Erik Nielsenek 3 urtez berritu du BOSen zuzendari titularra izateko kontratua
Erik Nielsen estatubatuarrak Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin duen konpromisoa berritu du beste hiru denboraldirako, eta, beraz, 2021eko abuztura arte luzatu du bere kontratua.
Nielsen 2015eko irailean hasi zen orkestran, 2018. urtera arte sinatutako lehenengo kontratuarekin. Juan Crisóstomo de Arriaga-Bilbao Orkestra Sinfonikoa Fundazioaren Patronatuak, Nielsen zuzendari titular izendatzeko, kontuan izan zituen, garai hartan, bai maisuaren “errendimendu bikaina”, bai orkestrako kideekin zeukan “harreman ona” eta “bere musika-gaitasun nabarmena eta proiekzio artistikoa”.
1977an jaio zen Iowan, eta orkestra-zuzendaritza ikasketak egin zituen Philadelphiako Curtis Institutuan. Horrez gain, oboe eta harpa diplomak eskuratu zituen New Yorkeko Juilliard Schoolen. Harpa-jotzailea izan zen Berlingo Filarmonikoan, Frankfurteko Operako kidea izan zen, eta, besteak beste, Basileako Antzokiko musika-zuzendari kargua bete zuen.