Kontzertuak

BOS 17

Amaierako kontzertua The Basque-French Connection Ravel 80 urte


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Erik Nielsen, zuzendaria

Maurice Ravel (1875 – 1937): Shéhérazade, Ouverture de féerie

Maurice Ravel (1875 – 1937): Shéhérazade
I. Asie
II. La flûte enchantée
III. L’indifférent

Clara Mouriz, mezzosopranoa

Maurice Ravel (1875 – 1937): Daphnis et Chloé, 2. suitea
Lever du jour – Pantomime – Danse generale

Maurice Ravel (1875 – 1937): Bolero

DATAK

  • 07 ekaina 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 08 ekaina 2018       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Biribilaren koadratura

Maurice Ravel (1875-1937) musikazaleen parte batek egindako erregu ugariei erantzuna izan zen. XX. mendearen lehenengo hamarkadak aurrera egin ahala, abangoardien proposamenak ugaritzen ari ziren. Jendeak oso gustuko zituen horietako batzuk, beste batzuk batere ez, eta gero Ravel zegoen.

Musikagileak aldi berean berria eta ezaguna zirudien soinua egiten zekien.

Musikagileak obraren lehen entzunaldiarekin maitemintzen zituen entzuleak, eta hori ezohikoa zen, ordurako.

Eta, hala ere, egile gutxik pilatzen dituzte gure Ravelek beste hondamendi estreinaldietan; ulertezina da. Zalantzarik gabe, musikagileak berak bere sorkuntzak epaitzean zuen halako ironia lasaiak laguntzen zuen horretan.

Gaur gauean entzungo ditugun lau obrak Ravelek txistu-zaparrada igaro ostean pertsonen bihotzak nola irabazi zituen agertzen duten kasu-andana dira.

Ravel ez zegoen heroiez espero den joskeraz josita. Aitzitik, txikia eta lotsatia zen. Hain zuzen ere, 1,65 m-ko altuera zuen, 50 kilo pasatxo pisatzen zuen, eta badirudi bere familiakoei eta beste hiru pertsonari soilik egiten ziela hika: Ricardo Viñes eta Marcel Chadeigne piano-jotzaileei eta Charles Lévadé musikagileari.

Parisko kontserbatorioan egindako ikasketak ere aintzatespen gorenen eta suspentso handienen eskizofreniak markatu zituen. Musikagilearen lehenengo miresleen artean haren irakasle Gabriel Fauré zegoen. René Kerdykek –Mauriceren biografoetako bat– testigantza hau jaso zuen:

«Fauré hiru ordu laurden berandu heltzen zen ikasgelara. Ez zekien zer kontatu bere ikasleei… Bere ametsetatik irtenda, eta, bitxia bada ere, ikasleen errespetuarekin, zera esaten zuen bere ahots ilunarekin, erreak luzatuz: “Ravel, jo ezazu guretzat zure Jeux d’eau». Maisu zaharrak zalantzarik egin gabe estutzen zuen musikagile hasiberria bere irrikarekin. Tarte bat igarotzen zen. Faurék erlojuari begiratu, eta ez zuen gehiago jarraitzen. Ikasgaia amaituta zegoen. Georges Enescuk (1881-1955), saio azkar horiek gogora ekarriz, zera gehitu zuen: «Halako egunen batean, aurrerapenak egin genituen».

Mirespen horren aurrean, konposizioko Erromako sari famatuaren elkarren segidako epaimahaiak altxatu ziren. Ravelek ia ondoz ondoko bost urtetan aurkezteko adorea izan zuen: 1900., 1901., 1902., 1903. eta 1905. urteetan. Lehenengoan eta azkenekoan, ez zuen koralaren kanporaketa-bahea ere gainditu. 1905ean, Kuarteto obraren egile dagoeneko ospetsua lehiaketaren adin-mugara heltzen ari zen, eta litekeena da apropos zenbait konposizio-irregulartasun egin izana kanporatu zezaten, eta, horrela, lehiaketa bera lotsaz gorritzeko.

1898ko azaroa. Parisen orientalismoa zen nagusi. Jendea irrikaz zegoen Joseph-Charles Mardrusek Mila gau eta bat gehiago liburuaren itzulpen berria egin zezan; azkenean, 16 liburukitan argitaratu zuten 1899. eta 1904. urteen artean. Espiritu horrek kutsatuta, Ravelek bere obertura magikoa idatzi zuen Schéhérazade obrarako. Lehenik, lau eskuz jotako pianorako bertsioan, eta, gero, ia berdinak ziren bi orkestraziotan.

Musikagilearen babesle Faurék Société Nationale elkartean estreinatzea nahi zuen, Entre cloches obrarekin aurretiaz izandako eskandalua gorabehera.

Obertura 1899ko maiatzerako programatu zuten. Ravelek zuzenduko zuen orkestra. Debussy eta beste musikagile asko zeuden publikoan. Ricardo Viñesek, ordurako 24 urterekin erdi-ospetsua zenak, bere egunerokoan jaso zuen porrot berria:

«Areto osoari egin diot aurre, nik bakarrik, aupa aupa oihukatuz eta ozen txalokatuz, zutik, nahitaez jende guztia konturatzeko moduan. Egiaz, Ravelek merezi du, talentua baitu eta gaztea eta ezezaguna baita».

Pierre Lalo kritikariak zera idatzi zuen Le Temps egunkarian, ekainaren 13an:

«Egia esan, Schéhérazade zati oso txikien segida batek osatzen du, eta zati horiek elkarrekiko lotura oso arinak dituzte. Hamar konpas daude, edo hamabost, edo hogeita hamar, zeinak badirudien ideia bat azaltzen dutela, eta, bat batean, beste kontu batera pasatzen da, eta gero beste zerbaitera. […] Rapsodia hori “plano klasiko batean eraikitako” oberturatzat jotzeko, Ravelek oso xaloa edo irudimen askokoa izan behar du; edo, agian, gutaz gustura barre egiten ariko da. […] Alabaina, ez ezazue pentsa Schéhérazade baliorik gabeko partitura denik. Harmonia-lana ezin bitxiagoa da, bitxiegia, agian. Argi eta garbi, Ravel jaunak eragin gaitzesgarri bat erakusten du hemen, hain zuzen ere, maitatzen ikasi baina imitatu behar ez dugun musikari batena: Claude Debussy. Orkestra esplorazio burutsuz eta tinbre-efektu biziz betea dago. Hortik artista bat sor daiteke. Ravel jaunari opa behar diogu batasuna ez mespretxatzea eta Beethovenen buruan sarriago izatea».

Ravelek ez zuen inoiz obra hori argitaratu, bizirik zegoen artean. Jainkoek jakingo dute zergatik.

Urte gutxi geroago, orientalismoaren sukarrak irauten zuen, eta Tristan Klingsor artistak ehun poema idatzi zituen 1903an, Schéhérazade izenburupean. Ravelek lehendik ezagutzen zituen, lagunak eta solaskideak baitziren. Harremanetan egon arren, argitaratu ondoren aukeratu zituen horietako testu batzuk Ravelek. Mila gau eta bat gehiago ipuinekin zuzeneko loturarik ez zuten eta protagonista aipatu ere egiten ez zuten hiru poema ziren, hain zuzen.

Poetak berak azaldu zuen musikariaren estetika:

«Ravelen aukeraketak ezin du inor harritu. Ez zituen aukeratu beren profil melodikoagatik abesti erraz bihur zitezkeen poesiak. Deskribatzaileagoak zirenak aukeratu zituen; are gehiago, periodoen garapen luzeagatik, ez zirudien ongi egokitzen zirenik formatu horretara, Asia zatiarekin gertatzen zen moduan. Ravelentzat, poema batentzako musika idaztea errezitatu adierazkorra bihurtzea zen, bertsoa abesti bihurtu arte goratzea. Hitz baten aukera guztiak ustiatzea, baina ez azpiratzea».

Hogei urte geroago, Manuel Rosenthal musikagileak Raveli berari galdetu zion ea bazegoen txartzat jotzen zuen konposiziorik. Ravelek zera erantzun zion, zalantzarik izan gabe:

«Oso erraza da: Schéhérazade obrako hiru melodiak. Ezinezkoa litzateke trakestasun handiagoz idaztea, baina ez naiz lotsatzen, ez baitut inoiz gehiago topatu garai haietan nuen freskotasun maitagarri hori».

1909an, Ravelek hasiera eman zion Diaghilev enpresariarekin eta Paristik heldu berri ziren haren Errusiar Balletekin izandako lankidetza gogor eta bikainari. Hurrengo bost urteetan argitara emandako errepertorioa pertsonarik bareena ere ahozabalik uzteko modukoa izan zen. Stravinskyren Suzko txoria, Petrushka eta Udaberriaren sagaratzea; Debussyren Fauno baten siestaren preludioa eta Jeux; Rimskyren koreografia berria, Schéhérazade obrarako… Eta, altxor-festa horren erdian, Ravelen Dafins eta Cloe, azkenean 1912ko ekainaren 8an estreinatua. Ravelen konposiziorik luzeena da, ia 60 minuturekin.

Garai horretarako, musikagileak zeharo landu, orraztu eta aldatu zuen obra. 1911ko apirilean, Louis Aubertek, zur eta lur, bere lagunaren proposamen hau entzun zuen: «Kokoteraino nago Dafnis lanarekin, finalea egitea soilik falta zait. Idatziko zenioke finale bat nire ordez, mesedez?».

Urte batzuk geroago, Aubertek gertatutakoa ebaluatu zuen: «Uste dut nire musika-bizitzako ohorerik handiena –baita neure obrarik kontserbatzen ez bada ere– egun hartan Maurice Raveli ezetz esatea izan dela».

Dafnis eta Cloe obraren lehenengo orkestra-suitea balleta bera baino lehenago estreinatu zen, 1911ko apirilean bertan. Bere aldetik, gaur gauean entzungo dugun bigarren suiteak aldaketarik gabe biltzen ditu jatorrizko balletaren hirugarren eta laugarren koadroak, beren hiru atalekin: Le lever du jour, Pantomime eta Danse générale.

Atzean ez geratzeko, balletaren estreinaldia ia pikutara joan zen, proiektuaren arduradun guztiak elkarri egiten ari ziren jokaldi makur andanagatik.

Hala gogoratzen du Jacques Durand musika-argitaratzaile ospetsuak:

«Jakinarazi zidaten Diaghilev jauna nire bulegora etorri zela. […]. Esan zidan obrak ez zuela guztiz gogobetetzen eta ez zekiela proiektuarekin jarraitu edo ez. Nik nire dialektika erabili nuen Diaghilev jaunak bere lehenengo iritziak berreskura zitzan. […] Entseguetan eztabaida biziak egon ziren Fokineren –argumentuaren egilea eta eszena-zuzendaria– eta Nijinskyren –Dafnisen papera egin behar zuen antzezlea– artean. Normala denez, Diaghilevek eztabaidan parte hartzen zuen. Errusieraz gertatzen zenez, nik ahotsen tonua besterik ez nuen ulertzen, eta zakarra zen. […] Guztiek emango zuten amore zerbaitean, ziur aski».

Egunkarietako kritikak bananduta zeuden. Entzule azkarrenek horren balioa hautematen jakin zuten, Willy ezizenez gehiago ezagutzen den Henri Gauthier-Villarsek, esaterako:

«Nolabaiteko miraria, zeharo ezezaguna den sentipena. Musikak oraindik ez dizkigu helarazi bere sekretu preziatuak eta konfidentziarik bitxienak. Ravel izango da, agian, musikaren misterioen azterketa urrunen eraman duen musikaria: ezezagunaren herrialdetik dator, altxor paregabez gainezka».

Eta Stravinsky berak, zeina Udaberriaren sagaratzea obraren konposizio paraleloarekin Dafnis lanaren bigarren suite hori ixten zuen orgia-giroaren atzean baitzegoen, zera azaldu zuen, geroago: «Debussy nire aita zen, Ravel nire osaba».

Emakume asko egon ziren Errusiako Balletek Parisen izandako arrakastan nahasita, neurri handiagoan edo txikiagoan. Hala Coco Chanel eta Misia Godebskaren moduko mezenasak, nola Tamara Karsavina, Anna Paulova, Lidia Lopokova eta Ida Rubinstein dantzariak.

Azken hori izan zen, hain zuzen ere, 1928an Bronislava Nijinska koreografo bikain eta Balletetako dantzari ohiari deitu ziona, elkarrekin lan egiteko Ravelek eskatutako obra bitxi batean: boleroa ez zen Bolero batean.

Egia esan, Ravelen Bolero lana ez zen izenik edo erreferenterik zuen ezer. Ez zuen igarkizuna izateko asmorik ere. Musikagileak bere buruari ezarritako ageriko erronka zen: ahalik eta orkestrako crescendo luzeena egitea, arreta gainbehera joan gabe. Eta hori guztia mendebaldeko musika-artearen oinarrizko tresnen laguntzarik gabe. Ez garapenik, ez kontrapunturik, ez modulaziorik, ez kontrasteko atalik. Orkestra sinfoniko batean ezkutatzen diren tinbre amaigabeak soilik.

Estreinaldiaren hurrengo egunean kritikarien ohiko gaitzespena saihestu ondoren, Ravelek musikazaleoi erakutsi zigun ordu laurden erabat kontzentratuta eta, aldi berean, erabat adia galduta egon gaitezkeela. Bitxia zen gure Ravel. Jenioa zen gure Ravel.

Joseba Berrocal

CLARA MOURIZ – Mezzosopranoa

Clara Mouriz mezzosoprano espainiarrak Wigmore Hall eta Independent Opera sariak eskuratu ditu, baita Londresko ‘Associate of the Royal Academy’ erakundearen ohorezko titulua ere. Estatuko orkestra nagusiekin batera aritu izan da, baita Europako beste orkestra hauekin ere: BBC Philharmonic (Proms), Scottish Symphony Orchestra, Royal Scottish, Hong Kong Philharmonic, Swedish Radio Symphony Orchestra eta English Chamber Orchestra. Era berean, Toulouseko Théâtre du Capitole antzokian egin zuen debuta, eta Carnicerren Elena eta Malvina grabatu du, Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalekin batera. Besteak beste, Daniel Harding, Andrew Gourlay, Alexander Shelley, Juanjo Mena, Alberto Zedda, Pablo González eta Antoni Ros-Marbà zuzendarien gidaritzapean lan egin du.

Orain dela gutxi eskaini dituen eta hemendik gutxira eskainiko dituen ekitaldietako batzuk: errezitaldiak Amsterdam-Concertgebouw, London-Wigmore Hall, Oxford Lieder Festival, Brighton Festival, Leeds Lieder, Antwerp-de Singel eta Paris-Musee D’Orsay areto eta jaialdietan; eta kontzertuak Tonhalle Orchestra Zurich orkestrarekin (Lionel Bringuierren zuzendaritzapean), Scottish Symphony Orchestrarekin (Thomas Dausgaarden zuzendaritzapean), Royal Northern Sinfoniarekin (Alexandar Markovicen zuzendaritzapean), Gaztela eta Leóngo Orkestra Sinfonikoarekin (Andrew Gurlayren zuzendaritzapean), Asturiasko Printzerriko Orkestra Sinfonikoarekin (Pablo Gonzálezen zuzendaritzapean) eta Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalekin (Juanjo Menaren zuzendaritzapean). Gainera, Cherubino (Le nozze di Figaro) antzeztuko du, Teatros del Canal antzokian eta Donostiako Musika Hamabostaldian, eta Angelina (Cenerentola), Iruñean (AGAO).

ERIK NIELSEN – Zuzendaria

Erik Nielsen Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da 2015eko irailetik.

2016-2017 denboralditik, Basileako Antzokiko musika-zuzendaria ere bada.

Erik Nielsenek Filadelfiako Curtis Musika Institutuan ikasi zuen zuzendaritza, eta oboean eta harpan espezializatuta graduatu zen New Yorkeko Juilliard Schoolen.

Berlingo Orkestra Filarmonikoko Akademiako kidea izan zen, eta harpa jo zuen han.

2009ko irailean, zuzendaritzaren saria eta Solti Fundazioak Amerikako Estatu Batuetan ematen duen beka eskuratu zituen.

Opera-errepertorio zabala dauka, zenbait erakunderekin, hauekin, besteak beste: Frankfurteko Opera, English National Opera, Boston Lyric Opera, New Yorkeko Metropolitan Opera, Erromako Opera, Dresdengo Semper Opera, Hedelango Opera Jaialdia, Berlingo Deeriknielsnutscher Oper, Sao Carlosko Teatro Nazionala, Malmoko Operaren Antzokia, Zuricheko Operaren Antzokia, Bregenzeko Jaialdia, Eliseo Zelaietako Antzokia Parisen, ABAO, Hungariako Opera Nazionala eta Galesko Opera Nazionala.

Orkestraren esparruan, hauek zuzendu ditu, besteak beste: New World Symphony, Genevako Ganbera Orkestra, Frankfurteko eta Stuttgarteko irratietako orkestra sinfonikoak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Lisboako Orkestra Sinfoniko Portugaldarra, Strasbourgeko Filarmonikoa, Luxemburgeko Filarmonikoa, Hego Westfaliako Filarmonikoa, Ensemble Moderm eta Erresuma Batuko Northern Sinfonia.

 

 


 

 

 

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

22
Aza
2024
>BOSeko Hari Laukotea

BOSeko Hari Laukotea

Lekua: Sestao Musika eskola

M. Ravel: Cuarteto para cuerda
L. van Beethoven: Cuarteto n. 4, op.18 en do menor

Azer Lyutfaliev, biolina
Iñigo Grimal, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa

 

Informazio eta sarrerak

Gehiago ikusi
Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak