Kontzertuak
Alena Baeva eta Schumannen erromantizismoa
Francisco Valero-Terribas, zuzendaria
Alena Baeva, biolina
I
LILI BOULANGER (1893 – 1918)
D’un matin de printemps*
SERGEI PROKOFIEV (1891 – 1953)
2. kontzertua biolin eta orkestrarako sol minorrean Op. 63
I. Allegro moderato
II. Andante assai
III. Allegro, ben marcato
Alena Baeva, biolina
II
ROBERT SCHUMANN (1810 – 1856)
2. sinfonia Do Maiorrean Op. 61
I. Sostenuto assai – Un poco più vivace
II. Scherzo (Allegro vivace)
III. Adagio espressivo
IV. Allegro molto vivace
* Lehen aldiz BOSen eskutik
DATAK
- 11 urtarrila 2024 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 12 urtarrila 2024 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Zoritxarrari aurre egiteko, musika
Hemezortzi urte zituenean, 1913an, Lili Boulanger Erromako Sari gutiziatua irabazi zuen lehen emakumea izan zen, Frantziako konpositoreek lor zezaketen sari gorena. Ahizpa nagusia, Nadia, behin baino gehiagotan eskuratzen saiatu zen. Bigarren saria lortu zuen, baina, azkenean, Lili izan zen lehenengo saria lortzearen ohorea izan zuena. Izan ere, Nadiak, XX. mendeko musika-maistra apartak, beti uste izan zuen ahizpa txikia bera baino hobeagoa zela musika idazten eta, beraz, batez ere irakaskuntzan aritu zen (eta eskerrik! Bestela munduak maistra bikaina galduko zukeen).
Arrakasta goiz iritsi zitzaion Lili Boulangerri, baina baita heriotza ere, hogeita lau urterekin (1918an) zendu baitzen, gaixotasunean murgildutako bizitza izan ondoren. Haur prodijioa izan zen, eta oso goiz nabarmendu zen bere etxeko giro musikalean. Aita, Ernest Boulanger, konpositorea izan zen baita ere, eta ama, Raïssa Mischetzky, abeslaria. Fauré, Gounod eta Massenet, esaterako, familiaren lagun minak ziren. Musika idazten aritu zen hamar urteetan, Boulangerrek berrogeita hamar obra inguru utzi zizkigun. Estilo inpresionista eta oso pertsonalekoak dira, eta Debussyren eta Ravelen eragina nabarmena da. Horien artean, nabarmentzekoak dira abesbatzarako eta ganberarako konposizioak, bai eta orkestrarako obra gutxi batzuk ere.
D’un matin de printemps lanaren orkestrarako bertsioa Boulangerrek idatzitako azken obretako bat izan zen, D’un soir triste konposizioarekin batera, lehenengoaren bikote kontrajarria. Biolin eta pianorako piezen moldaketak dira biak (txirula eta pianoa hautazkoak dira gaur entzungo dugun obran). 1917an hasi zituen, eta hirukoterako bertsioa ere idatzi zuen, pianoarekin. Ohean makal-makal bazegoen ere, 1918ko urtarrilean amaitu zuen konposizioa, hil baino bi hilabete lehenago. Nadiak azken orkestra- eta dinamika-xehetasunak gehitu behar izan zituen.
Lili Boulangerren musika kutsu melankoliko, liriko, triste eta ikaragarri eder batez josita dago. Nola, bestela, adieraz daiteke gaixotasunaren eta, bere azken urteetan, gerraren tormentuak etengabe jasan zituen emakume bat? D’ un matin de printemps, ordea, ez dirudi gaixo baten obra denik. Pieza alaia izan ez arren, udaberriko goiz hartako energiak gainezka egiten du, txirulak iragarritako gai nagusiaren oinarri den lehenengo ostinato erritmikotik harik eta harparen azken glissandoa iritsi arte. Lirismoa erdiko zati laburrera mugatzen da, une batez asaldura ahaztuta eta atsedena eskainiz.
Konpositorea hil zen urte berean, musikari errusiar gazte bat Parisera joan zen bizitzera, iraultzatik ihesi. Sergei Prokofiev zen. Bere bizitzaren hurrengo hemezortzi urteak mendebaldean eman zituen, pianista gisa ibilbide bikaina eginez eta konposizioan aritzeko aukera handiak aurkituz, hala nola Diagileven Errusiar Balletekin izandako lankidetzak. Hala ere, 1930etik aurrera, Depresio Handiaren ondorioz, Prokofievek Europako eta AEBetako enkargu gutxiago jaso zituen; Errusiatik, berriz, enkargu ugari iritsi zitzaizkion, hala nola Kije tenientea filmerako soinu-banda eta Romeo eta Julieta balleta idaztea. Pianista gisa egiten zituen birak nekagarriak ziren, eta, pixkanaka, begirada Sobietar Batasunera itzuli zuen. Azkenean, 1936an itzuli zen bertara, emaztearekin, Lina Codina abeslari espainiarra, eta bi seme-alabekin.
Prokofiev aberrian egon zen 1927an, eta 1929an Moskura joan zen bere Hiru laranjen maitasuna opera entzuteko Bolxoi antzokian. Harrezkero, askotan bidaiatu zuen Sobietar Batasunera, eta Stalinen kultura-politikekin topo egitea ere ez zen oztopo nahikoa izan ez itzultzeko (politika horiekin borrokan ibili behar izan zen bere bizitza osoan zehar). Aberrira itzultzeak musika-estiloa aldatzea ere bazekarren; izan ere, errealismo sozialistaren balio berriek herritarrek ulertzeko moduko artea egitea inposatzen zuten, melodia balio nagusia izanik. Prokofieventzat arazo bat izan beharrean, konpositoreak gogo onez onartu zuen erronka, mendebaldeko musikaren bideak aspalditik ez baitzetozen bat bere musikaren ikuspegiarekin. Honako hau esan zuen Prokofievek New York Timeserako elkarrizketa batean, 1930ean:
"Musikak estilo sinpleagoa eta melodikoagoa izatea nahi dugu; egoera emozional ez hain konplikatua, eta disonantzia berriz ere bere lekura itzultzea eta musikaren elementu izatea… Nire ustez, musikaren mailari, disonantziari edo konplexutasunari dagokienez joan gaitezkeen bezain urrun joan gara. Musikak, bestela esanda, praktikan jar daitekeen desadostasun eta konplexutasun mailarik handiena lortu eta gainditu du”.
"Sinpletasun berri” hori ezin zen "zaharkitua” izan, "abangoardiako konpositorearentzako erronka” izan behar baitzuen. Premisa horiek aintzat hartuta, 1935eko udan Prokofievek Biolinerako 2. kontzertua sol minorrean obraren konposizioari aurre egin zion. Robert Soetens biolinistaren —zeinak Samuel Dushkinekin batera bi biolinentzako sonata estreinatu zuen 1932an— miresle talde batek egin zion eskaera. Biran zegoela amaitu zuen obra. Madrilen estreinatu zen, Enrique Fernández Arbósen zuzendaritzapean eta Soetens bakarlari gisa.
Kontzertua biolinaren melodia batekin hasten da. Gai iluna da, lainoan mugitzen dena, gero behe-harietan errepikatzeko. Izaera lirikoa nagusitzen da lehen mugimendu osoan, zeina tradiziotik urruntzen baita. Bakarlariaren birtuosismoa, hala ere, tartekako erakustaldi txikien bidez agerian geratzen da, laino horretatik bat-batean distirak agertuko balira bezala, eta mugimendua ziurgabetasun moduko batean amaitzen da. Andantea argi-izpi bailitzan hasten da. Romeo eta Julietako erromantizismoa, zeina aldi berean konposatu baitzuen, mugimendu honetan islatzen da, melodia motel, oroigarri eta atsegingarriaren bidez. Melodia goi-erregistrora igarotzen da erritmo bitarrean, orkestrak staccatorekin jotako arpegio hirutarren aurka. Finalea, berriz, erritmo hutsa da, dantza hutsa. Vals kementsu modukoa da, etengabe azentuatua. Gainera, kriskitinek kolore-ukitua ematen diote. Prokofievek obra Madrilen estreinatuko zelako sartu zituen.
Baldintzetara egokitzeko beharra, askotan, sormenerako eragingarria da. Gaixotasun fisikoa Boulangerren kasuan; etxera itzultzeko edo erregimen politiko mehatxagarri batetik urrun mantentzeko erabaki zaila Prokofieven kasuan. Era berean, Robert Schumann bizitzako zatirik handienean jazarri zuten mamuek ere ez zuten eragotzi alemaniarrak aldi erromantikoko maisulan handietako batzuk konposatzea.
Schumann pianoan ardaztu zen bere ibilbidearen lehen urteetan, eta ez zuen garrantzizko obra sinfonikorik idatzi 1841era arte. Ospetsua izateko sinfonian sartu behar zela konturatu zen; hala ere, Beethovenen eragina oraindik nabarmena zen Schumannen belaunaldian, eta beraz sinfonismo klasikoari leial mantentzeko edo generoari bere ikuspegi erromantikoa emateko bidegurutzean zegoen, haren aurreko miresgarria nolabait gainditzen saiatzeko.
Schumannek 1845eko abendutik 1846ko urrira bitartean idatzi zuen Sinfonia do maiorrean (idatzi zuen hirugarren sinfonia konposizio-hurrenkeran, baina bigarrena argitaratze-hurrenkeran), depresio larri batetik ateratzen ari zela. Depresioa zuen bigarren aldia izan zen, eta, ordutik aurrera, tarteka hobe egon arren, gaixotasunak okerrera egin zuen. Azkenean, sendategi batean sartu zuten, eta bertan zendu zen. 1845eko irailaren 20ko eskutitz batean, Schumannek bere lagun Mendelssohni (zeinak obraren estreinaldia zuzenduko baitzuen 1846ko azaroaren 5ean Leipzigen) honako hau kontatu zion: “Hainbat egun daramat danborrak eta tronpetak entzuten. Ez dakit zer aterako den horretatik”. Abenduaren 9an, Schumann Schuberten 9. sinfonia do maiorrean edo “Sinfonia handia” entzutera joan zen Dresdenera. Sinfonia berreskuratzen parte hartu zuen urte batzuk lehenago. Horixe izan zen tonalitate berean sinfonia bat idazten hasteko behar zuen bultzada.
Lehenengo sinfoniaren antzera (1841ekoa), Schumannek oso azkar idatzi zuen obraren eskema orokorra, urte horretako Gabonetarako ia amaituta baitzuen. Orkestrazioa konposatzen, ordea, hainbat hilabete eman zituen; izan ere, bere buruarekin borrokatu behar izan zen ahul egon arren idazten jarraitzeko. Urte batzuk geroago, sinfoniak “garai ilunak” gogorarazten zizkion. Baina, agian Adagioan izan ezik, entzuleak ez du iluntasunik topatzen partituraren orrialdeetan.
Lehenengo mugimendua sarrera motel batekin hasten da. Bertan, metalek eta hariek aldi berean jotzen dituzten bi motibo entzungo ditugu, kontrapuntuan (1845ean zehar Bachen kontrapuntuaren azterketak aztarna utzi zuen obra honetan eta garaiko beste batzuetan). Metalen motiboa, non Haydnen eragina ikus daitekeen tonikatik dominanterako jauzi bereizgarrian, behin eta berriz errepikatzen da bigarren eta laugarren mugimenduetan, zati bakoitzetik haratago doan unitatea sortuz. Allegro ma non troppon, biolinek jotzen duten gai nagusia bat-bateko indar- eta baikortasun-oldarra da.
Schumannek Scherzo bizkorra bigarren lekuan jarri zuen, non, normalean, sinfoniaren mugimendu motela entzuten dugun; beraz, obrak ez digu ia atsedenik ematen lehenengo hogei minutuetan. Bi hirukotetako bigarrenak Bach ekarriko digu gogora, biolinek bere “sinadura musikala” (Si bemol – La – Do – Si, zeina, idazkera alfabetikoan, B – A – C – H baita) joko baitute. Adagioa, do minorrean, melankoliaz betetako orrialdea da, aurreko mugimenduaren ondorengo beharrezko atsedena. Horren gai nagusia (melodia luzea, erromantikoa) biolinek jotzen dute, eta, geroago, oboeak. Allegro molto vivacen, obrari amaiera ematen dion mugimenduan, Schumannek bere Sei fuga Bachen izenaren inguruan op. 60 laneko fugetako bat aipatzen du, urte berean idatzitakoak, bai eta Beethovenen urrutiko maitearen motiboa ere, bere Clara maiteari eskainia. Amaiera gailena da, bere sendatze iragankorraren sinbolo. Musikaren handitasuna, hala eta guztiz ere.
Yolanda Quincoces
Alena Baeva.
Biolina
Alena Baevak “Presentzia magnetikoa” eta “soinu-teknika liluragarria” ditu (New York Classical Review), eta gaur egungo biolinista moldakorrenetako bat da. Ospe handiko nazioarteko bakarlari gisa egin duen ibilbidea izugarrizko erritmoan hazi da azken denboraldietan. Europan nabarmentzekoak dira honako hauekin eman dituen kontzertuak: Deutsche Kammerphilharmonie Bremen, Göteborgs Symfoniker, London Philharmonic Orchestra, Orchestre National d’Île de France, Orchestre National du Capitôle de Toulouse, Royal Philharmonic Orchestra, Tonhalle-Orchester Zürich, eta Londresko Wigmore Hallen emandako errezitaldiak. Asian, oraintsuko eta etorkizuneko kontzertuek Hong Kongeko Orkestra Filarmonikoa, Tokioko NHK Sinfonikoa eta Seulgo Filarmonikoa hartzen dituzte barne, besteak beste. 2023ko azaroan, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin eta Phoenixeko Sinfonikoarekin estreinatu zen. Baevak munduko orkestra-zuzendari nagusietako askorekin jo du, hala nola Teodor Currentzis, Charles Dutoit, Gustavo Gimeno, Marek Janowski, Paavo Järvi eta Vladimir Jurowskirekin. Ganbera-musikak leku berezia du bere musika-jardueran, eta Martha Argerich, Yuri Bashmet, Daishin Kashimoto, Misha Maisky, Lawrence Power, Jean-Guihen Queyras, Tabea Zimmermann eta Belcea Laukotearekin aritu da lankidetzan. Vadym Kholodenko pianista ukrainar ospetsua du kontzertuetako lagun min (urrezko Van Cliburn domina irabazi zuen 2013an), eta musika-lotura handia eratu du harekin.
Aparteko memoria eta musikarekiko jakin-min sutsua ditu Baevak, eta errepertorio zabala eta askotarikoa du, berrogeita hamar kontzertu baino gehiago barne hartzen dituena. Hain ezagunak ez diren lanen defendatzailea da, biolinerako literatura ohikoenarekin batera. Duela gutxi, Bacewicz, Karaev, Karłowicz eta Silvestrov konpositoreak sustatzeko kontzertuetan parte hartu du. Harreman luze eta atsegina du XVIII. Mendeko Orkestrarekin, non garaiko instrumentuak interpretatzen eta grabatzen dituen. Bere 2022ko grabazioa (Wieniawskiren 2. kontzertua biolinerako) “Hileko grabazio” gisa saritu zuen BBC Music aldizkariak. Baevaren diskografia zabala da, eta bere errepertorioaren aniztasun ikaragarria islatzen du. Bere grabazioen artean daude, besteak beste: Xostakovitxen 2. kontzertua (Mariinsky/Valery Gergiev Antzokiaren DVD bildumaren zati da, eta Arthaus Musikek argitaratu zuen 2015ean), Karłowiczen biolinerako kontzertua (Royal Philharmonic Orchestra, 2018), Schumannen biolinerako kontzertua eta Mendelssohnen biolinerako kontzertuaren jatorrizko bertsioa (1844) (Melodiya Recordsentzat, 2020). 2023tik, Baevak Alpha Classics zigilurako bakarrik grabatzen du. Lehen proiektua 2024ko otsailean argitaratuko da.
Alena Baeva 5 urterekin hasi zen biolina ikasten, Olga Danilova irakasle ospetsuarekin. 10 urterekin Moskura joan zen, Eduard Grach irakaslearekin ikasteko Musika Eskola Nagusian eta Txaikovski Estatuko Kontserbatorioan. Hezkuntza formalaz gain, eskolak izan zituen Mstislav Rostropovitx eta Boris Garlitskyrekin, Seiji Ozawarekin Suitzan eta Shlomo Mintzekin Israelen (Keshet Eilon Musika Ikastegian). 16 urterekin, H. Wieniawski 12. lehiaketan (2001) sari handia irabazi zuen, bai eta lan garaikide baten interpretazio onenagatiko saria ere. Ondoren, Moskuko Paganini lehiaketan sari handia irabazi zuen (2004), baita sari berezia ere, zeinak Wieniawskiren 1723ko Stradivarius biolinarekin urtebetez jotzea ahalbidetu zion. Sendaiko Biolinaren Nazioarteko Lehiaketan urrezko domina eta publikoaren saria irabazi zituen (2007). 2010az geroztik, Alena Baeva Luxenburgon bizi da, senarrarekin eta hiru seme-alabekin, eta 1738ko Guarneri del Gesù “ex-William Kroll” biolina jotzen du, mezenas anonimo baten maileguari esker eta J&A Bearesen laguntzarekin
Chloé van Soeterstède.
Zuzendaria
Chloé van Soeterstède mundu osoko orkestren arreta erakartzen ari da, musika-sorkuntza intuitibo, sentikor eta adierazkorragatik eta podiumean duen presentzia handiagatik. Behin eta berriz goraipatzen dute bere energiagatik, gogo handiagatik eta xehetasunei erreparatzen dielako, eta entseguetan duen eraginkortasunagatik. Askotan egoten da Europan, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan, orkestrekin harreman bikainak baititu, eta 2023aren amaieran Australian/Zeelanda Berrian egingo du debuta.
23/24 denboraldian, Van Soeterstèdek honako orkestra hauekin debutatuko du: Philharmonia, Hallé, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Norrkoping Symphony, Lausanne Chamber orchestra, Colorado Springs Symphon eta New Yorkeko Lincoln Centerren Orchestra Now orkestrarekin, baita Auckland, Melbourne eta Adelaideko orkestrekin ere. Orlando Philharmonic, Royal Northern Sinfonia, Gävleko Sinfonikora eta RTVEko orkestra sinfonikora ere itzuliko da.
Azken denboraldietan, Van Soeterstèdek Erresuma Batuan, Frantzian, Espainian eta Suedian zuzendu du, eta honako orkestra hauekin lan egin du: London Philharmonic, Bournemouth Symphony, BBC Scottish Symphony, Orchestre National de Montpellier, Orchestre National de Lille, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa eta GiOrquestarekin, La Fura dels Bausen ekoizpen batean, Portaferrada Jaialdirako. Hainbat bakarlarirekin lan egiten du, hala nola: Sergei Khachatryan, Colin Currie, Alena Baeva, Kian Soltani, Jess Gillam, Peter Moore eta Tobias Feldmann.
Van Soeterstèderen errepertorioak hainbat konpositore hartzen ditu barne, batzuk aipatzearren: Farrenc, Mayer, Beethoven, Mendelssohn, Sibelius, Ravel eta Prokofiev. 2019an, Benjamin Attahirren Syrian Voices obraren munduko estreinaldia zuzendu zuen Frantzian, eta gaur egungo konpositoreen lanak programatzen ditu aldizka, hala nola Anna Clyne, Dani Howard, Roxanna Panufnik, Annamaria Kowalsky, Katarine Leyman eta Anna Meredith. Koloniako 2019ko Deutscher Diringentenpreis lehiaketan Bärenreiter saria jaso zuen, gaur egungo obra baten interpretaziorik onenagatik, bai eta hirugarren sari orokorra ere.
2012an, Arch Sinfonia sortu zuen, Londresen egoitza duen ganbera-orkestra. Bere energia indartsu eta mugagabeagatik, errepertorio zabalagatik eta artisten eta publikoaren artean zubiak eraikitzeko ekimenengatik txalotu dute. Van Soeterstèderi, halaber, izugarri gustatzen zaio musikari gazteekin lan egitea, eta, beraz, Erresuma Batu osoko musika-eskola espezializatuekin eta kontserbatorioekin aldizka lankidetzan aritzen da.
Van Soeterstède 1988an jaio zen, Frantzian. Parisen eta Royal Academy of Musicen biola ikasi ondoren, zuzendaritza ikasi zuen Royal Northern College of Musicen (2015-2017), Clark Rundellekin eta Mark Heronekin. Han, Kennedy beka lortu zuen, eta Derek Hill Foundationek ere lagundu zion. 2019-2021ean Taki Alsop bekadun izendatu zuen Marin Alsopek, eta Los Angelesko Filarmonikaren Dudamel bekaduna izan zen 21/22 denboraldian.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Egmont, Obertura Op. 84
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488
I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai
Jonathan Mamora, pianoa
II
RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)
Also sprach Zarathustra Op. 30
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria
Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro
0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.
Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.