Kontzertuak

Beethoven eta Atomic Doktorea
John Adamsek opera biziberritu zuen, eta eszenara itzularazi zituen egunkarietako azaletan agertutako arestiko historiaren albisteak. Atomic Doktoreak bonba atomikoaren lehen saiakuntzak inguratu zituen tentsio-giroa birsortzen du, eta aurrea hartu zuen Oppenheimer heroi tragikoaren mailara igotzeko orduan. Bere musikak hain izan zuen indar handia, non Adamsek sinfonia bat sortu zuen bere gainean; programan, horren atzetik, Beethovenen biolin-kontzertu argitsua dator, Khachatryan bikainaren eskuetatik iritsiko zaigun musika sendagarria.
Joana Carneiro, zuzendaria
Sergey Khachatryan, biolina
I
SAMUEL BARBER (1910 – 1981)
Adagio harirako
JOHN ADAMS (1947)
Doctor Atomic Symphony*
The Laboratory – Panic – Trinity
II
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Kontzertua biolin eta orkestrarako Re Maiorrean Op. 61
I. Allegro ma non troppo
II. Larghetto. (attacca)
III. Rondo. Allegro
Sergey Khachatryan, biolina
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 105’ (g.g.b.)
DATAK
- 13 martxoa 2025 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 14 martxoa 2025 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Mundu zaharra eta mundu berria
Amerika eta Europa izango dira hainbat geruzatako elkarrizketa moduko kontzertu honen protagonista. Beethoven Europako kulturaren figura handienetako bat bada, John Adams azken hamarkadetako Ipar Amerikako musikaren zerizana irudikatzen duen ibilbide luzeko musikaria da. Baina oraingo honetan Robert Oppenheimer Doktore atomikoaren historia kontatzen digu. Alemaniako etorkin juduen semea zen, eta beste hainbeste pertsonak bezala Atlantikoa zeharkatu zuen. Oso pertsonaia polemikoa bihurtu zen bonba atomikoaren garapenean izan zuen funtsezko partaidetzagatik; hain zuzen, arma horrek Estatu Batuak Bigarren Mundu Gerraren azken garaipenera eraman zituen, eta horrela mundu berriari munduko potentzia nagusiaren estatusa bermatu zion. Samuel Barber mundu zaharraren eta berriaren artean kokatzen dugu, eta XX. mendeko Estatu Batuetako konpositoreen artean europarrena da. Munduaren alde honetan ikasi zuen eta bere herrialdeko mendebaldeko kostaldean bizi zen, Europa zaharraren espiritutik hurbilen zegoen eremua.
Ez dugu parekotasun gehiagorik aurkituko programa osatzen duten hiru obren artean. Konforma gaitezen, beraz, oro har Ipar Atlantikoko bi urertzen arteko elkarrizketa direla imajinatzearekin. Gainerakoan, oso pieza desberdinak dira, eta, horregatik, zuen baimena izanda, ez dut horiei buruz interpretatuko diren ordenan hitz egingo, baizik eta sekuentzia kronologikoan; nire ustez, horrela hobeto ulertuko duzue diskurtsoa, kontzertuaren programazioaren logika eta ohar hauek gidatzen dituena desberdinak izan baitaitezke. Nolanahi ere, programa entzungo ditugun piezen hurrenkeraren arabera irakurri nahi baduzue, Beethovenen kontzertuari buruz jarraian datozen paragrafoak gerorako utz ditzakezue eta bigarren zatia baino lehen irakurri, atsedenaldia aprobetxatuz.
Has gaitezen, bada, obra oso klasiko batekin; pieza hori programa batean sartzeak ez du inoiz huts egiten, ikus-entzuleen gustukoenetakoa baita. Eta hori txarra al da? Noski ezetz. Klasikoak zerbaitengatik dira klasikoak; hain zuzen, haien kalitateari eta adierazgarritasunari esker ondorengo obretarako eredu bihurtu direlako eta behin eta berriz entzun ditzakegun irmotasun eternaleko erreferentzia direlako.
Beethoven klasikoa eta iraultzailea bereizten dituen lerro paradoxiko horretan bizi izan da beti. Bonn hiri ilustratuan hezi zen, XVIII. mendeak oraindik ere gauza asko zituenean esateko. Bere artista-bihotzean balio klasikoak mantendu zituen amaierara arte, nahiz eta bere obra, zalantzarik gabe, apurtzailea izan eta musikaren historian aro berri bati hasiera eman. Aldi berean, Iluminismoaren ideiak, Neefe maisuak helarazitakoak (benetako illuminati bat, ez filmetakoak bezalakoa) eta ahaztu gabeak, musikariaren bizitza horrenbeste astindu zuten prozesu iraultzaileak piztu zituzten berberak izan ziren. Beethovenen azken obretan ere (Bederatzigarrena sinfonia, Missa Solemnis), giza senidetasunak lelo eta bultzada izaten jarraitzen du.
Gaurkoan, argi eta garbi klasikoa den obra bat entzungo dugu, baita estiloari dagokionez ere, baina adi: ez dezagun ahaztu Beethovenek lau tinbal-kolperekin eman ziola hasiera… 1806an. Nori okurritzen zaio? Ba Beethoveni… nori bestela?
Bitxikeria apartak alde batera utzita, biolinerako kontzertua konpositorearen sorkuntza lasai eta olinpikoenetako bat da. Aparteko dotoreziaz beteriko melodiak ditu, agian instrumentu protagonistaren nortasunak berak bultzatuta, kantilena liriko ederrak jotzeko nahiz finaleko abilezietan barrena graziaz salto egiteko gai dena. Hori guztia nolabaiteko euste adierazkorra mantenduta (egilearen parametroen arabera), Beethovenen XVIII. mendeko estiloarekin oso bat datorrena. Bitxiena da garai hartan bertan beste obra batzuk ideia horiek berak hankaz gora jartzen ari zirela. Urtebete lehenago, hirugarren sinfoniak artearen historian kataklismo bat zetorrela iragarri zion munduari, eta, bi urte geroago, bosgarrenak egiaztatu egin zuen.
Baina badirudi historia aldatzeak nekatu egiten duela, eta noizean behin atseden hartu behar dela. Beraz, 1806an, maisuak entzungo dugun kontzertuari ekin zion, baita laugarren sinfoniari ere, argitasun eta poztasun lasai berarekin. Noski, horrek ez du esan nahi Haydnen kontzertu bat entzungo dugunik; artista handiek beren nortasuna dute ardatz, eta beren keinuen intentsitate osoarekin adierazten ez direnean ere, bizirik mantentzen dute beren izaera bereizgarria, kontzertu eder honetan erabiltzen diren material askotan ikus daitekeen bezala.
Hasteko, lehenengo mugimenduak hogeita bost minutu irauten ditu; aurreko mendeko kontzertu oso bat sar genezake tarte horretan. Beethovenek ez zuen inoiz eragozpenik izan formak zabaltzeko bere adierazpen-beharrek hala eskatzen zutenean. Hala, obraren lehen zati horrek luze hartu behar du arnas melodiak behar bezala garatzeko eta bakarlariari bere esku-hartzeen edertasuna zukutzeko aukera emateko eta noizbehinka pasarte apaingarrietan estasiatzeko; baina baita orkestrari nabarmentzeko aukera asko eskaintzeko ere: adibidez, hasierako aurkezpenean edo mugimenduaren erdian garapenari hasiera ematen dion pasarte luzean. Agian konpositorea bere garaiko berezko egitura (forma sonata) eta barrokoaren amaierako kontzertuen ritornelloak (gai nagusia aldatuz itzultzen diren tutti orkestraleko pasarteak) irudimenez konbinatzen ari zen?
Orkestraren esku-hartze horietan aurki ditzakegu keinu dramatiko gehien, batez ere hasierako gai lasaiaren (tinbalek dotoreziaz punteatua) eta hura eteten duen bat-bateko zubiaren arteko kontrastean, ondoren bigarren gai sotilari bide emateko. Eta garapenaren atal nagusiak, jakina, autorearen kontrasteetarako senari erantzuteko aukera ematen du, batzuetan harmonia ilunduta eta urrutiko tonalitateetara modulatuta. Berraurkezpenak, bestalde, aurreko materialak berreskuratzen ditu, baina bakarlariari horiek azkar jotzeko aukera emanez, bere birtuosismoa erakusteko. Hala ere, esan daiteke kontzertu honek ez duela oso zailtasun handirik, eta interpretearen meritua beste alderdi konplexu batzuetan datzala, hala nola partiturak eskaintzen dion kantu liriko eta adierazkorra jotzeko gaitasunean. Cadenza da, jakina (mugimenduaren amaieratik hurbil biolinista bakarrik geratzen denean eta bat-bateko zenbait pirueta egiten dituenean, aurreko materialak oinarri hartuta), gehien nabarmentzeko aukera eskaintzen duen zatia: abileziak, jauziak, hari bikoitzak… Hain zuzen ere, biolinista nabarmen askok obra honetarako cadenza ordezkoak idatzi dituzte.
Hasierako mugimendu luze horren ondoren, ezin hobe datorkigu larghettoaren hasiera barea, hariek epelki abestua. Hasierako gaiak melodia klasikoen neurriei eta orekari erantzuten die, eta etenaldi laburrek leunki tartekatuta dago, arnas hartzeko moduan. Espiritu baketsu berarekin, biolinak melodiaren errepikapenen gainetik jotzen du arpegio eztiekin. Gaia modu biziagoan errepikatzen duen orkestraren esku-hartze boteretsua alde batera utzita, gainerako mugimendua bake zoragarri batean garatzen da, bakarlariaren kantu lirikoa nagusi dela.
Baina Beethovenen espezialitatea da atseden hartzeko denbora askorik ez uztea; orkestraren etenaldi bortitz batek eta biolinaren cadenza azkar batek etenik gabe amaierako rondo ospetsura eramaten gaituzte, eta horren gai errepikariak, autorearen beste hainbatek bezala, oreka zaila lortzen du sinpletasunaren eta interesaren artean. Izan ere, ezin da sinpleagoa izan: ehiza-tronpen melodia bat ekartzen du gogora, eta horrek esan nahi du, ezinbestean, tonalitatearen akordearen funtsezko notetan oinarritzen dela, gai horiek tronpa modernoak baino askoz gutxiago garatutako instrumentuen dei sinpleetatik baitatoz. Gainera, gaia guztiz karratua eta simetrikoa da, eta mekanismo harmoniko oinarrizkoenek segurtasunez gidatzen dute: tonikatik dominantera eta dominantetik tonikara, galdera eta erantzunaren egitura tipikoari jarraikiz. Hala ere, material xume horretatik, maisuaren alkimia sortzaileak urrea ateratzen du; hori bai: eraldaketa magiko horren ondorioz bakarlariak ahaleginak egin beharko ditu, hirugarren mugimendua zailena eta birtuosoena baita. Baina ez larritu: abileziak ez dira zirku-ikuskizun bihurtuko, eta birtuosismoa ez da exhibizionismo bihurtuko; trebezia agertzeak ez du dotoreziaz beteriko musika lirainaren grazia itoko. Gaiaren errepikapenen arteko pasarteetako batzuek panorama pixka bat iluntzen dute, aniztasuna eskaintzeko azken cadenzarako eta obrari amaiera ematen dion koda luzerako bidean.
Hemendik aurrera has daitezke irakurtzen ordena kronologikoaren ordez interpretazio-ordenari jarraitu nahi izan diotenak, programa irekitzen duen obrari buruz hitz egiteko ozeanoa zeharkatuko baitugu. Egileak, Samuel Barberrek, joan-etorriko bidaia hori ere egin zuen. Musikari begira, Europan hezi zen bere hastapenen ondoren, Europako musikaren historiako garai bikainean. Hala, artista askorekin topo egin zuen, eta haiek ere Estatu Batuetara emigratu zuten geroago, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean.
Erroman, Barberrek bere (ia) bizitza osorako bikotekidea izango zen musikari handia ezagutu zuen: Gian Carlo Menotti. Bien etxea, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean, ospetsu bihurtuko zen: Capricorn, Atlantikora begira zegoen eta urte askotan zehar musika-topaketa interesgarriak hartu zituen etxea.
Itsasoaren gure aldetik, beti begien aurrean eduki zuena, Barberrek hainbat eragin eraman zituen, eta bere obran loratuz joan ziren. Horrela, oro har estilo posterromantiko europarretik hurbil zegoen musika egiten zuen, ia beti Amerikako musika-oinarrietatik urrunduta mantenduz, bere belaunaldiko beste egile batzuk, hala nola Aaron Copland, ez bezala. Dena den, horrek ez zuen eragotzi ikus-entzuleek bere musikaz gozatzea.
Duela gutxi BOSek eskaini zigun gaztetako lehen arrakastaren ondoren (The School for scandal obertura) eta Europan prestakuntza jasotzen eman zituen urteen ondoren, bere herrialdera itzulita, Barberrek aukera paregabea izan zuen 1936an. Arturo Toscaniniri, garai hartan New Yorken bizi zen Milango Scalako zuzendari ospetsuari, Harietarako kuartetoa op. 11 obraren bigarren mugimenduaren partitura aurkeztu zion, hari-orkestrarako moldatu zuena. Maisuak itzuli egin zion, eta beraz musikari gaztea haserretu egin zen. Dena den, kontua da maisu italiarrak obra estreinatzea erabaki zuela, eta ez zituela paperak behar dagoeneko obra buruz zekielako (egin ezazue kontsulta; Toscaniniren memoria liluragarriari buruz anekdota dibertigarriak daude).
Bitxia bada ere, estreinaldia ez zen egin antzoki edo auditorium batean; mundu berriaren espiritu modernoari jarraiki, lehen interpretazioa irrati-estudio batean egin zen, New Yorkeko NBCn, irratiko orkestrarekin. Bitarteko horren bidez helarazi zitzaion Estatu Batuetako publikoari, berehalako oihartzuna lortuz.
Oso musika oroitarazlea da, entzule bakoitzean oso desberdinak izan daitezkeen irudiak eta sentimenduak iradokitzeko gai dena, musika ez-programatikoa baita, eta beraz ez du musikaz kanpoko aitzakiarik. Zalantzarik gabe, atsekabearekin, tristeziarekin eta bihozminarekin lotutako irudiak izango dira. Pieza honek niri gogora ekartzen didana esango dizuet, zuen baimenarekin (ez baldin baduzue nahi nik esandakoa baldintzatzea, ez irakurri hurrengo esaldia): beti imajinatzen dut zelai bat, gudu baten ondoren; imajina dezakegun irudi etsigarrienetako bat, seguruenik. Noski, hori azaltzen duten arrazoi musikalak daude, obraren adierazgarritasuna apartekoa baita.
Pieza guztia gai bihurgunetsu eta kromatiko bakar bat da, zeina kiribil neketsuen bidez garatzen baitoa, poliki-poliki eta minez altxatzearen pisua sentituko balu bezala. Baina esaldi bakoitzaren ondoren, hasierara bueltan erortzen da adorerik gabe. Pieza amaitu behar den unean, musikak bere indar guztia biltzen du eta igoera dramatiko bat du harien erregistro altuenera iritsi arte, adierazpenaren bizitasuna ere handituz, baina gailurrean ez du atsedena edo argia topatzen, baizik eta akorde tirabiratsu eta ia tragiko bat; gero, berriz erori egiten da, eta, soinua eta isiltasuna tartekatuz, amorerik gabeko amaiera triste batera iristen da.
Hariek sor dezaketen soinuek, bibrazio eta kolorez beteak, aukera ematen dute pasarte bareen epeltasun melankolikoa eta bortitzenen dramatismoa areagotzeko. Barber bere katalogoko obra bakar batengatik edo gutxi batzuengatik gogoratuko dugun musikari handi horietako bat izan behar bada, obra hau horietako bat izan behar da. Nahiko sinplea bada ere, adierazkortasun oso handikoa da, eta beraz ez da harritzekoa publikoa hasiera-hasieratik erakarri izana.
Programaren azken obrak, orain bai, mundu berriaren soinura eramango gaitu bete-betean. John Adams 1947an jaio zen. Beraz, gure orainaldi bitxiaren bizilagun da, garaikidea hitzaren zentzu hertsian. Ezin hobe irudikatzen du Ipar Amerikako kulturaren eklektizismoa: kultura ugaria, beste hainbat kulturaren zatiek osatua, modernotasuna izateko irrikan, ikaragarri gaztea, batzuetan ikonoklasta, baina, aldi berean, lilura eta axolagabekeriarekin begiratzen duen mundu zaharrean aurretik esperimentatutako ideia askotan oinarritua.
Adams Ameriketako Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean hezi zen, gure aurreko protagonista Samuel Barberren jaioterri eta bizilekuan, baina ez zen bertan gelditu. Bostonen hezi ondoren, ikasketak amaitzera Europara joan beharrean, hegazkin bat hartu zuen herrialdeko beste muturrera joateko, Kaliforniara. Bertan asko ikasi zuen eta San Frantziskoko Kontserbatorioan irakasle aritu zen 1970eko hamarkadan. Horrek markatzen du Barberren —Europako tradizioarekin lotura estua izan zuen— eta Adamsen arteko funtsezko desberdintasuna. Izan ere, Adamsek bete-betean besarkatu zuen Ipar Amerikako musikaren berezko nortasuna, eta bere lengoaia aurkitu arte esperimentatu zuen, aurrez pentsatutako ezein formari lotuta sentitu gabe.
Bere estiloa definitu zuen lehenengo elementua minimalismoa izan zen. Hamarkada haietan modan zegoen arlo artistiko guztietan; musikaren kasuan, zelula erritmiko edo melodiko laburrak errepikatzean zetzan, apurkako aldaketekin, melodiari itxura hipnotikoa emanez. Hala ere, formula hori aplikatzean musika-mota horren ordezkari handiengandik bereizi zen, eta, hala, saihestu egin zituen bai Steve Reichen lanen konposizio mekanikoa, bai Philip Glassen obren kutsu zertxobait mistikoa, ekialdeko eragin filosofikoetatik hurbil. Adamsen minimalismoa distiratsua eta arduragabea da Shaker Loops bezalako obra bereizgarrietan, eta, aldi berean, adierazkorra eta zentzuz betea, Phrigyan gatesen adibidez; bi pieza horiek maisua ezagutzera eman zuten 70eko hamarkadan.
Baina laster argi gelditu zen formula minimalista ez zela nahikoa esperimentazio-irrika zuen eta oso urduria eta orojalea zen musikaria asetzeko; orojalea diot zeren, Adamsek, bere sorkuntzetan, berdin sartzen zituen pop musikari buruzko zuzeneko erreferentziak zein miresten zituen Charles Ives eta John Cageri egindakoak, Estatu Batuetako musika-abangoardia aurreratuenaren (eta ia filosofikoaren) paradigmak. Formula errepikatuen eta askotarikoen gainean lan egiteko joerari inoiz uko egin gabe, bere soinu-paletan gaurkotasun handiko elementuak sartu zituen pixkanaka, hala nola sintetizadoreen soinua, eta, aldi berean, erraztasun berberarekin mugitzen zen bai harmonia erabat tonaletan, bai atonalerako bidaietan (nahiz eta beti ihes egiten zien Bigarren Mundu Gerraren ondoren Europako muturreko abangoardiaren ezaugarri ziren abentura serial konplexuei).
Egungo mundua bere musikan islatzeko zuen interesaren ondorioz, Adams Peter Sellars eszenografoarekin lankidetzan sartu zen operaren munduan, eta Nixon in China (1987) sortu zuten. Pieza harrigarria da, eta Richard Nixon eta Mao Tse-Tung presidenteen arteko topaketan oinarritzen da; harrigarria da ez bakarrik gaiagatik, baizik eta ikuspegi bitxia izateagatik: ikuspegi politikoa izan beharrean, ikuspegi intimoagoa du, eta horren bidez Alice Goodman libretista eta musikaria pertsonaiengana hurbiltzen dira. Sellarsekin izandako lankidetzaren ondorioz, beste hainbat opera bitxi eta interesgarri sortu zituen: Klinghofferren heriotza (1991), Sellarsek berak idatzitako libretoarekin, Achille Lauro gurutzaontziaren bahiketan oinarritua —sei urte lehenago gertatu zen, eta polemika handia piztu zuen—, bai eta gaur entzungo dugun obra ere: Atomic doktorea, 2005ekoa.
Obra honetan, tramaren protagonistak Robert Oppenheimer fisikaria eta 1945eko probetan lagundu ziotenak dira. Lehen bonba atomikoa sortu zuten, handik gutxira Hiroshima eta Nagasaki suntsitzeko. Sellarsek eta Adamsek, berriz ere, giza gorabeheretan jartzen dute arreta, eta ez egoera historikoan. Hala, estilo kartsuarekin irudikatzen dute pertsonaien estutasuna: erantzukizun handia dute bai beren zereginak helburu militarretarako duen garrantzi erabakigarriagatik, bai beren ekintzek izan ditzaketen ondorio katastrofikoengatik.
Gure orkestraren aurreko denboraldian, John Adams distiratsu eta umoretsuaz gozatu ahal izan genuen Short ride in a fast machine obra erabat minimalistarekin. Gaurko honetan, berriz, musika guztiz aztoragarria entzungo dugu, zenbaitetan estugarria. Lan oso adierazgarria da, zelula batez ere erritmiko jakin batzuen errepikapenean oinarritua. Egilearen estilo bereizgarriari erantzuten dio horrek, baina, aldi berean, formula sinple batetik askoz haratago doa; izan ere, Adamsen harmoniak izugarri konplexuak dira, gehienetan ez baitigute aukerarik ematen eremu tonal jakin batean denbora askorik gelditzeko. Haren prozesu erritmikoaren energia ere izugarria da, batzuetan oso asaldatua.
Gaur entzungo duguna operaren laburpen instrumental bat da, 2007an egina, obra estreinatu eta gutxira. Oberturako gai batzuk eta jatorrizkoaren bi ekitaldiak biltzen ditu, ahotsak kenduta edo ordeztuta mugimendu bakarreko sinfonia trinko gisa interpretatu ahal izateko. Hiru zati irregularretan banatuta dago: Laborategia (sarrera laburra), Izua (obraren zati handiena hartzen du) eta Trinitatea (piezaren zentzua biltzen duen zatirik esanguratsuena).
Laborategia ozen-ozen hasten da, tinbal-kolpe maltzurrek eta metalen banda-doinu suntsitzaileek punteatuta. John Adamsen alderik abangoardistena agerian uzten dute, Estatu Batuetako panoramarako erabakigarriak diren musikarien —hala nola Edgar Varése— eraginetatik hurbil. Pasarte lasaiago baina oso aztoragarri batek erdiko atalera eramango gaitu berehala: Izua, non egilearen estilorik bereizgarriena azaltzen baita. Hariek asaldura handiko zelulak joko dituzte, ia larritasuna eraginez; metalek, berriz, akorde etsiak joko dituzte. Atal honetan, antsietatez betetako beste hainbat pasarte garatzen dira, eta erakusten digute minimalismoa, zati erritmiko eta melodikoen askotariko errepikapenean oinarritua, ez dela soilik formula mekaniko sinplea, eta, esku egokietan, izugarri adierazgarria izan daitekeela. Atal honetako musika operaren bigarren ekitaldiaren pasarteetan oinarritzen da: pertsonaiak izututa daude bonbaren leherketa-proba egin baino pixka bat lehenago pizten den ekaitz elektrikoagatik, probaren arrakasta mehatxatzen baitu. Bai sumin handieneko uneetan, bai hain asaldatuak ez direnetan, bizitasun handiz adierazten dira beldurraren, antsietatearen eta larritasunaren aldaerak.
Hirugarren zatia, laburragoa bada ere, obraren atalik esanguratsuena da; lehenengo ekitaldia ixten duen Oppenheimerren ariaren transkripzio instrumentala da. Tarte bat duzuenean, ahozko bertsioa entzutea gomendatzen dizuet, bereziki Gerald Finley baritonoaren bertsioa, obra estreinatu zuen abeslaria. Erraz eta berehala aurkituko duzue Youtuben bilatuta, adibidez. Jatorrizko testua John Donneren soneto batetik hartu zuten (“norengatik jotzen dute kanpaiek” idatzi zuen horixe): Batter my heart, three-personn’d God, hau da: jipoitu nire bihotza, hiru pertsonako Jainko (hortik dator hirugarren ataleko Trinitate izenburua). Testu hunkigarria da, non poeta Jainkoa maitatzeko nahiaren eta giza ahulezia eta kontraesanen artean eztabaidan dabilen, eta Ahalguztidunari kolpatzeko, bortxatzeko eta liluratzeko eskatzen dio. Hitz horiekin, egileek obrako protagonistaren estutasun pertsonala adierazi nahi izan zuten; izan ere, Oppenheimerrek bere lanaren handitasunari eta ondorioei aurre egin behar die. Sinfoniarako, Adamsek aria transkribatu zuen eta tronpetari baritono solistaren zatia eman zion. Emaitza itxuraz atsekabegarria den melodia bat da, baina, hala ere, estua, iluna eta kutsu iparramerikar argikoa da (niri Edward Hopperren koadroen giroa dakarkit gogora, bakardadez beteak eta kutsu misteriotsu eta mehatxatzailekoak). Obrari amaiera emateko, beste eztanda bat sortzen da.
Ez da obra baketsua, baizik eta latza, bortitza edo estugarria; baina, nolakoa izan beharko luke bonba atomikoa sortzeari buruzko hausnarketa bat bestela? Kontzertuaren bigarren zatian, Beethovenek lasaitasuna itzuliko digu. Hala ere, egia esan, musika hain aberatsa da, ezen atsekabea edo antsietatea ere eragin baititzake, lehen zatiko bi obrek bezalaxe. Eta hori ere sentitzeak merezi du, giza abentura horretatik guztitik ere eginda baitago.
Goza ezazue Atlantikoaren alde batetik besterako joan-etorriko bidaiaz, eta senti itzazue musikak oparitzen dizkigun gogo-aldarte anitz horiek guztiak.
Iñaki Moreno Navarro
Sergey Khachatryan.
Biolina
Sergey Khachatryan Erevanen, Armenian, jaio zen. 2000. urtean, Helsinkiko Jean Sibelius Nazioarteko VIII. Lehiaketan lehenengo saria irabazi zuen, eta, horrela, lehiaketa horren historiako irabazlerik gazteena bihurtu zen. 2005ean, Bruselako Queen Elisabeth lehiaketan lehen saria lortu zuen.
Joan den denboraldian, Sergeyren nazioarteko presentziari esker, honako orkestra hauekin jo zuen: Dresdner Philharmonie (Emmanuel Tjeknavorian), Koreako Orkestra Sinfoniko Nazionala (Oksana Lyniv), Ulsterreko Orkestra (Daniele Rustioni), Orchestre National de Belgique (Michael Schønwandt), Queenslandeko Sinfonikoa (Otto Tausk) edo Auckland Philharmonia (Chloé van Soeterstède). Horrez gain, Armeniako Orkestra Filarmoniko Nazionalarekin bira bat egin zuen Ipar Amerikatik barrena, eta honako areto ospetsu hauetan egon zen, besteak beste: Roy Thomson Hall (Toronto), Maison Symphonique (Montreal) eta Carnegie Hall (New York).
24/25 denboraldian, Sergey honako orkestra hauetara itzuliko da edo honako orkestra hauetan debutatuko du: Santa Cecilia (Myung-Whum Chung), Orchestra Sinfonica Nazionale della Rai (Cristian Macelaru), Mozarteum Orchester Salzsburg (Han Na) edo San Diego Symphony Orchestra eta Orchestre Symphonique de Montréal (Rafael Payare). Espainian, Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin (Anja Bihmaier), Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (Joana Carneiro), Bartzelonako Orkestra Sinfonikoarekin (Ludovic Morlot) edo Valentziako Orkestrarekin (Alexander Liebreich) joko du.
2024ko martxoan, Sergeyk bere azken CDa kaleratu zuen, Ysaÿeren sei sonatekin. Proiektu hori berezi egiten duena zera da: 1740ko “Ysaÿe” Guarneri del Gesù biolinarekin grabatuta daudela, konpositore eta biolinistaren instrumentuarekin berarekin.
Joana Carneiro.
Zuzendaria
Joana oso ezaguna da mundu osoan, batez ere musika garaikidean egiten duen lanagatik, bai kontzertu-aretoan, bai operaren eszenatokian. Duela gutxi, Londresko Coliseumera itzuli zen English National Operarekin, 2022an estreinatu zen The Handmaid’s Tale berriz emateko. Lankidetza horren ondoren, Peter Sellarsek zuzendutako John Adamsen The Gospel According to the Other Mary obraren munduko estreinaldia egin zen Londresen. Scottish Operarekin, Joanak Nixon in China zuzendu zuen Theatre Royal Glasgowen eta Edinburgoko Festival Theatre jaialdian. Azken denboraldietan, honako obra hauek zuzendu ditu, besteak beste: Rake’s Progress (Teatro Nacional de São Carlos, Lisboa), A Wonderful Town (Royal Danish Opera), La Passion de Simone (Ojai Festival), Oedipus Rex (Sydney, kontzertu sinfoniko onenaren Helpmann saria irabazi zuen) eta A Flowering Tree (Viena, Paris, Chicago, Cincinnati, Goteborg, Lisboa).
2024/25 denboraldi sinfonikoko lankidetza nabarmenen artean daude, besteak beste, honako hauek: Naples Philharmonic, Orchestre Métropolitain de Montreal, NAC Ottawa, New Zealand Symphony, Macao Orchestra, Scottish Chamber Orchestra eta ENOra itzultzea, Thea Musgraven Mary, Queen of Scots obra entzutetsua zuzentzeko.
Duela gutxi, Galiziako Real Filharmoniaren zuzendari gonbidatu nagusi gisa izan den lau urteko aldia amaitu da. Joana Portugaleko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra izan zen Lisboako Sao Carlos antzokian 2014tik 2022ko urtarrilera, eta gaur egun Gulbenkian Orkestra Gaztearen zuzendari artistikoa da 2013tik.
Urteetan zehar, Joanak harreman estua izan du Europa osoko orkestra nabarmen askorekin, hala nola honako hauekin: BBC Symphony, BBC Scottish, BBC National Orchestra of Wales, Philharmonia Orchestra, Royal Scottish National, Irlandako National Symphony Orchestra, Royal Stockholm Philharmonic, Gothenburg Symphony, Helsinki eta Brussels Philharmonic, Vienna Radio Symphony Orchestra, Orchestre National de Bordeaux-Aquitaine, Musikkollegium Winterthur, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa eta Venice Orkestra. Gainera, Joana lankidetzan aritu da Ameriketako Estatu Batuetako Los Angeles Philharmonic, Detroit Symphony, Hong Kong Philharmonic, Txinako Beijing Orchestra eta Brasilgo Sao Paulo State Symphonyrekin.
Lisboan jaio zen, eta biola-jotzaileko ikasketak egiten hasi zen Lisboako Orkestrako Goi Mailako Akademian orkestra-zuzendaritzan lizentziatu aurretik. Bertan Jean-Marc Burfinekin ikasi zuen. Estatu Batuetan orkestra-zuzendaritzako masterra lortu zuen Northwestern Universityn, eta Victor Yampolsky eta Mallory Thompsonen ikasle izan zen. Doktorego-ikasketak egin zituen Michiganeko Unibertsitatean, eta bertan Kenneth Kieslerrekin ikasi zuen.
2002an, Maazel-Vilar zuzendaritza-lehiaketa ospetsuko finalista izan zen Carnegie Hallen, eta 2003-2004an Kurt Masur eta Christoph von Dohnanyi maisuekin lan egin zuen eta London Philharmonic Orchestra zuzendu zuen, London’s Allianz Cultural Foundation International Conductors Academyrako hautatutako hiru zuzendarietako bat izan baitzen. 2002tik 2005era, Joana Los Angeles Chamber Orchestraren zuzendari laguntzailea eta Los Angelesko Young Musicians Foundation Debut Orchestraren zuzendari musikala izan zen. 2005etik 2008ra, American Symphony Orchestra Leagueko zuzendaritza-bekaduna izan zen Los Angeles Philharmonicen. Orduan, estu lan egin zuen Esa-Pekka Salonenekin eta hainbat emanaldi zuzendu zituen Walt Disney Concert Hallen eta Hollywood Bowlen.
2010ean, Joanak Helen M. Thompson saria jaso zuen. Sari hori League of American Orchestras erakundeak ematen du, etorkizun bikaineko musika-zuzendariak aintzatesteko eta ohoratzeko. 2004an, Portugalgo Errepublikako Jorge Sampaio presidenteak Ordem do Infante Dom Henrique domina eman zion. 2024ko udaberrian, Joana Portugalgo Errepublikako Estatu Kontseiluko kide izendatu zuten.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak

Mozart, Mendelssohn eta Suzuki
Lekua: Euskalduna Jauregia
Masaaki Suzuki bere neurriko programa batekin itzuliko da. 17 urte baino ez zituen Mozartek heldutasun ikaragarriarekin konposatu zuen sinfonia batekin hasiko da; bere ahots-musikarekin jarraitzen du, lehen bisitan Suzuki maitemindu zuen Jone Martínezen ahotsaren protagonismoarekin, eta Mendelssohnek erreforma luteranoa ospatzeko egin zuen sinfonia ederrarekin amaituko da, geroago Wagnerrek Parsifalen erabili zuen Dresdeko Amen solemnea duena.
Masaaki Suzuki, zuzendaria
Jone Martínez, sopranoa
I
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
25. sinfonia sol minorrean K. 183*
I. Allegro con brio
II. Andante
III. Menuetto-Trio
IV. Allegro
Fra cento affanni e cento, soprano eta orkestrarako K. 88*
Vorrei Spiegarvi, oh Dio, soprano eta orkestrarako K. 418
Jone Martínez, sopranoa
II
FELIX MENDELSSOHN (1809 – 1847)
5. sinfonia Re Maiorrean Op. 107 “Erreformarena”
I. Andante – Allegro con fuoco
II. Allegro vivace
III. Andante
IV. Chorale: Andante con moto – Allegro vivace
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

BOSLARIS XI – Programaren amaierako kontzertua
Lekua: JUAN CRISÓSTOMO DE ARRIAGA KONTS.
Musikari amateurrei zuzenduta dagoen eta ganbera-musikaren arloan hasi, praktikatu eta hobetzera bideratuta dagoen prestakuntza programa aitzindari honekin, BOSek musikaren praktika sustatu nahi du musika profesionaletik aparteko gizarteko esparruetan; era berean, loturak sortu nahi ditu BOSeko irakasleen eta zaleen artean, eszenatokiaren eta publikoaren arteko bereizketa apurtuz.

Penderecki eta Brahmsen Laugarrena
Lekua: Euskalduna Jauregia
Penderecki abangoardiako konpositorea izan zen, baina beti izan zuen iraganeko formekiko ardura. Horietan oinarrituta sortu zuen bere Concerto grosso hiru biolontxelorentzat, instrumentuaren errepertorioan arrakastaz sartu den obra. Beste alde batetik, Eduardo Strausser gazteak Brahmsen Laugarrena proposatzen digu, barrokoari (passacaglia itzela) ere begiratzen dion maisulana, abiarazteko motibo hasperentsuarekin, amaiera aurreratzen duen txirula-lan ederrarekin edo zuek aukeratutako beste hainbatekin arnasa etenarazten duena.
Eduardo Strausser, zuzendaria
Michal Dmochowski, biolontxeloa
Orfilia Saiz, biolontxeloa
Adam Klocek, biolontxeloa
I
WOJCIECH KILAR (1932 – 2013)
Orawa, hari-orkestrarako
KRZYSZTOF PENDERECKI (1933 – 2020)
Concerto grosso hiru biolontxelo eta orkestrarako*
Michal Dmochowski, biolontxeloa
Orfilia Saiz, biolontxeloa
Adam Klocek, biolontxeloa
II
JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)
4. sinfonia mi minorrean Op. 98
I. Allegro non troppo
II. Andante moderato
III. Allegro giocoso
IV. Allegro energico e passionato – Più Allegro
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 110’ (g.g.b.)

Kontzertuak familia giroan. Galop
Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo
Galop da uhalak hartu eta bideari ekitea, elkarrekin mugitzea, aurrera, berriro saiatzea. Beren bizitzaren norabidea aldatzera deliberatuta, hiru emakumek bidaia bat partekatuko dute: munduan bizitzeko modu berri baten bilaketa. Musikak bere ametsak, bere oroitzapenak ekartzen ditu gogora. Bere beldurrak. Irudimenak bere instrumentuak soka bihurtzen ditu, eta soka horiek harrapatu egiten dituzte, itotzen dituzten itsasoak, haurren izuak. Irudien musika, emozioak. Eta pentsamenduak. Nora joango dira?
Konpainia: La Jolie
Musika: Vivaldi, Bach, Shostakovich, Sinatra, Piazzola, Alberto Iglesias
Palacio Euskalduna Jauregia • Sala 0B Aretoa
6 urtetik aurrera
Testurik gabe
Iraupena: 60’
Sarreren prezioak:
– Orokorra 10,50 €
– BOSeko abonatuentzako 9,50 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.