Nortzuk garen

Juan Crisóstomo de Arriaga-Orquesta Sinfónica de Bilbao / Juan Crisóstomo de Arriaga-Bilbao Orkestra Sinfonikoa Fundazioa izenpean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak fundazioa eratu zuten, Bilbao Orkestra Sinfonikoa kudeatzeko.

Fundazioa Bizkaiko Foru Aldundiari atxikituta dagoen euskal sektore publikoko fundazioa da.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak 1922ko martxoaren 8an eman zuen bere lehenengo kontzertua, Arriaga Antzokian, Armand Marsicken zuzendaritzapean. Bizkaiko gizarte zibilaren bultzadari esker sortu zen, eta, geroztik, harreman estua dauka Bizkaiarekin, bere kontzertuetara joaten den ikusle kopuru handiak erakusten duen legez.

w5-f-033

Sortu zenetik, zuzendari titular garrantzitsuak izan ditu: Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesús Arámbarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara, Juanjo Mena , Günter Neuhold, eta 2015etik aurrera Erik Nielsen.

BOSek, 100 urtetik gorako ibilbidean, lan handia egin du Bilbon, Bizkaian eta kanpoan. 2003ko uztailean, Valery Gergievek San Petersburgoko Mariinski Antzokian jotzeko gonbita egin zion BOSi, Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Kontzertu hori hiriaren 300. urteurreneko ospakizunen barruan izan zen. Kontzertua mugarria izan zen Orkestraren nazioarteko proiekzio berrian; izan ere, harrezkero sarritan gonbidatzen dute Nanteseko La folle journée eta Marseillako La Roque D’Antheron jaialdietara. Birritan gonbidatu dute Japoniara: 2007an, Tokion 10 kontzertuko sorta eskaintzeko 40.000 entzule ingururentzat; eta 2009an, bira bat egiteko Osaka, Fukui, Tokyo, Fukuoka, Yokohama eta Gifu hirietan.

Nazioarteko foroetan daukan presentziaz gain, BOSen historian nabarmendu beharra dago, Espainiako hirietatik egindako birei esker, zenbait hamarkadaz “Iparraldeko Orkestra” izatera heldu zela. Halaber, BOSek maiz jo izan du Madrilgo Auditorium Nazionalean, Donostiako Musika Hamabostaldian, Santanderko Nazioarteko Jaialdian, Parisko Jaialdian edo Ibermúsicaren “Munduko Orkestrak” zikloan. 1998ko martxoan, Madrilgo Complutense Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zituen Carmelo Bernaola, Cristóbal Halffter eta Luis de Pablo konpositoreak, eta BOS inbestidurako kontzertura gonbidatu zuten. 1998an, Euskadiren ordezkari izan zen Lisboako Nazioarteko Erakusketan, eta 1999an, berriz, Orkestraren egoitza den Euskalduna Jauregiaren inaugurazioan hartu zuen parte.

BOSen zuzendarien artean izen historikoak daude; besteak beste, Enrique Fernández Arbós, Bartolomé Pérez Casas, Ataulfo Argenta, Eduardo Toldrá, Sir Malcolm Sargent eta Igor Markevitch, besteak beste, bai eta Charles Dutoit, Ros Marbá, García Asensio, Jerzy Semkow eta Josep Pons ere. Era berean, Maurice Ravel, Jesús Guridi, Pablo Sorozábal, Jesús Arambarri, Krzysztof Penderecki, Carmelo Bernaola, Luis de Pablo, Ernesto eta Cristóbal Halffterren esku ere egon da, bai eta beraien obrak jo izan dituzten konpositoreen esku ere.

BOSek, bere historia luzean, bakarlari handienetako batzuekin konpartitu izan du agertokia: José Iturbi, Arturo Rubinstein, Jacque Thibaud, Vladimir Horowitz, Fritz Kreisler, Joseph Szigeti, Henryk Szeryng, Vlado Perlemuter, Mstilav Rostropovich, Salvatore Accardo, Joaquín Achúcarro, Felix Ayo, Nicanor Zabaleta, Maurice André, Mischa Maisky, Narciso Yepes, Alicia de Larrocha, Boris Belkin, Ivo Pogorelich, Jean

Pierre Rampal, Asier Polo, Truls Mork, Sabine Meyer eta Frank Peter Zimmermannekin, besteak beste. Ahotsen zerrendan, Victoria de los Angeles, Montserrat Caballé, Alfredo Kraus, Plácido Domingo, Luciano Pavarotti, Ainhoa Arteta eta Waltraud Meier aipatu behar dira, bai eta Bilboko Koral Elkartea, Donostiako Orfeoia eta EHUko Abesbatza ere.

Bere katalogo diskografikoaren barruan, BOSek, Juanjo Menaren zuzendaritzapean, euskal musikari buruzko bilduma interesgarria grabatu du Naxos etxearentzat (Arambarri, Guridi, Arriaga, Isasi, Usandizaga, Sarasate eta Escudero), bai eta Rodrigo eta Takemitsuren lanen bilduma ere, Kiyoshi Shomura gitarra-jotzaile japoniarrarekin, EMI JAPAN etxearentzat. 1985ean, Arriagaren obrak grabatu zituen Jesús López Cobosekin. Era berean, Thorofon etxeak Schönbergen Gurrelieder lanak editatu ditu CDan. Hain zuzen ere, obra hori zuzenean grabatu zen 90. urteurreneko kontzertuetan, Günter Neuholden zuzendaritzapean.

Euskalduna Jauregian egiten diren abonuko eta ganberako denboraldiez gain, BOS modu naturalean joaten da Bizkaiko herrietara ere, OLBEren operetan kolaboratzen du, eta birak eta irteerak egiten ditu; gainera, Orkestrak lan pedagogiko handia egiten du: kontzertu didaktikoak 1985etik (ekimen horretan, aitzindaritzat har daiteke), Kontzertuak Familian, eta musikaren bidezko gizarteratze-jarduerak. Era berean, lankidetza-harremanak ditu beste kultur instituzio batzuekin, hala nola, Arriaga Antzokiarekin, Guggenheim Bilbao Museoarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin.

BOSen jarduera bere zale ugarien babesari eta Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala babesleen ekarpenei esker garatzen da.

Historioa

BOS 20ko hamarkadan sortu zen Bilbon, bertan eman baitzitzaion bultzada orkestra sinfonikoaren sorrerari.

Urte hartan, Mr. Armand Marsick musikari belgikarra Bilbora heldu zen Kontserbatorioa zuzentzeko. Horrenbestez, Gortázar, Alaña, Arisqueta eta beraien taldeak garatutako ideia sendotu egin zen Marsickek zeukan prestakuntza teknikoarekin. Horiek horrela, 1922an, Bilbao Orkestra Sinfonikoak bere lehenengo kontzertua eman zuen Arriaga Antzokian. Bilbok bat egin zuen mendebaldeko munduaren korrontearekin, eta ondasun ekonomiko partikularrak ondasun kultural publiko bihurtu ziren.

bos-1923

Garai hartan, hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetan, Bilbao Orkestra Sinfonikoak bizirik iraun zuen gutxi batzuen borondate irmo eta sistematikoari esker. Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Elkarte Filarmonikoaren diru-laguntzak izan arren, behin eta berriro izaten ziren defizitak jasanezinak bilakatu ziren hogeita hamarreko hamarkadan, hain zuzen ere, Orkestra, Jesús Arámbarri gaztearen eskutik, gailurrera bidean jarri zenean eta, besteak beste, Kreisler, Piatigorsky, Rubinstein, Eisenberg edo Zabaletarekin ematen zirenean kontzertuak. 1938ko abuztuaren 10ean, gerra aurreko Orkestraren bazkide zahar eta “connaisseur” bat Bilboko alkate izendatu zuten, eta orkestra sinfonikoa udal orkestra bihurtu zen. Udalak bere gain hartu zuen orkestraren finantziazioa. 1939ko otsailean, Orkestrak Bilboko gerra osteko bere lehenengo kontzertua eman zuen Arámbarriren zuzendaritzapean. 1953an, Jesús Arámbarri Madrilera joan zen, eta Bilboko Orkestra bere garairik bikainenean utzi zuen. Handik bost urtera, Rafael Frühbeckek hartu zuen Orkestraren ardura, eta bere zuzendaritzapean entzun ahal izan zen lehenengo aldiz oso-osorik “Carmina Burana” Espainian.Orkestraren birplanteamendu instituzional baten ondoren, Bizkaiko Aldundiak berriro finantzatu zuen eta Orkestrak “sinfoniko” izendapena berreskuratu zuen; izan ere, Juan Crisóstomo de Arriaga Patronatu berrian berrantolatu zen. 1972an, Bilbao Orkestra Sinfonikoak 50 urte bete zituen, beste gailur bat orkestraren bidean. Pedro Pirfano zen Orkestrako zuzendaria 1968az geroztik. Hala ere, frankismoaren azken urteetan kalte izugarri ugari izan ziren, Bizkaiko Kontserbatoriotik hasita. Azkenik, Orkestrak iraun egin zuen, Luis Olarraren laguntza ekonomikoari esker; nahiago izan zuen musikarientzako diru-laguntza pertsonala instituzionala baino. Toki korporazio berriek beren politika kulturalak definitu zituzten arte, urte zailak bizi izan ziren. Irakasleek nahiago izan zuten beraien protesta denboraldi bilbotarraren aurrean planteatzea eta Bizkaiko herrietako kontzertuei erantzutea. Dena dela, irakasle haiek guztiek, Urbano Ruiz Laorden buru zela, Orkestra izaten jarraitu nahi izan zuten. Azkenik, Banco de Bilbao erakundeak, bere “Musika garaia” (“Tiempo de música”) zikloekin, administrazio arloko normalkuntzarekin lotzea lortu zuen 1982. urtean.

Urte horretatik aurrera, BOSek bere papera aurkitu zuen autogobernua berreskuratzean sortutako Herrialdeko kultur proiektuaren barruan. Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta, lehenengo urteetan, Eusko Jaurlaritzak, Orkestra zuzentzen duen Patronatuan parte hartuz, Orkestraren funtzionamendu eta garapenerako behar diren funtsak eman dituzte. Azken urteetako mugarri handietako bat Euskalduna Jauregiaren eraikuntza izan da; izan ere, Orkestraren egoitza bihurtu da eta hobekuntza ikusgarria ekarri du, bai kontzertuetara datozen entzuleei begira bai musikarien lan-baldintzei dagokienez.

Testu hau Juan Mª Betanzosen iritzi-artikuluan dago oinarrituta. Iritzi-artikulu hori “Periódico de Bilbao” egunkarian argitaratu zen, 1989ko otsailaren 15ean.