Kontzertuak

BOS 02

Kontzertu-proiekzioa


Euskalduna Jauregia.   19:30 h.

Anthony Gabriele, zuzendaria

NACIO HERB BROWN / CONRAD SALINGER (1896 – 1964): Singin’ in The Rain Jatorrizko soinu-banda (1952)

Gaur gaueko egitarauan Singin’ in the rain filma proiektatuko dugu osorik, jatorrizko bertsioan, erregistratutako ahotsekin, eta orkestrak soinu-banda osorik eta zuzenean joko du. Kontzertuak ordu bat eta 43 minutuko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Mesedez, egon zuen eserlekuetan azken kredituak amaitu arte, musika, musikariak eta gainerako entzuleak errespetatzeko.

*Lehenengo aldiz BOSek / Primera vez por la BOS

DATAK

  • 10 urria 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi
  • 11 urria 2019       Euskalduna Jauregia      19:30 h. Sarrerak Erosi

Abonu salmenta, ekainaren 24tik aurrera.
Sarreren salmenta, irailaren 16tik aurrera.

Ezagutu hemen harpidedunak BOS izatea abantaila guztiak

ERABATEKO ARTISTA. BEHIN BETIKO MUSIKALA.

KELLY DANTZAN.

Gene Kelly dantzan. Brigadoonen nekazari eskoziarra eta Singin’ in the Rainen gangsterraren neska den Cyd Charisserekin. Kelly dantzan Judy Garlandekin Karibe ezinezko batean The Piraten, edo kolore biziko lorategi batean zuri-beltzean filmatutako For me and my gal filmean. Kelly dantzan Rita Hayworthekin Cover Girlen, eta bere buruarekin ere bai. Kelly dantzan Fred Astairerekin Ziegfield Folliesen, eta Fredek bezain ondo egiten duelako itxurak egitea lortzen. Kelly dantzan bakarrik egunkari baten gainean Summer Stocken. Kelly dantzan lanbasekin eta erratzekin Thousands Cheeren. Kelly dantzan Tom eta Jerry bikoteko Jerry saguarekin Anchors Aweighen, eta beste marrazki bizidun batzuekin Invitation To The Dancen. Kelly dantzan Frank Sinatra eta Jules Munshinekin On The Townen. Kelly dantzan Dan Dailey eta Michael Kiddekin, eta patinatzen ere bai, It’s Always Fair Weatheren. Eta Kelly berriz patinatzen, zentzu batean baino gehiagotan, Xanadun, Olivia Newton-Johnekin. Gene Kelly beti dago dantzan; esaten zuenez, ezin izan zuen dantza asmatu, bera jaio zenerako hor zegoelako, baina bera dantza azpikoz gora jartzera etorria zen.

Eugene Curran Kelly 1912. urtean jaio zen Pittsburghen. Haurtzarotik izan zuen harremana musikarekin, aitak fonografoak saltzen zituelako eta ama dantzari amateur kartsua zelako. Bost seme-alabei dantzarekiko maitasuna irakatsi zien, eta talde bat sortu zuen haiekin, The Five Kellys. Boskote horretatik, Genek eta Fredek baizik ez zuten lortu profesional izatea. The Kelly Brothers izena hartu, New Yorkera joan, eta Broodwayn hasi ziren lanean. Tartean, dantza-akademia bat izan zuten, eta Gene Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen, eta Zuzenbidean ia-ia. Amerikar garailearen mitoaren arabera, iturgina, igeltseroa, zerbitzaria eta kazetari-ikastuna ere izan zen. Ondo dokumentatuta dago, ordea, Leave It To Me, Time of your Life, One for the Money eta Pal Joey (gero Frank Sinatrarekin pantailaratu zen) musikaletan parte hartu zuela; muntaketa horretan koruko dantzari bat ezagutu zuen, Stanley Donen izenekoa, musikalari buruz ideia bitxiak zituen morroi bat. Agertokietatik, platoetatik atera, eta musika eta dantza kalera eraman nahi zuen, baina hori ezin zuen han egin; beraz, Kelly konbentzitu, eta Hollywoodera joan ziren biak, hara iritsia baitzen dantzariaren ospea. Horri esker, kontratu bat lortu zuen Metro Goldwyn Mayerekin, paradoxikoki bada ere ez dantzatzeko, baizik eta aktore dramatiko gisa jarduteko. Zorionez, Judy Garlandek lehen papera eman zion For me and my Gal filmean, non Broadwayko komedia musikaleko izar paregabea zela esanda aurkeztu zuten, eta ekaitz erdian itsasontzi bateko gainaldean oreka gorde nahian bezala mugitzen zen, haurtzaroan bizikletarekin izandako istripu baten ondorioz aurpegiaren ezkerraldean zuen ebakiondoa lehen planoan erakusten.

Balioesten ez zuten filmetan agertzera behartu zuten, harik eta Thousands Cheeren garbitze-lanetako elementuekin musika-saio bat osatzea bururatu zitzaion arte –horretan aritzen baitzen bere pertsonaia–. Ondo dantzatzeaz gain, mutilak ideia onak zituen. Eta, horrela, dantza akrobatikoan zuen estiloa zehaztuz, Columbiakoen arreta piztu zuen, eta Cover Girl filmean parte hartzea eskatu zioten. Hor, Rita Hayworthekin dantzatzeaz gain, Alter Ego asmatu zuen, bere espirituarekin dantzatzeko saio bat, bi Kelly pantailan. Gauza desberdinak egiteko ilusioa zuen, eta, handik gutxira, marrazki bizidun batekin, Jerry arratoiarekin, dantzatu zuen lehen gizakia bilakatu zen. Hain zuzen, garrantzi handiegirik gabeko Anchors Aweigh komedia atseginean, non Kelly eta Frank Sinatra itsasgizonak ziren, On The Town filmeko entsegu batean bezala. Film hori, berriz, haren debuta izan zen zuzendari-lanetan, Donenekin lankidetzan. Baimena zuten hiru itsasgizonen ibilaldiak kontatzen zituen filma historiako musikalik handienetako bat bilakatu zen, Leonard Bernsteinen musikaz lagunduta. Bi itsas abenturen artean, Kelly Ziegfield Folliesen azaldu zen, Fred Astairerekin dantzan. “Fred dantzaren aristokrazia da; ni, berriz, proletarioen ordezkaria”, esan zuen geroago. Zurrumurruak egon arren, inoiz ez ziren gaizki moldatu; bakoitzak bere estiloa zuen, ez zegoen lehiarik. Bestalde, Vincente Minelliren beste musikal batean azaldu zen, The Piraten; eta The Three Musketeers abentura-filmean ere bai, non borrokak dantzen modura koreografiatuta zeuden.

Gene Kellyren ospe-egunak izan ziren horiek, sortzaile eztabaidaezina baitzen, maisua, asmatzen zuen koreografoa, ezinezkoa zena egiten zuen dantzaria. An American In Paris filmatu zuen George Gerswinen musikarekin, eta berdin moldatu zen hala haur-talde batekin I Got Rhythm kantatzeko, nola ordura arte sekula filmatutako balletik ikusgarriena muntatzeko. Filmak sei Oscar eskuratu zituen, eta sari berezi bat harentzat izan zen, aktore, kantari, zuzendari, koreografo eta, jakina, dantzari gisa erakutsitako moldakortasunagatik. Eta hurrengo urtean, 1952an, Singin’ in the Rain, historia osoko musikalik onena. Harekin iritsi zen bere ibilbidearen gailurrera, egia esan, zaila zelako hobeto egitea. Berriz filmatu zuen Minnellirekin, Brigadoon; eta Donenekin itxi zuen trilogia, berrikuntzak eduki arren –besteak beste patinatutako dantzako lehen saioa– arrakasta handirik izan ez zuen It’s always fair weather filmarekin. Eta apetak eman zion, eta erabat dantzatua zen film bat egin zuen, Invitation to the Dance: porrot itzela izan zen, eta dantzatzen jarraitzeko gogoa kendu zion. Hala ere, berriz azaldu zen, Olivia Newton-Johnekin batera, Xanadu izeneko film ahaztezinean. Eta elkarlanean aritu zen une musikal handien bilduma bat den That’s Entertainment filmean eta haren ostekoetan; bere zigilua utzi zuen zinemaren historian, eta bere dantzaren irudiak gure oroimenean.

KELLY ANTZEZTEN (ETA ZUZENTZEN)

Sekula ez dugu jakingo dantzarekiko grina gailendu ez bazitzaion Gene Kelly aktore dramatiko handia izango ote zen, Hollywoodeko zuzendariek esaten zutenez. Kontua da haren interpretazioak kutsatuta zeudela ordurako haren dantzaeraren bereizgarri ziren mugimendu enfatikoekin eta erritmikoekin. Komediak, melodramak, thrillerrak eta gerra-filmak ere egin zituen, baina ez dugu haiengatik gogoan izango.

Zuzendari gisa egin zuen lana benetan harritzekoa izan zen. Egia da, hasieran, Stanley Donenen jakintzan oinarritu zela asko, eta Donen lur orotako zinemagile bat izan zen, Seven Brides for Seven Brothers, Royal Wedding eta antzeko musikalak zuzentzeaz gain, film ahaztezinak egin baitzituen, hala nola Charade eta Two for the Road. Dena dela, Kellyk gainditu egin zuen, Hello Dolly musikal handia zuzenduta. Beraz, ikus dezakegunez, zinema musikaleko bi etapa itxi zituen. Lehenik, berrogeita hamarreko hamarkadan, Singin’ in the Rain egin ondoren, Kellyk porrot egin zuen It’s always fair weather filmarekin, eta Silk Stockings, Oklahoma, South Pacific, Bus Stop eta The King and I filmak berak ere aurreikusitakoa baino diru gutxiago jaso zuten. Garaiak aldatzen ari ziren, rocka iritsia zen, eta gazteek Elvis Presleyren filmak ikusi nahi zituzten. Baina hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, berrasmatu egin zuten musikala. West Side Storyk kontzeptua iraulkatu, eta bide eman zuen beste film arrakastatsu batzuk irits zitezen, esate baterako, Mary Poppins, The Sound of Music eta My Fair Lady. Gene Kellyk amaiera eman zion horri guztiari, Hello, Dollyrekin, ematen baitzuen supermusikal hori ezin gaindituzkoa zela, bazterrean utzi baitzuen hainbat film, besteak beste, Camelot, Paint your Wagon, The Star eta Funny Girl. The Beatles iritsiak ziren, Tommy eta Jesus Christ Superstar azaldu ziren, eta azken film honen egilea, Andrew Lloyd Weber, gaur egun arte iritsi den musikalaren ikuspegi berriaren sortzailea izan zen. Orduan, Gene Kellyk utzi egin zuen, eta kaltegabeko komediak besterik ez zuen egin, hala nola A Guide for the Married Man eta The Cheyenne Social Club.

KELLY KANTATZEN (EURI AZPIAN)

1952. urtean astroen lerrokadura oso aldekoa izan zen musikalentzat. Aurreko urtean, An American in Paris filmak izugarrizko arrakasta izan zuen Oscar sarietan. Arthur Freedek ekoitzi zuen, On the Town filmak izan zuen arrakasta ikusita, uste osoa baitzuen Gene Kelly bere izarrarengan eta berak hitza jarritako kanta gutxi batzuetan. Kanta horietako bat, Singin’ in the Rain, ageria zen ordurako, Hollywood Revue of 1929 filmean, baina egileak uste zuen probetxu gehiago atera ahal ziotela. Film berria egiteko ideia eman zien Kellyri eta Stanley Doneni, baina horiek esan zioten ez zeudela ziur. Alabaina, Freed zen ekoizlea, eta ekoizlea izaten da beti irabazlea. Gidoia idaztean, antzeztu beharreko kantuak hartu zituzten aintzat, eta, garai hartako ohiturari jarraikiz, gidoilari-multzo bat esaldiak txertatzen joan zen, azkenean oso egokiak denak. Bestalde, Gene Kellyri ez zitzaion Debbie Reynolds gustatzen, ez zekielako dantza egiten. Good Morning tema grabatzeko, indarrak ahitu arte entseatzera behartu zuen; neska bazter batean ezkutatu omen zen Fred Astaire azaldu zen arte, eta horrek bere burua eskaini omen zuen saio horri nola ekin behar zion irakasteko. Hala ere, zortzi aldiz errepikatu behar izan zuten Kellyk onar zezan, eta, esaten dutenez, Debbieren oinak odoletan zeuden dena amaitu zenean. Donald O’Connor dantzari ikusgarria ere ez zitzaion Kellyri gustatzen, aktore gisa oso mugatua zelako. Make ‘em Laugh saioa egin ondoren, O’Connorek larrialdietara joan, eta astebetez atsedena hartu behar izan zuen esperientzia hartaz suspertzeko. Nonahi zeuden arazoak, Kellyk eta Donenek film perfektua nahi zutelako. Eta lortu egin zuten, American Film Instituteren ustez Singin’ in the Rain historia osoko musikalik onena baita. Mito asko dago film honen inguruan, batez ere saio nagusiaren filmatzeaz, hau da, Kellyk putzuen gainean egin zuen dantzaz. Hasteko, diotenez, filmatze-gunera iritsi zenean Kellyk berrogei graduko sukarra zuen, eta egia da azken harraldiak egin zituenean sukarra zuela, hiru egun eman zituelako uretan plisti-plastaka. Horrek frogatzen du, mitoak mito, sekuentzia hau ez zutela harraldi bakarrean filmatu. Bestalde, Kellyren plisti-plasta ez omen zen behar adina entzuten mikrofonotik, urrutiegi zegoelako, eta, hartara, bi emakume dantzarik haren pausuak imitatu omen zituzten beste putzu batean, mikrofonoa gertu zutela. Eta, gero, ura gatz-soluzio batekin eta esnearekin nahasteko kontua dago, tantak ikusarazteko. Tira, trikimailu hori bazegoen Hollywooden, gure musikalean baino lehenago erabiltzen zuten; baina film honetan kontu berezi batez argiztatu zuten platoa, euria argiago ikusarazteko. Filmak ballet luze bat du, An American in Paris filmean agertzen zenaren antzekoa. Reynoldsek eta O’Connorek ez zuten parte hartu nahi; saio laburragoetan presio izugarria jaso bazuten, ez zuten pentsatu nahi ere nolakoa izango zen hamahiru minutu eta erdiko saio bat filmatzea. Ezta arazorik ere. Cyd Charisse apartekoari deitu, eta balleta historiko bilakatu zen. Asmo gaiztoko xehetasun bat: begiratu emakume dantzariaren belaunei, ia beti daude tolestuta. Kelly bera baino baxuagoa zelako. Azken paradoxa da Jean Hagen –filmean, Lina Lamont, zineman gehiago lan egiterik izango ez duen izarra, haren ahotsa zinema soinudunerako egokia ez delako–, azkenean, Debbie Reynoldsen ordez aritu zela, hau da, ustez, pasarte batzuetan bere ordezkoa zenaren ordez. Dena da mito Singin’ in the Rain filmean. Dena da musika, dantza, poza, parerik gabeko ikuskizuna, historia. Egon prest, Singin’ in the Rain ikusiko duzuelako lehenago sekula entzun ez duzuen moduan.

FÉLIX LINARES

ANTHONY GABRIELE – Zuzendaria

Anthonyk entzute handia eskuratu du nazioarte osoan, grina handiz zuzentzen duelako, errepertorioa sakonki ezagutzeak eta ulertzeak pizten dion grinaz. Orkestra hauekin lan egin du, besteak beste: Royal Liverpool Philharmonic Orchestra, Orquesta de la Fundação Calouste Gulbenkian, Jerusalem Symphony Orchestra, Lahti Symphony Orchestra, Basel Symphony Orchestra, Bulgarian State Opera, Britten Sinfonia, RTÉ Concert Orchestra, eta Orquestra Simfònica de Barcelona i Nacional de Catalunya.

Azken urteotan, Anthony “orkestra duten filmetako” kontzertu-zuzendaririk onenetako bat da, film hauekin, besteak beste: Psikosia, Bertigoa, Ozeko aztia, Singin’in the Rain, Indiana Jones arka galduaren bila, Jurassic Park, An American in Paris eta Beauty and the Beast.

Sydneyko Musika Kontserbatorioan pianoa, konposizioa eta zuzendaritza ikasi ondoren, Anthonyk antzerki musikalean egin zuen ibilbidea, titulu hauekin:

CATS, Grease, Ozeko aztia, Lehoi erregea, Le Fantôme de l’Opéra, Jesus Christ Superstar, The Sound of Music eta Evita.

2014. eta 2018. urteen artean, British Sinfonietta orkestrako zuzendari nagusia izan zen. Denboraldi honetan, debuta egingo du Peruko Orquesta Sinfónicarekin, eta Royal Liverpool Philharmonic Orchestra, Royal Northern Sinfonia eta Orquesta Fundação Calouste Gulbenkian (Lisboa) orkestretara itzuliko da.

Info covid

Gertakarien egutegia

Al
As
Az
Og
Or
La
Ig

Erlazionatutako ekitaldiak

Denboraldia 2024-2025
09
Abe
2024
>Ganbera 3

Ganbera 3

Lekua: Euskalduna Jauregia

M. Ravel: Le tombeau de Couperin, haize-boskoterako
BOSen haize-boskotea

J. S. Bach: sinfonia re minorrean
BOSen ensemblea

A. Scarlatti: Bost aria soprano, tronpeta, hari eta baxu jarraiturako
BOSen ensemblea

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
12 - 13
Abe
2024
>Horrela mintzatu zen Zaratustra

Horrela mintzatu zen Zaratustra

Lekua: Euskalduna Jauregia

Pablo Gonzalez, zuzendaria
Jonathan Mamora, pianoa


I

LUDWIG VAN BEETHOVEN (1770 – 1827)

Egmont, Obertura Op. 84

WOLFGANG AMADEUS MOZART (1756 – 1791)

23. kontzertua piano eta orkestrarako La Maiorrean K. 488

I. Allegro
II. Adagio
III. Allegro assai

Jonathan Mamora, pianoa

II

RICHARD STRAUSS (1864 – 1949)

Also sprach Zarathustra Op. 30

*Lehen aldiz BOSen eskutik
Iraup. 100’ (g.g.b.)

Informazioa eta sarrerak
Denboraldia 2024-2025
19 - 20
Abe
2024
>Intxaur-hauskailua Gabonetan

Intxaur-hauskailua Gabonetan

Lekua: Euskalduna Jauregia

O. Respighi: Trittico Botticelliano
W.A. Mozart: Exsultate, jubilate K. 165
P.I. Tchaikovsky: Intxaur-hauskailua, II. ekitaldia Op. 71

Alicia Amo, sopranoa
Giancarlo Guerrero, zuzendaria

Informazioa eta sarrerak
27 - 28 - 29
Abe
2024
>Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Haurtxoentzako kontzertuak. Gabonetako klasikoak

Lekua: Euskalduna Jauregia. Bilbo

Konpainia: Musicalmente konpainia
Saxofoiak: Alberto Roque/José Lopes
Akordeoia: Pedro Santos
Ahotsa: Isabel Catarino/Cristiana Francisco
Dantzaria: Inesa Markava
Ahotsa eta Zuzendaritza: Paulo Lameiro


0 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzat
Iraupena: 45’
Aforoa: 50 haurtxo emanaldi bakoitzean (gehienez 3 pertsona haurtxo bakoitzeko).
Garrantzitsua: aretora sartu nahi duten pertsona guztiek (haurtxoak barne) dagokien sarrera aurkeztu behar dute.


Sarreren prezioak:
– Orokorra 12 €
– BOSeko abonatuentzako 10 €*
* Abonatuentzako deskontudun erosketak webguneko “eremu pertsonalean” edo leihatilan baino ezin dira egin.

Informazioa eta sarrerak