BOSen mendeurrenaren horma-irudia

«Mendeurrenaren horma-irudia» orkestra sortu zeneko 100 urteak ospatzeko BOSek antolatu dituen ekintzetako bat da

Maiatzaren 23an, goizeko 10:00etan, 100 metro baino gehiago neurtzen duen horma-irudia aurkeztu da. BOSek mendeurrena dela-eta enkargatutako horma-irudi hori Jesusen Bihotza plazatik Olabeaga auzora sartzeko bidean egin da.

Ekitaldian honako hauek izan dira:

  • Lorea Bilbao, BOSen patronatuko presidentea eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatua
  • Gonzalo Olabarria, BOSen patronatuko kidea eta Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia
  • Begoña de Ibarra, BOSen patronatuko kidea eta BFAren Kultura zuzendari nagusia
  • Pablo Astrain, arte urbanoan espezializatutako artista eta horma-irudiaren egilea
  • Ibon Aranbarri, BOSen zuzendari nagusia

«Mendeurrenaren horma-irudia» Bilbao Orkestra Sinfonikoaren 100 urteak ospatzeko egiten ari diren eta herritarrengan inpaktu handia izango duten ekintzetako bat da.

Arte urbanoan espezialista den Pablo Astrainek* egin du obra piktorikoa, zeinak BOSen historia kontatzen baitu ehun metro baino gehiagoko luzera duen horma batean, Jesusen Bihotzeko biribilgunetik hasi eta Olabeaga auzorako sarbidera doana.

Gure orkestraren historiaren 100 urteak irudikatu dira bertan, orkestraren hainbat protagonisten bitartez:

  • Arriaga Antzokia. 1922ko martxoaren 8an Orkestrak bere lehen kontzertua eskaini zuen tokia.
  • BOSen lehenengo formazioa, Armand Marsick zuzendari titularra buru zuela, 1923an Arriaga Antzokian bertan hartutako argazki batean (kontserbatzen den lehenengoa).
  • Gainerako orkestrako zuzendari titularrak (Vladimir Golschmann, Jesús Arámbarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara, Juanjo Mena, Günter Neuhold eta Erik Nielsen), ehun urteko historiaren proiekzio gisa.
  • Euskalduna Jauregia. BOSen egoitza 1999tik aurrera.
  • Gaurko orkestraren irudi bat, egungo zuzendaria buru duela.
  • Horma-irudi honetan, Maurice Ravelek, euskal konpositore unibertsalenak, oso toki berezia hartzen du, izan ere, hark konposatutako obrak gure Orkestraren nortasunaren parte dira; gainera, oso harro gaude 1928an orkestra zuzentzeko lanak egin zituelako bere obran zentratutako programa batean.

Obra honen bidez, mota honetako lan guztiak bezala iragankorra dena (nahiz eta baldintza onetan mantentzen saiatuko garen ahalik eta luzaroen), BOSen ehun urteko historia herritarrengana hurbildu nahi dugu, horregatik jarri dugu leku jendetsu batean.

Horrez gain, helburu bereko beste jarduketa bat daukagu martxan: Bilboko Sinfonikoaren ehun urteak bilduko dituen komiki bat. Komiki hori, amaitzen denean, Bizkaiko ikastetxe eta liburutegietan banatuko da, eta PDF formatuan eskuragarri jarriko da BOSen webgunean.

Mendeurrenaren inguruko bi ekintza horien bidez, bai eta une hauetan Bizkaia bisitatzen ari den erakusketa ibiltariaren bidez ere, gure lurraldeko herritar guztiak Bilboko eta Bizkaiko orkestraren historiara hurbiltzea da gure asmoa.


*Pablo Astrain, Donostian jaioa eta txikitatik Algortan bizi dena, grafitiaren bidez hurbildu zen margolaritzara; hala, Arte Ederrak ikasi zituen UPV/EHUn, eta Berlingo HTW unibertsitatean osatu zituen ikasketak. Gaur egun, lan piktoriko “tradizionala” eta mundu osotik egiten dituen horma-irudien artista-lana uztartzen ditu.

Kaleko artearen influentziak nabarmenak dira bere obran, eta horrek eraman du “hiperrealismo narratiboa” modura definitzen duen estiloa izatera.