Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 5-2013-2014


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

Z. Gerenabarrena: Haizorratz (AEOS-Autor Fundazioa hitzarmena. Estreinaldi absolutua) (14’)
J. Brahms / l. Berio: 1. sonata Fa minorrean, op. 120 (23’)
J. Sibelius: 1. sinfonia Mi minorrean, op. 39 (38’)

Carlos García: klarinetea
Enrique diemecke

DATAK

  • 28 azaroa 2013       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 29 azaroa 2013       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Haizearekin eta iraganarekin hizketan

 
Gaur egungo entzuleen artean aski errotuta dago musikako abangoardiek iraganarekin zorrotz hautsi nahi dutela dioen ideia. Hala ere, ezin konta ahala kasuk erakusten dutenez, hori ez da horrela. Schoenbergek mugaraino eraman zituen egun batez tradiziozko harmoniaren printzipioak, eta, horrenbestez, ateak zabaldu zizkion lehenik atonaltasunari eta gero dodekafonismoari. Schoenbergek erabat miresten zuen Brahms (bere garaiko askoren begietan, ultrakontserbadorea izan arren), eta 1993. urtean harriduraz utzi zituen denak bere estiloaren modernotasuna nabarmentzeko prestatu zuen saiakera batez. Urte horrexetan, hanburgotarraren Kuartetoa pianoarekin op. 25 orkestratu zuenean, jarraipena eman zion sustraiak askoz ere lehenago errotuta zituen tradizio bati.
 
Zuriñe Fernández Gerenabarrenak harmonia eta kontrapuntua irakasten ditu Musikenen, hau da, Euskal Herriko musikako goi-mailako zentroan. Hala, beraz, ederki daki zenbateko garrantzia duen egungo musikagileek iraganeko musikaren berri izateak. Hala ere, orain dela urte batzuk Gerenabarrenak aldizkari batean adierazi zuenez, horren ondoren, bakoitzak, bere ahotsa erabiliz, amildegian behera bota behar du bere burua. 1965. urtean jaiotako gasteiztar honek Carmelo Bernaolarekin ikasi zuen lehenik Gasteizko Kontserbatorioan, eta Franco Donatonirekin gero Milango Scuola Civican, eta, han, Italiako eskola garaikidearekin jarri zen harremanetan. Bere garaiko jaialdi garrantzitsuenetako batzuetara iritsi da bere musika, eta bere katalogoak orkestrako lanak hartzen ditu barne, adibidez, Juanjo Menak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 1996an estreinatutako Itxidiki, edo Izarrarri, orkestra horrexek handik hamar urtera Donostiako Kursaalen, Cristian Mandealen eskutik, lehenengo aldiz jo zuen lana.
 
Haizorratz lanean, hau da, Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkarteak (AEOS) eta SGAEren Autor Fundazioak egindako akordioaren eskutik, BOSek gaur gauean estreinatuko duen piezan, Gerenabarrenak haize-orratz baten irudia hartzen du oinarritzat, eta, horrenbestez, obra “abiadura eta indar desberdineko erauntsietan mugitzen da, berriz definitzen da espazioan egiten duen ibilbidean, bere partikulek egiten duten mugimendua adierazten du, inertziak haize-kolpean aldatzen ditu”. Soinuaren aldakortasuna eta espazioaren mugikortasuna hartzen ditu abiaburutzat, “etengabe aldatuz hedatzen baita, soinu-blokeetan aurrera eginez, bere inguruan gertatzen dena eraldatuz eta bestelakotuz”. Erabateko estreinaldia denez, bera da pertsonarik egokiena musika honi buruzko zertzelada batzuk azaltzeko:
 
“Ezaugarri zorrotzeko lan honetan, anbiguotasuna eta dualtasuna dira ekintza bakarra eratzen duten osagaiak, gertakariak zuzendu, eta espazio akustikoa ikertzen dutenak. Unibertsoa liparrez beterik dago, hedatzen eta sekzio zabalak sortzen dituzten liparrez; eta ikuspegi akustiko moduko zera batean mugitzen dira lipar horiek, denbora eta bere marra itxuraldatuz. Errepikatzen den aldaketa piezaren muinerantz zuzentzen gaituen betiko itzuleraren metafora da. Denborak pitzatutako paisaiaren aldizkatzea da, tinbrea izanik –noiz garden, noiz ilun– urtzen diren irudiek arrakalatutako paisaiaren alternantzia.
 
Kolore gisa ezartzen diren keinuak, bere aurrean aztarrika egiten eta luzatzen, indar poetikoa lortu, eta berez oso-beteak izan ahal izateko. Argitasunari lotuta dagoen erregistro zorrotz jakin bat miatzen duten soinuak. Sekzioak astintzen dituzten bulkadak, ahotsen mugimendua berriz definitzen duten lerroak; erregistro apalaren aztarnarekin, errautsa eta oihartzuna txandakatzen dira, keinu eta mugimendu-itzal gisa izoztuta. Sumatutakoaren oroimena ezartzen da, oroimena desegiten eta agerpen bakoitzean aztarna berri gisa berriz orientatzen. Oroimen hori itxuraldatuz, materia berriz itzultzen da, eta agerpena zuzentzen, eta hots-espazio berri batean kokatzen da”.
 
Lehen bidenabar aipatu dugu Brahmsen Kuartetoa pianoarekin op. 25 lanez Schoenbergek egin zuen orkestrazioa, alde batetik, denboratik kanpoko elkarrizketa egin daitekeelako guztiz abangoardiakoa den musikagile baten eta kritikaririk aurrerakoienek orain dela hamarkada batzuk iraindu zuten beste musikagile baten artean; eta, beste aldetik, bidea errazten duelako Brahmsen ganberako beste lan batez –Sonata klarineterako fa minorrean, op. 120 lanaz– Luciano Beriok egin zuen orkestraziora hurbiltzeko. Italiarra iraganeko errepertorioari begira ibili zen beti bere bizitzan barrena. Hirurogeiko hamarkadan hasi zen Monteverdi eta Purcellen musiken gaineko moldaketak idazten, baina geroago biziagotu ziren ildo horretan egin zituen ahaleginak. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, “etorkizuna gogoratzeko” beharra ere aipatu zuen.
 
Ez zien beti modu berean aurre egiten jatorrizko lanei. Esate baterako, Rendering (1989) lanean, Schubertek utzitako zirriborroak hartu zituen oinarritzat, XX. mendeko orkestra-mintzairatik abiatuta, musikagile austriarraren hamargarren sinfonia nola izan zitekeen irudikatzeko. Antzeko zerbait gertatzen da Pucciniren Turandot operarako landu zuen hautabidezko amaieran (2002). Hala ere, Los Angelesko Filarmonikoak agindu zion Sonata klarineterako fa minorrean lanaren orkestrazioan (1986), zehatz bete nahi izan zuen Brahmsen estiloa, bere musikako nortasuna, orkestra handi bati aurre egiteko zuen moldea. Lehenengo bi mugimenduei konpas batzuk erantsi zizkien; ez zuen besterik egin obra alde sinfonikoago batez hornitzeko. Bakarlaria birtuoso gisa irudikatzen duen ideia erromantikoa oso urrun dugula alde batera uzten badugu, Brahmsek sekula idatzi ez zuen klarinete eta orkestrarako kontzertua izan zitekeen emaitza.
 
Jatorrizko sonata 1894. urteko udakoa da. Richard Münhlfeld klarinete-jotzaile handiarekin egon ondoren sortu zuen Brahmsek, Mi bemol maiorreko bere kidekoa den Trioa op. 114 lanarekin eta Kintetoa op. 115 izugarriarekin batera. Geroago biola eta pianoarekin jotzeko egokitu zen, eta bere azken lanetako bat izan zen. Lanak argi erakusten du musikagileak behin eta berriz landu zuela lau mugimenduko tradiziozko egitura, hil zen arte. Lehenengoa, Allegro appassionato mugimendua, sutsua eta grinatsua da, eta sei tema baino gehiago hartzen ditu barne. Andante un poco adagio mugimendua gozoa eta meditaziozkoa da, eta Allegretto grazioso mugimenduak duen kutsu pastorala aurreratzen du. Rondó (Vivace) mugimendu bizi eta baiezkoak ixten du obra, neurrizko jai-girokoa den espiritu batez.
 
Handik denbora gutxira, 1898ko udaberrian, Sibeliusek bere Lehen sinfonia lantzeari ekin zion. Bere notetan, haize hotzak, iparraldeko pinuak, neguko ipuinak eta elezaharrak zituen hizpide. Gogoan izan behar dugu, ordura arte, literatura nazionala izan zela idatzi zituen lan gehienen inspirazioa, adibidez, En Saga (1892) eta Kullervo (1892) lanena, Karelia suitearena (1893) edo Lemminkäineneko elezaharrak (1893-95) lanarena. Partitura berriak odol finlandiarra zuen zainetan, baina Sibelius urrundu egin zen musika programatikoaren ideiatik, eta indarrez besarkatu zuen XIX. mendeko sinfoniagile handien oinordetza. Era horretan, Beethoven, Schumann, Txaikovski, Brahms eta beste askoren tradizioarekin egin zuen bat. Horrela, ospea lortu zuen entzuleen artean, baina ez beti mugimendurik berritzaileenen baitan. Vienako Bigarren Eskolaren pentsamenduari zintzoki jarraituz, Adornok bere Glosa (1938) ospetsuan idatzi zuenez, Sibeliusen obra bere garaitik kanpo zegoen, eta Sibelusen arrakasta “musikako kontzientziaren barruan sortutako hausturaren zantzua zen”.
 
Dena dela, melodia Helsinkin estreinatu zuten 1899ko apirilean, eta, era horretan, bere garaiko musikari finlandiarrik garrantzitsuena bilakatu zen musikagilea. Egitura guztiz klasikoa da, baina klarinetearen bakarrizketa bareak –tinbaleko pedalaren gainean obrari hasiera ematen dionak– pixka bat bestelakotzen du. Berehala agertzen dira hasierako Allegro energico oldartsua egituratzen duten melodia indartsuak, zurezko instrumentuek sarrarazten duten tema bukolikoago batekin batera. Andante mugimenduak, berriz, zerikusi txikia du horrekin, barea eta, funtsean, lirismo sakonekoa baita, erdiko klimaxa urakan baten modukoa izan arren. Scherzo mugimenduaren kemenak, indarrak eta irmotasunak Beethovenen ezaugarriak ditu agerian, Trioan durundi egiten duten oihartzun herrikoietatik harantz joz. Eta, harritzekoa bada ere, Finale (Quasi una fantasia) mugimenduak klarinetearen tema seminala berreskuratzen du hari-orkestran; gero zenbait ideiari ematen die bidea eta horiek mugimendu bat eratzen dute, eta horrek, bere itxurazko barneko kaosaren bidez, sinfoniaren melodia handia aurkitzen du, Andante assai magiko eta oso poetiko batez. Orkestrak berriz egiten du orro, su bizian, eta Sibeliusen estiloan ohikoa den amaierarantz zuzentzen du musika: oldarra, une bakar batean bare sakon bilakatua.
 
Asier Vallejo Ugarte
 
 
 
 
 
 
 
Carlos García, klarinetea
 
 
Carlos García Sanz, 2000. urtetik aurrera Bilbao Orkestra Sinfonikoko klarinete bakarlaria, Calandan jaio zen 1974an. Musika ikasketak “Gaspar Sanz” Musika Elkartean hasi zituen, aitak zeukan musikarenganako zaletasunak bultzatuta. Ondoren, Zaragozako Goi-mailako Musika Kontserbatorioan ikasi zuen Emilio Ferrandorekin, eta gradu amaierako "Ohorezko saria" jaso zuen, klarinetean eta ganbera-musikan. Ikasketak “Conservatoire National Superieur de Musique et Dance de Paris”-en jarraitu zituen, Michel Arrignon eta Alain Damiensen ikasgelan. Bertan, “Premier Prix fin d’etudes” saria lortu zuen klarinete eta ganbera-musikako diziplinetan. Frantzian, klarinete-jotzaile jardun zuen hainbat orkestratan (Estrasburgo, Rennes, Nantes…) eta Parisko IRCAMen. BOSekin, bakarlari gisa hartu zuen parte 2003ko denboraldian, bai eta 2005eko Cádizko musika garaikidearen jaialdian ere. “Quinteto Bilbao” deituriko haizezko boskoteko kidea da; horrela, bada, hainbatetan hartu du parte talde horrekin eta beste talde batzuekin, BOSen ganbera denboraldietan. Halaber, Lisboan, Zaragozan, Huescan, Alcañizen eta beste hainbat hiritan eman ditu ikastaroak. Gaur egun, “M.M.M”-n, musika irakasteko programa berritzailean, parte hartzen du.
 
 
Enrique Diemecke, zuzendaria
 
2010eko maiatzean, Frantziako “Académie du Disque Lyrique”-k “Grand Prix” saria eman zion Diemeckeri, “Le Jongleur de Notre-Dame” opera CDagatik. Aipaturiko CDa Jules Massenetek Roberto Alagna tenorrarekin eta Montpelliergo Orkestra Nazionalarekin egin zuen, Deutsche Grammophon disko-etxearentzat.
 
Enrique Diemecke Bogotáko Orkestra Filarmonikoko zuzendari nagusia, Buenos Aireseko Colón Antzokiko Orkestra Filarmonikoko zuzendari artistiko eta nagusia, eta Long Beacheko Orkestra Sinfonikoko musika-zuzendaria da. Horrez gainera, Michigango Flinteko Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistikoaren titulua dauka oraindik. 17 urtez, Mexikoko Orkestra Sinfoniko Nazionaleko (OSN) zuzendari artistikoa izan zen; talde horri lidergoa eta abangoardia jarri zizkion ezaugarri.
 
Diemeckek egungo bakarlaririk onenak zuzendu ditu; besteak beste, honakoak dira esanguratsuenetako batzuk: Mstislav Rostropovich, Plácido Domingo, Jessye Norman, Deborah Voigt, Susan Graham, Itzak Perlman, Joshua Bell, Sarah Chang, Yo Yo Ma, Ivo Pogorelich, Midori, Shlomo Mintz, Henryk Szeryng, María Joao Pires, Nicanor Zabaleta, Agustín Dumay, Barry Tuckwell, Emmanuel Ax, Lazar Berman eta Phillippe Entremont
 
Honako orkestrak zuzendu ditu erregulartasunez: Los Angeles Philharmonic, Royal Philharmonic, Orchestre National de France, Hagakoa, Orchestre Philharmonique de Radio France, Washingtongo Orkestra Sinfoniko Nazionala, Londreseko BBC, Phoenixekoa, Moskuko Filarmonikoa, San Diegoko Sinfonikoa, San Petersburgokoa, Singapurrekoa, Beijingoa, Lodzeko Artur Rubinstein eta Shangaikoa.
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak