Kontzertuak

BOS DENBORALDIA 14-2013-2014


Euskalduna Jauregia.   20:00 h.

Bach: Brandemburgoko 3. kontzertua, Sol maiorrean (10’)
Beethoven: 1. erromantza biolin eta orkestrarako, Sol maiorrean, op. 40 (7’)
Bottesini: Duo kontzertante handia, biolin eta kontrabaxurako (15’)
L. van Beethoven: 2. sinfonia Re maiorrean, op. 36 (34’)

Christoph Filler: kontrabaxua
Massimo Spadano: biolina eta zuzendaritza

DATAK

  • 24 apirila 2014       Euskalduna Jauregia      20:00 h.
  • 25 apirila 2014       Euskalduna Jauregia      20:00 h.

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Eta ez gastatu dirua soketan…

 
Behinola, ez lar aspaldi ere, Europa biolinez beteta egon zen. Gizarte-klase guztiak, aristokraziarik harroenetik hasi eta kaleko azken arloteraino, bat zetozen instrumentu hori zela musikarako onena. (Hautagai gehiago ere bazeuden, adibidez klabea edo pianoa, baina kalean baimenik gabe jotzen ari bazinen eta jendarmeren bat agertzen bazen, ezin zenuen pianoa bizkarrean hartu eta arrapaladan alde egin).
 
1600. urtetik hasi eta gramofonoa heldu arte, herritar dezentek zekiten hari-instrumenturen bat jotzen. Gaur egun gitarrarekin gertatzen den moduan, baina askoz ere maila handiagoan. Horren ondorioa zen instrumentu, partitura, herri-musika urbano, kontserbatorio edo kontzertu-areto ugari zeudela, eta, batez ere, jendeak bazekiela interpretazio baten meritua epaitzen, eta bazekiela konposizioak zein puntutaraino ziren zailak jotzeko, doinu horiek jo beharrik gabe ere. Ispilu-neuronen kontua. Jendeak birtuoso baten musika entzuten zuen, eta antzoki erdiak musikariaren doinu berberak jotzen zituen hatz-muturrez ezkerreko beso-euskarrian.
 
Gaur egun, biolontxeloa grazia apur batekin jotzen jakitearen balorazio sozialak Leonardo da Vinciren mailan jartzen gaitu, gutxi gorabehera; jarraian eta akatsik gabe latinez irakurtzen jakitea edo Molièreren bertsoak buruz errezitatzea bezala. Ahaztuta dugu, duela zenbait mende, edonork egin zitzakeela horrelako gauzak. Erromatar guztiek latinez hitz egiten zuten –pentsatzekoa da–; XVII. mendearen amaieran, Parisko burdeletan Molièreren esaldi ugari entzuten ziren; eta 1800. urtean, Pragan, oraindik ez zen jaio tabernako biolin komunitarioarekin doinuren bat jotzen ez zekien txikiterorik.
 
Irlandarrak, ijitoak eta kontinentean sakabanatutako beste zenbait jende iraganaren oihartzun biziak dira, eta iragan hori koadro kostunbristetan, erreferentzia literarioetan eta prezio ezin garestiagoko biolin hondatuz betetako azoka alemaniarretan aurki daiteke.
 
Johann Sebastian Bach (1685-1750) zen hari-instrumentu bat jotzen zekien pertsona horietako bat. Egia esan, berak nahiago zuen klabea edo organoa, baina, soinu honen kolorearekiko maitasun bereziren bat izan ezean eta birtuosismoaren tripa teknikoak modu harrigarrian ezagutu ezean, inork ez zuen txelo bakarlarirako sei suite konposatuko, ez eta klabe eta biolinerako sei sonata edota baxurik gabeko biolinerako sei sonata eta partitak ere. Veracini, Locatelli, Vivaldi eta beste italiar pare bat edo germaniar italiarturen bat izan ziren zailtasun-maila horretako obrak idatzi zituzten bakarrak.
 
Bach ez zen ganberako obra hauek idaztearekin konformatu. Kantaten eta oratorioen konpositore gisa izan zuen bizitza profesional osoan, violino obbligatodun aria ugari utzi zituen. Lan horiek poztasun-iturri agortezina dira entzuleentzat, eta izerdi-iturri itzela, berriz, musikariarentzat. Era berean, badakigu biolinerako hiru kontzertu (la minorrean, Mi maiorrean eta re minorrean), bi biolinerako kontzertu bat (hori ere re minorrean) eta zenbait obra –teklaturako egokituta heldu zaizkigu– ere badaudela gutxienez, auskalo zein instrumentutarako sortutakoak, nahiz eta, ziurrenik, biolina ez zen urrunegi ibiliko (kontzertua fa minorrean, obertura Mi maiorrean, suitea la minorrean, kontzertu bikoitza do minorrean…).
 
