ESKERRIK ASKO, HIRU MUSIKARI MAITERI
ESKERRIK ASKO, HIRU MUSIKARI MAITERI
Kontzertu hauek abonamenduko azken kontzertuak dira, eta, bertan, gure orkestrako hiru biolin-jotzaile historikok parte hartuko dute. Emakumezko bi irakaslek eta gizonezko irakasle batek erretiratzeko adina izango dute denboraldiaren amaieran, eta, beraz, erabil bitez lerrook gure agur beroa emateko.
MARÍA MADRU
1982. urtean orkestrarekin lehen harremana izan ondoren, jaioterrira (Errumania) itzuli behar izan zuen, arazo pertsonalak zirela-eta. 1987. urtean hasi zen berriro BOSen behin betiko, zailtasunez beteriko egoera batean. Concertinoa jotzen orkestraren buru izan da ia azken 20 urteotan, eta hurrengo hitzak utzi dizkigu, agur gisa:
“Nire ibilbide profesionalaren amaierara heldu naiz, nire familiaren maitasunik, laguntzarik eta ulermenik gabe urratu ezin nezakeen ibilbidearen amaierara. Pedro Goiricelayari, Anton Amanni, Juan María Betanzosi eta Alicia Gonzálezi nire esker ona eman nahi diet, posible egin baitzuten ni Bilbao Orkestra Sinfonikora itzultzea. Halaber, une latzetan lagundu zidaten eta lagundu didaten aspaldiko eta gaurko lankideei ere eskerrak eman nahi dizkiet, baita Bilboko ikus-entzuleei ere, izan ere, beraien berotasuna beti izan dut lagun eta beti animatu naute.
Eskerrik asko, eta ez adiorik."
ANA ROSA ILLORO
Orkestraren historia bizia. Biolin-jotzaile gisa zuen eserlekutik, BOSen bizitzako 42 urte iragaten ikusi du. Berrogeita hamargarren urteurrenean egon zen, eta, orain urtebete, gure 90. urteurrena ospatu zuen.
Irakasle moduan izan duen bizitza luze-luzean, bost zuzendari titular ezberdinekin aritu izan da: Pedro Pírfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara, Juanjo Mena eta Günter Neuholdekin, alegia, eta ezin konta ahala aldiz jo du errepertorio handia: adibidea baino ez bada ere, 36 aldiz jo du Dvoráken “mundu berriaren" sinfonia. Ana Rosa da Orkestra 1982. urtean beste herrialde batzuetako musikariei ireki baino lehenagoko etapako azken irakaslea.
RICARDO TALLEDO
Perutarra jaiotzez eta bilbotartzat hartua, bere lagun askorentzat Richi izenaz ezagutzen dena irudi nahastezina izan da azken 30 urteotan lehen biolin-jotzaileen sekzioan, bere adats luzea motots elegante batean jasoa beti. Biolinaz erabat maitemindurik, musikarekiko eta bizitzarekiko gogo bizia bere inguruan zeudenei kutsatzen jakin izan du, baita zuzendari eta bakarlari gonbidatuei ere, beti ematen baitizkiote goraintziak.
Gure eskerrik zintzoena hiruroi, arte eta profesionaltasun urte hauengatik guztiengatik.