BOSEK IGOR STRAVINSKYREN “OBRA GALDUA” INTERPRETATUKO DU ASTE HONETAN
Maisu errusiarrak 1908an idatzitako ‘Hileta-kantua’ orkestra-konposizioa interpretatuko du BOSek. Obra Errusiako Iraultzaren garaian galdu zen, eta 2015ean aurkitu zuten San Petersburgoko kontserbatorioan.
Ostegun eta ostiralean, gure Denboraldi Sinfonikoaren 15. egitarauaren barruan, BOSek “Hileta-kantua” interpretatuko du. Igor Stravinsky (Oranienbaum, Errusia, 1882-New York, 1971) konpositore errusiarrak 1908an idatzitako obra da; behin bakarrik interpretatu zen, 1909an, San Petersburgon. Ondoren, galdutzat jo zen Errusiako Iraultzan.
Obra berriro estreinatu eta 5 hilabetera, hain zuzen, Estatuan pieza hau interpretatuko duen lehen orkestra izango da BOS. Kate-maila galdutzat hartu izan da pieza hau, eta, horri esker, konpositore errusiar bikainaren bilakaera uler daiteke, osotasunean, hemeretzigarren mendeko tradizio errusiarretik modernotasunera. Urtebete geroago, 1910ean, erabateko musika-bilakaera hasi zuen, Parisen estreinatutako “Suzko txoria” obrarekin.
Obra galdutzat jo zen Errusiako Iraultzan. Baina 2015ean, San Petersburgoko Kontserbatorioa zaharberritu ondoren, katalogatu gabeko musika-eskuizkribu ugari aztertu ziren, eta kontserbatorioko orkestrak 1909ko estreinaldian erabilitako particella edo eskuz idatzitako zati solteak aurkitu ziren.
Obra berriro interpretatu zen 2016ko abenduaren 3an, aurkitu zutenetik lehenengo aldiz, Valeri Guérguievek zuzentzen duen Mariinski Antzokiko Orkestraren eskutik.
Aurkikuntzaren ondoren, mundu osoko 9 orkestrak interpretatu dute obra orain arte (interpretazio ordenan): Mariinsky Orchestra; Seoul Philharmonic Orchestra; Symphony Orchestra of the Moscow Conservatory; Singapore Symphony Orchestra; Netherlands Radio Philharmonic; Philharmonia Orchestra (Londres); Orchestre National de France; Chicago Symphony Orchestra; New York Philharmonic, eta Auckland Philharmonia. Beraz, BOS hamargarren orkestra izango da munduan obra interpretatzen, Mariinsky Antzokiko Orkestrak berriro estreinatu zuenetik.