Kontzertuak

Bomsori eta Brahmsen Hirugarrena


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Gero eta ospe handiagoa lortzen ari diren bi emakumeren debuta izango dugu gure denboraldian. Bomsori ikusgarriak Korngold-en kontzertu adierazkor eta oso zinematografikoari egin beharko dio aurre, eta, ordea, Kristiina Poska estoniarrak, errepertorioko obra handi bati ekingo dio, Brahmsen Hirugarrenari, sendotasun estrukturalaren eta inspirazio melodikoaren arteko oreka ezin hobea, eta, bestetik, bere herrikidea den Elis Hallik-en Aegis (oihartzun mitologikoak berriro ere) eskainiko digu.

Kristiina Poska, zuzendaria
Bomsori, biolina


I

ELIS HALLIK (1986)

Aegis*

ERICH W. KORNGOLD (1897 – 1957)

Kontzertua biolin eta orkestrarako Re Maiorrean Op. 35

I. Moderato nobile
II. Romance: Andante
Finale: Allegro assai vivace

Bomsori, biolina

II

JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)

3. sinfonia Fa Maiorrean Op. 90

I. Allegro con brio
II. Andante
III. Poco allegretto
IV. Allegro

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

DATAK

  • 06 otsaila 2025       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 07 otsaila 2025       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

Deskargatu pdf

Leku seguruak

Zeusen kondairak dioenez, jainkoa haurtxo bat zenean Amaltea izeneko ahuntz batek bularra eman zion. Animalia hil zenean, Zeusek Hefestori eskatu zion ezkutu boteretsu bat sor zedila eta ahuntzaren larruazalarekin estal zedila. Ezkutu horrek, zeina bular-armadura gisa edo ahuntzaren azala bera koraza gisa erabiliz ere irudikatu baitzen, egida edo aegis izena du. Ateneak ere aitak oparitutako egida eramaten zuen, baina piezari Medusaren burua gehitu zion; izan ere, Perseok jainkosaren laguntzari esker lortu zuen munstro hura garaitzea.

Denborak aurrera egin ahala, egida terminoa ezkutu, babes edo defentsa hitzen sinonimo bilakatu zen, Espainiako Errege Akademiaren hiztegiak terminoaren hiru adieretan jasotzen duen bezala. Hitzaren zentzu hori aintzat hartuta, Elis Hallik konpositore estoniarrak Aegis izenburua eman zion bere orkestra-obrari. Budapesten estreinatu zen 2018an, eta Estoniako Errepublikaren 100. urteurrenari eskaini zion. Halliken hitzetan, Aegisek “indarra eta babesa aztertzen ditu, baina baita hauskortasuna ere; gainditu dituen une guztien markak daramatzan ezkutu batek bezalaxe”. Izenburua alde batera utzita, obra egilearen jaioterriaren isla ere bada, Rigako golkoan dagoen Kihnu uhartearena, hain zuzen ere:

“Kihnu uhartean hazi nintzen, Itsaso Baltikoko leku txiki baina paregabea. Tradizio aberatsak eta edertasun natural zirraragarria izateagatik da ezaguna. Itsasoak eta zeruak amaierarik gabeko zeruertzean bat egiten duten lurra da, eta lasaitasuna nahiz boterea eskaintzen ditu. Aegisen zati handi bat Kihnun idatzi nuen. Eskaintzen duen lasaitasunak eta naturarekiko lotura sakonak definitzen dute uhartea. Kihnuko giroa funtsezkoa izan zen konposizioaren muinari forma emateko. Niretzat, Aegis ez da musika bakarrik; esperientzia bat da, babesteak eta babestuta sentitzeak zer esan nahi duten hausnartzeko gonbidapen bat”. – Elis Hallik.

Halliken musikak izaera uhartetar horretatik, kostaldearen kontra behin eta berriz lehertzen diren olatuetatik, datorren energia boteretsua ernatzen du. Obra atmosferikoa da, ia paisajistikoa, eta hainbat baliabide erabiltzen ditu, hala nola: mi notaren errepikapena, zeina obraren hari nagusia baita, eta azentu errepikakorrak. Baliabide horiek sortzen dute, hain zuzen, jainkoak garaiezin bihurtzen zituen eta babes bila jotzen dugun aura babesle eta naturaz gaindiko hori.

Batzuetan, babesleku hori gutxien espero dugun lekuan agertzen da. Horixe gertatu zitzaion Erich Wolfgang Korngoldi; izan ere, 1935ean Max Reinhardt eszena-zuzendari eta zinema-ekoizlearen eskaintza bat jaso zuen Mendelssohnen Uda-gau bateko ametsa obrako musika Hollywoodeko film baterako egokitzeko. Egindako lanak izan zuen arrakastari esker, kontratu bat sinatu zuen Warner Bros ekoiztetxearekin eta Los Angelesera joan zen bizitzera, Austriaren 1938ko anexioaren ondoren. Gertakari horrek, ziurrenik, bizitza salbatu zion, judu austrohungariarra baitzen. Aukera horri esker, Korngold filmetarako musika sinfonikoaren aitzindari nagusitzat jotzen dugu gaur egun. Bi Oscar jaso zituen Anthony Adverse (1936) eta Errol Flynn protagonista den Robin Hooden Abenturak (1938) film ospetsuaren partiturak idazteagatik.

Haur prodijioa zen, eta ibilbide musikalari Vienan ekin zion. Amak ez zekien noiz hasi zen Erich txikia pianoa jotzen. Gustav Mahler eta Richard Strauss musikari apartak, berriz, harrituta gelditu ziren haurrak zuen talentua ikustean. Mahlerren aholkuz, Korngold konposizio-eskolak ematen hasi zen Zemlinskyrekin. Hari esker, nerabezaroan hainbat obra estreinatu zituen, bere garaikideak erabat txundituta utziz. Dena den, Korngoldek funsgabeak ziren salaketak ere jaso zituen, esanez bere ospea garaiko musika-kritikaririk ezagunenetako eta beldurgarrienetako baten semea —Julius Korngolden semea, hain zuzen— izateagatik zetorrela. Bere opera goiztiarrek arrakasta ukaezina izan zuten, bereziki Die tote Stadt bikainak (Hiri hila, 1920). Musikak berez hitz egiten zuen.

Hollywooden, Korngoldek bere hizkuntza erromantikoa pantaila handira egokitzen jakin zuen, eta garrantzi bera eman zien soinu-bandei eta opera edo kontzertu-musikari. Kontzertua biolinerako re maiorrean konpositorearen lanik ezagunena da zalantzarik gabe, baita errepertorioan txertatu zen aurrenetakoa ere, biolinistentzat oso erakargarria delako. Korngoldek kontzertua Hungariako biolinista batek, Bronisław Hubermanek, eskatuta idaztea erabaki zuen. 1937 eta 1939 artean konposatu zuen, eta 1945ean berrikusi. Dena den, azkenean Hubermanek ez estreinatzea erabaki zuen. Jascha Heifetz biolinistak interpretatu zuen lehenengo aldiz 1947ko otsailaren 15ean, Saint Louisen. Vladimir Golschmannek izan zuen St. Louis Symphony Orchestra zuzentzeko ardura.

Korngoldek piezaren hiru mugimenduetan bere lau soinu-bandetako melodiak txertatzea erabaki zuen. Hala, lehen mugimenduaren lehen gaia (Moderato nobile), biolin bakarlariak jotzen duen melodia atsegin eta liriko hori, William Dieterle zuzendariaren Desertuko aurora (1937) filmaren “ilunabarreko eszenan” oinarrituta idatzi zuen. Hemen ere Juarez filmean agertutako musika-zatiak aurki ditzakegu, Dieterleren 1939ko beste film bat. Biolinaren protagonismo nabarmena, zeinak gutxitan uzten baitio lekua orkestrari, eta lehen konpasetan hauteman dezakegun adierazkortasun handia izango dira kontzertu osoaren ezaugarri bereizgarrienak. Korngoldek instrumentuaren potentziala ahalik eta gehien ustiatu nahi izan zuen; hala, bakarlariak denbora asko eman behar du biolinaren nota altuenetan, eta tarte melodiko oso zabaleko melodiak idatzi zituen.

Bigarren mugimenduaren (Romanze) gaiak lehen aipatutako Anthony Adverse filma du abiapuntu. Film horri esker lortu zuen Korngoldek lehen Akademia saria. Giroa Moderatoan baino “gautarragoa” da. Melodia, berriz ere, goi-erregistrokoa da; orkestran lasaitasuna da nagusi, eta harparen eta zelestaren ukitu magikoek apaintzen dute. Birtuosismo ia guztia Allegro assai vivace mugimenduan dago. Mugimenduak nolabaiteko western kutsua du, baina orkestrak behin baino gehiagotan errepikatuko duen gai zoragarriaren oinarria Printzea eta eskalea (1937) filma da. Bakarlariak bere baliabide-sorta guztia erabili behar du, arkua alde batetik bestera mugituz edo pizzicatoa erabiliz. Dena den, mugimendu honetan ere lirismoak lekua du. Ez da harritzekoa Korngoldek zera adieraztea: “finaleak birtuosismoa eskatzen badu ere, obra, Paganini batentzat baino gehiago, Caruso batentzat idatzita dago”.

Korngolden kasua bezain deigarria izan ez bazen ere, Johannes Brahmsek ere txikitatik erakutsi zuen konposiziorako trebezia zuela, bereziki ganbera-musikarako. Hala ere, bere Lehen sinfonia 1876an estreinatu zuen, berrogeita hiru urterekin. Dagoeneko konpositore ezaguna zen, eta gainerako musika-esparru ia guztietan esperientzia zuen. Obraren ernatzea luzea eta zaila izan zen. Lehen zirriborroak 1855ean egin bazituen ere, Brahmsek hogei urte behar izan zituen amaitutzat emateko.

Behin eta berriz eztabaidatu dira une hori atzeratzera eraman zuten arrazoiak. Besteak beste, muturreko perfekzionismoa eta Haydn, Mozart eta, batez ere, Beethovenen —“nire atzetik etengabe entzuten ditut erraldoi horren urratsak”— tradizio sinfonikoaren oinordekotzat jotzeak eragiten zion pisua aipatu dira. Ezin zuen kontua arinkeriaz hartu; bereziki Robert Schumann adiskide eta gaztetako babesleak 1853ko Neue Zeitschrift für Musik aldizkariko artikulu ezagun batean egin zizkion goraipamenak kontuan hartuta (Brahmsek hogei urte besterik ez zituen).

Dena den, lehen sinfoniak izandako arrakastaren ondoren, Brahmsek beharrezko segurtasuna lortu zuen eta beste hiru sinfonia idatzi zituen oso denbora laburrean. Hirugarren sinfonia fa maiorrean, gaur entzungo duguna, lau hilabete eskasetan konposatu zuen. Brahmsek 1883ko udan idatzi zuen Wiesbadenen, Rhin ibaiaren ertzean dagoen Alemaniako herri batean. Urrian Vienara itzuli zenean (bertara joan zen bizitzera 1862an), sinfonia amaituta eta interpretatzeko prest zegoen. Urte horretako abenduaren 2an estreinatu zen, Hans Richter zuzendariaren eta Vienako Filarmonikaren eskutik. Wagneriar gutxi batzuen txistuak estreinaldia hondatzeko zorian egon ziren, baina azkenean ikus-entzuleen gogo bizia nagusitu zen, konpositoreari erabateko arrakasta emanez.

“A zer obra! A zer poema!” esan zuen Clara Schumannek sinfonia alemaniarretan gehien inspiratutako partitura irakurri ondoren. Lehenengo mugimendua, Allegro con brio, baxuak jotako hiru notako motibo batekin hasten da, eta horren gainean akorde bana jotzen dute haizeek. Sarrera laburra da, eta obraren hainbat unetan agertuko da. Hiru nota horiek —fa, la bemol, fa— gutxienez 1854az geroztik (Lau balada op.10 lanetik aurrera) aurki daitezke konpositorearen obran, sinadura gisa. Hainbat egileren arabera, “Frei aber froh” (“libre baina zoriontsu”, FAF notazio anglosaxoian) esaldiaren inizialak dira, bere adiskide Joseph Joachim biolinistaren leloari (“Frei aber einsam” —“libre baina bakarrik”—) barregarriro erantzuteko. Brahmsek ez zuen horri buruz inoiz ezer esan; oro har, bere musikak haren ordez hitz egitea nahiago zuen.

Lehenengo gaia, jarraian datorrena, Schumannen Sinfonia renaniarretik hartu zuen, agian omenaldi gisa, oso egokia Rhin ondoan idatzitako obra bat dela aintzat hartuta. Bigarren gaia, kutsu pastoralekoa, klarinete bakarlariak jotzen duen lehen pasartea da. Instrumentu horrek pisu berezia du sinfonia osoan. Hortik aurrera, musikak garapen ikaragarria du eta tonalitate-aldaketa ugaritik igarotzen da, harik eta azken kodan fa maiorra berreskuratzen duen arte.

Klarinetea bigarren mugimenduko bi gai nagusien protagonista da. Andantean, tonu atsegin eta lasaia da nagusi, eta hirugarren mugimendura arte hedatzen da, mugimendurik ezagunenera. Hariek jotzen duten Poco Allegretto mugimenduaren melodia nagusia hain da ederra eta aparta, ezen historiako gai sinfoniko ospetsuenen artean baitago. Azken mugimenduak, Finale (Allegro), material berria aurkezten du, eta, aldi berean, aurretik jotako zatiak berreskuratzen ditu, hala nola hiru notako hasierako motiboa, bigarren mugimenduko interludioa eta lehenengo mugimenduko gai nagusia. Dramatismo handieneko mugimendua da, modu minorra nagusitzen baita. Hala eta guztiz ere, Brahmsek tonalitate-itsaso batean zehar nabigarazten digu berriro, harik eta mugimendua jatorrizko fa maiorreko akorde luze batekin —pianissimo— amaitu arte. Esan beharrekoa esanda dagoenean, ez dago berresteko beharrik.

Yolanda Quincoces


Bomsori.

Biolina

2021eko otsailean, Bomsorik kontratu bat sinatu zuen Deutsche Grammophonekin. Bere azken grabazioak, Nielsenen biolinerako kontzertua Daniar Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin eta Fabio Luisirekin batera, Gramophone 2024 saria irabazi zuen. 2024/25 denboraldian, Filadelfiako Orkestran debutatuko du Fabio Luisirekin, Alemanian eta Asian zehar bira bat egingo du Bamberger Symphonikerrekin, eta Berlingo RSB orkestran eta Deutsche Kammerphilharmonie Bremenen debutatuko du. Concertgebouwera itzuliko da Herbehereetako Irratiko Orkestrarekin eta Ryan Bancroftekin batera, Estoniako Orkestra Nazionalean debutatuko du eta Hong Kongera itzuliko da Paavo Järvirekin. Wigmore Hallen ere debutatuko du.

Aurreko denboraldian, BBC Promsetan jo zuen lehenengo aldiz BBC Filarmonikarekin batera, eta Hollywood Bowlen Los Angelesko Filarmonikarekin batera. Zuricheko Tonhalle orkestrarekin jo zuen Paavo Järviren zuzendaritzapean, eta Radio Frantziako Orkestra Filarmonikoan, Pittsburgheko Sinfonikoan eta Espainiako Orkestra eta Koro Nazionalean debutatu zuen. Residentie Orkestekin jo zuen Concertgebouwen, baita Vienako Sinfonikoarekin ere Vienako Konzerthausean.

Bomsori jaialdi ospetsuetan egon da, hala nola Rheingau Musik Festival jaialdian, Schleswig-Holstein Musik Festival jaialdian eta Verbier Festival jaialdian. 2021etik, Menuhinen Ondarearen artista da Gstaadeko Menuhin jaialdian. Zuzendari askorekin lankidetzan aritzeko ohorea izan du, hala nola: Fabio Luisi, Jaap van Zweden, Paavo Järvi, Marin Alsop, Santtu-Matias Rouvali eta Krzysztof Urbański zuzendariekin.

Orkestra nagusiekin jo du, honako hauekin besteak beste: New Yorkeko Filarmonikoa, Vienako Orkestra Sinfonikoa, Los Angelesko Filarmonikoa, Royal Philharmonic Orchestra, Radio Frantziako Orkestra Nazionala eta Zuricheko Tonhalle Orkestra. Bomsorik Vienako Musikverein, Amsterdamgo Concertgebouw, Londresko Royal Albert Hall eta New Yorkeko Carnegie Hall aretoetan jo du, besteak beste.


Kristiina Poska.

Zuzendaria

Kristiina Poska orkestra-zuzendari sarituak konpromiso asko izaten ditu nazioarteko musika-eszenan. Flandriako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra izan da 2019/20 denboralditik, Letoniako Orkestra Sinfoniko Nazionaleko zuzendari gonbidatu nagusia izan da 2021/22 denboralditik, eta Orchestre Français des Jeunes orkestrako zuzendari musikala izango da 2025eko udatik aurrera. Koru-zuzendaritza ikasi zuen Tallingo Musika eta Antzerki Akademia Estoniarrean eta orkestra-zuzendaritza Berlingo Hochschule für Musik Hanns Eisler eskolan. 2010ean, Poska finalista izan zen Donatella Flick LSO lehiaketa ospetsuan. 2012ko maiatzean, publikoaren saria irabazi zuen Malko lehiaketan. Ondoren, 2013ko apirilean, Orkestrako Zuzendarien Alemaniako Sari entzutetsua irabazi zuen.

Denboraldi honetako emanaldi garrantzitsuenen artean, hainbat debut nabarmendu behar dira, hala nola: Toronto Symphony Orchestra eta Colorado Symphony Ipar Amerikan, Suediako eta Norvegiako Irratien orkestra sinfonikoak Eskandinavian, eta Orchestre National de Montpellier, Lahti Symphony Orchestra eta Grazer Philharmoniker. Denboraldi honetan, Orchestre National de France eta Estonian National Symphony Orchestrara itzuliko da, eta hainbat bira egingo ditu Flandriako Orkestra Sinfonikoarekin. Hala, Belgikan, Herbehereetan, Frantzian, Alemanian eta Estonian kontzertuak zuzenduko ditu. Orchestre Français des Jeunes orkestrako zuzendari musikal berri gisa, bi bira europar egingo ditu uda amaieran.

Duela gutxi, Minnesota Orchestran, London Philharmonic Orchestran, Rotterdam Philharmonic Orchestran, Espainiako Orkestra Nazionalean eta Tokioko NHK Symphony Orchestran debutatu du. Royal Concertgebouw Orchestrarekin, Oslo Philharmonic Orchestrarekin, Netherlands Philharmonic Orchestrarekin eta Royal Stockholm Philharmonic Orchestrarekin lan egin du. Gainera, Poskak honako orkestra hauekin lan egin du, besteak beste: Hr-Sinfonieorchester, Radio-Symphonieorchester Wien, Gothenburg Symphony, Deutsche Kammerphilharmonie Bremen eta Tonhalle-Orchester Zürich.

Opera-errepertorioari dagokionez, Poskak Dijongo Operan debutatuko du denboraldi honetan, eta ekoizpen bikoitz bat zuzenduko du: Bartóken Bizarrurdinen gaztelua eta Straussen Metamorphosen, Dominique Pitoiseten zuzendaritzapean. Bere opera-ekoizpen berrienen artean honako hauek nabarmendu daitezke: Mozarten Txirula Magikoa Berlingo Staatsoperrean; Così fan tutte Norwegian National Operan eta Royal Danish Theatren; Pucciniren La bohème Opera Ballet Vlaanderenen (Robert Carsenen zuzendaritzapean); Carmen Stuttgarteko Staatsoperrarekin eta Die Entführung aus dem Serail Dresdengo Sächsische Staatsoperrarekin (Semperoper). Besteak beste, Berlingo Komische Oper, Royal Swedish Opera, English National Opera, Finnish National Opera, Teatro del Maggio Musicale Fiorentino eta Vienako Volksoperrarekin lan egin du.

Lehenago, Kristiina Poska Cappella Academicako zuzendari nagusia izan zen 2006tik 2011ra, Komische Oper Berlingo kapellmeisterra 2012tik 2016ra, eta Theater Baseleko musika-zuzendaria 2019/20 denboraldian. Gaur egun, Poska Beethovenen ziklo osoa grabatzen ari da Fuga Libera zigilurako, Flandriako Orkestra Sinfonikoarekin batera.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
27 - 28
Mar
2025
>Mozart, Mendelssohn eta Suzuki

Mozart, Mendelssohn eta Suzuki

Lekua: Euskalduna Jauregia

Masaaki Suzuki bere neurriko programa batekin itzuliko da. 17 urte baino ez zituen Mozartek heldutasun ikaragarriarekin konposatu zuen sinfonia batekin hasiko da; bere ahots-musikarekin jarraitzen du, lehen bisitan Suzuki maitemindu zuen Jone Martínezen ahotsaren protagonismoarekin, eta Mendelssohnek erreforma luteranoa ospatzeko egin zuen sinfonia ederrarekin amaituko da, geroago Wagnerrek Parsifalen erabili zuen Dresdeko Amen solemnea duena.

Masaaki Suzuki, zuzendaria
Jone Martínez, sopranoa


I

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

25. sinfonia sol minorrean K. 183*

I. Allegro con brio
II. Andante
III. Menuetto-Trio
IV. Allegro

Fra cento affanni e cento, soprano eta orkestrarako K. 88*

Vorrei Spiegarvi, oh Dio, soprano eta orkestrarako K. 418

Jone Martínez, sopranoa

II

FELIX MENDELSSOHN (1809 – 1847)

5. sinfonia Re Maiorrean Op. 107 “Erreformarena”

I. Andante – Allegro con fuoco
II. Allegro vivace
III. Andante
IV. Chorale: Andante con moto – Allegro vivace

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
02
Api
2025
>BOSLARIS XI – Programaren amaierako kontzertua

BOSLARIS XI – Programaren amaierako kontzertua

Lekua: JUAN CRISÓSTOMO DE ARRIAGA KONTS.

Musikari amateurrei zuzenduta dagoen eta ganbera-musikaren arloan hasi, praktikatu eta hobetzera bideratuta dagoen prestakuntza programa aitzindari honekin, BOSek musikaren praktika sustatu nahi du musika profesionaletik aparteko gizarteko esparruetan; era berean, loturak sortu nahi ditu BOSeko irakasleen eta zaleen artean, eszenatokiaren eta publikoaren arteko bereizketa apurtuz.

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
03 - 04
Api
2025
>Penderecki eta Brahmsen Laugarrena

Penderecki eta Brahmsen Laugarrena

Lekua: Euskalduna Jauregia

Penderecki abangoardiako konpositorea izan zen, baina beti izan zuen iraganeko formekiko ardura. Horietan oinarrituta sortu zuen bere Concerto grosso hiru biolontxelorentzat, instrumentuaren errepertorioan arrakastaz sartu den obra. Beste alde batetik, Eduardo Strausser gazteak Brahmsen Laugarrena proposatzen digu, barrokoari (passacaglia itzela) ere begiratzen dion maisulana, abiarazteko motibo hasperentsuarekin, amaiera aurreratzen duen txirula-lan ederrarekin edo zuek aukeratutako beste hainbatekin arnasa etenarazten duena.

Eduardo Strausser, zuzendaria
Michal Dmochowski, biolontxeloa
Orfilia Saiz, biolontxeloa
Adam Klocek, biolontxeloa


I

WOJCIECH KILAR (1932 – 2013)

Orawa, hari-orkestrarako

KRZYSZTOF PENDERECKI (1933 – 2020)

Concerto grosso hiru biolontxelo eta orkestrarako*

Michal Dmochowski, biolontxeloa
Orfilia Saiz, biolontxeloa
Adam Klocek, biolontxeloa

II

JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)

4. sinfonia mi minorrean Op. 98

I. Allegro non troppo
II. Andante moderato
III. Allegro giocoso
IV. Allegro energico e passionato – Più Allegro

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 110’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
05
Api
2025
>Kontzertuak familia giroan. Galop

Kontzertuak familia giroan. Galop

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Galop da uhalak hartu eta bideari ekitea, elkarrekin mugitzea, aurrera, berriro saiatzea. Beren bizitzaren norabidea aldatzera deliberatuta, hiru emakumek bidaia bat partekatuko dute: munduan bizitzeko modu berri baten bilaketa. Musikak bere ametsak, bere oroitzapenak ekartzen ditu gogora. Bere beldurrak. Irudimenak bere instrumentuak soka bihurtzen ditu, eta soka horiek harrapatu egiten dituzte, itotzen dituzten itsasoak, haurren izuak. Irudien musika, emozioak. Eta pentsamenduak. Nora joango dira?

Konpainia: La Jolie
Musika: Vivaldi, Bach, Shostakovich, Sinatra, Piazzola, Alberto Iglesias


Palacio Euskalduna Jauregia • Sala 0B Aretoa
6 urtetik aurrera
Testurik gabe
Iraupena: 60’


Sarreren prezioak:
– Orokorra 10,50 €
– BOSeko abonatuentzako 9,50 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak