BOSen 2014-2015 DENBORALDIA AURKEZTU DUTE

Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputatu eta BOSeko Patronatuko presidenteak, BOSeko zuzendari nagusi Ibon Aranbarrik eta BOSeko zuzendari tekniko Borja Pujolek BOSen 2014-2015 programazio berria aurkeztu dute.
2014-2015 denboraldia 2014ko urriaren 9an hasi eta 2015eko ekainaren 4an bukatuko da. BOSek 17 programa, 34 kontzertu, programa sinfoniko-koral bat, eta Gabonetako, Inauterietako eta itxiera kontzertu bana emango ditu; horrez gain, bi estreinaldi absolutu ere eskainiko ditu, bata denboraldi sinfonikoaren barruan, eta bestea ganberakoa. 35 bakarlarik eta zuzendarik hartuko dute parte.
Kulturako foru diputatu Miren Josune Ariztondok adierazi duenez, "BOSen 2014-2015 denboraldiak Bizkaiko gizarteari orkestraren jarduna gerturatzen jarraituko du."
Denboraldi berrian, Enigmak eta Kondairak izenburupean, publikoak On Kixoteri buruzko Guridiren poema sinfoniko laburraz edota Sherezaderen ekialdeko mundu liluragarriaz gozatu ahalko du, besteak beste. Musika absolutuaz gozatzea nahiago dutenek, berriz, sinfonia handiak entzuteko aukera ere izango dute, esaterako Mahlerren lehenengoa eta Brahmsen lehenengoa eta laugarrena. Mendelssohnen "Lobgesang" sinfoniak leku berezia izango du Gabonetako kontzertuan; Bilboko Koral Elkarteak emanaldi horretan parte hartuko du, denak Víctor Pablo Pérezen zuzendaritzapean. Horrez gain, jazza, barrokoa eta ganbera-musika ere egongo dira.
Xedatutako programazioaren barruan, Kulturako foru diputatuak orkestrak herriz herri Bizkaiko hainbat udalerritan emango dituen kontzertuak nabarmendu ditu, besteak beste, Plentzian, Ondarroan, Gernikan, Lekeition eta Santurtzin. Horrez gain, BOS Santanderren ere arituko da, orkestra gonbidatu gisa Gaztela eta Leongo Sinfonikaren Denboraldian.
Ordutegi berria
Edizio honen berrikuntzen artean kontzertuak hasteko orduan egindako aldaketa nabarmendu behar da. Hala, BOSeko abonatuen iradokizunari erantzun zaio. Denboraldi sinfonikoaren kontzertuak 30 minutu lehenago hasiko dira, hau da, 19:30ean. Ordutegi berbera baliatuko da Ganbera Denboraldiko kontzertuetan ere.
Aurreko edizioetan bezala, abonamendu modalitate desberdinak egongo dira, baita prezio bereziak kide ugariko familientzat eta langabetuentzat ere. Talde horientzat C Zonaldeko sarrera solteek salneurri berezia izango dute; izan ere, sarreren prezio ofizialari % 50eko deskontua aplikatuko zaio.
 
http://blog.bilbaorkestra.com/?p=718