BOSEK LAU KONTZERTU DIDAKTIKO ESKAINIKO DITU BIZKAIAN

Bilbao Orkestra Sinfonikoak, 2012-2013 denboraldiaren hasieran, jarduera berria abiaraziko du, gazteenei zuzenduriko egitarauaren barruan: Kontzertu Didaktikoak Bizkaitik
Gure Orkestraren helburu nagusienetako bat da bere jarduera Bizkaiko bazter guztietara hurbilaraztea. Horretarako, gure Bilboko egoitzan egin ohi ditugun jarduerak Lurralde osotik egiten ditugunekin uztartzen ditugu. 2006az geroztik, Orkestra Bizkai osoan ikusi eta entzun ahal izan da, Ganbera Bizkaitik izeneko programari esker. Izan ere, horren bitartez, eta gure Lurraldeko udalerriekin lankidetzan, formatu txikiko errezitaldiak eskaintzen ditugu, gure orkestrako musikariek interpretatuta. Era berean, ohikoa da urtean zehar BOS orkestra sinfonikoaren formatuan aritzea Bizkaiko zenbait udalerritan. Orain abiarazten dugun jarduera didaktiko honen bitartez, gure Orkestraren kontzertuen eskaintza handitzen dugu, jarduera didaktikoa sartuz.
Urriaren 24, 29, 30 eta 31n Bizkaitik egingo ditugun kontzertuak urrats bat gehiago dira, BOS herritar guztiengana hurbilarazteko konpromisoaren barruan. Urrats hori, gainera, gure jarduera gogokoenetako batean emango dugu, hain zuzen ere, gazteenei zuzenduriko jarduera batean.
4 kontzertu hauetan, lehen hezkuntzako ikasle diren Bizkaiko 2.000 gazte BOSen kontzertu batera joan ahal izango dira. Kontzertu horretan, programa didaktikoa interpretatuko dugu, hain zuzen ere, egin ditugun guztietatik arrakastarik eta harrerarik onena izan duena.
Osagarri gisa, jarduera honetan parte hartuko duten ikastetxeei aldez aurretik bidali zaien gida didaktikoa prestatu da, BOSen kontzertu hauetara etorriko diren ikasleekin aldez aurretiko prestakuntza ahalbidetzeko

Eraskin bat erantsi da hemen