babestu zuen Brahms gaztea. Euren arteko gutunetako testigantza eta arrasto guztien arabera, Clararen babesak izugarri balio izan zion Johannesi, baina, ai ene, babes txikiegia izan zela iruditu zitzaion. Brahms liluratuta geratu zen bere jagolearen emaztearekin. Robert Schumann hiru urte geroago hil zen, baina Clarak eta Johannesek inoiz ez zituzten adiskidetasun sakonaren mugak zeharkatu, eta adiskidetasuna hiru bandatan konpartitu zuten, Joachimekin batera.
Une hartatik aurrera, Brahms ezaguna egiten hasi zen mundu germaniarrean. Vienako eta Berlingo piano askoren gainean, haren baladak, estudioak eta lieder batzuk aurki daitezke. Formatu txikiko obren konpositore baten aurrean geundela zirudien, ganberako musikaren maitale baten aurrean. Hori uste zuten denek, 1863ko otsailaren 18ra arte. Egun hartan, aurretiazko zenbait estreinaldi partzialen ostean, Ein Deutsches Requiem lana lehen aldiz entzun ahal izan zen osorik, Leipzigen. Brahmsek arrakasta izugarria lortu zuen fresko handien artista gisa, eta mundu guztia hasi zen pentsatzen zergatik ez ote zuen oraindik dozena erdi sinfonia konposatu.
Eta, oraindik ere, denboratxo bat itxaron beharko zuten. Lehenengo Sinfonia do minorrean izenekoa prestatzen ari zen arren, 1877ra arte ez zuen amaitu, konpositoreak berrogeitaka urte zituela. Behin orkestraren generoan murgilduta, Brahmsek horretan jarraitu zuen, eta, hurrengo urtean, 1878an, bere Bigarren Sinfonia estreinatu zuen.
Joachimek, adiskidearen arrakastarekin zoriontsu, pozarren jakin zuen Brahmsek orkestrarako egingo zuen hurrengo lana ez zela beste sinfonia bat izango, ezpada biolinerako kontzertu bat. Hala ere, azken emaitzak sinfonia bat zirudien, gainetik biolinerako kontzertu bat jarrita. Modu horretan, musikari biak gutun-truke bizian hasi ziren, pasarte bakarlariei buruz hitz eginez, orkestrazioari buruz mintzatuz, eta atal osoak berridatziz. XXI. mendeak erabat ahaztu duela dirudi, baina Joachim meritu handiko konpositorea izan zen, kontrapuntuaren zientzian guztiz interesatutakoa, eta elkarrizketa tekniko batean Johannesekin inongo lotsarik gabe aritzeko gai zena.
Kontzertuaren konposizioak erritmo onean jarraitu zuen, eta, hurrengo urtean, 1879ko Urteberri Egunean bertan, Joachimek lana estreinatu zuen Leipzigen. Biolinerako inoiz idatzitako kontzerturik ederrenetakoak argia ikusi zuen. Eta hemen, modu inozo samarrean, arazoak hasi ziren.
Hurrengo urteetan, Joachim bere emazteaz susmatzen hasi zen, eta, azkenik, andreari aurpegiratu zion Fritz Simrock musika-editorearekin engainatzen zuela. Viena osoa harrituta zegoen, protagonistak hain ospetsuak izanda. Amalie, Joachimen emaztea, sona handiko abeslaria izan zen, baina, gero, albo batean utzi zuen bere karrera profesionala, seme-alabak zaintzeko. Simrock musikari guztien lagun ona zen, besterik ez. Musikari guztiak miresten zituen, eta Brahmsek, aspalditik bere editorea zenari buruzko salaketarekin harrituta, gutun bat idatzi zion Amalie Joachimi, bere konfiantza eta samurtasuna adieraziz. Andreak, jasotako babesagatik oso eskertuta, Johannesi baimena eskatu zion gutuna hirugarren pertsona batzuei erakusteko, eta Johannesek ez zuen inongo eragozpenik jarri. Ez zuena pentsatzen zen gutun hori (bertan esaten zuen Joachim, izatez, jeloskor hutsa zela) funtsezko pieza izango zela dibortzio-prozesuan –XIX. mendeko Vienan ere bazeuden holako gauzak–, eta Amalieren aldeko sententzia ekarriko zuela. Pentsatzekoa den moduan, Joseph Joachimi horrek ez zion batere graziarik egin.