Johann Sebastian Bachen musika instrumentalaren datazioa zoratzeko moduko lana da. Mundu akademikoak arreta osoa jartzen du obratxo xume baten gainean. Tintaren analisiak edo ur-markak data batera eramaten gaitu, azterketa grafologikoak bi hamarkada atzerago eramaten gaitu, azterketa estilistikoak beste hamabost urte aurreratzen gaitu, eta mundu guztia ados dagoenean esaterakoan lan hori Leipzigen konposatu zela 1733. urtearen inguruan, sakristau batek hautsez betetako armairu bat irekitzen du Darmstadten, eta piezaren kopia bat agertzen da, azalean 1715 jartzen duela. Tira, berriz ere hastera. Bachen musika hain ona ez balitz, egoera etsigarria izango litzateke. Sekula ez gara musika horrekin haserretzen, berarekin jolasten gara, eta gurekin jolastu dadin uzten diogu.
 
Zorionez, Brandenburgoko sei kontzertuek estutu egiten dute, baina ito ez: 1721ean datatutako partitura autografo bat kontserbatzen dugu. Obrak oso desberdinak dira elkarren artean –ia ortodoxoa den concerto grossotik hasi eta aurrekaririk gabeko obra ezin arraroagoetaraino–. Christian Ludwi margraveari zeuden eskainita; hain zuzen ere, Erromatar-Germaniar Inperio Santuko titularrari botoa emateko eskumena zuten zazpi printze hautesleetako bat zen hori (mundua txiki-txikia da: garai haietan, enperadorea Karlos VI.a zen, lehen Karlos Artxidukea bezala ezagutzen zen artista, Espainiako errege izateko puntuan egon zena, Ondorengotza Gerra ia irabazi ostean). Pertsonaia horrek, margraveak, Johann Sebastianen musikarekiko interesa agertu zuen urte pare bat lehenago, eta konpositoreak, erantzun gisa –eta, ziurrenik, lan-giroa aldatzeko asmoz–, sei kontzertudun liburuki bat eskaini zion, pixka bat denetarik jasoz bertan. Ez dirudi kontuak aurrera egin zuenik, eta hori hala izan zela erakusten duten bi pista esanguratsu ditugu. Lehenengoa: Bachek sekula ez zuen lan egin Christian Ludwigen gortean; eta bigarrena: liburukia hain dago berri, badirudi oparia ez zela ireki. Jabea hiltzean, liburukia saldu egin zen, eta arrastoa galdu zitzaion XIX. mendearen erdialdera arte.
 
Brandenburgoko Kontzertu hauetako Hirugarrena da, ziurrenik, gaur egun gehien ezagutzen dena, eta musika horretara moldatu gara, baina kontuan izan behar da serieko arrarotxoenetakoa dela. Hiru biolin, hiru biola, hiru txelo eta baxuz osatutako talde zoro samarrerako egindako obra da. Bertan, Bachek, apaingarririk txikiena ere idatzi ohi zuenak, adagio osoa jan zuen. Azken bi akordeak baino ez zituen jarri, musikariei aukera emanez aldez aurretik nahi dutena inprobisa dezaten. (Grabazioetako batzuetan ozta-ozta eta serio-serio jotzen dituzte bi akordeak, inprobisatzeko beldurrez. Bachek burua altxatuko balu…).
 
Talde zoroei buruz ari garela, gaur gaueko kontzertuan Giovanni Bottesiniren (1821-1889) biolin, kontrabaxu eta orkestrarako Duo Handia ere entzungo dugu. Eta adi, obraren lehenengo bertsioa bi kontrabaxu eta orkestrarako zen eta. Pieza hau Luigi Arpesani adiskidearekin jotzeko asmoz idatzi zuen Bottesinik. Beste adiskide batek, Camillo Sivorik –Paganiniren ikasle bakarra–, lan hau berridatzi zuen, biolin eta kontrabaxuko formatu ezagunagorako. Kontuak zirkuko txantxa baten itxura izango zuen, egileak interpretaziorako zeukan gaitasun itzelagatik izan ez balitz.
 
Giovanni Bottesini, Serguei Rachmaninov, Louis Spohr eta beste zenbait bakarlari etengabeko txalo-zaparraden artean bizi izan ziren beti, zegokien instrumentuetako birtuosorik handienak balira bezala, nahiz eta, egiaz, konpositore gisa zituzten euren buruak, bokazio hutsez. Duo Handi honek (1880an editatu zen, baina, ziurrenik, dezente lehenago konposatu zen) harrituta utzi zituen entzule guztiak. Kantuan ari den kontrabaxua. Biolontxeloa baino leunagoa den kontrabaxua, eta biolinaren mailara ere heltzen dena. Entzuleek uste zuten Bottesinik hainbat nota joko zituela segundoko, baina gutxik espero zuten hain kontrabaxu lirikoa entzutea. Giovanni Bottesinik, bere garaiko opera-zuzendaririk ospetsuenetakoak, agerian utzi zuen, bakarlari gisa, bere instrumentuak entzuleek uste zutena baino askoz ere baliabide gehiago ezkutatzen zituela. Atzera bueltarik gabeko bidea izan zen. XX. mendea heldu zen, eta Stravinsky, jazza eta baxu elektrikoa etorri ziren, eta gazteak gurasoei eskatzen hasi ziren kontrabaxuan matrikulatzeko kontserbatorioan. Ez, biolina ez; ahal bada, nahiago dut kontrabaxua.
 
Ludwig van Beethoven (1770-1827) konpositore eta piano-jotzaile birtuosoa izan zen, baina, gainera, bazekien biolina ere hartzen. Harreman gorabeheratsu batek eraman zuen instrumentu horrengana. Biolin eta pianorako hamar sonata, biolin eta orkestrarako kontzertu bat, harirako 16 koarteto, Missa Solemnis laneko soloa… Ignaz Schuppanzighek –bere erreferentziako biolin-jotzaileetako bat eta hiru hamarkadaz konpositorearen ondoan egon zen lagun urrietako bat– esan zionean pasarte bat ia ezinezkoa zela, Beethoven gozoak erantzun zion: “Baina zuk uste duzu, musak nitaz jabetzen direnean, zure biolin miserablearekin pentsatzen hasten naizela?”. Edonola ere, Beethovenek bi Erromantza gehitu zituen instrumentu horretarako errepertorioan. Lehenengoa, op. 40 Sol maiorrean, 1803an editatutakoa, Schuppanzighentzat berarentzat konposatua izan zela dirudi, baina ez dago horren gaineko ziurtasunik. Obra hau garai hartako Parisko modaren isla da; hainbeste, ezen musikologiak beti susmatu izan du Beethoven lan bila zebilela inguru haietan. Egia esan, hori ez litzateke batere gauza ezinezkoa izango, bizitzea tokatu zitzaion garaiagatik izan ez balitz. A zelako hasiera izan zuen XIX. mendeak, Frantziaren eta Alemaniaren arteko harremanetarako.
 
Gauari amaiera emateko, Erromantza honen garaikidea den obra bat entzun ahal izango dugu: Bigarren Sinfonia op. 36 Re maiorrean. 1800. urtetik aurrera konposatu eta 1803ko apirilaren 5ean estreinatutako lan honi dagokionez, Beethovenek ez zekien zer egin jasotzen zituen kritikekin. Obra honi buruz esan izan zen arraroa zela, haize-instrumentu asko erabiltzen zituela eta, hala ere –Lehenengoaren mailakoa izatera heldu gabe–, meritu nahikoa zuela. ‘Arraroa? Bada, atera ditzatela gatzak Hirugarrena datorrenerako, jada labean dago eta’, pentsatu zuen Beethovenek, ziurrenik. Sinfoniak bata bestearen atzetik etorri ziren. Mendebaldeak bira egin zuen, eraldatu egin zen, eta Beethoven ulertzen ikasi zuen. Beethoven osoa? Ez. Hara non, orain, Beethoven helenikoak ez zuen etena gainditzen. Obra batzuek, adibidez Bigarren Sinfoniak, Mozarten soinua zuten. Gozoegiak ziren eta ez zeuden lar konprometituta ideal heroiko erromantikoarekin. Konpromiso falta. Beethoven bere kasa barreka ari zen. Maila pribatuan, Bigarren Sinfoniaren bitartez berradiskidetu zen bizitzarekin. 1802. urte ikaragarrian, gorreria atzera bueltarik gabekoa izango zela eta piano-jotzaile gisa ezin izango zuela betiko jardun jakin zuzenean, lagun hori izan zuen alboan; sinfonia hori, alegia. Lan honi esker, konpositore gisa agertu zen gizateriaren aurrean, betiko desagertu beharrean –pentsamendu horiek urte hartako urriko Heiligenstadteko testamentua delakoan daude jasota–.
 
Bere bizitza osoan, Beethovenek sinfonia bakarra transkribatu zuen triorako, hori baitzen bere garaikideen etxe guztietara heltzeko modua. Ea asmatzen duzuen zein sinfonia izan zen.
Joseba Berrocal
 
Christoph Filler, kontrabaxua
 
Remscheiden (Alemania) jaio zen, eta bertan hasi zituen musika-ikasketak. Düsseldorfen jarraitu zuen ikasten, eta Vienan amaitu zuen Ludwig Streicher maisuarekin. Modu horretan, notarik altuenekin lortu zuen diploma.
1993n, RTVEko Orkestrarako oposizioak irabazi zituen, eta, 1996tik, bakarlari-plaza dauka BOSen.
Besteak beste, Junge Deutsche Philharmonie, Wiener Streichorchester, Koloniako Renaniako Ganbera Orkestra, Bregenzeko Kamerata, Remscheider Symphoniker, ORFeko Orkestra Sinfonikoa eta Super World Orchestrarekin kolaboratu izan du, azken horretan Zubin Metharen zuzendaritzapean. 
Christoph Fillerrek hainbat musika-genero jo izan ditu, ganberako musikatik hasi eta jazzeraino, musika iberoamerikarra ere barne.
Irakasle gisa ere lan handia egin du.
 
 
 
 
Massimo Spadano, zuzendaria eta biolina
 
 Lancianon (Italia) jaio zen, eta Donato Renzetti maisuarekin diplomatu zen orkestra-zuzendaritzan. 1995etik, Galiziako Sinfonikoko Ganberako Orkestraren zuzendaria da, eta, bertan, klasizismotik hasi eta Stravinskyren garaira arteko obrak zuzendu ditu, bai eta espainiar garaikideak ere, beste askoren artean. Beste hainbat orkestra ere zuzendu ditu: Academy of Ancient Music Alemanian eta Londresen (Ingalaterra), Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Granada Hiria Orkestra, Vallesko Sinfonikoa Bartzelonako Palaun, Portugalgo Do Norte Orkestra, Pforzheim Kammer Orchester, Sanremoko Sinfonikoa, Georgish Kammerorchester eta Extremadurako Orkestra, besteak beste. Gainera, Salamancako eta Leóngo Jaialdietan eta Mozart Festival jaialdian ere aritu izan da zuzendari gisa. Bad-Wilbadeko Rossini Jaialdian, “Ser Marcantonio” opera zuzendu du, eta, duela gutxi, emanaldi horren CDa argitaratu du Naxos etxearekin.
 
Ingolstadteko Jaialdian, “Cambiale de Matrimono” zuzendu du, eta datorren denboraldian ere bueltatuko da. Europa, Estatu Batuak, Hego Amerika, Asia, Afrika eta Ekialde Ertaineko aretorik garrantzitsuenetan aritu izan da, bai eta Berlin, Salzburgo, Milan, Paris, Madril, Erroma, Montpellier, Wiesbaden, Amsterdam, Florentzia, Bartzelona, Munich, Napflion… eta abarreko jaialdi eta denboraldietan ere. Gainera, Victoria Mullova, Katia eta Marielle Labéque, Cristian Zacharias, Enrico Dindo eta Alexander Lonquichekin batera jo izan du, bai eta Gerard Depardieu eta Alessandro Bariccorekin ere.
 
Deutsche Grammpophone, Sony, Opus 111, Bongiovanni, Auvidis Astrèe, Naxos eta Sony etxeekin grabatu izan ditu diskoak.

HARIAREN ÑABARDURA GUZTIAK

Gure bakarlari gonbidatuak, Massimo Spadanok, haria protagonista duen kontzertu erakargarria proposatzen digu. Beethovenen lan ezezagunenak, biolinerako Romanza eta Bigarren Sinfonia kasurako, bere garaian "Kontrabaxuaren Paginini” bezala ezagutzen zen Bottesiniren musikarekin batera; gainera, Christoph Filler gure bakarlariak ere parte hartuko du. Programa irekitzeko, barrokorik bikainena, Brandemburgoko Hirugarrenarekin.
Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

22
Aza
2024
>BOSeko Hari Laukotea

BOSeko Hari Laukotea

Lekua: Sestao Musika eskola

M. Ravel: Cuarteto para cuerda
L. van Beethoven: Cuarteto n. 4, op.18 en do menor

Azer Lyutfaliev, biolina
Iñigo Grimal, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa

 

Informazio eta sarrerak

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako la minorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak