egitaraua

BOSen kontzertu sinfonikoen «eskuko egitarauak»

Gure eskuko egitarau tradizionalak eskura ematea eragotzi izana da COVID-19ak BOSen ohiko jardueran eta funtzionatzeko moduan eragin duen aldaketetako bat.

Dokumentu hori oso tresna baliagarria zen Orkestrarentzat, gure abonatuekin komunikatzeko. Kontzertuaren egitarauarekin batera, honako hauek irakur zitezkeen bertan: egitarauari buruzko oharrak, zuzendariaren eta bakarlarien biografiak, Orkestraren osaera egitarau horretan, eta ikusleentzat interesgarri ikusten genuen bestelako informazioa.

Egoera honen aurrean, dokumentu fisiko horren gabezia bi bideren bidez gainditu nahi dugu:

– Fitxa, gure webgunean

Gure webgunean (www.bilbaorkestra.eus), kontzertua baino egun batzuk lehenago, kontzertu bakoitzaren fitxan eskura izango duzu kontzertu horri buruzko informazioa. Besteak beste, «Egitarauari buruzko oharrak» eta bertan parte hartuko duten zuzendariaren eta bakarlarien biografiak. Aurrez ere egiten genuen hori.

– Eskuko egitarau birtuala

Berritasuna da «eskuko egitarau birtuala» eskuratu daitekeela telefono mugikorrak (smartphoneak) baliatuta. Hala Android nola IOS sistema eragilea erabiltzen dutenen bidez eskuratu daiteke.

Egitarauetara sartzeko, auditoriumera sartzeko ateetan dauden informazio-karteletako QR kodeak erabil daitezke. Karteletan, kontzertuaren egitarauaz gainera, QR kode bat aurkituko duzue, eta, hori erabilita, aipatutako egitaraua eskuratuko duzue zuen telefono adimenduna erabilita. Zuek lasaitzeko, adierazi nahi dizuegu ez duzuela zuen mugikorrean beste aplikazio bat instalatuko, BOSen webguneko orrialde batera eramango baitzaituzte kode horrek.

 

cartel

Horretarako, zuen mugikorreko kamera ireki eta kode horretara «apuntatu» beharko duzue. Android telefonoetarako jarraibide zehatzak hemen irakur ditzakezue; Apple telefonoei dagozkienak, aldiz, hemen.

Eskuko egitarau digital hau hondo beltzean idatzi da, testu zuriarekin; hala, kontsultatzerakoan, argiarekin ez diezu ingurukoei enbarazu egingo. Gainera, egituran hainbat atal ditu, menutik bakoitzera sartu ahal izateko; horrek erraztu egiten du kontsulta.

egitaraua

Oso garrantzitsua. Mugikorra isilduta eduki.

Kontzertuan zehar egitarau hau kontsultatu ahal izateko mugikorra piztuta izango duzunez, oso garrantzitsua da hura isiltzea, dei edo mezuren bat jasotzen baduzu, ez dezan zaratarik egin eta kontzertuan eragin.

BOSen ganbera kontzertuen «eskuko egitarauak»

Denboraldi honetako ganbera kontzertuei buruzko informazio xehea kontsultatzeko erabiliko dugun sistema ere kontzertu sinfonikoetan erabilitakoaren antzekoa izango da, eta horietan ere bi bide egongo dira kontsultak egiteko: Gure webguneko fitxa eta Eskuko egitarau birtuala.