Kontzertuak

Bi arima errusiar


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Pablo González, zuzendaria.
Fumiaki Miura, biolina.


I

DMITRI SHOSTAKOVICH (1906 – 1975)

2. kontzertua biolin eta orkestrarako do minor sostenituan Op. 129

II. Moderato
II. Adagio (attacca)
III. Adagio – Allegro

Fumiaki Miura, biolina.

II

SERGEI RACHMANINOV (1873 – 1943)

Dantza sinfonikoak Op. 45

I. Non allegro
II. Andante con moto (Tempo di Valse)
III. Lento assai – Allegro vivace

DATAK

  • 02 otsaila 2023       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 03 otsaila 2023       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak


Bi arima errusiar

Sergei Rakhmaninov eta Dmitri Xostakovitxen bizi-ibilbidean hogeita hamar urte pasatxoko aldea dago. Biak izan ziren Errusiako musika-ondare aberats eta koloretsuaren funtsezko ereduak. Ondare horrek, herri-ondareari dagokionez, duela mende askotatik melodia tradizional hunkigarri eta poetikoen errepertorio oparoa du, eskualdeka bereizten direnak eta, aldi berean, ahots-piezen corpus ederraren jabea da, bizantziar eta ekialdeko iturrietatik sortua eta liturgia ortodoxoari lotua. Bien inspirazioak batzuetan “errusiar arima” deitzen diogun entelekia lauso bezain erakargarri hau elikatu zuen.

Batak zein besteak gaitasun aparta erakutsi zuten pentagrametan euren pozak, irrikak, sentiberatasun izugarria eta musikarako dohain berezkoa eta neurrigabea jasotzeko. Baina baita euren beldurrek eragindako asaldura ere: onarpenik ezari, porrotari, botereak hainbestetan duen zentzugabekeriari… Bien barne-bizitza partituretan bihurtzen da ozen. “Musika bihotzetik sortzen da: maitasuna da”, zioen Rakhmaninovek. Beste alde batetik, Xostakovitxek, besteei bere katalogoan agertzen ziren sentimendu eta usteen berri emateko ahaleginean, honako hau baieztatzen zuen irmotasunez: "Ahalik eta zabalen ulertarazten saiatzen naiz beti, eta lortzen ez badut, neure errutzat jotzen dut".

Biak ala biak totalitarismoen biktima izan ziren —bi gehiago milioien artean—, sarriegi gizarte-bizikidetza zikintzen dutenak, dena kutsatuz. Bien artean Rakhmaninovek erbesteratuen taldea ordezkatzen du hemen, izan ere garai batean abangoardia kultural eta artistikoaren gotorlekuak izan ziren Paris, Viena, Berlin edo San Petersburgo bezalako hiri enblematikoetatik XX. mendearen lehen erdian zibilizazio-itxaropena Estatu Batuetan bilatu zuten komunitate artistiko osoetako —musikariak, idazleak, margolariak… — parte izan zen; artista horiek hainbat lekutan ezarri ziren, batez ere New Yorken eta Los Angelesen.

Baina Xostakovitx geratu egin zen. Tsarren absolutismoaren aurkako salbazio-taula gisa ideia komunista berrien botere askatzailean sinetsi zuen, eta, txikitan polizia inperialaren esku beste haur baten heriotza ikusi ondoren, konpromiso politiko sutsua hartu zuen. Laster “Errusia Sobietarraren” oinarrizko musikaria izatera iritsi zen, eta behin baino gehiagotan “Stalin saria” eman zioten. Hala ere, 1948an diktadoreak berak aginduta bere sormena kontrolatu behar izan zuen eta “formalismo burgesa” leporatu zioten. Muga horrek 1953ra arte iraun zuen nahitaez, urte horretan hil baitzen Stalin.

