Kontzertuak
BOS 01
Erik Nielsen, zuzendaria
Edvard Grieg (1843 – 1907): Kontzertua piano eta orkestrarako la minorrean Op. 16
I. Allegro molto moderato
II. Adagio (Attacca)
III. Allegro moderato molto e marcato – Andante maestoso
Joaquín Achúcarro, pianoa
Anton Bruckner (1824 – 1896): 7. Sinfonia Mi Maiorrean (1883-Nowak ed.)
I. Allegro moderato
II. Adagio
III. Scherzo
IV. Finale
DATAK
- 03 urria 2019 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
- 04 urria 2019 Euskalduna Jauregia 19:30 h. Sarrerak Erosi
Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.
Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak
Garaipenik handienak
1843an Bergenen jaiotako Edvard Griegen musika-hastapenetan, Norvegia lehen urratsak egiten ari zen bere hizkuntza musikalaren bila, baina urrats horietatik batek ere ezin zuen saihestu Leipzig hiriak (Gewandhausek eta Mendelssohnek sortutako Kontserbatorioak) Eskandinaviako musikagile gazteengan zuen erakarpen handia. Griegen estiloa Alemaniako eskolaren eta Norvegiako herri-musikaren arteko bidegurutze horretatik sortu zen. Etorkizunean oroitzapen onik utziko ez zioten lau urtez Leipzigeko kontserbatorioan prestakuntza zorrotza jaso ondoren, 1864tik aurrera, Eskandinaviako musika-folklorearekiko interesa agertzen hasi zen, batez ere Ludwig Mathias Lindemanek bildu zituen herri-kanten bidez eta Norvegiako himno nazionala egin zuen Rikard Nordraaken eta beste adiskide batzuen eskutik. Alfred Einsteinen hitzetan, “Nordraak ez zen behar adina bizi bere musika osotasunean garatu ahal izateko; Grieg germanismo klasizistaren pisuaren azpian osorik eror zedin saihestea izan zen haren meriturik handiena”.
Nolanahi ere, Griegek forma klasikoen jakintza eta Schumannekiko mirespen handia jaso zituen Leipzigen. Izan ere, bera bezala, miniaturista zen Schumann, fidakor eta seguruagoa pieza bereizgarrietan eta espazio intimoetan, konposizio instrumental handietan baino. Eta, hala ere, biek ala biek beren trebetasuna erakutsi zuten pianorako kontzertu banatan, tonalitatean eta kanpoko itxuran instintiboki ahaidetuta baitzeuden. 1860an, Griegek Clara Schumann entzun zuen Leipzigen, zendutako senarraren kontzertua interpretatzen, eta, zalantzarik gabe, esperientzia horrek betiko markatu zuen. Handik urte askotara, 1903an, zera esan zuen, kontzertu hartaz ari zela: “hasieratik bukaeraraino inspiratua, oraindik ez du parekorik literatura musikalean, eta harritu egiten gaitu, hala duen berezitasunagatik, nola estilo irekia eta birtuosista agertzeari egiten dion uko zintzoagatik”. Denok maite dugun eta askok jotzen dugun kontzertu bat da, baina gutxik jotzen dute ondo, eta are gutxiago dira benetan ulertu dutenak; egia esan, agian, pertsona bakar batek ulertu du: emazteak”.
Griegek 1868ko udaren eta 1869ko hasieraren artean sortu zuen Kontzertua la minorrean; hura ez zen izan haren bizitzako unerik eztiena, baina animoak berpiztuta zituen nolabait, Lisztek gutuna bidali baitzion Erromatik, bai eta zera aitortu ere: “talentu handia konposiziorako, burutsua, asmamenduna eta aldarte onekoa; berezko ibilbideari jarraitu baizik ez du egin behar maila gorenera iristeko”. Eskandinavia aldeko benetako kultura-gunea zen Kopenhagen estreinaldia izan zenean, hainbesteko arrakasta lortu zuen, non argi ikusi baitzuen ordutik aurrera bizia osorik emango zuela konposizioan. Lisztek ezagutu orduko txalotu zuen obra, eta, gainera, hainbat iradokizun egin zizkion Griegi orkestra-zatiaz; ondorioz, musikagileak ez zuen behin betiko bertsioa lortu 1907ra arte. Tchaikovskyk ere Griegen obrarekiko mirespena aitortu zuen, “denik eta dohainik preziatuena” ikusten baitzuen hor: “sinpletasun perfektua”; eta egituran dituen ahuldadeak beti adierazi diren arren (“piano-zati adoretsuen eta atal lirikoen arteko konbinazioa soilegia da, zirriborratuegia”, León Plantingaren idazkien arabera), denboraren poderioz, Kontzertua la minorrean hau generoko obra nagusi eta ospetsuenetako bat bilakatu da.
Hiru mugimenduetatik lehena da Schumannengandik hurbilen dagoena, hasierako konpasetatik, horietan zurek leun iragartzen baitute konposizio nagusia, orkestraren kolpe latz baten eta pianoaren beheranzko motibo oldarkor baten ondoren. Gero, jakina, Griegen ahotsa nagusituko da, haren zain melodiko nabarmena, haren azentu eta joko harmonikoak, biolontxeloek lehenengoa baino are irekiagoa den bigarren konposizioaren sarrera egiten dutenean ere nabariak. Liszten eragin berriaren pisua sumatzen da kadentzia handian, rapsodia moduko bat konposizio nagusian. Re bemoleko adagioa lirismo hutsa da, melodiak gardenagoak eta sakonagoak dira, hurbilagoak eta lasaiagoak, emeki korapilatutako orkestraren eta pianoaren arteko bilkura intimoa balitz bezala. Gero, azken mugimenduaren hasieran, halling-aren –Norvegiako dantza tradizional bat– erritmo markatua ekartzen du gogora, baina bidean herri-inspirazioko melodia zoragarri bat du, txirulak lehenik adierazia eta kontzertuaren garapena markatzen duena, amaiera izugarria eta sekulakoa iritsi arte.
Grieg kontzertua konposatzen ari zenean, 1868ko udazkenean, Bruckner Vienara iritsi berria zen, gortean organista eta Kontserbatorioan harmonia, kontrapuntu eta organoko irakasle aritzeko. Linzeko katedraleko organista izandako aldia atzean utzita –musikari miretsia eta errespetatua izan zen–, eta landa-eremuetako gizonek hiri handietara iristean izaten duten ziurgabetasunaz. Hastapena ona izan, eta hiriburuko kaleetan haren figura bitxia arin ezagun bilakatuta ere, haren konposizio sinfonikoek oztopo larriak izan zituzten luze gabe. Henry-Louis de La Grangek dioenez, “gortean, pintoreskotzat, maitagarritzat, lasaigarritzat, are biedermeierisch-tzat ere jotzen dituzte Brucknerren heziketa adeitsua eta zaharkituxea, nagusien aurrean erakusten duen mirabekeriazko errespetua, nekazari baten igandeko jantziak diruditen bere arropak (…). Hala ere, Viena oraindik ez dago prest bera sinfonista gisa sinez hartzeko, eta horrek atsekabetu egiten du erabat, baita umiliatu ere”. Egia esan, Filarmonikoak ez zuen inolako interesik erakutsi orduan idatzita zuen sinfonia bakarrarekin –Lehenengoa–, eta Bigarrenaren estreinaldia izan zenean ere, 1873an, berak kontratatu behar izan zuen bere kabuz Filarmonikoa. Gero, Hirugarrena axolagabetasun eta gaitzespen handiz hartu zuten lehen gauean (1877an), eta horrek adorea kendu zuen hurrengo lau urteetan haren obrak interpretatzeko.
Giro horretan, Brucknerrek hainbat aldiz berrikusi zituen bere konposizioak (eta obren, bertsioen eta estreinaldien labirinto oso bat sorrarazi zen horrela), baina zintzo jarraitu zion bere estiloari, eta sinfoniaz sinfonia sakondu zuen, azken hiruretan maisutasunezko jokaldiak lortu arte. 1881ean izan zuen lehen arrakasta, Laugarrenaren estreinaldian, eta urte horrexetan ekin zion bi urtez luzatuko zen Zazpigarrena konposatzeko lanari. Bitartean, Wagnerren heriotzaren berri izan zuen, eta beste kolpe bat hartu zuen, Operako zuzendari Wilhelm Jahnek uko egin baitzion Bosgarrena osorik zuzentzeari, luzeegi iritzi ziolako. Brucknerrek kontra-erasoa jo zuen, eta Zazpigarrenak arrakasta izugarria izan zuen Vienatik kanpo, hain zuzen, Leipzigen, hortxe programatu baitzen lanaren mundu-mailako estreinaldia. 1884ko abenduan izan zen, musikagileak hirurogei urte beteak zituela. Gewandhausorchesteren zuzendari Arthur Nikischen ustez, Beethovenen ondotik ez zen haren parekorik izan. Munichen ere arrakasta bera izan zuen, eta Vienako Filarmonikoak hirira eramatea proposatu zuen berehala, baina musikagileak uko egin zion horri, zera argudiatuta: “Vienako kritikari nagusiak berriz gurutzatuko zaizkit bidean eta galaraziko dute Alemanian arrakasta izatea”. Bavariako Luis II.ari eskaini zion Zazpigarrenak izugarrizko bulkada izan zuen.
Oro har, Brucknerren estiloaren bereizgarria dira sinfonien oparotasuna, orkestrazio trinko eta masiboak, soinu-bloke indartsuak eta kontrapuntuaren erabilera errepikakorra, hain ondo ezagutzen zuena, Alemaniako musikagile barrokoengatik zuen debozioaren eta organoa maisutasunez jotzearen ondorioz. Sarritan, katedral gotiko handiekin konparatzen dira, hala dimentsioagatik, nola inguratzen dituen jainkozko giroagatik. Sinfonia gehienek eskema bera dute: normalean, Beethovenen Bederatzigarrenaren moduan hasten dira, soinua mailaz maila sortzen da isiltasunetik, eta lau mugimendu tradizional dituzte, laurak oso bereizgarri zehatzekin. Lehenak eta laugarrenak sinfonien handitasuna deskribatzen dute, sonatako allegroen egitura betetzen dute (garapen handiekin) eta antzeko materialak erabiltzen dituzte; mugimendu motelek “handitasun gorena lortzen dute hats luzeko melodietan, normalean haietan bi sekzio txandakatzen baitira ABABA forman, sarritan tempo desberdinetan” (Grout), eta scherzoek Austriako herri-musikako oroitzapenak eta dantza-erak dituzte.
Eskema horretatik abiatuta, Zazpigarrenak zenbait bereizgarri ditu, hala nola tuba wagnerianoen erabilera eta hasieratik bukaeraraino darion lirismo bizia, eta horregatik da hain ezaguna Brucknerren sinfonien artean. Hasierako mugimenduari hasiera ematen dion motiboa aurreko hiru sinfonietako materialekin eginda dago, eta, funtsean, melodikoa da, kantu puruaren aipamen bat. Adagio zabala baretasunaren eta nobleziaren arteko nahasketa miresgarria da, eta, berezitasun gisa, amaiera aldean, Wagnerren heriotzaren berri jaso ondoren idatzitako hileta-musika du. Scherzoak, eta batez ere trioko Ländler melodiak, landarekiko eta haurtzaroko paradisuarekiko nostalgia erakusten digu. Finalean, berriz, konposizio nagusiaren tonu martziala nabarmentzen da, eta ondoko koralean ere agertzen da, atzealdean, iristear den amaiera bikainaren preludio gisa.
Asier Vallejo Ugarte
JOAQUÍN ACHÚCARRO – Pianoa
Bilbon jaio zen. Liverpooleko Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen 1959an (urtebete lehenago Zubin Mehtak irabazitakoa), eta London Symphonyrekin egin zuen debuta, Royal Festival Hallen, nazioarteko ibilbideari hasiera emanez.
Achúcarro gelditu gabe aritu da nazioarteko kontzertuak eginez, eta 61 herrialdetan izan da guztira, besteak beste, areto hauetan: Avery Fisher Hall, Berlin Philharmonie, Carnegie Hall, Concertgebouw, Kennedy Center, Musikverein, Royal Albert Hall, Festival Hall, Barbican, Salle Gaveau, Salle Pleyel, Teatro alla Scala, Suntory Hall, Sydney Opera House. Errezitaldiak egin ditu, eta bakarlari ere jardun du, berrehun orkestrarekin baino gehiagorekin, tartean hauekin: Berlin Philharmonic, Chicago Symphony, New York Philharmonic, Los Angeles Philharmonic, La Scala di Milano, Sydney Symphony, BBC, London Philharmonic, London Symphony, Philharmonia, Orchestre de Montreal, Santa Cecilia di Roma National de France, Tokyo Philharmonic, Tokyo Symphony, Tonkünstler Wien, Txile, Mexiko, Kolonbia, eta Venezuelako orkestra nazionalekin, eta, jakina, Espainiako orkestra guztiekin. Bestalde, 400 zuzendariren baino gehiagoren ondoan aritu da, hala nola Claudio Abbado, Sir Adrian Boult, Riccardo Chailly, Sir Colin Davis, Zubin Mehta, Sir Yehudi Menuhin, Seiji Ozawa eta Sir Simon Rattlerekin.
2014an, SONYk Granadosen Goyescas ospetsuak berrargitaratu zituen. Brahmsen 2. zenbakiko kontzertua grabatu zuen DVDn, London Symphony Orchestrarekin eta Sir Colin Davisekin; bai eta Fallaren “Gauak Espainiako lorategietan” ere, Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin eta Sir Simon Rattlerekin. Azken grabazioa Chopinen 24 Preludioak, Barcarola eta Fantasia Impromptu jaso dituen CD bat izan da, eta La Dolce Volta konpainiarentzat egin du.
2008an, Joaquín Achúcarro Fundazioa sortu zen, pianista gazteei laguntza eman, eta “Achúcarroren arte eta irakaskuntzako legatua iraunarazteko”. 2018ko otsailean, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian sartu zen, ohorezko akademiko gisa, eta, 2018ko maiatzean, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko honoris causa doktore izendatu zuten.
ERIK NIELSEN – Zuzendaria
Erik Nielsen 2015eko irailean bilakatu zen Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular, eta 2016tik 2018ra arte Basileako Antzokiko musika-zuzendaria izan zen. 2002an 10 urteko elkarlanari ekin zion Frankfurteko Orkestrarekin, lehenik korrepetitor (pianista) eta gero kapellmeister gisa. Urtebete lehenago, Berlingo Orkestra Filarmonikoko harpa-jotzaile izan zen, hain zuzen, Orchester-Akademieko kide.
Nielsen maisuak orkestra-zuzendaritza ikasi zuen Filadelfiako Curtis Musika Institutuan, eta oboe eta harpako lizentziatura jaso zuen Juilliard School of Musicen.
2019/2020 denboraldiari begira dituen hurrengo proiektuen artean, Die Meistersinger zuzenduko du Oslon, bira bat egingo du Txinatik Royal Swedish Opera Orchestrarekin, kontzertuak izango ditu Madrilen eta Manchesterren, eta Municheko Bayerische Staatsoperrera itzuliko da.
Oraintsu izan dituen emanaldien artean, berriz, hauek nabarmentzen dira: Kreneken Karl V.a, Bayerische Staatsoper Munichekin; Edipo Rex, Prigioniero eta Pelléas et Mélisande, Semper Oper Dresdenen; Trojahnen Peter Grimes eta Orja, Zuricheko Opernhausen; Lachenmannen Billy Budd eta Das Mädchen, Frankfurten; Usandizagaren Mendi Mendiyan, Pasioa San Juanen liburutik eta Salome Bilbon; eta The Rake’s Progress, Budapesten. Horrez gain, kontzertuak egin ditu Oslo, Stockholm, Madril, Estrasburgo, Lisboa, Basilea eta Aspenen, eta Interlochen Arts Campen.
2009an, Solti U.S. Fundazioak Sir Georg Solti saria eman zion.
Gertakarien egutegia
Erlazionatutako ekitaldiak
BOSeko Hari Laukotea
Lekua: Sestao Musika eskola
M. Ravel: Cuarteto para cuerda
L. van Beethoven: Cuarteto n. 4, op.18 en do menor
Azer Lyutfaliev, biolina
Iñigo Grimal, biolina
Juan Cuenca, biola
Ignacio Araque, biolontxeloa
Ganbera 3
Lekua: Euskalduna Jauregia
M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea
J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea
A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea
Horrela mintzatu zen Zaratustra
Lekua: Euskalduna Jauregia
Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa
I
LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)
Egmont, Obertura Op. 84
WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)
23. kontzertua piano eta orkestrarako la minorrean K. 488
I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai
Jonathan Mamora, pianoa
II
RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)
Also sprach Zarathustra Op. 30
*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)
Intxaur-hauskailua Gabonetan
Lekua: Euskalduna Jauregia
O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71
Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria