BOS 1922-2022

BILBAO ORKESTRA SINFONIKOAREN 100 URTE

BOSek ehun urte bete zituen 2022ko martxoaren 8an. Bizkaia osoan efemeride garrantzitsu hori ospatzeko, BOSek hainbat ekintza antolatu ditu urte osoan zehar. Sortu ginen gizartearekin, gure gizartearekin, batera ospatu nahi izan ditugu gure historiaren lehen ehun urte horiek.

Aurten egindako jarduera guztien artean, honako hauek nabarmendu behar ditugu:

MENDEURRENAREN KONTZERTUA

Egitaraua

MAURICE RAVEL (1875 – 1937)

Deux mélodies hébraïques, Kaddisch

Isabelle Druet, mezzosopranoa

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

Sinfonía nº 2 en do menor “Resurrección“

I. Allegro maestoso
II. Andante moderato
III. In ruhig fliessender Bewegung
IV. Urlicht (Primeval Light)
V. Im Tempo des Scherzo

 

Miren Urbieta-Vega, sopranoa
Isabelle Druet, mezzosopranoa
Sociedad Coral de Bilbao (Enrique Azurza, zuzendaria)

Informazio gehiago


ERAKUSKETA IBILTARIA

Mugarri garrantzitsu hori zabaltzeko, orkestrak erakusketa ibiltari bat jarri zuen martxan, zeinaren bidez gure orkestraren historia zabaldu nahi izan duen gure Foru Lurraldean zehar.

Erakusketa zortzi tokitan jarri da ikusgai martxotik irailera bitartean. Ibilbidea martxoaren 17an hasi zen Arriaga antzokian; ondoren, Bizkaiko beste zazpi udalerri bisitatu zituen —eskualde bakoitzeko bat—, eta irailaren 18an amaitu zen Urduñan.

Erakusketa hamabi “atek” osatu dute, metro bateko zabalera eta bi metroko altuerakoak, eta orkestraren historiaren hainbat etapari zabaldu dizkiote ateak. Horietako hamaika orokorrak ziren eta beste batek BOSen eta kasuan kasuko Bizkaiko eskualdearen arteko historia kontatzen zuen.

Ikusi berria 2022-03-18


1922. JATORRIA

XIX. mende bukaeran Bilboko gazte intelektual talde bat arratsaldero batzen zen “El Cuartito-n”, Zazpi Kaleetan alokatutako gela batean. Gela hartako hormetan taldeko kide batzuk margotutako telak eskegita zeuden, besteak beste Ignacio Zuloagak, Manuel Losadak edo Anselmo Guineak, eta bertan musika saioak antolatzen zituzten eta denbora igaro ahala, egungo Elkarte Filarmonikoa sortu zen.
Bizkaiko kulturaren garai emankorrenetako baten protagonistak dira. Eta musika oso garrantzitsua izan zen. Izan ere, egungo Bilboko musika erakunde asko (Elkarte Filarmonikoa, Abesbatza Elkartea, Kontserbatorioa eta Orkestra Sinfonikoa) urte horietako musikari talde horren sustapenari esker sortu ziren.

Testuinguru historikoa

XIX. mendeko bigarren erditik aurrera Bizkaiko ekonomia erabat aldatu zen, neurri handi batean Europara eta bereziki Bretainia Handira Trianoko Mendietatik eta Meatzaldetik ateratako burdinazko minerala esportatzen hasi zirelako. Jarduera horren ondorioz, Bilboko itsasadarraren albo bietan industria indartsua sortu zen.

Merkataritza, industria eta demografia garapen horrek euskal lurraldea Europako ekonomia maila handieneko puntuetako bat bihurtu zuen. Horrekin guztiarekin aurretik ere existitzen zen burgesiak indarra hartu eta ekonomia botere eta gizarte eragin handia bereganatu zuen.

Kultura testuingurua

Garai horretan, bereziki XIX. mende bukaeratik aurrera, Bizkaiko kulturan iraultza ikaragarria gertatu zen. Garai bizia eta energiaz betea izan zen. Bizkaiko musika eremu finkatuan eta “Cuartitoaren” barnean XIX. mendeko azken urteetako eta XX. mendeko zati bateko Bilboko musika mugimendu ia guztia sortu zen taldekideen lanari eta ekimenari esker, eta bereziki aipatu behar dira Bilboko “musikaren hiru apostoluak”: Juan Carlos Gortázar, Javier Arisqueta eta Lope Alaña.

BOSen une garrantzitsuak

“Cuartitoko” kideen laguntzarekin, Armand Marsick-ek, 1921ean sortu berria zen Bizkaiko Musika Kontserbatorioko (gazte talde emankor eta bizi horrek sustatuta baita ere) lehen zuzendariak, 1922an Bilbon beharrezkoa eta egonkorra zen orkestra sinfonikoa sortu zuen. BOS sortu aurretik, Bilbon ohiko moduan kontzertuak antolatzen zituen erakunde publiko bakarra Bilboko Musika Banda zen, 1895ean fundatu zutena.

1922-1927. HASIERA

Armand Marsickek, Bizkaiko Musika Kontserbatorioko lehen zuzendari berriak, Bilbon sakabanatuta zeuden musikariak bildu zituen hiribilduko lehen orkestra egonkorra sortzeko. Obra garrantzitsuak aukeratu zituen eta kontzertuak egonkortzeko borrokatu zen. Erronka handia izan zen, bereziki ekonomikoa, baina, erakundea arrakastatsua izan zen mezenasen, dirulaguntzen eta Elkarte Filarmonikoarekin babesarekin.

Testuinguru historikoa

1923an Miguel Primo de Riverak Estatu Kolpea eman zuen, gaztelania ez beste hizkuntza guztiak debekatu zituzten eta prentsa zentsuratu zuten. Hamarkada bukaeran krisi ekonomiko berri bat hasi zen.

BOS etapa horretan

Albia Coliseoan 1923ko azaroaren 10ean antolatutako kontzertuan eserleku garestienek 67 pezeta balio zuten eta merkeenek 1,50 pezeta.

