Kontzertuak
BOSen DENBORALDIA 13-2014-2015
Huang Ruo: Announcement
L. van Beethoven: 3. kontzertua piano eta orkestrarako
S. Rachmaninov: Dantza sinfonikoak
Teo Gheorghiu, pianoa
Lan Shui, zuzendaria
DATAK
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Jotzea nahi baduzu, ni gustura; baina idatzi egin beharko duzu
1804ko uztailaren 19a. Garai horretako Beethovenen (1770-1827) ikasle bakarra, Ferdinand Ries, maisuaren Hirugarren kontzertua pianorako op. 37 jotzera doa. Lan horretan nahastu egiten dira Beethovenen eskuzabaltasuna, batetik, eta maisuaren gero eta gortasun handiagoa, bestetik. Aurreko urtean (apirilaren 5ean) estreinatu zuen musikagileak berak lan hori Vienan; emanaldi horrek, beraz, ez zuen zertan zailtasun berezirik eduki.
Bada, ordea, arazotxo bat zintzilik. Ebatzi gabeko eta garrantzirik gabeko gauza bat.
Idatzi gabe dago bakarlariaren partea.
Ignaz Xaver Ritter von Seyfieldek estreinaldiaren gauari buruzko bere bertsioa ematen digu.
Kontzertua berrikuntzez beterik zetorren, Beethovenen ibilbidean ohikoa zen moduan. Kontzertu berean jotzekoak ziren Bigarren sinfonia op. 36 lanaren lehenengo joaldiak eta baita musikagilearen oratorio bakarra ere: Kristo Olibondoen Mendian, op. 85. Hirugarren Kontzertuaren unea iritsi denean, Beethoven Seyfieldengana hurbildu da, adeitasunez, eta mesede bat eskatu dio:
“Beethovenek orrialdeak pasatzeko eskatu dit; jainkoarren! Baina egitea baino errazagoa da esatea. Orri zuriak baino ez nituen ikusten. Asko jota, hieroglifiko batzuk han-hemenka, irudi erabat ulergaitzak niretzat. Berak buruz jotzen zuen bakarlariaren partea ia osorik, ez baitzuen dena idazteko astirik izan —askotan gertatu ohi zitzaion bezala—".
Beethoven inprobisatzaile handia izan zen. Garai hartako teklista handi gehienen antzera. Dohain hura ohikoa izan zen XVIII. mendean zehar, eta XIX. mendearen nortasun ikur bihurtu zen. Horren lekuko izan ziren Mozart eta Liszt, esate baterako.
Hainbat hamarkadaz, gu txundituta utziko gintuen formatua hartu zuen kontzertu publikoaren fenomeno berriak. Gaur egun, gure musika jaialdi estandar bat, salbuespen bat edo beste salbu, obertura batez edo lan garaikide batez osatua egoten da, bakarlariarentzako kontzertu batez, etenaldi oparo batez eta lan hadi batez, sinfonia erromantiko batez, esaterako. Aitzitik, gure gaur egungo kanona eratzen joan zen garaian, jaialdiak oso bestelakoak ziren. Nekez sinets daiteke kontzertu haietan jendea txutxu-mutxuka aritzen zela –edo beren gauzei buruz hitz egiten zuela–, argiak piztuta egoten zirela, palko batzuetan beti izaten zela mokadu bat hartzeko, kontzertuak oso luzeak izaten zirela, pasarteren bat asko gustatzen bazitzaien errepikatu egiten zela jendeak esan hutsarekin, ez zela harritzekoa orkestrako kideen artean familia oneko zaleekin topatzea, ez zela beti zuzendaria egoten, partiturak akatsez josita egoten zirela, lan gehienak ez zirela dozena bat urtetik gorakoak izaten –musika garaikidea izaten zen dena!–, programa orotan egon behar zuela ahotserako lan sorta handia: bakarlariak, taldeko eta abesbatzarako lanak; eta musika-tresna bakarlari bat agertzen bazen, denbora luzean edukitzen zutela jo eta jo, ez bakarrik bere musika-lanak jotzen, baita inprobisazioak egiten ere. Hori izan zen Beethovenen eta garai hartako beste askoren kasua.
Zaila da uztartzen gaur egun Beethovenen partitura baten maila ia sakratua eta musikagileak berak, zenbaitetan, nolako arintasunez erabiltzen zituen bere lanak. Egia da Beethovenen gutunetan klasiko bat zirela editoreen elkartekoekin izaten zituen liskarrak, bere argitalpenetan aurkitu ohi zituen akatsak zirela-eta, hutsalak izan zein handiak izan, botatzen zituen mehatxu, irain, erregu eta oinazez beteta mordoka agertzen ziren gutunak; baina egia da, halaber, Beethovenek ia-ia etenik gabe berrikusten zituela bere lanak, eta, bereziki lehenengo interpretazioetan, han eta hemen egokitzapenak egiten zituela. Musikagile haiek partitura batera zenbateko askatasunaz hurbiltzen ziren ikusirik, biraotzat hartuko litzateke gaur egun. Jan egingo lukete kontserbatorioan. Beethovenek denboraren ontzia hartu, eta, nor den esan gabe, hona etorriko balitz bere pianorako Hirugarren Kontzertua nahastera, izugarrizko jarioa jasoko luke teklatuzko sailetik, men ez egiteagatik.
Elezaharraren arabera, Elvis, bira batean zela, bere dobleen lehiaketa batera joan, eta zer gertatzen zen ikusteko asmoz hurbildu zen, iseka egiteko edo jakin-mina zuelako. Naturala denez, lehenengo txandan gelditu zen kalean.
Beethovenek, azkenik, bere kontzertuaren bakarlarirako partea idatzi zuen, Riesek jo zezan. Eta denek eskertu zuten. 1805eko urtarrilaren 2ko kritika batean onartzen zen –programa berean entzun zen Dusseken kontzertu xaloari errukirik gabe iseka egiteaz gainera– Beethovenen lana ordu arteko onena zela genero horretan.
Hurrengo 140 urteetan, pianoaren teknika garatzen joan zen, zirkuaren eremutik eremu pentsaezinera iritsi zelarik. Eta jendearen irudimenean gelditu da teklatuaren birtuosoaren eta musikagilearen lan bikoitzean distiratu zuen azken titan handiaren irudia, hain zuzen ere, Sergei Rachmaninov (1873-1943) handiarena.
Ez da inoiz egon Rachmaninovek pianista gisa egin zituen merituak kritikatzeko kemena izan duenik, noski, baina ezin esan liteke gauza bera hark osatutako musika-lanengatik. Cesar Cui, Bosten Taldeko kide handiak (Balakirev, Borodin, Mussorgski eta Rimski-Korsakovekin batera) honela hitz egin zuen 1897. urtean, Rachmaninov gaztearen orkestrarako lanei buruz:
“Kortserbatoriorik balego infernuan, eta talentu handieneko ikasle batek Egiptoko zazpi izurrietako batean oinarritutako sinfonia bat idatzi izan balu, eta idatzi izan balu eta Rachmaninoven sinfoniaren antzekoa balitz, distiraz bete izango luke bere zeregina eta une atsegina igaroaraziko lieke infernuko biztanleei.”
Hitz atseginak errusiar musikaren baitako izar sortuberria motibatzeko. Rachmaninovek denbora atera zuen, eta baita motibazioa ere, kontzertista eta nazioarteko orkestra zuzendari karrera hartan zehar idazteko. Haren katalogoa nahiko eskasa da –ehun obra ozta-ozta–, eta, askotan, lehendik ere adierazi bezala, aldekoa izan zuen zortea. Haren kideetako batzuek musikagile atsegintzat hartzen zuten, abangoardien lubakietatik urrun. Beste alde batetik, aldiz, entzuleen parte batek guztiz kontrakoa aurpegiratzen zion: alde batera uzten zuela, lan batzuetan, berarengandik espero zuten gaitasun melodikoa. 1940. urtean, artista agurgarria zen Rachmaninov eta txalo ugari jasoa zen, dozena erdi birtuosoren bizitzak betetzeko adinakoak; hala ere, azken aldiz ekiteko prestatu, eta azken lana izango zena osatu zuen: Dantza sinfonikoak op. 45. Lan zoragarria da. Klasikoa eta modernoa; berezko hizkuntza du, eta, aldi berean, Stravinsky eta Prokofiev herrikideen koloreen zorduna da. Dantza horien artean daude balsak, errusiarrek hain ondo osatu eta vienarrek begi txarrez ikusten dituztenak. Eta lan horrek zenbait aipamen musikal ditu: gregoriar Dies Iraeren erreferentzia eraginkorra edo bere lehenengo sinfoniari egindako lehenengo aipamen iluna; Cuik gozotasunez aipatutako hura. Ez dugu inoiz jakingo zein gertu egon zen Rachmaninov Dantza sinfoniko haiek guri uzteko lana ez hartu izanaz. Itxura denez, Filadelfiako Sinfonikoari —orkestraren alorreko bandera ontzia Ipar Amerikan eta lanaren eskaintza jaso mzuena— eman behar dizkiogu eskerrak.
Gure jaialdia erakunde horren ehungarren urteurrena ospatzeko hautatutako lan batekin hasiko da, hain zuzen ere. 2000. urtean, Filadelfiako Orkestrak lehiaketa bat antolatu zuen urteurren hori ospatzeko, eta Huang Ruo (1976) txinatar musikagileak bere "Hiru lan Orkestrarako" interpretatzen zituztela ikusi ahal izan zuen. Hiru lan horiek hiru obertura dira, mende berriari agur egiteko hiru modu, egilearen beraren oharren arabera, eta batera edo bereizirik interpretatu litezke. Announcement da bigarrena eta Ruoren estiloaren ezaugarrietako bat irudikatzen du: ortodoxiaren arabera modernoa den orkestra hotsaren eta ekialdeko doinuen arteko fusioa. Ruoren karrerak sendotzeko bidean jarraitzen du, eta sari ugari jasotzen ari da, baina abesteko moduagatik baino gehiago, musika idazteko moduagatik. Bilatu Interneten, eta ikusiko duzue pozik dagoela, konplexurik gabe desafinatzen duen mutiko baten antzera. Bai, jakina. Eta ondo egiten ari da.
Joseba Berrocal
TEO GHEORGHIU – Pianoa
2010. urtean, Beethovenen Eraztuna eman zioten Bonneko Beethoven Jaialdian. 2014/15 denboraldian eta hurrengoetan Londresko Royal Philharmonic Orchestrarekin, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, Municheko Sinfonikoarekin eta Minas Geraiseko Orkestra Filarmonikoarekin arituko da Teo Gherghiu. Aipatzekoak dira, halaber, Carmina Laukotearekin (harekin grabatu du Dvořáken Pianorako kintetoa, Sony etxearentzat) eskainitako emanaldiak eta garrantzizko aretoetan egindako errezitalak, hala nola, Zuricheko Tonhallede aretoan, Aarau Kultura eta Batzar Zentroan, Txileko Santiagoko Udal Antzokian eta Toulouseko Jakobinoetako piano jaialdiko serieetan.
Teo Gheorghiu Zurichen jaio zen, 1992. urtean. 2001ean hasi zituen ikasketak Londresko Purcell Eskolan. Ondoren, Filadelfiako Curtis Musika Institutuan jarraitu zituen ikasketak, eta gaur egun Londresko Musikako Errege Akademian ari da ikasten. 2004. urtean, lehenengo saria irabazi zuen San Marinoko Nazioarteko Piano Lehiaketan, eta Franz Liszt Piano Lehiaketaren goreneko saria lortu zuen hurrengo urtean.
Teok 2004. urtean egin zuen debuta Zurichen, Tonhalle aretoan. Deutsche Grammophonse disko-etxearentzako lehenengo CDa 2009ko apirilean grabatu zuen, eta, bertan, Schumann eta Beethovenen kontzertuak interpretatzen ditu. Musikkollegium Winterthurrekin, Douglas Boyden zuzendaritzapean. Pianista gisa dituen trebetasunez gainera, talentu handiko antzezlea da Teo. 2006an, Vitusen papera interpretatu zuen Fredi Murerren izen bereko filmean; lan horretan, pianista prodijio gazte baten istorioa kontatzen du, Bruno Ganz antzezlearekin batera. Hainbat sari jaso zituen filmak, eta, horren ondorioz, Istanbul, Tribeca (New York) eta Lokarnoko zinema jaialdietan izan da Teo.
LAN SHUI – Zuzendaria
Lan Shui Singapurreko Orkestra Sinfonikoaren musika zuzendaria da 1997. urteaz geroztik, Kopenhageko Orkestra Filarmonikoaren zuzendari nagusia da 2007/08 denboraldiaz geroztik, eta orain dela gutxi lau urteko epea amaitu berri du Taiwaneko Orkestra Sinfoniko Nazionaleko aholkulari artistiko gisa. Orkestra finko horien programa estua alde batera utzita, hainbat orkestra sinfonikorekin du konpromisoa gonbidatu gisa jarduteko, hala nola, Bilbo, Shangai, Hiroshima eta Cantonekoarekin, Tampereyko Filarmonikoarekin eta Lilleko Orkestra Nazionalarekin.
Zuzendari gonbidatu gisa, Lan Shuik Estatu Batuetan lan egin du hainbat orkestrarekin, besteak beste, Los Angelesko Filarmonikoarekin, Minnesotako Orkestrarekin, eta San Francisco, Baltimore, Detroit eta Houstongo orkestra sinfonikoekin. Europan ere hainbat orkestrarekin aritu izan da, hala nola, Berlingo Orkestra Sinfonikoarekin, Frankfurteko Irrati Orkestra Sinfonikoarekin, Danimarkako Orkestra Sinfonikoarekin, Stuttgarteko Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin, Gotemburgoko Sinfonikoarekin eta Saarbrückeneko Irrati Alemanaren Orkestra Filarmonikoarekin. Halaber, Aalborgeko Orkestraren zuzendari gonbidatu nagusia izan da, eta Tanglewoodeko eta Aspeneko jaialdietan parte hartu du.
Ospetsu egin da orkestrak osatzeko trebetasunagatik eta Asiako musikagile onenen lan berriak abian jartzeko, estreinatzeko eta grabatzeko pasioagatik. Singapurreko Sinfonikoa mundu mailako orkestra bihurtu da Shuiren zuzendaritzapean, eta bira ugari eta arrakasta handikoak egin ditu Alemania, Suitza, Japonia, Txina, Hong Kong, Taiwan, Frantzia, Espainia eta Estatu Batuetan barrena. 2014ko irailean, orkestrak BBC Proms sarietan egin zuen debuta.
RACHMANINOVEN TESTAMENTUA
Dantza sinfonikoak lana, Rachmaninovek idatzitako azken obra izateaz gain, kultuko lana ere bada XX. mendeko musika errusiarrean. Orkestra erako fresko horrek bizitza osoa laburbiltzen du, eta egileak “Eskerrak ematen dizkizut, Jauna” esaldi autografoa idatzi zuen azken orrialdearen oinean. Bere kontzertuetako hirugarrenarekin, Beethovenek aurreranzko urrats handia eman zuen esparru erromantikoan. Kontzertuari hasiera emateko, Txinako musika berriko egilerik interesgarrienetako baten Announcement lana entzun ahal izango da; hain zuzen ere, obra hori Filadelfiako Orkestrak estreinatu zuen.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
BOSeko Hari Laukotea
Lekua: Sestao Musika eskola
M. Ravel: Cuarteto para cuerda
L. van Beethoven: Cuarteto n. 4, op.18 en do menor
Azer Lyutfaliev, biolina
Iñigo Grimal, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Egmont, Obertura Op. 84
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
23. kontzertua piano eta orkestrarako la minorrean K. 488
I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai
Jonathan Mamora, pianoa
II
RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)
Also sprach Zarathustra Op. 30
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria