BOS 1922-2022. MENDEURRENEKO JARDUERAK

«EHUN URTEKO IBILBIDEA»

Orkestrako lehen taldeko musikariak 1922ko martxoaren 8an Armand Marsick lehen zuzendari titularraren zuzendaritzapean gure historiako lehen kontzertua interpretatzeko Arriaga Antzokiko agertokira igo zirenean, ez zuten inondik inora ere pentsatuko 100 urte geroago orkestra horren sorreraren mendeurrenaren protagonista izango zirenik.

Bilboko eta Bizkaiko gizartearen bultzadari, erakundeen arteko lankidetzari eta 100 urte horiek hartzen dituzten 36.525 egunetan eszenatokira igo diren musikarien tinkotasunari esker sortu zen kultura-erakunde baten lehen urratsa izan zen, publikoaren aurrean.

Orkestrak 4.700 kontzertu baino gehiago eman ditu ordutik egunera, kontzertu horiekin batera doazen antolaketa, ikasketa-denbora, entseguak edo joan-etorriak barne. Orkestra Bilbokoa eta Bizkaikoa den aldetik, ehun urte hauetan gure gizartearen gorabeherak bizi izan dituen erakunde bati loturik dauden pertsona askoren bizitzez ari gara, azken mendeko gure historia gauzatu duten une onak eta txarrak (baita tragikoak ere) partekatuz.

Bizkaiko kulturaren munduan benetako iraultza gertatu zen garaian sortu zen BOS. Iraultza horrek Bilbon izan zuen ardatza. Garai bizi-bizia eta energiaz betea izan zen, «20ko hamarkada alaia» izenez ezagutu zena; izan ere, garai hartan eklosio ikaragarria bizi izan zen kulturaren eta artearen arloan mendebalde osoan.

Bilboko Koral Elkartea 1886tik presente zegoen Bilboko musika-eremu finkatuaren aldiaren barruan jaio ginen. Hain zuzen ere, Elkarte Filarmonikoa, 1896an sortua, nazioarteko bakarlari handientzako erreferente bilakatu zen urte horietan. Handik gutxira, 1920. Urtean, eta Elkarte Filarmonikoko bazkideen bultzadaz, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Musika Kontserbatorioa sortu zuen, Armand Marsicken zuzendaritzapean.

Harako hura Bilbon kultura-ekimenak puri-purian zeuden garaia izan zen, non «El Escritorio», «Kurding Club» izenez ere ezaguna, Hiribilduko bizitza kulturalaren buru baitzen. Kultura eta bizitza ona maite zutenen klub hartako kideen arteko melomanoenek kontzertuak eta hitzaldiak programatzen hasi ziren «El Cuartito» zeritzon lokal batean. Talde horren bultzadaren bidez, Bilboko eta Bizkaiko musika alorreko gaur arte funtsezkoak diren elementu asko ernatu ziren: «Bizkaiko Musika Akademia» (1877-1920), «Bizkaiko Musika Kontserbatorioa» bihurtu zena; «Bilboko Elkarte Filarmonikoa», eta «Bilboko Orkestra Sinfonikoa» bera.

Mathieu Crickboom musikari handiak «musikaren apostoluak» deitu zien. Izen hori, bereziki, haietariko musikaririk aktiboenei eta proiektuak bultzatzeko gaitasunik handiena zutenei eman zitzaien. Musikari horiek «musikaren hiru apostoluak» izenez ezagutzen dira Bilbon: Juan Carlos Gortazar, Javier Arisqueta eta Lope Alaña.

«Hiru apostolu» horiek izan ziren Bilbao Orkestra sinfonikoaren sorrera bultzatu zutenak. Orkestraren lehenengo titularra arestion aipatu den Armand Marsick izan zen, orduan sortu berria zen Bilboko Kontserbatorioaren zuzendaria.
Hori izan zen, hain zuzen, martxoaren 8an 100 urte betetzen duen historia honen abiagunea.

Eta hortik aurrera, orkestra honen historia guztia, ezinbestean, Bilboren eta Bizkaiaren historiarekin lotuta egon da. Orkestraren historia hori bizkaitarrei modu erakargarrian kontatzea izango da gure mendeurreneko jardueretako bat.

BOS 1922-2022. MENDEURRENEKO JARDUERAK

w5-f-033