Orkestrak arazo ekonomiko larriak izan zituen. Bazkideen hileko kuota 2 pezetakoa zen eta urtea bukatzean 239 bazkide zeuden. Prezio horiek ez zituzten ikusleak erakartzen eta musikariek hainbat enplegutan lan egin behar izaten zuten.

1925ean kualifikatutako tarteko langile batek astean 65 pezetako batez besteko ordainsaria jasotzen zuen. 1926an orkestrako bazkideen kuota hileko 3,50 pezetakoa zen eta ekitaldietara dohain sartzeko eskubidea zuten.

BOSen une garrantzitsuak

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren lehen kontzertua 1922ko martxoaren 8an, asteazkena, izan zen arratsaldeko zazpietan Arriaga Antzokian eta 65 musikari inguruk jo zuten. Kontzertua oso arrakastatsua izan zen eta Marsicken zuzentzeko modua bereziki harrigarria izan zen, beste zuzendari batzuen ohiko soiltasunik ez baitzuen erakutsi.


1927-1931. IKUSLEENGANA HURBILTZEA

Vladimir Golschmann zuzendari erreferentea da. Orkestrara iritsi ondoren egoera hobetu zen eta 1927-1928 denboraldia arrakastatsuena izan zen kritikarientzat eta publikoarentzat, izan ere, ordura arteko partaidetza handiena lortu zuten. Golschmannek abangoardiaren alde egin zuen eta ikusleei gehiago gustatzen zitzaizkien obrak aukeratu zituen.

Testuinguru historikoa

Alde batetik, 1930-1931 urteetan herrialde osoan krisi ekonomiko eta politikoa gertatu zen eta orkestran inpaktu negatibo eta iraunkorra izan zuen horrek. Beste alde batetik, hilabete batzuk lehenago soinudun zinema eta musika aparatuak agertu ziren baita ere. Europako musikari guztien egoera prekarioa zen eta botere publikoek albo batera utzi zituztela sentitzen zuten.

BOS etapa horretan

1929-1930 denboraldian 560 bazkide inguru zeuden eta pixkanaka gutxitzen joan ziren herrialdeko krisiaren ondorioz. Hala ere, bazkideak kalitate handikoak ziren, gizarteko figura garrantzitsuak, besteak beste Bilboko Abesbatza Elkartea, Bizkaiko Musika Akademia eta Elkarte Filarmonikoa.

BOSen une garrantzituak

Vladimir Golschmannek sinfonikako zuzendari lanetan lehen kontzertua eman zuen 1928ko urtarrilaren 21ean eta filarmonikako aretoa artez bete zuen. Oso arrakastatsua izan zen, izan ere, apirilaren 24an kontzertua bukatzean ikusleak kalean zain zituen, hiribilduan ordura arte gertatu ez bezala zoriondu nahi zutelako.

1928ko azaroaren 10ean Elkarte Filarmonikoan BOSen historiaren une garrantzitsuetako bat gertatu zen: Maurice Ravelek orkestra zuzendu zuen 90. kontzertuan.


1932-1937. KRISITIK GERRARA

Garai horretan diru-bilketak benetan urriak ziren eta zuzendariak etengabe aldatzen ziren. Horrek guztiak erakundeari malgutasuna kentzen zion eta errepertorioa kaltetzen zuen. Orkestraren zuzendaritza zuzendari titular bati esleitu behar zitzaion, eta postu hori eskuratu zuen Jesús Arámbarri musikari polifazetikoak 1932an. Marsick eta bera izan ziren Orkestra Sinfonikoarentzako obrak konposatzen zituzten zuzendari bakarrak eta Orkestra Sinfonikoaren eta Elkarte Filarmonikoaren arteko lotune garrantzitsua izan zen gainera.

Testuinguru historikoa

1933-1934 urteetan 368 bazkide zeuden. Herrialdeko egoera politiko eta ekonomikoa larria zen eta garai horretan kontzertu bakoitzean 500 pezeta inguru galtzen zituzten, baina, horrek ez zuen Arámbarri gelditu. Gerra Zibilak aurrera egin ahala, 1936-1937 urteetan kontzertu gehienak lankidetzan edo Gizarte Laguntzaren aldeko ongintzazko kontzertu gisa ematen ziren. Etapa horretako azken kontzertua 1937ko apirilaren 4an egin zuten.

BOS etapa horretan

Orkestrako kideak, adin militarra zuten gainerako bilbotarrak bezala, gatazkan parte hartzera behartu zituzten. Hala ere, Bilboko Sinfonikoaren jarduera ez zen gelditu hiria matxinatuen esku geratu zenera arte.

Orkestrak frankisten garaipenaren ondorioak jasan zituen baita ere. Frankistek erakunde guztietan eta gizarte osoan garaipen militarraren ondoren ezarri zen erregimen berriaren aurka zeuden guztiak jazarri zituzten.

BOSen une garrantzitsuak

1933 hasieran Arriaga Antzokian lehen kontzertua eman zuen Arámbarrik orkestraren zuzendari gisa. 1934ko apirilean oso arrakastatsua izan zen Verdiren ‘Réquiem-en’ estreinaldia. Abesbatza Elkartearekin eta Filarmonikarekin lankidetzan antolatu zuten eta Espainia osoan entzun ahal izan zen Bilboko irratiaren bitartez.


1939-1958. AUTARKIA GARAIA

Udal frankistak hala erabakita, orkestra berriz ere martxan hasi zen 1939ko otsailaren 25ean Udal Bandarekin batera, Bilboko Udal Orkestra izenarekin. Horrela egon ziren 1958ra arte, eta orduan banatu egin ziren eta orkestrak Bilboko Orkestra Sinfonikoa izena berreskuratu zuen.

Testuinguru historikoa

Erregimen frankistaren garaian agintariek argi erakutsi zuten Bigarren Gerra Mundialean borrokatzen ari ziren erregimen faxista eta naziak atsegin eta babesten zituztela. Gabezia eta isolamendu aldia izan zen.

Bizkaiko gizartean errepresio larria bizi izan zuten eta biztanle asko galdu ziren gerraren eta erbesteratzeen ondorioz. 1939. urtean 1952ra arte iraun zuten arrazoinamendu txartelak ezarri zituzten.

50eko hamarkadatik aurrera immigrazio handia gertatu zen biztanle asko aukera berrien bila abiatu zirelako, eta Bizkaiko biztanleria ia bikoiztu egin zen (1950ean 651.000 biztanle zeuden eta 1975ean 1,1 milioi).

BOS etapa horretan

1938ko abuztuaren 10ean Bilbo udal orkestra bat sortu zuen lehen hiribildua izan zen. Horretarako, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eraldatu zuten. Jesús Arámbarri Bilboko Orkestra-Banda berriaren zuzendari gisa finkatu zen. Orkestran urte gehien igaro zituen zuzendaria izan zen: 1933tik 1953ra, gerra zibilak halabeharrez sortutako “geldialdi” (1937-1939) urteak salbu.

Etapa horretan orkestraren jarduera oso bizia eta garrantzitsua izan zen. 1943an urteko lehen bira egin zuten trenean. Ia etenik gabe 1964ra arte urtean behin horrelako bira bat egin zuten, eta batzuetan Andaluziara iritsi ziren. BOS Espainia iparraldeko orkestra erreferentea bihurtu zen. Bidaia horietan guztira 60.000 km egin zituzten.

BOSen une garrantzitsuak

1953ko abuztuaren 16an orkestrak sortu berri zen ABAOk antolatutako “Operaren lehen jaialdian” parte hartu zuen. Ordutik aurrera, Bilboko Orkestra Sinfonikoa denboraldi guztietan egon da.

Arámbarri 1953an joan zen eta ondorengo zuzendariak José Yves Limantour eta Antoine de Bavier izan ziren.

1958an Burgosko Rafael Frühbeck izendatu zuten zuzendari titular. Bere zuzendaritzapean herrialdean lehen aldiz interpretatu zituzten ‘Carmina Burana’ obrak eta egungo zuzendari titularra kontzeptua ezarri zen orkestran.


1959-1972. NORTASUNA BERRESKURATU ZUEN

1959an Juan Crisóstomo de Arriaga patronatua sortu zuten orkestra kudeatzeko, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa izena berreskuratu zuen.

1963tik (Frühbeckek orkestra utzi zuen urtea) 1968ra arte Alberto Bolet izan zen zuzendari titularra.
1968an titular izendatu zuten Pedro Pirfano, taldea arrakastatsua izan zen garai hartan eta 1972an 50. urteurrena ospatu zuten.

Testuinguru historikoa

1959an BOSek bere izena berreskuratzeaz gain, Francok eta Eisenhowerrek elkar besarkatu zuten eta erregimen diktatorialaren isolamendua bukatu zen. Orduan, “normaltasun” egoera berri bat hasi zen nazioarte mailan harreman politiko eta ekonomikoetan.

Horren ondorioz, ekonomia nabarmenki sustatu zen eta “Garapen planak” martxan jarri ziren (lehenengoa 1964an).

BOS etapa horretan

1958an orkestrak bizi duen eraldaketan, orkestra profesionalizatzeko ahaleginak egin ziren. Horren ondorioz, garai gatazkatsuak bizi izan zituzten taldeko musikari guztiek barne oposizio zorrotzak gainditu behar zituztelako, ezkonduta zeuden emakumeak eta 65 urte baino gehiago zituzten gizonak orkestratik kaleratu zituzten eta zuzendari berria kontratatu zuten.

1965ean Espainiako Irrati Telebistako Orkestra Sinfonikoa sortu zuten eta Bilboko Sinfonikoak kapitala galdu zuen, izan ere, urte horietan prestakuntza jaso zuten etorkizun handiko musikari gazteak Espainiako taldera joan ziren hobeto ordainduta zegoen lanpostu baten bila.

BOSen une garrantzitsuak

Orkestraren urteko birek 1964ra arte iraun zuten.

1971ko otsailaren 26an, Bilboko Elkarte Filarmonikoaren 75. urteurrenean, Arámbarriren ‘In memoriam’ interpretatu zuten. Bakarlari gisa aritu zen erakunde biekin lotura zuen beste musikari bat, Joaquín Achúcarro pianista bilbotarra.

1972ko martxoaren 4tik 7ra orkestraren berrogeita hamargarren urteurrena ospatu zuten hiru kontzertu berezirekin. Bi kontzertu titularrak zuzendu zituen eta bat García Asensio maisuak.


1973-1981. KRISI GARAIA

Pedro Pífano 1977ra arte izan zen orkestraren zuzendaria. Joan zenean, ez zuten izendatu zuzendari titular berririk. Postu hori zuzendariordeak hartu zuen, Urbano Ruiz Laordenek.

Testuinguru historikoa

“Petrolioaren krisiak” mundu mailako krisi ekonomikoa sortu zuen eta ekonomia kaltetzeaz gain, eragin berezia izan zuen Europako industria siderometalurgikoan eta ontzigintzan. Hau da, une horretan Bizkaiko ekonomiaren ardatz ziren horietan.

Aldi horretan batera gertatu ziren krisi ekonomikoa eta gizarte eta politika aldaketa sakonak eta “Trantsizioa” izena hartu zuen. Orkestrarentzako garai zailak izan ziren, bere irudia, funtzioa eta finantzaketa aldatu ziren eta etorkizunean beharbada desegin egin beharko zutela uste zuten.

BOS etapa horretan

1978an orkestrako musikarien hilabeteko ordainsaria 12.000 pezetakoa zen (urte hartako gutxieneko soldata ofiziala 19.000 pezeta baino zerbait gehiagokoa zen).

25 musika tresna huts zeudela, orkestrak nomina xumea ordaintzeari utzi zion 1978ko uztailean. Baina Urbano Ruiz Laorden buru zuten irakasleek ez zuten hondoratzen zihoan ontzia utzi eta entseatzen eta jotzen jarraitu zuten, eta horrela salbatu zuten ordura arteko orkestraren unerik latzena.

BOSen une garrantzituak

1975etik aurrera euskal konpositoreen programazioa handitu zen, Guridi eta Ravel besteak beste, eta mota guztietako jarduerak geroz eta gehiago atsegin zituzten ikusleen eskaria nabarmenki hazi zen.

BOSek apirilean 1976-1977 denboraldi sinfonikoko azken kontzertua eman zuen eta 1981ko urrira arte ez zuten izen horrekin jarduera gehiagorik egin. Hala ere, orkestrak aldi horretan ehunka kontzertu egin zituen.

Kontzertu bereziekin biziraun zuen orkestrak, ABAOren denboraldian parte hartzen zuen eta Luis Olarrak laguntza ekonomiko zuzena ematen zien musikariei. Horrez gain, Bilboko Bankuak “Musikaren Garaia” zikloa martxan jarri zuen. 1980an bederatzi kontzertu egin zituzten eta 1981an zortzi.

1981ko urrian denboraldi sinfonikoa berreskuratu zuten. Ibilbide berria hasi zen.


1982-1998. ORKESTRA FINKATZEA

Bilboko Orkestra Sinfonikoa beti egon da Bizkaiko eta herrialdeko gertakari sozial, ekonomiko eta politikoei lotuta.

EGizarte eta ekonomia krisian murgilduta eta eraldaketa politiko sakona gertatzen ari zela, orkestrak urte zailak bizi izan zituen eta arazoak gertatzeaz gain, lehen aldiz, itxaropen handiak ere sortu ziren.

Theo Alcántara BOSeko zuzendari titular izendatu zuten 1993an eta urteetan zehar praktikan Urbano Ruiz Laordenek bete zuen kargua berreskuratu zen.

Testuinguru historikoa

1980an lehen Eusko Jaurlaritza sortu zuten eta 1937tik erbestean zegoena ordezkatu zuen. Batzar Nagusiak berreskuratu ziren, 1979an Bizkaiko Aldundia foru aldundia bihurtu zen berriz ere eta 1981ean Itun Ekonomikoa berreskuratu zuten.

BOS etapa horretan

Orkestran iraganeko arazo batzuk zeuden oraindik ere, adibidez, egoitza egonkor bat ez egotea eta egoera ekonomikoa estua izatea. Hala ere, Urbano Ruiz Laordenek, zuzendari titular gisa eta Enrique Garcia Asensiok zuzendari gonbidatu gisa (1985-1991) egindako lanari esker, 80ko hamarkadan Bilboko Orkestra Sinfonikoa berritu zen eta jarraikortasuna lortu zuen.

BOSen patronatuak berrikuntza hori gidatu zuen eta erabakigarria izan zen orkestrara irakasle berriak iritsi izana. Hari atriletan bereziki Errumaniako, Poloniako, Bretainia Handiko eta Hego Amerikako hainbat musikari egon ziren. Perkusio eta haize instrumentuak jotzen zituzten Valentziako edo Bilboko musikariek. Guztien artean orkestraren kalitatea hobetu zuten eta Bilboko Kontserbatorioan prestakuntza lan handia egin zuten.

BOSen une garrantzitsuak

1983ko urtarrilaren 6an orkestra Madrilera joan zen RTVEren abesbatzarekin batera Mozarten ‘Koroatzearen Meza’ interpretatzera.

1983an ikusle gehien erakarri zituen kontzertu berezia ekainaren 13koa izan zen, Bilboko Elkarte Filarmonikoarekin batera antolatu zutena: Hugh Wolff zuzendari amerikarra podiumean egon zen eta Mstislav Rostropovich izan zen Dvorak-en op.104 kontzertuko solista.

1986ko abenduaren 5ean BOSek Arriaga Antzokiaren berrinaugurazioan parte hartu zuen (1983ko uholdeetan kaltetu zelako) eta Arriagaren, Escuderoren eta Guridiren musika jo zuten Abesbatza Elkartearekin, Joaquín Achúcarrorekin eta Félix Ayorekin batera eta zuzendaria Ruiz Laorden izan zen.

BOS berriz ere Bilboko kulturan parte hartzen hasi zen denboraldi sinfonikoarekin, eta 1984-1985 denboraldian gaur egunera arte iraun duten kontzertu didaktikoak ofizial sortu zituzten.

1992an Sevillako Erakusketa Unibertsaleko Euskadiko pabilioian parte hartu zuen eta 1998an Lisboako Erakusketa Unibertsalean eta Athleticen ehun urteak ospatzeko kontzertuan baita ere.


1999-GAUR EGUN. GARAI BERRIAK EGOITZA BERRIA

1999an etapa berria hasi zuen BOSek eta Euskalduna Jauregian egoitza inauguratuta bere lana egiteko instalazio egokiak lortu zituen.

Urte horretan bertan Theo Alcantarak zuzendari titular kargua utzi eta Juanjo Mena izendatu zuten kargu horretarako. Berak zuzendu zuen Euskaldunako inaugurazio kontzertua eta Arriagaren, Guridiren, Usandizagaren, Ravelen, Wagnerren eta Beethovenen obrak interpretatu zituzten.

Juanjo Mena BOSeko zuzendari titularra izan zen 2008ra arte eta urte horretan kargu hori hartu zuen Günter Neuhold zuzendari austriarrak. 2015etik aurrera Erik Nielsen maisu iparramerikarra da zuzendari titularra.

Testuinguru historikoa

Azken hamarkadak bereziki emankorrak izan dira Bilboko eta Bizkaiko gizartearentzat, nahiz eta arazo eta krisi asko egon. Ekonomia eta gizarte eraldaketa handiko urteak izan dira. Garai ezin hobea.

BOS etapa horretan

Aldaketa horiek orkestraren bizitzan eragin dute baita ere. Lehendabizi, soldata erakargarriak eskaintzeko aukera dago BOSen lan egin nahi duten kalitate handiko profesionalentzat.

Ikasleek gure kontserbatorio eta musika eskoletan eskuratzen duten prestakuntzarekin, kulturalki aberasteaz gain, musikan modu profesionalean aritzeko aukera izaten dute.

BOSen une garrantzitsuak

1999ko maiatzean BOSek denboraldiko lehen kontzertua eskaini zuen egoitza berrian. Itxiera kontzertuan Mahlerren 8. sinfonia interpretatu zuen. Beste modu batera esanda «Milakoen Sinfonia», izan ere, mila pertsona behar dira interpretatzeko.

2012an orkestraren 90. urteurrena ospatu genuen hainbat ekitaldirekin. Adibidez, orduan zuzendari titularra zen Günter Neuholdekin Arnold Schönberg-en GurreLieder obrak grabatu genituen zuzenean eta Bilboko Abesbatza Elkartearekin batera orkestrak San Mamesen jardun zuen 40.000 ikusle baino gehiagoren aurrean Athletic Clubeko partida baten atsedenaldian.

Aurreko mendeko 20ko hamarkadan orkestrak 300 bazkide baino zertxobait gehiago zituen eta 2020an, pandemiaren aurretik, 2.900 inguru genituen denboraldi sinfonikoa eta ganbera denboraldia batuta.

Denboraldi sinfonikoa eta ganberakoa eskaintzen jarraitzen dugu, lurraldean hainbat ekintza egiten ditugu, ABAOrekin, Arriaga Antzokiarekin, Guggenheim eta Arte Ederren museoekin eta Bilboko Abesbatzarekin lankidetzan jarraitzen dugu, kontzertu didaktiko tradizionalak eta familiakoak antolatzen ditugu eta erreferentzia eta etengabeko eskari bihurtu diren esperientzia berriak sortzen ditugu, besteak beste “haurtxoentzako kontzertuak”. Gainera, geroz eta gizarte lan handiagoa egiten dugu

Nazioartean ere lan interesgarria egiten dugu. Hainbat alditan Frantziako jaialdietan parte hartu dugu, besteak beste Nantesko La Folle Journé-n, Proventzako Roque D’Anthéron-en, San Petersburgon egon ginen Mariinsky Antzokian, bi aldiz egon gara Japonian (behin Tokioko La Folle Journén parte hartu genuen eta beste behin bira bat egin genuen) eta Omango operara joan ginen «Madama Butterfly-ren» interpretazioetan parte hartzera.


ETORKIZUNA

Orkestrak ehun urte bete ditu eta beste ehun beteko ditu. Horixe da erakunde gisa dugun helburua eta konpromisoa. Jasotako oinordekotza hazteko eta garatzeko beharrezkoa dena egingo dugu.

Atzera begira ikusten dugu nahiz eta zailtasun eta arazo asko izan, Bilboko eta Bizkaiko gizarteak orkestraren alde egin duela beti. Beti egon da jarraikortasuna bermatzeko beharrezko bultzada.

Orkestra bitarteko bat da, ez helburu bat. Orkestra bat ez da existitzen existitu behar delako. Politika kulturaleko tresna da eta zerbitzu komun baten mesedetan lan egiten du.

Artistikoki orkestra bikaina izan nahi dugu, erreferentea antolamenduari dagokionez, izan ere, gauzak ondo egin nahi ditugu, eta giza hazkunderako eta gure gizartearen kulturarako motorra izan nahi dugu.

Gure xedea musika klasikoko orkestra modernoa izatea eta askotariko publikoetara iristea da. Izan ere, orkestra batek okupatzen duen espazioa ez du zehazten bakarrik kontzertuetara joaten diren ikusleen kopuruak. Orkestra irekia eta hurbilekoa izateak ere baldintzatzen du, beste kultura eta gizarte jardueretan sartzeak, bestelako eragileekin parte hartzeak, beste musika batzuk interpretatzeak, eta azken finean, orkestraren jardueran kulturaren alderdi gehiago integratzeak.

Orkestrak okupatzen duen espazioa handiagoa egitean datza, «orban handiagoa» izatean. Erosotasunean ez gelditzea, ez ixtea eta egin genuenari bakarrik ez erreparatzea , ese es un mal camino que no conduce a ningún sitio. Hori guztia gure DNA, gure historia, albo batera utzi gabe eta etorkizuna eraikitzeko tresna bat izanik.

BOS hurbileko zerbait izan behar da, bizkaitarrak beren orkestrarekin identifikatuta sentitu behar dira, ez dute ikusi behar gutxi batzuen ondare gisa, baizik eta beraien bizitzaren eta gizartearen aberastasunaren parte bezala. Ez dugu nahi inork esatea orkestra ez dela beretzat ulertzen ez duelako. Ez da ulertu behar, sentitu egin behar da.

Musika estilo asko daude eta bata ez da bestea baino hobea. Guztiek sentimenduak sorrarazten dizkigute. Baliteke rocka, popa, jazza edo musika klasikoa gustatzea. Azkenean, bizitzan gauza asko atsegin ditugu eta oso ezberdinak dira, eta bizitza horren parte izan nahi dugu, errealitate poliedriko horren zati bat. Horixe da jarraitu beharreko bidea.


BOS BILBON

Bilbao Orkestra Sinfonikoa hiribilduan errotuenen dauden eta sozialki aktiboenak diren erakundeetako bat da. 1922an sortu zutenetik Bilboko eta Bizkaiko kulturan oinarrizko zutabea izan da, eta lurraldea ordezkatu du nazio mailako eta nazioarteko agertokietan.

Bere programazioan 1.400 obra baino gehiago interpretatu ditu eta euskal konpositoreei arreta berezia eskaintzen die, besteak beste Ravel, Guridi, Arriaga, Usandizaga eta Arámbarri. Orkestraren historian zehar musikari bilbotar eta euskaldun askok parte hartu dute eta mundu osoko irakasleek hiribilduko bizitza kulturala aberastu dute.

Ezinbesteko kolaboratzailea izan da baita ere hainbat musikari eta zuzendari bilbotarrentzat, besteak beste Joaquín Achúcarro pianista handia, Asier Polo biolontxelista eta Andrés Isasi, Luis de Pablo edo Gabriel Erkoreka konpositoreak.

Orkestrak publikoarekiko, gizartearekiko eta lurralde historikoko erakundeekiko konexioa sustatzen du. Hainbat eta hainbat lan egin ditu ABAO, Bilboko Koral Elkartearekin, Arriaga Antzokiarekin eta Elkarte Filarmonikoarekin; erakunde horiekin batera lan egiten du ia-ia sortu zenetik. Musikaren arlotik kanpo dauden erakundeekin ere lankidetzan aritzen da. Horren adibide dira Deustuko Unibertsitatea, Arte Ederretako Museoa, Guggenheim Museoa, Cáritas, eta Bilboko Athletic Kluba, besteak beste.

Orkestra Bizkaiko gizarteko elementu bizia da eta garaietara eta gizarteko eskarietara egokitzen joan da. Gaur egunera arte isilaraziak izan ziren emakumeen ahotsak berreskuratzeko eta hiriari mota guztietako elkartasun eta gizarte proiektuak finantzatzen laguntzeko borrokatu da.

Horixe da hain zuzen ere Orkestraren ezaugarri berezietako bat, lankidetzarako izaera, kide izatearen sentimendua eta partaidetzakoa, eta horiek dira orkestraren urte guzti hauetako mugimenduen oinarriak. Theo Alcántara zuzendari titularrak 1993ko abuztuaren 8ko elkarrizketa batean azaldu zuen moduan, Bilbao Orkestra Sinfonikoa “herriarena da”. BOS zer den hitz gutxitan esateko modu ezin hobea da.

BOS GETXON

Azken ehun urteotan, Orkestrak sarritan bisitatu ditu Getxo eta Uribe Kosta. Lehenengo aldiz 1941ean izan zen bertan: “Bake Eder” lorategian aritu zen, Areetan, Jesús Arámbarriren batutapean.

Orduz geroztik, askotan izan gara hemen, adibidez, 1986ko martxoaren 26an, Guridiren jaiotzaren mendeurrenean, Urbano Ruiz Laorden zuzendari zela, edo 1997ko abuztuaren 6an, Areetan, Alcantararen gidaritzapean.

Azken urteotan, Getxo eta Uribe Kosta ezinbesteko geralekuak izan dira gure “Bizkaiko Kontzertuen” biran. Udaro, BOS gure Lurralde Historiko osora hurbildu nahi izaten da kontzertu horien bidez.

Getxo eta BOS lotzen dituzten bi lotura oso garrantzitsu daude: alde batetik, Getxon eta Bizkaiko eremu honetan (Plentzian, Gorlizen) eskaini ditugun emanaldi ugariak eta, bestetik, gure denboraldira Getxotik etortzen den bazkide kopuru handia.

Hala ere, badaude guretzako oso garrantzitsuak diren beste lotura batzuk.

Horietako bat da Humberto Cirarda. 2006an zendu zena eta bi legegintzalditan Getxoko alkate izandakoa. 2000. urteko martxoan erretiroa hartu zuen arte, BOSen zuzendari nagusi oso maitatua izan zen.

Beste lotura horietako bat dugu Fernando Velázquez konpositore eta zuzendaria. Getxon jaio zen 1976an, eta Orkestrak askotan egin du lan berarekin.

Hirugarrena Andres Isasi konpositorea da. Bilbon jaio eta Getxon hil zen, eta azken udalerri horretako Musika Eskolak haren izena darama. Orkestrak arreta oso berezia jarri dio eskolari bere mendeurrenean.

Efemeride hau dela eta, Bizkaiko musika ondareari arreta berezia eskaintzeko asmoz, BOSek konpositore horren lau poema sinfonikoren edizio berri bat sustatu du. Angel Brizek egin du, eta Erik Nielsenek berrikusi. Horiek guztiak, mendeurrenaren urtean egingo diren bi denboraldietan joko dira: Das Orakel eta Erotische Dichtum 2021-2022 denboraldian eta Zharufa eta Die Sünde 2022-2023 denboraldian.

BOS BARAKALDON (Ezkerraldea)

BOSek 1939ko maiatzaren 10ean jo zuen lehen aldiz Ezkerraldean, hain zuzen ere, Altos Hornos de Vizcaya Laminazio-Tailerrean. Barakaldon eskainitako lehenengo emanaldia 1940ko ekainaren 19an izan zen.

Tokiko musikagileak eta solistak babestu eta sustatzeko tradizio luzea izan du Orkestrak; horien artean dago, besteak beste, Rodrigo Alfredo de Santiago musikagile barakaldar saritua. Arámbarrik bere garaian egin zuen bezala, De Santiagok ere bandako eta orkestrako zuzendari-lanak musikagintzarekin eta irakaskuntzarekin uztartu zituen.

Tokiko beste artista horietako bat Isabel Picaza pianista dugu, zeinak hainbatetan egin baitzituen piano solista lanak BOSen kontzertuetan. Lehenengo aldia 1951ko martxoaren 11n izan zen, Buenos Aires antzokian. 1985eko abenduan jo zuen azkeneko aldiz Orkestrarekin.

Aparteko aipamena merezi du Urbano Ruiz Laorden sestaoar zuzendari eta musikagileak BOSen izan zuen presentziak. Izan ere, funtsezkoa izan da BOSen historian.
Félix Ayo biolinista ospetsuak ere, Ezkerraldeko udalerri horretan jaiotakoak, 1949ko urrian jo zuen lehen aldiz BOSekin. Une horretatik aurrera, Orkestraren ohiko solista izan zen, 2008ko otsailean BOSekin azken kontzertua eskaini zuen arte.

BOSekin batera emanaldi ugari eskaini dituen beste pianista bat Emma Jiménez sestaoarra dugu, 1959an BOSekin lehenengo kontzertua eman zuenetik, Orkestraren ohiko solistetako bat izan zen 1995era arte, eta Orkestraren biretan ere parte hartu zuen.

1939. urteaz geroztik BOSek askotan jo izan du Ezkerraldean, bai zuzendari titularrekin, bai gonbidatutako zuzendariekin. Eta abonatuen zati bat Bizkaiaren alde honetatik dator.

BOS DURANGON

Bilbao Orkestra Sinfonikoak Durangorekin eta Durangaldearekin duen lotura duela 75 urte hasi zen. Bizkaiko alde honetan 1947ko urriaren 13an eman genuen lehen kontzertua Andra Mari elizpean. Une horretatik aurrera, Orkestra Bizkaiko inguru honetako ohiko bisitaria izan da, eta, horrezaz gainera, hainbat aldiz aritu izan da Durangoko Orfeoiarekin batera.

Durango izan da BOSi harrera gehien egin dion udalerrietako bat, 30 emanaldirekin, eta udalerriak antolatutako jardueretan parte hartu izan du, hala nola Musika Hamabostaldian, edo ‘Bizkaitik Birak’ izeneko jardunaldiek sortzen dituzten bisitaldietan.

Ekitaldi horietan parte hartzeaz gain, ohikoa izan da Durangoko omenaldi eta ospakizun garrantzitsuetan parte hartzea.
• 1948ko ekainean Andra mari elizan frai Juan Zumarragaren jaiotzaren IV. mendeurrenean parte hartu genuen.
• 1968an eta 1969an, Angela Echanojaureguiren omenezko kontzertuetan izan ginen.
• 1982ko ekainean, Durangaldeko Orfeoiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldietan esku hartu genuen.
• 1984an Jenaro Ibarguchi Andra Mari Elizako organo-jolearen omenezko ekitaldietan ere izan ginen.
• 1986ko ekainean, BOSek Durangon ospatu ziren lehen euskal jaien mendeurrena ospatzeko kontzertuan parte hartu zuen. Kontzertu horretan Kantata interpretatu zen, 1885eko Durangoko Euskal Jai horietarako Valentín de Zubiaurrek idatzi zuena, Felipe Arrese Beitia poetaren letrarekin, Pedro Paulo Astarloa euskaltzale durangarrari omenaldi gisa.

BOSek Durangaldearekin duen lotura hori ez da Durangorekin bakarrik gertatu, beste herri batzuetan ere jardun izan baitugu, Zornotzan edo Elorrion, berbarako.

Bizkaiko inguru horretara egin dugun azken bisita 2016an izan da, gure lehen bisitan bezala, Durangoko Andra Mari elizan jardunez. Musika Hamabostaldiaren ekitaldien barruan izan zen, hogeita zazpigarren edizioan, elizako organoa jole bakarlaria izan zen kontzertu batean. Eguberrietarako egun gutxi falta zirenez, “Ator, Ator” interpretatuz itxi genuen ekitaldia, Jesus Guridiren bertsioan.

BOS MARKINA-XEMEIN eta Lea-Artibai eskualdean

BOSek sarritan bisitatzen du Lea-Artibai. Urteetan zehar, emanaldi asko eskaini izan ditu Bizkaiko eskualde honetan, zehazki, Markina-Xemeinen, Lekeition eta Ondarroan.
1948an bisitatu genuen lehen aldiz gure Lurralde Historikoaren inguru hau, eta Ondarroako Alameda zinemetan jo genuen Jesús Arámbarrik zuzendutako batutaren pean.

Behin bakarrik izan gara Markina-Xemeinen, baina balio bereziko emanaldia izan zen. 2018ko ekainaren 29an, Andre Mariaren Jasokundearen elizan jo genuen, Maite Aurrekoetxearen zuzendaritzapean, “Xemeingo Gaua”-ren V. edizioan, eta agertokia partekatu genuen Xemeingo Abesbatzarekin eta Kirmen Uribe idazlearekin.

Esan bezala, Bizkaiko orkestraren ohiko helmuga dugu Lea-Artibai. Bereziki, duela urte batzuk hasi genituen udako “Bizkaiko biretan” aritu izan hara eskualde honetan. Abuztuan eta irailean egin ohi diren bira horien bidez, orkestrak emanaldiak eskaintzen ditu Bizkaiko hainbat tokitan.

Horrez gain, “Ganbera Bizkaitik” zikloaren baitan, BOSen ganbera-taldeek hainbatetan jo izan dute eskualde honetan. Programa horrek formatu txikiko kontzertuak, hurbilagoak eta intimoagoak, eskaintzen dizkie musikazaleei.

Orkestrak konexio oso berezia du Bizkaiko eskualde honekin, ez soilik gure kontzertuak behin baino gehiagotan hartu izan dituelako, baita alderdi pertsonalagoengatik ere. Esaterako, gure orkestran kontrabaxista gisa aritutako José Garate aipa dezakegu, hain zuzen ere, «Foisis Jauna» izan zena euskal rockaren talde mitiko batean: Itoiz.

BOS BERMEON eta Busturialdean

BOS «ohiko bisitaria» da Bermeon eta Busturialdeko eskualde osoan. Orkestrak 1948ko irailaren 10ean jo zuen lehen aldiz Bermeon. Bizkaiko kostaldeko herri honetako Ercilla Antzokian eskaini zuen emanaldia, J. Arámbarri titularraren zuzendaritzapean.

BOSek eskualde honetan eman zuen lehenengo kontzertua Gernikan eskaini zuen, eta Bermeoko lehenengo kontzertua bezala, irailaren 10ean izan zen, baina 1922. urtean, hau da, inaugurazio-kontzertutik hilabete batzuk geroago, eta Amayaren (Guridi) II. eta IV. ekitaldiak interpretatu zituen, Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresuan.
Orkestrak askotan jo izan du kostaldeko hiribildu honetan, baita herriko bizitza kulturalaren une berezietan parte hartu ere, esaterako, Bermeoko Orfeoiaren 25. urteurrenean, 1981ean.

Horrez gain, konexio bereziko beste une bat bizi genuen, BOSek Bermeoko XXVIII. Musikaren Astean eskainitako emanaldian. Alde Zaharra suntsitu zuen sutearen ostean eskaini genuen kontzertu hori, eta kaltetuei laguntzeko ekitaldi batean bilakatu zen, Orkestrak doan jo baitzuen.

BOS askotan aritu izan da Bermeon eta Busturialdean, azken kontzertua 2020an izan zen, pandemiaren hasieran hain justu, eta bisita horiei guztiei esker harreman estua sortzen joan gara Orkestra sortu zen urteaz geroztik. Gure arteko harreman horretaz harro gaude, eta etorkizunean harreman hori handitu eta indartzea espero dugu.

BOS BALMASEDA eta Enkarterrin

BOSek sarritan bisitatzen du Enkarterri. 1962an izan zen lehen aldiz Bizkaiko eskualde honetan, Balmasedan zehazki. Orduz geroztik 25 alditan baino gehiagotan izan da Enkarterrin, azkena Pozalaguako jaialdian (Karrantza).

Balmasedak dozena bat aldiz egin dio harrera BOSi. Azken kontzertua 2009an eskaini zuen, San Severino parrokian: Arriaga eta Händelen konposizioez gain, Martín Rodríguez Seminarioren bi lan interpretatu genituen, Iruñean jaio arren Balmasedako semetzat hartu zutena, 1901ean parrokia horretako organista bihurtu zenetik. Obra horietako bat «Balmasedari ereserkia» izan zen.

Enkarterriko beste udal batek, Karrantzak, hiru aldiz egin dio harrera gure Orkestrari. Hiruretan ere oso paraje berezian eskaini du emanaldia, Pozalaguako auditoriumean, hain zuzen, non 2016an, 2019an eta pandemiaren unerik txarrenen ostean jo dugun. Gainera, toki hori aukeratu zuen Orkestrak gaur egun indarrean diren argazki ofizialak egiteko.

Zallan ere askotan izan da BOS. 1981ean jo zuen lehen aldiz, eta azken aldiz 2015ean. 2012an, gainera, kontzertu didaktiko bat eskaini genuen.

Bestalde, Sopuertak 1985ean eta 1986an egin zion abegia BOSi.

BOSen ustez, Bizkaiko eskualde honetan jotzeak garrantzi berezia du, Orkestrak duela 60 urtetik hona bertan izan duen presentzia luze eta zabal honek erakusten duen bezala. Harreman horri jarraipena eman nahi diogu eta, ahal den neurrian, baita zabaldu ere.

BOS URDUÑAN

Orkestrak bi aldiz jo du Urduñako hirian. Aurreko mendeko 80ko hamarkadan izan ziren biak. Azken 40 urteetan bizkaitarron orkestra ez da «Bizkaiko hiriaren» kultura-egitarauan egon, eta hori denbora asko da, etorkizunean bete behar dugun huts handiegia, alegia.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak 1982ko maiatzaren 7an bisitatu zuen Urduña lehenengo aldiz. Orduan, Urbano Ruíz Laorden zen zuzendaria, eta euskal konpositoreen musikari erabateko garrantzia eman zien egitarau bat interpretatu zuen: J. C. Arriagaren Esklabo zoriontsuen obertura; J. Guridiren Hamar euskal melodia; Enarak, pantomima, J.M Usandizagarena; Bihurria, preludioa, R. Chapírena; Abestuten eta dantzaten, P. Marínena.

Bigarren bisita bi urte geroago antolatu zen: 1984ko ekainaren 20an, ospakizun oso berezi bat egiteko. Urduña bizkaitar izendatu zuten 700. urteurrenaren ospakizuna. Egun hartan, Urbano Ruíz Laorden zuzendariarekin berriz ere, obra hauek interpretatu zituzten: J.C. Arriagaren sinfonia re-n eta A. Dvořák-en «mundu berriaren» 9. sinfonia.
Bi aldietan Andra Mari parrokia-eliza izan zen agertokia.

Tenplu horretan bertan, BOSen ganbera-taldearen ikuskizun bat antolatu zen 2007ko azaroan, gure «Ganbera Bizkaitik» egitarauaren barruan. Gure orkestrako musikarien hari-boskote batek A. Piazzola-ren tangoen hautaketa bat interpretatu zuen, eta L. van Beethoven-en Do maiorreko hari-boskotea, op. 29.

Erakusketa honen bitartez, poz handiz itzultzen gara Urduñara, eta, horrela, Bizkaiko orkestraren historiaren 100 urte hurbildu nahi dizkizuegu bizkaitar guztioi. Bestalde, oso pozik gaude «Bizkaiko hiriaren» bizitza kulturalean gure musikarekin parte hartzeko aukera izateagatik.

“100 URTE MUSIKA EGITEN”: BOSEN KOMIKIA

Komiki hori aurten gure mendeurrenaren zabalkunde handiagoa lortzeko egin dugun proiektuetako bat da.

Kike Infame marrazkigileak sortu du, eta bertan irudizko batuta batek BOSen historia kontatuko digu. Batuta hori 1922an eman zioten BOSeko lehen zuzendariari, Armand Marsicki, Orkestraren lehen kontzertua zuzendu zezan, eta ordutik zuzendariz zuzendari igaro da gaur egunera iritsi arte. Istorio horrek Orkestra gizartearekin lotzen du, zeinean jaio baitzen eta bizi baita.

Deskargatu komikiac

MENDEURRENAREN HORMA-IRUDIA

Gure urteurrena ospatzeko, obra piktoriko bat ere aurkeztu dugu BOSen historia kontatzeko. Margolan hori arte urbanoan espezialista den Pablo Astrainek egin du.

Gure Orkestraren historiaren ehun urteak irudikatu dira bertan, orkestraren hainbat protagonisten bitartez: Arriaga antzokia, BOSen lehenengo taldea, Armand Marsick lehenengo zuzendariarekin batera, Orkestraren gainerako zuzendari titularrak, Euskalduna Jauregia edota Maurice Ravel, euskal konpositorerik unibertsalena, zeinaren obrak Orkestraren DNAren parte baitira. Ravel Orkestrako zuzendaria izan zen 1928an, bere obretan zentratutako programa batean.

Artelan horren bidez, BOSen historiaren ehun urte horiek hiritarrengana hurbildu nahi ditugu, eta, horregatik, Olabeaga auzoko sarreran jarri dugu, ehun metro baino gehiagoko horma batean, Jesusen Bihotza plazatik hasita.

Ikusi berria 2022-05-24

BOS