Bi konpositore hauen musika, uneren batean, malenkoniaz beterik dago. Eta malenkonia horrek azaltzeko duen moduetako bat itzuliko ez diren egoerak, gertaerak edo bizipenak modu ekinean edo lausoagoan gogorarazten dizkiguna da. Rakhmaninov, bere pianismo distiratsu eta liluragarriagatik goraipatua eta txalotua, bere musika dotore eta lirikoagatik aintzatetsia, fonografiaren mundu agertu berrian izan zuen iriste arrakastatsuari esker ohoratua eta hedatua —zorionez pianista-konpositoreak hamar ordu baino gehiagoko grabazioak utzi dizkigu—, ez zen inoiz bere jaioterrira, Errusiara, itzuli. Aintzatetsia, saritua eta hedatua, bai, baina azkenean erbesteratua eta beti herriminez.

Beste nostalgia mota baten ondorioz faltan botatzen dugu inoiz gertatuko ez dena. Nostalgia mota horrek etsipenez, atsekabez eta arrisku-sentsazio kezkagarriz bete zuen Xostakovitxen bizitza: berak sobietar iraultzan sinetsi zuen, baina ez zuen azkenean iraultza hori bihurtu zena onartu, nahiz eta onartu egin behar izan zuen.

Bien arteko beste puntu komun bat talentua da, ugaria eta nabarmena izaten dena musikari baten ezaugarri izan daitezkeen profil batzuetan: biak piano-jotzaile bikainak eta konpositore inspiratuak izan ziren, bakoitza bere estilo bereziarekin. Rakhmaninovek herentzia erromantikoa besarkatu zuen, Tchaikovskyrengandik zuzenean, berez eta legez etorri bide zitzaiona. Xostakovitxek hainbat dialekto arakatu zituen musika-hizkuntzaren unibertso zabal eta askotarikoaren barruan, eta horietan guztietan erakutsi zuen erraztasun handia gorabehera, edonoren esku ez dagoen zerbait lortu zuen: hizkuntza guztiz pertsonala erditzea.

Dmitri Xostakovitxen (San Petersburgo, 1906-Mosku, 1975) oroimen miragarriak eta bere entzumen absolutuak begirada batekin partitura baten xehetasunik txikiena ere ezagutzeko aukera ematen zioten. Bere dohain apartek neurri berekoa zen berotasun eta gogoa elikatu zuten: “Ezin naiz bizi konposatu gabe”, aitortzen zuen, eta grina hori muturreko erregistro instrumentalak erabiltzen zituen hizkuntza batean agertu zen, batzuetan melodia zabal, liriko, gogoetatsu eta sentimentalean gehiegizko jauziak eginez. Baina, aldi berean, teknika espresionista gisa etengabe errepikatzen diren eskema erritmikoak, testura ilunduak eta intentzio-aldaketa nabarmenegiak erabiltzen ditu.

2. kontzertua biolin eta orkestrarako do minor sostenituan  Op. 129 1967ko urriaren 26an estreinatu zuen, Moskuko Kontserbatorioko Hall Handian, bertako Orkestra Filarmonikoak; David Oistrakh izan zen bakarlaria eta zuzendaria Kirill Kondrashin izan zen. Kontzertu honek Xostakovitxen ezaugarri bereizgarrietako batzuk azaltzen ditu, bere joera liriko eta gogoetatsuaren eta bere umore satiriko eta zalapartatsuaren arteko lotura ahalbidetzen dutenak.

Musika barnerakoia gehienbat, kontzertu honek esparru intimista eta jaso baterako idatzia dirudi, non egileak arlo pribatuan mantendu beharreko aitorpen pertsonalak egin diezazkiekeen entzuleei. Badirudi Xostakovitxek argiztapen moteleko bazter batera gonbidatuko gaituela, eta, han, tentuz eta ahopean bere bizitzako etsipenik sakonenak kontatu ahal izango dizkigula.

Biolinerako bere lehen kontzertuarekin gertatu zen bezala, kontzertu honen konposizioa David Oistrakh biolinistarekin lotzen zuen talentu handiak eta adiskidetasun hautsezinak eragin zuten. Bedeinkapen horietako lehenengoak —talentu apartak— musikagilearen existentziaren une ilunak argitu zituen, eta bigarrenak —adiskidetasun loriatsuak— urte luzez bizi behar izan zuen etsipena eta arrisku-sentsazioa lagundu eta arindu zituen.

Ikuspuntu harmonikotik zein tematikotik, Xostakovitxen konposizio konplexu eta enigmatikoenetako bat da, eta bere lurraldetik urrun noraezean dabilen erromes baten abestia gogora ekartzen duen etengabeko mugimenduko melodia malgu eta adierazkorrean oinarrituta dago. Bakarlaria hasieratik eszenatokian nabarmentzea da asmoa. Hasierako Moderatoan zehar biolinak atsedenik gabe abesten du, tarteka herri tonadilla-zati batzuei ihes egiten utziz; tonadilla horiek airera jaurtitzen dira, ibiltaria igarotzerakoan belar-izpiak edo tanta zipriztinduak bezala. Protagonistak orkestrako hainbat kiderekin ohiartzunen-jokora eramango balu bezala da, horien artean era guztietako xehetasun eta ñabardurak piztuz. Badirudi Xostakovitxek, “kontzertu generoko” modu tradizionalean kontzertatu baino gehiago, bakarlariaren erabateko baieztapena bilatu zuela orkestraren laguntza duen sonata moduan pentsatuta dagoela dirudien obran.

Adagioak ere helburu horri jarraitzen dio eta bakarlaria nekaezin eta ia etenik gabe lerratzen da harien tapizaren gainetik, haize-instrumentuen iruzkinen bat jasoz. Mugimendu honen bihotzean, bere iragaite geldo eta gupidagabea argituz, bals batekin amets eginarazten digun argi-zantzua sumatzen dugu.

Azken mugimendua indar sinfoniko nabarmeneko dantza basati eta apur bat barregarria da, biratu eta bihurritu egiten dena, norabide guztietara apuntatuz kadentzia indartsu eta ikusgarria jaurti aurretik. Efektu pirotekniko distiratsu edo harrigarrien bidez bakarlariaren distira bilatzen duten kontzertu-kadentzia gehienetan ez bezala, kasu honetan musikagileak soinu-materia gisa aurkeztutako ideiak esploratu nahi ditu.

Sergei Rakhmaninov (Semyonovo, 1873- Beverly Hills, 1943) Italiara egin zituen lehen bidaietatik izan zen aintzatetsia mendebaldeko munduan. Orduan hogei urte besterik ez zituen eta bere lagun handia zen Fiodor Chaliapin baxu errusiarraren laguntzaile moduan joan zen. Eskaini zioten harrera beroak eta nolabaiteko hegoaldeko usaina duen guztiak —azken batean erromantikoa den lilurak— Iparraldeko jendearengan duen erakarpenak etenik gabeko ibiltariaren ikuspegia zabaldu zioten musikariari, hurrengo urteetan elikatzen jarraitu zuena. 1917ko Iraultzaren garaipenaren ondoren Errusia utzi zuen, eskandinaviar herrialdeetan zehar garatu behar zuen kontzertu-bira probidentziala onartuz. Urte hartako Gabonetan Rakhmaninov familia Suedian erbesteratu zen. Handik urtebetera itsasontzia hartu eta New Yorkera abiatu ziren. Hortik aurrera bere ibilbide profesionalak munduko eszenatoki nagusietara eraman zuen. Debekatuta zuen toki bakarra bere errusiar paisaia maitatua izan zen. Derrigorrezko emigrante-esperientziek bizitzari buruzko bere ikuspegia, eta baita bere idazkera ere, baldintzatu zituzten.

Filadelfiako Orkestrak 1941eko urtarrilaren 3an estreinatu zituen Dantza Sinfonikoak. Zuzendaria Eugene Ormandy izan zen eta talde eta zuzendaritza errepikaezin haiei eskainita zeuden. Obran hiru estanpa daude, orkestra-familia guztietan kantitatea eta barietatea biltzen dituen paleta instrumental ikusgarri batek koloreztatuak. Baina kolorea tempien aldakortasunetik ere badator, lerro bihurgunetsuetatik, dentsitate aldakorretatik eta aberastasun metrikotik.

Rakhmaninovek melodia eslaviar mordoxka halo dantzari, sorgin eta indartsuan bainatzea lortzen du, musika-ideiak mugimenduan jartzeko diseinu erritmikoak eraginez eta, aldi berean, guregandik, zabalduz,  mugimendu iradokitzaileetan hurbildu eta urruntzen diren soinu-planoak sortuz, kiribilduz, jirabiraka, bat-batean desagertu eta berriz ere, biratu egiten dutenak giro iradokitzaile, bero eta askotan ikaragarrietan inguratzen gaituzten beste marrazki batzuetan berragertuz.

Adierazkortasunaren ikuspegitik, lehenengo dantza, Non Allegro adierazpenarekin, erdiko sekzioan diluitzen joango den —baina erabat desagertu gabe— zelula erritmiko markatuaren arabera egituratzen da zuren ahotsetan melodia malenkoniatsu eta zetatsua profilatzeraino. Marrazten duen marra lodiagoa eta beroagoa da harien besarkadan, baina sosegua desagertu egiten da hasierako zelula itzultzean.

Andante con motoa bals denboran artikulatuta dago eta bolubilitate enigmatiko eta sentsuala erakusten du. Ahots instrumental guztiak melodikoaren eta dantzagarriaren artean oinarritzen den diskurtsoari helduz entzuten dira.

Hirugarren dantzak, Lento assai – Allegro vivace adierazgarria duenak, Rakhmaninoven —eta hainbeste konpositore errusiar eta erromantikoen— motibo maiteetako bat du, bere partituretan errepikakorra dena: Erdi Aroko Dies Irae, dantza makabro moduko batean bizia hartzen duena.

Dantza hauek, Errusiako mosaiko apartak bezala xehetasun tinbrikoz dirdiratsuak direnak  eta distiratsuki tindatuta daudenak, sublimearen eta hezigaitzaren arteko elkarbizitza zoriontsua ahalbidetzen dute eta zekenkeria fratrizidak menderatutako mundua erakutsi zuten —1940ko zurrunbiloan konposatuak izan ziren—, katarsi espresibotik aldendu gabe, giza talentua gai delako edertasuna sortzeko eta kolorez eta magiaz beteriko soinu-unibertsoak eraikitzeko.

Rakhmaninoven arima bitan zatitu zen jabeak emigratzeko erabaki zaila hartu zuenean. Xostakovitxena ezinbestean etsipenak eta izuak jota geratu zen. Umetatik sinetsi zituen ideia batzuen perbertsioa ikusi zuen, eta are okerrago, perbertsio horren emaitza makurraren biktima izan zen. Baina bere bi arima horietatik sortu zen musikak entzuteko eta hausnartzeko osoa eta betea izaten jarraitzen du. Gozatu ezazue!

Mercedes Albaina


Fumiaki Miura.

Biolina

1993an Tokion jaioa, bere jaioterriko kontserbatorioan ikasi zuen Tsugio Tokunagarekin, eta ondoren Vienara joan zen ikasketak zabaltzera Pavel Vernikov eta Julian Rachlinekin. 16 urte zituenetik, Pinchas Zukerman, bere zaintzailearen aholkuak jasotzen ditu, eta bera izan da ibilbide profesionalean orientatu eta gidatu duena. 2009an Joseph Joachim Hannover International Violin Competition lehiaketa ospetsuko lehen saria eman zioten eta sari hori lortu duen irabazlerik gazteena izan zen.

Royal Philharmonic Orchestran egoitza-aldi arrakastatsua burutu ondoren, 22/23 denboraldian azpimarratu behar da bakarlari gisa aurkeztuko dela Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Gulbenkian Fundazioko Orkestrarekin Pinchas Zukermanekin batera, eta zuzendari eta bakarlari gisa ADDA Sinfonikoarekin eta Vienako Ganbera Orkestrarekin.

Gainera ganbera-musikari gisa egiten duen jarduerarekin jarraituko du bere partenairearekin, Varvara piano-jotzailearekin, eta aurkezpenak izango dituzte Parisen eta bira bat egingo dute Japonian zehar.

Miurak nazioarteko orkestra ospetsuenekin partekatzen du eszenatokia, besteak beste honako hauekin: Los Angeles Philharmonic, NDR Radiophilharmonie Hannover, NDR Sinfonieorchester Hamburg, Radio-Sinfonieorchester Stuttgart des SWR, Sinfonieorchester Basel, Royal Liverpool Philharmonic, Wiener Kammerorchester, Prague Philharmonia, Mariinsky Antzokiko Orkestra, Tchaikovsky Symphony Orchestra, NAC Orchestra Ottawa, Orchestre de Chambre Lausanne, Warsaw Philharmonic, NHK Symphony Orchestra, Tokio Metropolitan Symphony Orchestra, Utah Symphony, Japan Philarmonic, Orchestre Nationale du Capitole de Toulouse, BBC Royal Scottish National Orchestra, Gothenburg Symphony Orchestra, Düsseldorf Symphoniker, hr- Sinfonieorchester edo Hong Kong Sinfonietta. Hainbat zuzendarik gonbidatu dute, adibidez eta bestek beste: Valery Gergiev, Gustavo Dudamel, Pinchas Zukerman, Krzysztof Penderecki, Vladimir Fedoseyev, Andrés Orozco-Estrada, Kazushi Ono, Hannu Lintu, Jakub Hrůša, Vasily Petrenko, Josep Pons, Patrick Hahn, Pietari Inkinen, Santtu-Matias Rouvali, Stéphane Denève, Kristjan Järvi, Tatsuya Shimono, Terry Fisher eta Rafael Payaré.

Fumiaki Miurak nazioarteko jaialdi askotan parte hartu du, hala nola: Miyazaki International Music, Ravinia, Julian Rachlin and Friends, Schleswig-Holstein Musik, Musique de Mentón, Gyeonggi Chamber Music Festival eta Menuhin Festival Gstaad, eta kontzertu-areto nagusietan jardun du, besteak beste: Auditorium du Louvre, Théâtre des Champs-Élysées Parisen, Madrilgo Auditorioa, Bartzelonako Palau de la Música,  Elbephiharmonie Hanburgon edo  Londresko Wigmore Hall. Era berean, hainbat artistarekin lan egin du, hala nola: Yuri Bashmet, Itamar Golan, Sunwook Kim, Mischa Maisky, Maria João Pires, Lawrence Power, Julian Rachlin, Torleif Thedéen, Nobuyuki Tsujii, Jonathan Roozeman, Varvara edo Pinchas Zukerman.

Prokofieven biolin sonatak grabatu ditu Sony Japanerako Itamar Golan pianistarekin eta Mendelssohn eta Tchaikovskyren kontzertuak Deutsches Symphonie-Orchester Berlin eta Hannu Linturekin, Avex-Classics zigiluarekin.

Fumiaki Miurak 1704ko Stradivarius bat jotzen du, “ex Viotti” deitua, adeitasun osoz Munetsugu Foundation-ek lagata.


Pablo González.

Zuzendaria

Bere belaunaldiko zuzendaririk moldakor eta grinatsuenetakoa da. Pablo González Oviedon jaio zen eta Londresko Guildhall School of Music & Draman ikasi zuen. Lehen saria lortu zuen Cadaquéseko Nazioarteko Zuzendaritza Lehiaketan eta “Donatella Flick” Lehiaketan. Barcelona i Nacional de Catalunyako (OBC) Orquesta Simfònicako zuzendari titularra izan da, eta, hori baino lehenago, Granada Hiriko Orkestrako zuzendari gonbidatu nagusia izan zen. Gaur egun RTVE Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra eta RTVE Orkestra Sinfonikoaren eta Abesbatzaren aholkulari artistikoa da, 2018ko azarotik.

Pablo Gonzálezek talde garrantzitsuak zuzendu ditu, besteak beste: Deutsche Kammerphilharmonie Bremen, Netherlands Philharmonic Orchestra, London Symphony Orchestra, Scottish Chamber Orchestra, BBC National Orchestra of Wales, Royal Philharmonic Orchestra, Warsaw Philharmonic, Orchestre Philharmonique de Liège, NHK Orchestra (Japonia), Orquesta Sinfónica Nacional de México, Kyoto Symphony Orchestra, eta baita Espainiako orkestra nagusiak ere.

Opera-zuzendari moduan, honako hauek azpimarratu daitezke: Don Giovanni eta L’elisir d’amore bi Glyndebourne Tours arrakastatsutan; Carmen (Donostiako Hamabostaldia), Una voce in off, La voix humaine, Die Zauberflöte, Daphne eta Rienzi Gran Teatre del Liceun (Bartzelona) eta Madama Butterfly (Oviedoko Opera).

Duela gutxiko eta hurrengo konpromisoen artean, honako agerpen hauek nabarmentzen dira: The Hallé (Manchester), City of Birmingham Symphony Orchestra, Konzerthausorchester Berlin, Frankfurt Radio Symphony, Royal Philharmonic Orchestra, Gürzenich-Orchester Köln, Dresdner Philharmonie, Deutsche Radio Philharmonie, Saarbrücken Kaiserslautern, Helsinki Philharmonic, Lahti Symphony Orchestra (Finlandia), Residentie Orkest, Orchestra della Svizzera Italiana, besteak beste Espainiako Orkestra Nazionalera, OBCra, Galiziako, Bilboko eta Asturiasko sinfonikoetara itzuliz.

Besteak beste honako bakarlari hauekin lankidetzan jardun du: Maxim Vengerov, Nikolai Lugansky, Javier Perianes, Khatia Buniatishvili, Beatrice Rana, Renaud Capuçon, Gautier Capuçon, Sol Gabetta, Anne-Sophie Mutter, Isabelle Faust, Frank Peter Zimmermann, Arcadi Volros, Viktoria Mullova, Johannes Moser, Truls Mork eta Viviane Hagner.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2023-2024
18 - 19
Api
2024
>Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Pahud eta Mahlerren 5. sinfonia

Lekua: Euskalduna Jauregia

Emmauel Pahud aspaldi kokatu zen txirularen esparruko gailurrean. Bere ibilbidean ziztu bizian gertatu da dena 22 urte zituela Berlingo Filarmonikoan bakarlari-plaza lortu zuenetik; bera zuzenean entzun dutenek diote bere musika amasaren luzapena bezalakoa dela. Zuzendari-titular gisa egindako ibilbideari agur esaten hasteko, Erik Nielsenek Mahlerren S. sinfonía eskainiko digu, eta haren gailurrez, haranez eta adagietto ederraz gozatuko dugu.

Abono:

XX Century Classics


Erik Nielsen, zuzendaria
Emmanuel Pahud, flauta


I

CARL NIELSEN (1865 – 1931)

Kontzertua flauta eta orkestrarako*

I. Allegro moderato
II. W. A. Mozart: Andante,flautarako Do Maiorrean, K. 315
III. Allegretto

Emmanuel Pahud, flauta

II

GUSTAV MAHLER (1860 – 1911)

5. sinfonia do sostenitu minorrean

I. Trauermarsch
II. Sturmisch bewegt
III. Scherzo: Kraftig, nicht zu schnell
IV. Adagietto
V. Rondo – Finale

*Carl Nielsenen kontzertua flauta eta orkestrarako bi mugimenduen artean Wolfgang Amadeus Mozarten andante flauta eta orkestrarako Do Maiorrean, K. 315 joko da.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
25 - 26
Api
2024
>Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Erik Nielsenek Heroi bizitza bat zuzenduko du

Lekua: Euskalduna Jauregia

Ein He/denleben zuzendari-lana da. Richard Straussek berak zuzendu zuen lehen emanaldian; hala ere, beste zuzendari handi bati eskainita zegoen, Mengelberg zuzendariari eta Concertgebouweko orkestrari, hain zuzen ere. Nielsenek poema sinfoniko izugarri hau aukeratu du titular gisa denboraldi honetan emango duen azken kontzerturako. Programa osatzeko, Schönberg eta Saint-Saëns musikagileen beste bi pieza ezagun izango ditugu entzungai, eta aipatzekoa da Alexandre Kantorow karismadunaren presentzia.


Charla preconcierto
2024/04/26 • 18:00 • Euskalduna. 5H Aretoa Terraza


Erik Nielsen, zuzendaria
Alexandre Kantorow, pianoa


I

ARNOLD SCHOENBERG (1874 – 1951)

Bost pieza orkestrarako Op. 16 (1949 berr.) *

I. Vorgefühle
II. Vergangenes
III. Farben
IV. Peripetie
V. Das obligate Rezitativ

CAMILLE SAINT-SAËNS (1835 – 1921)

5. kontzertua piano eta orkestrarako Fa Maiorrean Op. 103 “Egiptoarra”*

I. Allegro animato
II. Andante
III. Molto allegro

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Ein Heldenleben Op. 40

Heroia[Der Held] (attacca)
Heroiaren aurkariak [Des Helden Widersacher] (attacca)
Heroiaren bataila-eremua [Des Helden Walstatt ] (attacca)
Heroiaren bake lanak [Des Helden Friedenswerke] (attacca)
Erretiora mundutik eta heroiaren gailurra [Des Helden Weltflucht und Vollendung]

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2023-2024
29
Api
2024
>Cámara 08

Cámara 08

Lekua: Euskalduna Jauregia

A. Schnittke: Boskotea pianoarekin
BOSen boskotea pianoarekin

A. Schnittke: Moz’ Art à la Haydn
BOSen hari-ensemblea

W. A. Mozart: Ziri musikal bat, KV 522
BOSen hari eta haize ensemblea

Informazioa eta sarrerak
04
Mai
2024
>Mozartland

Mozartland

Lekua: Euskalduna Jauregia • 0B Aretoa

Kontzertua familian
Princep Totilau + Cuarteto BOS, konpainia
Wolfgang Amadeus Mozart, musika
Pol Requesens, moldaketak

Bilbao Orkestra Sinfonikoa

­2 urtetik aurrera

PREZIOAK:
Orokorra 10 €
BOSaren abonatuak* 9 €
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

“Mozartland” kontzertu-ikuskizun bat da, publikoa gonbidatzen duena Mozart txikiaren eta bere arreba Nannerlen jolas gelan esertzera, hezur-haragizko bi haurrek interpretatuta. Han, musikagilearen zuzeneko musikarekin, harizko eta txirulazko laukote baten eskutik, hiru aktorek maskarekin antzezten dituzte Salzburgoko jenio txikia gehien dibertitu zuten ipuin herrikoiak: igela, printzesa, erregea, txanogorritxoa, otsoa, amona, Hansel eta Grettel, sorgina eta Bremengo musikariak.

Bere jokoarekin, Mozart bi anaiak ipuinetako istorioak eta protagonistak edertasun, egia eta ontasun bihurtzen saiatuko dira, urte batzuk geroago Wolfgangek bere musikarekin egingo zuen bezala.

Sarrerak 2023ko abenduaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Garrantzitsua: ­aretora ­sartu­ nahi duten ­persona ­guztiek­ (adina edozein dela ere) ­dagokien ­sarrera ­aurkeztu ­behar ­dute.

Informazioa eta sarrerak