Boslaris. Ganberako musika, Amateurrekin

Etxean bakarrik jotzeak aspertzen zaitu?

BoslarisBOSek trebakuntza programa bat antolatzen du musikari amateurrentzat, ganberako musikan hasteko, praktikatzeko eta hobetzeko. Programa horrek musikaren praktika sustatu nahi du, musika profesionaletik aparteko gizarteko esparruetan; era berean, loturak sortu nahi ditu BOSeko irakasleen eta zaleen artean, eszenatokiaren eta publikoaren arteko bereizketa apurtuz.

Programak arau hauek ditu.

Arauak

1. PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

  • Adinez nagusia izatea.
  • Musika-ezagutzak izatea, instrumentu hauetakoren bat jo ahal izateko:
    • Haria: biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua.
    • Egur-haizea: zeharkako txirula, oboea, klarinetea, fagota.
    • Metal-haizea: tronpa, tronpeta, tronboia, tuba edo familia bereko beste batzuk.
    • Harpa, pianoa, perkusioa, gitarra klasikoa.
    • Modu ezohikoan, beste instrumentu batzuk ere egokitzat hartu ahal izango dira ganberako musikarako.
  • Ez izatea musikaren interpretazioko edo irakaskuntzako profesionala.
  • Programan izena ematea, dagokion formularioa betez.
  • Matrikula ordaintzea.

Gehienez, 50 lagunek hartu ahal izango dute parte. Izena eman duten hautagaiei dagokienez, BOSek dagozkion erabakiak hartzeko eskubidea dauka, programan onartuak izateko edo ez.

Programan izena emateak ez du esan nahi inor parte-hartzaile gisa aritzeko hautatua izango denik.

2. IZEN-EMATEAK.

Izen-emateak onartzeko azken eguna 2023eko azaroaren 26a izango da.

Izen-ematea erantsitako formularioa betez egingo da.

Hauxe da matrikularen prezioa:

  • Publikoa, orokorrean: 42€.
  • BOSeko abonatuak: 37€.

Matrikula taldeak osatu eta BOSlaris-eko parte-hartzaile izateko hautaketa berretsi ondoren ordainduko da.

3. PARTE-HARTZAILEEN AUKERAKETA.

BOSek modu librean aukeratuko ditu programako parte-hartzaileak, instrumentu motaren eta duten maila musikalaren arabera.

Onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrenda BOSen webgunean argitaratuko da.

Baztertutako parte-hartzaileek ez dute matrikula ordaindu beharko.

4. PROGRAMAREN GARAPENA.

BOSek ganberako talde bat edo batzuk osatuko ditu parte-hartzaileekin. BOSeko irakasle batek gidatuko du ganberako talde bakoitza, eta irakasle hori arduratuko da errepertorioa aukeratzeaz eta taldea prestatzeaz (entseguen koordinazioa eta zuzendaritza). Entseguak 2024ko urtarrilaren eta apirilaren artean egingo dira, eta hauek bukatzerakoan, amaierako kontzertua eskainiko da talde guztien partaidetzarekin, Bilboko J.C. Arriaga kontserbatorioan, 2024ko apirilaren 16an, asteartea.

BOSek aurretiazko denbora nahikoarekin jakinaraziko die parte-hartzaileei non eta zein egun eta ordutan izango diren entseguak eta kontzertua, eta parte-hartzaileek derrigorrez joan beharko dute entseguetara eta kontzertura, behar bezala egiaztatutako ezinbesteko egoeraren bat gertatu ez bada behintzat. Talde bakoitzaren entseguetarako ordutegiak, ahal den heinean, taldeetako kideekin koordinatuta zehaztuko dira.

Edozein arrazoirengatik, programa amaitu baino lehen, parte-hartzailea programatik irteten bada, berehala eman beharko dio horren berri BOSi. Kasu horretan, ez da ordaindutako matrikula itzuliko.

BOSek edozein parte-hartzaile kanporatzeko eskubidea dauka, ez direlako aurreikusitako entseguetara joan edo euren jarrerak zaildu egiten duelako edo arriskuan jartzen duelako programaren betearazpena; betiere, talde bakoitza gidatzen eta zuzentzen duen irakasleak hala egiaztatzen duenean. Kasu horretan, ez da ordaindutako matrikula itzuliko.

5. ESKUBIDEEN LAGAPENA.

Arau hauek onartuta, parte-hartzaileak berariazko adostasuna ematen du BOSek edozein modutan erabil ditzan bere irudia, izena, ahotsa edota interpretazio musikala, edozein baliabideren eta komunikabideren bitartez, tartean programa iragartzean edota sustatzean, programarekin erlazionatutako jarduera mota guztietan, bai beraren kabuz zein hirugarrenen bitartez, mugarik gabe denborari eta lurraldeari dagokionez, eta horregatik ordainketarik jaso gabe.

6. DATU PERTSONALEN BABESA.

Jakinarazitako datu pertsonalak (zureak nahiz BOSen abonatu egitea erabaki duzun hirugarrenenak nahiz adingabekoenak, zeinaren tratamendua baimentzen baituzu berariaz haren legezko ordezkari zaren heinean) nahiz zurekin dugun kontratu harremanean zehar sortutako beste edozein tratatuko ditugu BOSek, zurekiko harremana eta komunikazioa bideratzeko nahiz entitateak antolatutako ekitaldien abonudunekin edo/eta ekitaldietara joaten direnekin kontratu/merkataritza harremana kudeatzeko. Tratamendu hori aldeen arteko kontratu harremanean eta arduradunaren interes zilegian oinarrituko da. Datuak hirugarrenei jakinaraziko zaizkie. Ez da egingo datuen nazioarteko transferentziarik. Eskubidea duzu zure datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, baita beste eskubide batzuk ere, www.bilbaorkestra.eus webgunean zure esku jarritako informazio osagarrian zehazten den moduan.

7. ESKUMENEKO JURISDIKZIOAREN ETA ARAUEN ALDAKETA.

Antolakuntza arrazoiak edo arrazoi tekniko zein ekonomikoak direla medio, eta egoeraren arabera, BOSek programa erretiratu edo aldatzeko eskubidea dauka, eta arau hauek behar beste aldatu ahal izango ditu.

Programan izena emanez gero, arau hauek oso-osorik onartu behar dira, bai eta, arauen interpretazioan, BOSek har ditzakeen akordioak ere.

Parte-hartzaileen eta BOSek arau hauen inguruan egiten duen interpretazioaren artean desadostasunak baleude, Bilboko Epaitegi eta Auzitegiek eskumena izango dute planteatu daitezkeen auzietan, eta parte-hartzaileek berariaz egiten diote uko legokiekeen foruari.

Bilbon, 2023eko urriaren 23an