ARRAKASTA “MADAMA BUTTERFLY” EMANALDIAN, OMANEN

Castell de Perelada jaialdiak Maskatera eraman duen opera-emanaldietako lehenengoak 7 minututik gorako txaloak jaso ditu

 

Bilbon, 2018ko urtarrilaren 18an

Urtarrilaren 17an (osteguna), 19:30ean, Maskateko Royal Opera House entzunareto zoragarriaren pezoian, “Madama Butterfly” operaren emanaldia hasi zen, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Bi ordu geroago, emanaldia amaitu zen, eta entzuleek 7 minututik gora iraun zuen txalo-zaparrada eskaini zuten.

Pertsiar Golkoko herrialde horretara bertaratu diren 170 pertsonek interpretatu dute Castell de Pereladak eta Deutsche Oper am Rhein operak lankidetzan produzitutako obra hau, Joan Antón Rechik sinatutakoa; 2017ko udan estreinatu zen, Pereladan, orduan ere BOS pezoian zegoela.

Abeslarien buru Uruguaiko María José Siri sopranoa dugu; berarekin batera, honakoak aritu dira: Roberto Aronica, Pinkertonen rolean; George Gagnidze, Sharplessen rolean; Veronica Simeoni, Suzukiren rolean, eta Intermezzo abesbatza. Pezoian BOS egon da, guztiak Marco Armiliato maisuaren zuzendaritzapean.

Lehenengo emanaldi honen ostean, Oriol Aguilàk, Castell de Perelada jaialdiaren zuzendariak, adierazi du Bilbao Orkestra Sinfonikoak “emanaldi zoragarria” eskaini duela.

Datu interesgarri gisa, duela mende bat idatzitako libreto originala aldatu da, herrialdearen kulturara egokitzeko, eta piezaren une batean agertzen den “whisky” hitza “jengibre” hitzarekin ordezkatu dute. Eszenografian ere aldaketa bat egin da, eta Pereladako emanaldian agertzen zen Ipar Amerikako banderaren ordez oihal bat jarri da, agertokian herrialdeen banderarik ez delako erakutsi behar.

Omanera bertaratu diren orkestrako 73 kideek bigarren hitzordua izango dute entzuleekin bihar, larunbatean, bigarren emanaldian.Emanaldiaren ondoren, Bilborako itzulera-bidaia egingo dute, astelehen eguerdian.

Oman Royal Opera House