Brahmsek argi utzi zuen zinez sentitzen zuela gertatutakoa –egia esan, koitaduak nahi zuen gauza bakarra zen gaizki-ulertuari amaiera ematea eta bikotea berriro elkartzea–, baina, era berean, idatzitako eta esandako guztia berretsi zuen. Adiskide biek penaz bizi zuten egoera hura. Inoiz ez zuten uzten inork txarto berba egin zezan besteari buruz, baina, harropuzkeriaz, beldur ziren ez ote zuten purrustadaren bat jasoko, hurbilketa hipotetiko batean. Azkenik, Brahmsek, adoretuta, musikaren historian inoiz hartu gabeko neurria hartu zuen. Robert Hausmannentzat –garai hartan, Hausmann biolontxelo-jotzailea zen Joachimen koartetoan; zeinen txikia zen mundua– idazten ari zen biolontxelorako kontzertua aldatzen hasi zen, lan hori Biolin, Biolontxelo eta Orkestrarako Kontzertu Bikoitza izan zedin. Hain zuzen ere, hori izan zen orkestrarako idatzi zuen azken konposizioetako bat. Adiskidetasuna hoztasun apur batekin berregin zen, baina aurrerantzean, Johannesen heriotzaren egunera arte, ez zen gehiago itzaliko.
Modu horretan, Brahmsek biolinerako kontzertu eta erdi eskaini zion Joachimi, zorionez. Dirudienez, ohore hori modu epel samarrean hartu zuen. Norbait zenbatzen hasi zen Joachimek zenbat aldiz jo zuen Brahmsen Biolinerako Kontzertua op. 77, pentsatuz zenbaketa egitea sekulako lana izango zela. Zenbakiak harri eta zur utzi zuen musikologia osoa. Sei. Antza denez, Joachimek sei aldiz soilik jo zuen kontzertua jendaurrean. Horri gehitzen badiogu Sarasatek ez zuela lan honetara hurbildu ere egin nahi (arerioaren lurraldea zelako), eta, gainera, kontuan hartzen badugu zati bakarlaria izugarri zaila dela, ikusiko dugu Brahmsen garaikideek ia ez zutela entzun XX. mendeko biolin-errepertorioko piezarik garrantzitsuenetakoa den hau.
Beste alde batetik, XX. mendea beste adiskidetasun baten lekuko eta zeharkako onuradun izan zen. Bela Bartokek (1881-1945), erdialdeko Europako beste konpositore askok bezala, ihes egin zuen Hirugarren Reicharen kontrolpean zegoen Europatik, eta 1940an heldu zen Estatu Batuetara, fama handiarekin konpositore eta piano-jotzaile gisa. Alabaina, interpretatzaile gisa, bere karrerak ez zuen goraka egiten itsasoaren beste aldean, eta, ondorioz, zailtasun ekonomiko larriak pairatzen hasi zen. Emigratutako gainerako musikariek kezkaz begiratzen zieten euren erreferentziazko figuretako baten osasun eta diru arazoei. Ezkutuan, bankuan dirua sartzen hasi zitzaizkion, baina Bartok konturatu egin zen, eta ikaragarri haserretu zen. Modu ortodoxoagoa bilatu behar zen, eta Serge Koussevitzkyk, ziurrenik Ekialdeko Kostaldeko zuzendaririk txalotuenak, oso nabaria zen modu bat aurkitu zuen. Orkestrarako Kontzertu bat konposatzeko enkargua sortu zen horrela. Aurrekari gutxiko obra-formatua zen, eta, modu horretan, Bartokek nahi zuena egin ahal izan zuen esperimentazio tonalaren esparruan, ikerketa dodekafonista eta serialistetara gero eta gehiago emanagoa zen Mendebaldeari aurre eginez. Pieza hau aitzakia hutsa zen konpositoreari dirua eta adorea helarazteko, eta 1944ko abenduan estreinatu zen, albo-ondorio bitxi batekin. Jendeari gustatu egin zitzaion. Bela Bartoken Orkestrarako Kontzertua egilearen lanik ezagunenetakoa izatera heldu zen, eta konposizio-sorta berri bat ekarri zuen, nahiz eta, tamalez, sorta hori etenda geratu hurrengo urtean, konpositorea hiltzean. Edozelan ere, ongia egina zegoen. Bartok eta entzuleak berradiskidetu egin ziren, eta, hiletako opari gisa, Mendebaldeak haren azken borondatea entzun eta bertan behera utzi zuen nazismoa.
Joseba Berrocal
 
 
Boris Belkin, biolina
  
Boris Belkinek Moskun ikasi zuen, Yankelevitz eta Andrievsky irakasleekin. 1973. urtean SEBSeko Biolin Lehiaketa Nazionaleko Lehen Saria irabazi zuen, eta Mendebaldera emigratu zuen. Mundu osoan jo du, besteak beste: Boston, Cleveland, Pittsburgh eta Filadelfiako sinfonikoekin; Berlin, New York, Israel, Los Angeles eta Montrealgo filarmonikoekin; eta Bayerischer, Rundfunk, Concertgebouw, eta Ingalaterrako orkestra gehienekin. Era berean, Bernstein, Ashkenazy, Mehta, Maazel, Muti, Ozawa, Sanderling, Temirkanov, Dohnnanyi, Rattle, Haitink eta Hirokamiren zuzendaritzapean aritu izan da, besteak beste.
 
Decca eta Denon disko-etxeentzat grabatu ditu Paganini, Tchaikovsky, Sibelius, Brahms, Strauss, Mozart, Prokofiev, Bruch, Shostakovich eta Glazunoven kontzertuak, Israelgo Filarmonikoa eta Zubin Mehtarekin, Philharmonia eta Ashkenazyrekin, Berlingo Irratiko Sinfonikoa eta Ashkenazyrekin, London Symphony eta Kondrashinekin, Zuricheko Tonhalle Orkestra eta Michael Sternekin, Royal Philharmonic eta Junichi Hirokamirekin, London Philharmonic eta Michael Sternekin, eta Salzburgoko Chamber Soloistsekin, baita Brahmsen Sonatak ere Michael Dalbertorekin. Espainian biolin-jotzailerik ezagunetarikoa da, sarritan jo izan baitu orkestra onenekin, baita hiri askotako errezitaldi eta jaialdi garrantzitsuenetan ere. Beethoven Academie, Royal Liverpool Philharmonic Orchestra, Liejako Orkestra, Salzburg Chamber Soloists eta Belgikako Orkestra Nazionalarekin batera birak egin ditu Espainiatik. Udaro, Eskola Magistralak ematen ditu Sienako Chigiana Akademian.
 
 

Belkin eta Brahms-en kontzertua

Denboraldiko egitaraurik sendoenetakoa, bi maisulanek osatutako egitarauarekin. Erregea biolinerako kontzertuen artean, titanen arteko elkarrizketa baten edertasun melodikoa eta biribiltasun formala uztartzen dituena lana; elkarrizketa berdinen artekoa, biolinaren eta orkestraren artean, eta arrazako biolin-jotzaile batek ekingo dio buru-belarri, Boris Belkinek, alegia. Eta Bartóken Kontzertua orkestrarako; bertan, musikagile hungariarrak concerto grosso barrokoaren kontzeptua eguneratzen jakin izan zuen, bere lan ospetsuenean.
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak